"Irri solas"
Kakabeltz
"Irri solas",
Xipri Arbelbide, Xalbador saria 1982,
Iruñako Udal Aurrezki Kutxa.
Liburu honetan, berrogeitamazazpi orrietan, hirurogeiren bat pasadizu datozkigu, batzu egiazkoak omen, beste batzu "la polca" baino zaharrago diren txiste batzuren bidez. Arbelbidek nahiko garbi adierazten du bere asmoa hitzaurrean: "Hemen diren orrialdetan ez du holako literatura "barnekorrik" kausituko. Irri eginaraziko dioten ixtorio labur batzu, karrikan gertatuak, ostatu xokoan edo eztei bazkari batetan entzunak. Agian errextasun eta irriak euskararen irakurtzea ekarriko ditu, orai ere, erdera baizik irakurtzen ez zuten batzu". Agian, eta asmo txalogarri hura betetzen bada zenbait lekutan, liburuaren helburua lortuta eta burutua izanen da. Hala bedi. Baina hemen, hegoaldeko hirietan bizi garenentzako zihur aski ez da hori lortuko, bi arrazoiengatik batez ere. Lehena, eta beharbada ez inportanteena, erabiltzen den euskaragatik, nahiko zaila batua erabiltzen duen jendearentzako, eta bigarrena ixtorioengatik. Zeren eta batzu nahiko politak badira ere, ("Gu frantsesak gaituk gero", "Bertzek bezala", "Sobera ba dut", "Maraxela eta medikua", "Zenbait zentimetra") beste batzu txiste zahar batzuren kontaketa izatetik ez dira iragaiten ("Gakoa pipatu", "Ez naiz presatu", "Biak kapitaina", "Atzoko soberakinak", "Ez du etxen ikasia", "Mutua", "Arintasuna") eta tropikoz josiak daude.
Lehen aipatu dudan euskarak, bestalde, badu ere beste gauza positibo bat; zera da, baliagarria da Garazi aldeko mintzaera ezagutzeko edo ezagutzen hasteko, eta hortan ikusi dut nik behintzat liburuaren balorerik handiena.
Laburpen gisa, liburua Behenafarroko euskalki ezagutu nahi duenari, gomendatuko nioke.
|