Dum Dum Txillardegi & Ray Sugar Atxaga
A. Abrisketa
Joan zen apirila hondarretan Mintza Barullo elkarteak Bilbon eraturiko mahai inguru batean, teilatutik hartu zuten elbarriaren mirakuluaren berredizio bat bailitzan, ehundaka pertsonak elkartu ziren Txillardegi eta Bernardo Atxaga idazlearen eginkizunak edo funtzioak mintzatzen ikusteko asmoz. Bazen sargori giro hartan espektakulu gerta zitekeenaren morbomin bat, baina boxeo garbian jazotzen ohi denez, urrezko erregelak errespetatu ziren, eta literatura elbarriak ez zuen andetan soportaezinezko susturik hartu.
Hala nahirik, Atxagak bere bakarkako mintzaldia nahiko maila orokorreko erreflexioz paratu zuen. Lewis Carrollek asmaturiko Alizia eta Humpty Dumptyren arteko elkarrizketa aski ezagun batez baliatuz, hitzen adierazpen aniztasuna nork agintzen duen jakin egitean erabakitzen dela jarri zuen abiapuntuan.
Hitzak munduaren antolamendu konkretu baten menpe preso daudela, eta mundo bertsio baten alde lan egiteaz landa, botereak hitzok errealitatea ezkutatzeko zein gezurrerako erabiltzen dituela adieraziz, Atxagaren ustez, idazlea aire biziatu batean bezala mugitzen ei da lengoaian, esperientzia mugatu ezinari oratzeko gai ez den lengoaia miserablean.
Eskritorearen lana, idatziz emango duen erreflexio batetara heltzeko, ez da abiatzen terra incognita batetik burutu zuen errealitateaz duen intuizio batetik jalkiaz baino. Hizkuntzan alienazio guztiak badirenez hizkuntzan, idazlearen eginkizuna horien kontra burrukatzea da, esana dagoenez, poetaren ofizioa bere tribuaren lengoaia purifikatzen baita.
Txillardegik bere aldetik, pasadizuz gure artean nagusitzen omen den indibidualismo gorri bat salatuz, idazlea gizon publiko bat denez, erantzukizun publiko eta politiko bat duela azpimarratu zuen. Eta XX-gn mende honetan ditugun koordenada bi hauek jarri zizkion aitzin gibel: nazio fenomenoak eta klase fenomenoak. Eta ondorenez ere, gune herrian halabeharrez gertatzen denez, bi hauei dagozkien alienazioak suerta daitezkeela.
Txillardegik, koordenadok ezpata moduan erabiliaz eta konkrezio moduan idazleen euskalduntasunaren arazoa azaleratuz, gure herri "kolonizatu" honetan hedatzen ari den "geografi arrazakeria" salatu zuen, zeinaren arauera "Euskaldun, bere lan indarra Euskadin saltzen duena baita". Hiru hizkuntza dituen herri honetan berriz, aukera bat egin beharra omen dago: "euskaraz idatzi herri zapaldu baten alde, edo erdaraz zapaltzen ari den herri baten alde".
Apolitizismoak agintearen aldeko azpijana egiten duela grafikoki azaldu ondoren, eta hizkuntza aukerak medio, takada batez deskalifikatu zituen Joyce, Kafka eta Unamuno besteak beste baina beti ipso facto. Konzentrazio kanpo batean txorieri buruz idaztean gertatuko litekeenez, momentu batean "herri batean kontradizioetan gertatzen baldin bada artea eta literatura alde batetik, eta herriaren eskubideak bestetik, artea lujoa da" baieztatu zuen, jakin egin gabe seguru asko aldamenean zeukan Atxagaren "Bi Anai" nobela berrian txori batek hartzen duen protagonismo berezia.
Politika disziplina arazoak mahai gaineratuz azkenik, Txillardegik, politikoekin gertatu denaren alderantziz, idazleen tempoa estrategikoa eta luzeragokoa dela esanik, normaltzat jo zituen bien arteko kontradizioak, baina organizazioa eta disziplina beharrezko denez, "señoritismoan erori gabe, euskal idazleak, kritikoki, ezker abertzalean kokatu behar dugu" baieztatu zuen.
Bakoitzak bere bakarkako azalpenak egin ostean, Atxagak Txillardegiren planteamendu politiko argiak kulturara pasatzean kontu haundiz ibili behar dela erantsi zion, hala nola, Obanosgo Sanchez Ostiz idazleak Nafarroa Euskadi ere badela-ta bere buruari egiten dion galderarekin gertatzen denez: "Ni ezpanaiz eskritore euskalduna, zer naiz?".
Txillardegik, galdera bezela bere burua ornitzen zuen erantzun agresiborik ere enkajatu zuen, batez ere, idazle konkretu batzuren kasuistika epai zezala eskatu ziotenean. Kasuistika pertsonaletan sartzeak lekarkean dikotomiarik ez zuen onartu nahi Txillardegik, eta matizaziorik gabeko erantzun kontundenteetarako ihesbidea hartu zuen: "Bai, Mirande, faszista, nazia zen"; "galdera horiek egitea ia Neronek Erroma erretzen zuenean abots onik zeukan galdetzea bezelaxe da", "Joyce inperialista britaniko bat zen kito eta punto"...
Miranderen kasuan idea politiko aurrerakoiak beti ez direla idea literario aurrerakoiekin batera lotzen-eta, Atxagak egin zuen beharbada aportaziorik interesgarriena "euskaldun kitch" eta "behar etikoa" aipatu zituenean.
Jatetxeetako pospolinez jantzitako zerbitzariak, euskaldunez disfrazaturiko euskaldunak, Lankide Aurrezki Kutxako euskal afitxe nazkagarriak, nahiz batzokietako euskal parafernalia adibidetzat jarririk, euskalduntasunaren ikuspegi "kitch" bat zertan den azaltzen saiatu zen: "errealitate gutxi izanez, efektismoa bilatzea, iragan ederra uste dena etorkizunera klitxe moduan proiektatzea. Efektismoaren bidez hitz egin, aurreran dagoen errealitatea interpretatu eta eman ordez".
Euskal ezker abertzalea ere gaitz berberak jota ikusten ei du "literaturari buruz ordez, euskal literaturari buruz" duen afizio horretan, azken batean, kultura oferta bat egin beharrean, euskaldun izatearen "behar etikoan" oinarritzen delako. "Borgesek esan zuenez, Mahomak ez zuen ganbelurik aipatu Al Koranen, baina nazionalista arabe batek ganbelu karabanaz beteko luke bere nobela. Gu ere, euskaldun gara euskal Kitchik gabe". Edukietara gabe "behar etiko" horren apelaziora joten duen insomnioa emateko besteko horrek kontzilio bar eskatzen omen du urgentziaz.
Txillardegik ordea, kaleak Aviaz harturik eta torturak direino, dezentzia eta erantzun abertzale bat behar dela, eta ez behar etikorik esan zuen.
|