L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-9 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eguneroko oroitzapenak

 

Koldo Aldalur

 

        Ondoan doakizuena, Koldo Aldalur Azpeitiarrak egina da. Iazko Donostiako ipuin-norgehiagokan ohorezko aipua eskuratu zuen. Laster agertzeko den liburu baten zatia duzue, bestetik.

 

                                        Ivan maitatua

                                        gailurretatik jeitsia

                                        zeruak hautatua

                                        denok errege onartua

                                        arraza artean bide

                                        oldartua.

 

Kalipu ixil batek inguratu zuen, ia majikoa bihurtu zen denbora, arratsaldeko argi usaintsuak arruntak iruditu arren. Irabian murgulatzen duen bideska inoiz baino estu eta motzagoa zelakoan zegoen Ivan. Guzti hura dastatzeak oilo narruari bete ematen zion, loreen hastea ere azkarregia bihurtuz. Biak zeuden eta hori sarritan nahikoa ez izan arren, oraingoan kasik osoki nabarmentzen zuten bestearen, elkarren, oreka. Elkarren parte izanik bakoitzak bere eginbehar naturala osatzen zuen. Ixiltasunaren babesean, Ivan eta denbora, edozein erromantze idazleren begi ahaltsua.

        Monastegian afalduko zutelaren ziurtasunak ere zaharragoak bihurtzen zituen pago luze haik. Baina denbora nagusituz zihoan eta adjetiborik gabeko mementu ixil eta koipetsuak bere hankak busti arterainoko onik ez zuen ezagutu. Idazle berak ere lotsagarri susmatuko lukeen bere burua haien ondoan, musika bere ere ixildu, kolore bera nabartu. Irabiako lakuari begira, ixilik hirurak urruti, urruti.

        Bapatean uraren zipristinek Ivanen aurpegia mugitu zuten. Zer ote? Zer zen laku erdian mementu hura puskatzeko indartsu zena, lotsagabeki errege haren gorputzari mugimendua lapurtzen ziona? Haseran irlatxo bat zirudiena, mendi bilakatu zen ehun bat harrabete uretarik irtenez. Begi handi eta haien ondoan tamainuzko sudur batek hartu zuen lekua; belarri xabal ondoan matrail koloretsu batzuk. Aho barnean izkutaturik bi lerro zuri eta mihi mugikor bat. Ivan erregea ez zen beldurtu, izaki hark ez zuen barneko beldurra mugiarazten. Etxeko usaina zuen, suaren beroa, itsusia eta baldarra bai; baina begirasunean dantza nabarmentzen zuen heroiak.

        Doinuak denboraren lekua harturik bere jakinduriaren erakusteari hasi zitzaion. Gero eta azkarrago mugitzen ziren, lore, zuhaitz, txori, belar, heroe, uhin etabarrak. Ivan berak ere bazekien izaki hura nonbaiten ikusi zuela, nonbaiten isladaturik, ur geldietan so egitean azaltzen zela...

        Zorabio haren erdian, doinu guztien artean ikusi zuen lehen aldiz eta betiko. Han zegoen, argi, bere gona beltzak eta alkondara zuriak gorputz liraina estaldu nahiean: ilea gerriraino luzatuz, urrea bezain disdiratsu, panpin tamaikua frogatuz, aldegin eta txikituz. Ivanek ez zuen pentsatu baino bere gorputze nahitaez batetan urpean nabaritu zuen, zerbaiten bila zihoan, ur geldien artean gero eta argiago ikus zezakeen lakuko monstruaren gorputza, ikutu nahi zuen, laket zitzaion. Mariak hondartza hartzen duen bezala hartu zuen gorputz hura, hego haizearen beroarekin. Azken behatza eta saihets bakoitzak bat egin zuten. Leuntasuna eta laztasuna kide ziren bi gorputz haiek hurbildu eta urruntzeko. Eskuak mugagabeak bihurtu ziren borobiltasuna erregeen arteko errege. Goia-behea, denbora, lekuak bere zentzua galdu zuten biak bakarrik utziz. Zerbait geldiezina, borborka oldartzen zen. Gorputza zeharo aske utziz Ivanen lehen beroak sumendiaren garra ezagutu zuen, indartsua zela ohartuz. Zuria, gorria, nonnai beltza, dena bat zen. Bitartean mugimendua geldituz zihoan Ivanen taupadapean...

        Hankatako hotzez nahiz. Eta kristal hauek? Kraskadaren ondorioa ote da odol gorri-gorri hau? Mila lekutan nago, mila zati neurtezinetan. Amak azokatik ekarritako ispilua zen, ia mila pezta ordaindua eta orain, orain puskatu behar zuen. Sei t'erdiak dira erlojuak dioenez, kalean jadanik zezenaren azken indarrak ahulduz joango dira, oihuak garaituz doaz, itzala irabaziz. Frakak jantziko ditut, baina ze usain da ate zirrikitotik sartzen dena? Non zaude? Har nazazu bai, hartu zure gona beltz eta alkandora artean, har nazazu epel eta utzi maria igotzen... itsasoak mendia hartu arte ez da izango arratsalderik eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.