L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-12 (1986-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

L. G. L.

 

                "Pic-nic zuen arbasoekin"

                Joxe Mari Iturralde.

                Erein.

 

        Zenbait kritikalari eta idazleren ustetan euskara jatorra eta baserriko euskara bat datoz puntu gehienetan, ia-ia gauza bera izateraino. Beraien elaberri edo ipuinen ingurua idiek, mendiek edo eta arrantzale ausartek bete dezakete soil-soilik, kristautasunik ortodoxoenaren ur bedeinkatuak erruz zipriztintzen dituelarik. Beste batzuk, berriz, ez gara eritzi berekoak, eta Koldo Mitxelenarekin batera pentsatzen dugu "euskal hutsu" hori ondo dagoela —eta Mitxelena bera aipatzea zilegi bekigu— "Euskal herriko mendi giroa irakurleari sumarazi nahi diogunean. Hortik kanpora, ordea, badirudi ur garbiaren pare behar duela izan behar bezalako prosak: inongo usainik, kolorerik eta zaporerik gabea. Euskal kutsua badario, barren muinetarik dario, ez axaleko edergarrietarik".

        Ez da Euskal herria, ezta urrik eman ere, ipuin guzti hauen ekintzak suertatzen direneko lekua, eta denean, gainera, honek eta Txomin Agirrerenak, kasu, amankomunean ezer gutxi duten herriak dira. Telebistako antenaz koroatutako eraikin erraldoiek estali dituzte harkaitzak eta pagadiak; autobideak, sastagai eskerga baten antzera erdi erditik mendi eta iabaik ebakiz, elkarri lotu ditu hiri eta herri urrutiratuak, abiadura biziak erdiko paisaiaz ohartzeko betarik ere ematen ez digula; itsas-aldeko herrisketan dauden kaien ordez metro-geltokietakoak ditugu, ilun, zizkolatsu, jendez gainezka, hiriko kale uherrek antzinako pentze garbi, loretsuak ordezkatu dituzten bezalaxe.

        Mundu berri bat, azken finean, eta mundu berri hori adierazteko bide berriak behar ditugu. Besteak beste, hizkuntza jori eta aberatsa ezezik, moderno eta malgua ere. Eta arlo guztietan erabilgarri datekeen hizkuntza hori eraikitzen dihardute gaur egun zenbait idazle gazteak, Jimuk tartean.

        Aurrekoetan legez, aurten ere Joxemari Iturraldek liburu berri bat eskaini digu Durangoko azokan. Ipuin bilduma dugu hau, lehena bezala, bizkitartean NAFARROAKO ARTIZARRA izeneko nobela laburra plazaratu zuela. Mota guztietako ipuinak: txikiak zein luzeak; oraintsu suertatzen direnekoak nahiz kutsu historiko edo mitikoa darizkienak; hala bertan murgildurik gautzan mundua ikutzen dutenak nola urrundik ekarritakoak.

        Joxemari Iturralderen ipuingintzaren gainean izan genuen jadanik hitz egiteko parada beste artikuluxka batean, bere lehenengo bi liburuak komentatzen genituelarik. Eta haiek atsegin suertatu bazitzaizkigun, zer esanik ez, areago deritzogu honi, zeinetan nabari bait da denbora ez dela alferrik iragaiten idazle honendako. Begi bistan dugu nola bere lengoaiaren gaineko nagusigoa handiagotuz doan, hiztegia zabaldu eta finkatuz, joskera euskaltegietaz jabetzen bide diren arau dogmatiko eta estuetara mugatzen ez dela.

        Hizperri edo neologismoak farregarri gertatzen zaizkigu maiz, parra-parra eta neurririk gabe erabiliak direnean (egia bada ere kontrako joera, erderakadak non eta noiznahi erabiltzearena alegia, lehenengoa bezain kaltegarri suerta dakiokeela hizkuntzari). Haatik, —edo horrexegatik hain zuzen— aipatzekoa da egileak duen erreztasuna delako hizperri horiek han-hemenka tartekatzeko bere izkribuetan, irakurlearen baitan inolako harridura farregarri edo desatseginik sortzeke.

        Gaiari dagokionez, denetariko kausituko dugu bilduma honetan: Herioa eta Patuaren itzurietasuna (SIR JOHN MAGNUS); munduaren aurrean nerabe eta gazteek hartu duten jokabide berria, arbasoen etikaren oinarriak gainazpiratuz (HAMASEI URTE BETE NUENEAN HIRIKO ARGIAK IRAUNGI ZIREN); herri xehearen inozokeriak ergel bati emandako potereak sor ditzakeen ezbehar, atsekabe eta krudelkeria arras ongi isladatzen direneko satira (BASILIOK USOAK NAHI DITU GOSALTZEKO); atzo zein egun euskaldunek nozitu behar izan duten jazarkundea, mugaz bestaldera, etsaiek inguratu eta ehizaturik bizitzera (edo hiltzera) bultzatu dituena (BIZITZA JITOAN); gaurko gizartearen artal-une eta ahuleziak (HAMASEI URTE... berriro): Ezin ase gaitzakeen argal-une eta sekula ere kausitzeke zoriontasunaren xerka ibiltzera behartzen gaituen grina (LAU ZALDUN HAIEN ONDORENGOAK, MALENCHOLIA...); feminismoa, pasotismoa eta gure herrietako kaleetan gero eta maizago entzun eta ikus ditzakegun -ISMO, -TASUN, eta -KERIA guztiak...

        Ezin daiteke esan liburuan gaindi erakusten zaigun munduaren ikuspegia baikor eta alaia denik, baina humore izpiak ere aurkituko ditugu —humore beltza, jakina—. Malenkonia, tristezia, samindura maltzurkeriaren gatzak onduak. Samurtasunak ez du lekurik mundu anker honetan. Bestela pentsatzen duten baikor eta gainontzeko pepelerdo guztientzat aspaldian asmatuak ziren elaberri arrosak.

        Noiz behinka nekez ulertzen den bazter solasen edo pasarte korapilatsuren bat agertu arren, liburua, oro har, inoiz ere ez zaigu aspergarri suertatzen. Aitzitik, atseginez irakur daitezkeen ipuinek osatzen dutela esan beharra dago. Eta leituko dituenak, irakurgai on batetatik atera daitekeen plazerra ezezik, zenbait ezegupen berri ere aterako dituelakoan gaude.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.