L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-10 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Vidas ejemplares:

Gregorio Azpiazuren

bide zuzen eta okerrak

 

Pako Aristi

 

        Urrestillak badu sarreran aldapa gotor bat, non bizikletan ibiltzen ohituak ez daudenek lurrera jaitsi eta oinez egin beharra daukaten. Gero, udaberrian horiz jazten den belaze luze baten ondoren herria dator. Herria bitan banatzen du errekak. Zubia txapela da errekarentzat. Zubiak "sinberguentzena" du izena, petrilean denbora pasa egoten den jendeak adarra jotzen bait dio han pasatzen den edonori. Loiolaren galdezka datozen turistak Beizamara bidaltzen dituzte, txirrindulariei oihuka erasotzen diete eta neskei isilik begiratzen zaie, feminismoaren aztarnak ailegatuak bait dira herri txiki honetara. Jende kuriosoa aurkitzen da herrian, guztiz arrunta eta inozoa ere bai, bere ekipoak irabazteagatik pozten diren horietakoa. Orduak tabernan hiltzen ditu jendeak, hor kontatzen dira gertakizunak, egunean egindakoak, edo nola mozkorturik zestapotzuan hil zen gizon bat, edo halako apustua egin zuenaren kontakizuna, edo bestetan norberak bere bizitzako gauzak kontatzen ditu. Mundu honetan urte batzuk daramatzatenen artean nork ez ditu gogoratzen dotrinan santuen bizitzak erakusten zituzten gaccette haiek, "Vidas ejemplares" deitzen zirenak? Ez da kontua erlijioak trauma handirik utzi zigunik, geuk handiagoa utzi geniola uste dut zenbait elizgizoni, baina utzi ezinezko referentzia iruditu zaigu, orain, tabernan eta sinberguentzako zubi gainean entzundako bizitzak kontatzen hasi garenean, hori egingo bait dugu gaurkoarekin hasita, herri zimel eta ttiki bateko bizitzak kontatu, bere exotismo, gogorkeria eta nostalgia guztiarekin. Gainera, bi bizitza igual ez egoteak errepikapenetik aldentzen gaitu.

        Gregorio Azpiazu Urrestillatik hartzen den bideska baten ondoan ageri den etxe txuri batean bizi da, ama eta osaba batekin. 35ean jaioa, urte gutxi dira Urrestillara itzuli zela bizitza erdia frailetzan eta munduko zenbait tokitan igaro ondoren.

        — Bizitzak haurtzarotik hasten dira. Nolakoa izan huen hirea, ze oroimen dituk urte urrun haietaz?

        — Nik beti esaten ziet gaurko gurasoei umeei ez diela nortasuna lantzeko aukerarik ematen. Urte haietan umea berandu hasten zen eskolan, eta bitartean bere personalidade bat egiten zuen etxean. Gauzak erabakitzeko ohitura izaten zuen umeak. Ni urtero Nafarroa joaten nintzen Manuel Naparrekin Mandubian aurrera. Herri batera joaten ginen, enkarguak egin, behiak zaindu, eta bide batez erdera ikasteko. Rekuerdo txarrik ez diat. Orduan naturalagoa huen bizitza. Gaur umea mundu fiktizio batean bizi duk, dena estrukturatua zeukak, umea pelota baten gisa ibiltzen dute gurasoek, frontoera botatzen den pelota baten gisa. Gaur umeari ez zaio nortasunik ematen. Guk aukera izaten genuen, etxean bakarrik utzitakoan, edo etxea erretzeko, eta ganaduak akabatzeko, eta ez genuen egiten, erabakiak hartzen bagenekien.

        — Ze oroimen dituk?

        — Represio handiaren rekuerdoak. Seksualitate aldetik, umea bi extremotan ibiltzen zen, beatitud completa eskatzen zitzaion, eta zerbait egiten bazuen, kulpabilidade handia. Ni, egunean hiru meza entzutera joaten nintzen, eta santua nintzen orduan, baina adibidez, idiarena jotzen banuen, era peor que Stalin, eta orduan Stalin zen gizonik txarrena guretzat.

        — Adoleszentzia urteak nola joan zitzaizkian?

        — 15 16 urterekin, lehen orain bezala, denak sentitzen dituzte deseoak, deseos de amor, de fuerza, bizitza honetan zerbait izateko eta egiteko, gazte askori esaten ziet, hik hor bihotz ondoan kriston pena sentitzen duk, entregatuko hintzake, eta egingo huke edozer gauza, gazte askok emango lukete por amor de lo que sienten, baita bizitza ere, behin zahartu ezkero ez dek izaten entrega hori, emateko nahi hori, maitasun handia sentitzen da urte horietan, eta zenbait erligioan sartzen da maitasun horregatik. Zoriontasun bat aurkitzeko nahia izaten da, eta batzuek erlijioan topatzen dute. Sea real o fiktizio, nonbaiten topatu beharra dago.

        — Heuk relijio bokazioa izan huen, nola sortu zitzaikean hori?

        —Neuk ez diat uste txikitan relijio bokaziorik nuenik. Nafarroan konbentu batean egoten nintzen rekadista bezala. Monjak beti mailukatzen ibiltzen zitzaizkidan, noski, bokazio bila ibiltzen dira, orduan nik reflesio egiten nuen, yo para qué he nacido?, para ser Santo, eta ni nola decidido samarra nintzen, banitxiak, pentsatu nuen, maletak hartu eta Palenciara joan nintzen, Trapako fraileengana.

        — Ez huen etxean ezer esan?

        — Ez, gero jakin zuten. Pena hartu zutela esan zidaten, baina orduan gurasoek nahi izaten zuten norbait relijioso izatea, eta gurean gainera nola zortzi ginen, poza hartuko zuten sikiera batek aldegin zuenean. Pena hartuko zuten baina poza ere bai.

        — Nola bizi dira trapenseak?

        — Trapenseen bizitza duk benedictino autentico. Horien normak ora eta labora hituen, lurrean lana egin baina errezoak ere bai. Gero kultura aldetik oso jantziak dira, eta ofizio guztietako jendea izaten dute konbentoan. Gero urteetan reformak egin dira, eta gaur egun aldatu samarrak daude. Fraileen mundua oso sakona da, mota eta eskala asko daude horien barnean.

        — Nondik dator apaizen koronilla?

        — Horiek lehen tonsurados deitzen ziren. Jerarki baju bat zen hori, normalki errege eta konde eta dukeen semeak sartzen ziren hor, eta tonsura izaten zen ilea moztea, bi tijeretazo eta hori izaten zen horien ezaugarria. Trapa fundatu zuena tonsurado bat zen, baina emakumezale handia, vividore bat. Haseran oso regla gogorrak ipini zituen, eta hogei urtetan generazio bat dena akabatu egin zen, regla horiegatik. Horien dotrina, la destrucción del cuerpo huen. Orain dela gutxirarte esaten zuten el monje debe dormir con la camisa de lana en todo el año, egun batzuetan hankautsik ibili behar, goizeko ordubatetik zazpirak arte kantatzen egon behar. Gaur egun aldatua dago, noski.

        — Hamabi urtekin joan hintzan konbentura. Zer inpresio egin zian?

        — Desastrea. Euskal Herriko ume batek begietako erretrato bat dauka, berdea, menditsua, eta gero Castilla ikusi, Venta de Baños, dena rastrojoz besta, galtzuria besterik ez, oso tristea da. Dena lehorra da. Janaria ere bai. Gu jaten ohituak geunden artasopak, taloak, giherra piskat, haragia. Sekula ez zait ahaztuko eman zidaten lehenengo afaria. Plater batean erremolatxa, bi zati, gero bi patata egosi, zebolleta bat egosia, azeitunak, eta horien saltsa bezala, binagreta bat, eta letxuga ostro batzuek. Hori ikusi nuenean, esan nuen, "hori gure baserriko ganaduen janaria da" ez nuela jango esan nuen. Baina segituan ohitu nintzen.

        — Fraileen arteko konbibentzia nolakoa huen?

        — Fraileen arteko konbibentzia etxe batekoa bezalakoa da, guraso edo anai arreben artean gertatzen den bezalakoa. Krisis txikiak sortzen dituk, baina konbentu hauetan ebitatu egiten dituk gauza asko debido a la ley del silencio, hitzegitea debekatua zegok eta alferrikako zeinak egitea ere bai. Baina irudipenak sortzen dira. Norbaiten ondoan pasatzerakoan edo gaizki begiratu diokala, edo zerbait xelebrea antzeman duala, eta sortzen dituk irudipenak.

        — Botoak egingo hituen ezda?

        — Bai, bostak egin nizkian, castidad, pobreza, obediencia, costumbres y voto de estabilidad. Botoak hiru urterako egiten dira, prueba bezala, eta gero bizitza guztirako. Boto horiek ez betetzea da pasaporte al infierno. Neri etorri zitzaidan dispensa, Erromatik, frailetza utzi eta gero, karta horretan galerazi egiten diate erlijio asuntotan parte hartzea eta jartzen haute como tipo peligroso. Eliza oso rigidoa da. Ameriketako trapenseak, Kentukykoak adibidez, oso libre bizi dira, eta Erroman eskandalizatu egiten dira horiek daramaten bizitzaz. Tomas Merton adibidez hoiekin ibili zen, hori Ernesto Cardenalen maisua izana da. Hor oso flesibleak dira baina hemen ez.

        Gregoriok hogetahiru urte zituela Angolan fundazio bat ireki zuten trapenseak. Hor hasten da Gregorioren bizitzako beste alderdi bat, bideak guztiz beste alde batetik abiatzen dira, ez dugu esango zuzen edo oker. Santurako bidea okertu egiten zaio, eta bizitzakoa zuzendu. Bizitzak dituen xarma eta apetak dastatzen hasten da, bide hori erraza egiten zaio. Angolan esnatze moduko bat izaten du Gregoriok. Fraileek casa-madre eta casa-hija izaten dituzte. Casa-madre erlauntzi baten antzekoa izaten da, horrek beti izaten du kumeak egiteko aukera. Horrela sortzen da Angolako fundazioa.

        — Noiz joan hintzen Angolara?

        — 60an estraineko meza eman nian Urrestillan. Angolan Lezoko bat zegoen, Salaberria, organista. Hura hona ekartzea pentsatu zuten, eta nola Salaberria hori elektrizista ere baten, eta ni horretan jarduna nintzen, pentsatu zuten ni bidaltzea bere ordez. Gainera aurretik izena emanda nengoen. Bi hilabetetan prestatu nintzen eta hara bidali ninduten. Hogetabost urte nituen.

        — Zer inpresio egin zian lurralde hark?

        — Espezialik ez. Afrikako beltzak, nola kulturarik gabeko jendea den, Jainkotzat hartzen diate Europako jendea, baina oso jende ona iruditu zitzaidan, lurra ere ona, Afrika neretzako paraiso txiki bat da, goxoa. Inpresio desastrosoa Europako kapitalismoak egin duena izan zen, Afrikako lurrak zatitu egin dituzte, sekula Afrikako beltzak egin ez duena.

        — Hitzegin dezagun hango beltzetaz. Ze harreman zenuten?

        — Harreman handia genian. Estraineko gauza ley del silencio hautsi beharra izan genuen. Beltzak ez du hori ulertzen eta parean kaso egiten ez badiozu gaizki pentsa lezake. Gero enseñanza bat ematen genian, ejemploarekin egindako irakaskuntza bat. Beltzak, gizonak, ez du lanik egiten, emakumeak jartzen ditu lanean. Ikuiluan ez du inoiz hankarik jarriko, hori esklaboen lana dela iruditzen bait zaio. Hankautsik eta lokatzetan ibili arren, ez du inoiz ikuiluko lurrik zapalduko. Horiek kentzen saiatzen ginen gu.

        — Zein hizkuntza egiten zenuten?

        — Portugesa normalki, ikasi egin behar genuen hara joateko. Beltzak normalki badakite portugesa, eta bestela uno de los derivados del Suahili. Hori Rodesia, Kenia, Kongo, Angola, inguru horretan konserbatzen den hizkuntza bat da. Europako latinaren antzeko eginkizuna du Suahilik. Hortik hizkuntza asko sortu dira.

        — Zer izakera dauka beltzak?

        — Bizitzeko filosofia sakona zeukak. Hemengoarekin desberdina. Nahiago diate semea edukitzea alaba baino. Alaba izan ezkero zaindu egiten diate, txahala izango balitz bezala, gaizki esanda badago ere, dirua edo ondasunak ateratzeko zaintzen diate. Sospetxa badaukate bere alabarekin ibili dela beste mutil bat, segituan joango zaizkio mutilari, edo antxumea eskatzera, edo dirua eskatzera, bere alabarekin ibiltzeagatik. Aitak alaba saldu egiten dik. Gaur egun horiek superatzen ari dituk. Alabak ez badu nahi ez dek ezkontzen. Mutilak neskarekin ibili dela ukatzen badu, reunioa egiten dute. Han dute Soma y el Gran Soma. Horiek hemengo Gobernadore edo alkate bezala dira. Soma da el rey de la zona, eta el Gran Soma el rey de los reyes. Juizioa badago, herriko zaharrak juiziora jartzen dira. Juizioan, antxumea zor didak, edo behia zor didak, esango dio neskaren aitak mutilari. Haserretzen badira orduak pasatuko dituzte hitzegiten, orduak, ia hizketan falloa ateratzen zaion norbaiti. Alde horretatik badute bere edukazioa.

        —Hori zergatik da, birjinitatea estimatu egiten dutelako, gordetzen ibiltzen direlako?

        — Ez. Bazeudek liburu batzuek, Galbaok eta idatzitakoak, hor kontatzen dira nola neska mutil gazteei seksoak ebakitzen dizkieten beltzak, birjindadea apurtzeko. Baina nik ez diat hori ezagutu. Bakar bakarrik estimatzen diate birjinitatea gurasoek hori kobratzeko. Bestela, neskak errez entregatzen dituk han. Animaliek bere birjinitatea eta seksoa entregatzen duten eran. Hango norbaitek hori gorde eta zaintzen badu, Europako relijio baten poderioz izango da. Bazeudean gizonezko batzuk, bi urtez behin pare bat neska gazte hartzen zituztenak. Soma horietako batek zazpi emakume zizkian. Autoritatea biblikoa da beltzen artean.

        — Elkar hiltzeraino haserretzen al dira inoiz?

        — Hainbeste ez baina kastiguak kristonak ematen dituzte. Igual umeren batek zerbait gaizki egin misiolariarekin, eta gurasoek makila handi batekin jotzen dute, astoa baino handiagoko makilarekin, eta jo, hemen animalia jotzen ez den bezala. Beltzak kriston indarra dik, alde batetik oso brutoa dek. Hori hemen ere gertatu huen, Las espaldas, los tercios de Carlos V, gerran botatzen zizkiaten horiek indarrak, begiak ateratzen, elkar akabatzen. Guretzako hori pasatu duk baina beltzak oraindik badik brutalidade hori, basapiztikeria hori. Baina hemengo jendea baino frankoagoa eta zintzoagoa da.

        — Andra asko izaten al dituzte?

        — Segun. Han andra asko edukitzea hemen behi asko edukitzea bezalakoa da, aberastasun bat da. Andra lanera bidaltzen da, umeak egiten ditu, jatekoak, andra bat asko kostatzen da. Ume asko eduki ezkero, batzuek saldu daitezke idi bat erosteko adibidez. Baina andra hartzerakoan, konpromisoa hartzen da hura mantentzeko, ez txorta egin eta umeak ekarri bakarrik.

        Gregorio esperientziaz bete zen Angolan. Seksoa ere, fraile bati hain urruna zaion esperientzia hori ere Angolan ezagutu zuen Gregoriok. Jakina, klima beroa, beltzen erroparik ez eramateko ohitura, fraileak ere gizonak direla abade aurretik, azkenez behintzat, sekso harremanetan hasi zen Gregorio. "Goizean txortan egiten genian, egunero, eta arratsaldean konfesatu. Kulpabilidade handia sentitzen huen bizitza guztia fraile pasatu ondoren normala. Gainera beltzak naturalagoak dira txortan. Hemen Europan edo han Afrikan igualtsu egiten da, postura berdineko gauzak egiten dira, baina han ez daukate hemen adina konplejo eta hipokresia, naturalago egiten dute, ia animalien erreztasun eta normaltasunarekin".

        — Zer aportatu zian Angolak?

        — Esperientzi asko gizonaren sustraitik, gizona nolakoa den. Aldaketa klimatologikoak ere erakusten du. Hemen udaberriaren leherketa nabaritu egiten da nola dena lehertzen den, gero udazkenean ostroak erortzea, hiltzea, han ez da ikusten, han beti berdina da. Handik hona etorri nintzenean, hemengo bizitza neretzako huen estupidoa, ze pasatzen dizkik hilabete batzuek jotake lanean gero almazenatzeko, udan oporretarako, zahardaderako, neretzako Europa huen una especie de hibernación del hombre blanco. Han Afrikara, belarrak, landareak, pertsonak, bitxoak, parasitoak, sugeak, denak bizi nahi diate, eta duk un ataque constante, bizitzeko, te atacan y tienes que atacar. Afrikan jendea azkarrago zahartzen da. Han reloju beharrik ez daukak. Europako mentalidadearekin joanda, han haiz el rey de la selva. Horregatik beltza Europako bizimoduaren atzetik dabil. Han ikusten zer den gizona, nola.

        — Noiz pentsatzen frailetza uztea?

        — Afrikan bost urte pasatu nituenean, eta relazio seksualak hartu nituenean, pentsatu nian uztea, baizik handik etorri eta nere bizitza estudiatu behar nuela. Nola Europan pertsona bat izan nintzen, eta Afrikan beste pertsona bat, nere burua estudiatzea pentsatu nuen. Afrikan aldatu egin nintzen. Frantziko konbentura joan nintzen. Hor urtebete eman nuen, nere bizitzaz pentsatzen. Bizitzan ematen diren saltoak ez dira erraz ematen, pentsatu egin behar dira. Gero beste tenporada bat Alemanian. Espainira etorri eta erabakitzeko esan zidaten, edo kanpora edo barrura. Orduan Inglaterrara joan nintzen beste pare bat urte. Han zegoen gure Superior General. Baserrira ere etorri nintzen eta etxean konbentura itzultzeko esan zidaten. Palenciara itzuli eta irtetzea erabaki nuela esan nien. Konbentuan esan zidaten ez nuela irtetzeko motiborik. Nik esan nien, mayor motivo que el de no querer continuar? Haiek nahi zutena zera neri dokumento bat firmaaraztea, harrika egitea nere buruari, firmatzea esanez neskakin ibili nintzela eta botoa hautsi nuela. Ez zidaten permisorik eman eta nik hanka egin nuen, a la torera, papeleorik gabe, profugo bat bezala, hanka egin nuen.

        — Nora aldegin huen?

        — Bilbora, eta hor bost urte pasatu nituen pastelero. Gero anaiek Urrestillara etortzeko eskatu zidaten, amaren etxera erretiratzeko kondizioarekin. Bueno, baietz, etxeko kontu guztiak barkatu genituen eta Urrestillara etorri nintzen berriro, eta hemen ingles eta frantsezeko klaseak ematen hasi nintzen, gaur arte.

        — Nola topatu huen herria hainbeste urte ondoren?

        — Neretzako dena ezezaguna huen, pertsonak. Herrian jende ona eta txarra egongo dela pentsatzen diat. Nola pasatu ditudan portugues onak eta txarrak, africano onak eta txarrak, inglesak, frantsesak, alemanak, herrian ere igual. Jendea deskubritzen joan behar diat, nolakoa den, ea. Paisajearekin asko akordatzen ninduan, akordatzen ninduan txepetxarekin, kukuarekin, birigarroak, zeren kapitaletan ez dek holako ezer topatzen. Pentsatzen nian bizi ote dira txori haiek? Eta hona etorri eta goizean jeikitzerakoan estimatu egiten duk. Bere rudeza batzuek ere topatzen dituk, mendiaren gogortasun hori, txingorrak, hibaiaren gogortasuna, eta pertsonetan ere berdin topatzen duk hori. Euskara dena ahaztu eta Bilbora hasi nintzen berriro Euskara ikasten. Orduan, Castillan ohiturik, gogorra egin zitzaidan, Urrestillara etorri eta jendea, senitartean, hika entzutea, gogorra egin zitzaidan. Aita eta amari euskeraz entzun eta pentsatzen nian alemanez ari zirela. Halere, uste diat ez daukadala herrian esperientzia batzuk esplikatzerik, ez daukadala nere idea batzu desarroilatzerik. Baina ibili ez den jendea, kulturarik ez duen jendea, txobinista izaten da askotan. Gogoratzen dut, tabernan behin hizketan ari zirela, eta batek esan zuen "munduko herritik politena da Urrestilla", eta nik erantzun nion, "polita da, baina, herri asko dira munduan" eta badakizu zer erantzun zien, "hik hamabi urtekin aldegin egin huen herritik, ba orain ez dek aldegingo, ostikoz jota bidaliko haugu". Gogorkeria asko du jendeak.

        Herrira pertsonaia, bizitza, honekin jotzen du amaiera gure lehenengo bizitza ejemplar honek. Ez da bokazioak sortzeko, ezta bere exenplua jarraitzeko ere. Bizitzaz zerbait gehiago jakiteko edo. Bitartean Urrestillako tabernan eztabaidan ari dira, emakume asuntoko eztabaidan. Batek hala dio, David profeta handiak berrehun emakume eduki zituela, eta santu eta profeta handienetako bat dugula, orduan ea guk zer egiten dugun emakume bakarrarekin, eta gainera estua, esaten du ondoko batek, (zenbat eta emakume gehiago eduki orduan eta santuagoak izango gera) dio hirugarrenak, jakina, bukatzen du Gregoriok, lehengo zaharrak tontoak zirela uste al zenuten ba?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.