L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-12 (1986-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Koloreei begira, aurreneko aldiz

 

Patxi Perurena

 

Koloreei buruz, deus haundirik ez noski, baina, batez ere herri literaturan erabili izan den konparazio bidezko usarioari buruz huskeria batzu esatera nator. Eta, honetarako hizpidea nondik hartu dudan ere igerriko zenion honez gero, eta ez badiozu igerri, ohartuko zara azkenera orduko.

        Konparazio bidea, frango nabaria izan da gure herri literaturan. Nork ez du entzun honako honelakorik, esate bateko: ozpin kolorea, gaztain kolorea, hauts kolorea, zeru kolorea, urre kolorea, zilar kolorea, azeri kolorea, erle kolorea,... Eta honela, luza liteke zerrenda nahi haina.

        Gaitzagatik edo bestegatik aurpegi zurbila dadukan pertsonari "Hori ozpin kolorea dadukazu!" esan ohi zaio zenbait lekutan. Hotzak dagoenari "ozpindua" edo hobeki "hozpindua" ere esan ohi zaion moduan. Guzi honen gainean duda bat sortu zait. Ozpinetik edo hotzetik datorren esapidea ote da hau? Aintzina, ozpina hartzen omen zuten emakumeek, lirainago eta koloreak xuriago izateko; eta esaten denez, izan omen zen ozpin sobera edanda emakume frango hil zen boladarik ere. Honegatik, behar da, ozpin kolorearena? Baliteke. Baina, oso erren geratzen da hipotesi hau beste arrazoi sendoagorik ezean. Segurrenik, ez du guzti honek ozpin hitzarekin zer ikusirik izanen; hotz hitzetik edo beste nonbaitetik datozenak, lirateke, agian, esamoldeok. Hala balitz, ozpinaren lejenda horrek ez luke inolako zentzurik.

        Beste kolore bat, gizasemearen aurpegia deskribatzeko erabili izan dena, berdea da. Hau ere kolore txarra, ezongi legokeen gizakiaren aurpegia deskribatzera dator. Hona adibidea, ez oraintxeko kanta honetan:

 

                Ezkon-miña dutenak seiñale dirade

                Matel hezurrak seko, koloreak berde.

 

        Harrigarria dirudi benetan, pertsona baten aurpegia deskribatzeko kolore berdea erabil daitekeenik. Baina, halaxe da, erabili izan da, eta usu gainera. Aurreko koplako berdeak desioa, ezon-mina, gaitza azken finean, adierazi nahiko zuen. Baina, berdea, esperantzaren kolore ere bada:

 

                Hirugarrena berriz, airos bidez bide,

                Esperantza kolore, soinekoak berde.

                Nehoiz etsitu gabe gure hartan gaude.

 

        Dena den, berdearen konparazio bidezko metaforarik zoragarriena Lizardiren honako poema honetan ageri da:

 

                Arto musker

                mendi, baserri zaarrak;

                ale gorriz

                abailduta sagarrak. (1)

 

        Ez da ordea, hutsetik sortutako metafora herri xehagandik jasotakoa baino. Ahapaldi honi, ondoko Jean Barbier-en honen traza hartzen diot nik:

 

                Arto bizardun perde, soropil gizenak,

                sagar hori ta gorri, mahasti-aihenak,

                Amatxo gaixoari irriz daude denak:

                .........................................................

 

Bizardun hitz zarpail eta garbizaleen artean konotazio malditoak dituena kendu beharra zegoen. Hori eta gorri ere ezin jarri batera. Mahastiak ere maiz aipatu zituen, beste poeta askok bezala. Ez dakit, behar bada, ene iduripen hutsa dateke. Baina, ez ote zuen Lauaxetak berak ere Lizardik hainako edo gehiagoko sentiberatasuna koloreez denaz bezanbatean. Nik ez nuke behintzat ezetzik esanen. Aurreko exenplua bera har genezakeen Lauaxetagandik:

 

                Garitzetan dardaiz dok argija

                ta urrezko eurittan yagok mendija.

                Itturri baten txirula-otsak

                musker-musker yaukezak artotzak. (2)

 

        Norena den lehena? Nik ezin esan. Biotz-Begietan hiru bat urte lehenago argitara zen Bide Berrijak baino. Behar bada, gainera, batak ez lioke besteari deusen zorrik, metafora hori herriak erabilia duela esan bait dugu lehen. Noski, Lizardiren poesimoldean kolorea nabariago geratzen da, edertasun ikus errazagoa darabilelako. Lauaxetarena, berriz, poesigintza zailagoa da, interpretatzen lanak ematen dituena; horregatik, agian, koloreak ere aisego ihes egitea. Baina, zeinek, ote zuen bietan, koloreei buruzko kontzientziarik argiena? Ez dakit, Ez dakit... .

        Oso erabilia izan den beste kolore bat gaztainarena izan da, gaztain kolorea. Beste inolako argibiderik gabe, honi buruzko exenplu bat eman beharko banu, Otaño-ren bertso hauxe hartuko nuke:

 

                Euskal-lurreko txoriyetan dan

                txikitxuena da bera,

                gaztaiñ kolore bakarrekua

                nai bada ez da ederra;

                begi argiyak, buru xanpala

                moko tentia aurrena,

                gorputza motza anka laburrak

                xaltokako ibillera;

                xalapartako egalariya

                eta kantari ergela.

 

        Deus bada eta, txepetxa da gaztain kolorekoa, eta hori hegaztiño hau ezagutzen duenak jakinen du. Baina, kolorearen zehaztasun honez gainera, halako xehetasunez deskribaturiko hegaztinik ez da noiznahi aurkituko euskal letretan: xaltokako ibilera, xalapartako egalariya eta kantari ergela. Kasik ezin dut sinetsi hobeki esan daitekeenik! Hitz bati edo besteri ukitu bat emanez gero esan daiteke deskripzio perfektoa dela.

        Konparazio bidezko beste kolore bat hauts kolorea dela esan dugu lehen. Oraindik umea nintzela, auzoko artzaiei entzuna dut noiz edo behin honako honelako esaldirik: halako ardik hauts koloreko muturra dik. Baina, itxura denez, ez da soilik ardiak deskribatzeko erabili izan, inoiz, oilanda gazte xarmantak egiteko ere bai:

 

                Oilanda gazte, hauts kolore, errun gabeao koloka,

                Lanean baino naiago duzu mutil gaztekin borroka,

                Baina, gaixoa, uzten zaituzte, ongi ezagutu eta!

 

        Hemen aipatzen den oilanda gazte hau, ordea, oilanda berezia da: neskatxa gaztea, oso gaztetik mutil kontuetan hasi den neskatoa. Honi nagokiola, gogoan dut, haurtzaroan eskolan nenbilela, maisu batek nola esan zien behin neskalagun batzuri goizoilaindak zarete zuek, goizoilandak! Neskato eta mutiko burrukan bait genbiltzan. Neskatoek harriturik ea horrek zen esan nahi ote zuen galdetu zioten maisuari; eta maisuak amari galdetzeko esanez utzi zituen aho bete hortzarekin. Hispidea eman didanez, kantu honen beste ahapaldi bat ere ekarri nahi nuke hona, koloreengandik ihesi banabil ere:

 

                Oilanda hari lumaño hura erori zitzaionean

                Opinione egiten zuten jendek elgarren arrean,

                Oilanda hori koloka zela hola bipildu zenean.

 

Luma erortze horrek, zera esan nahi du, birjintasuna galtzea, hiztegi erotikoa (3) batek ederki dakarrenez. Halabaina, goizoilandarenik ez dakar. Koloka izateak, bistan da, haurdun izatea baizen ez duela esan nahi. Hau ene ez dakar aipatu hiztegiak.

        Segi dezagun, bada, koloreen mundu majiko honetan barrena. Ardo kolorea izan da aipatu dugunetariko beste bat. Ardozale amorratuen aurpegi gorrantza apelatibo honekin sarritan adierazi izan da. Hola, broma gisan eta, aditzea badut neronek ere, nora hoa meteil ardo koloreko mutur horrekin! eta antzeko ateraldi aski politik. Hemen ari garen gai honi buruz, konparazio bidezko koloreei buruz, alegia, Auspoa bildumak emanen liguke, behar bada, lekukorik behinena. Baina, nik, oraingoan ere, eskurago dudan zita bat ekarriko dut hona: "Artapilean azaltzen zen artaburu bat, ardo koloreko artalekin; milatik bat edo holaxe. Erremediotarako erabiltzen zuten. Gainera, hori tokatzen zitzaion mutilak ondoko neskari musu eman behar izaten zion" (4). Artazuriketak nola izaten ziren azaltzen da hemen. Halere, bada beste pasarte bat, artikulu honetan, graziarik aski baduena, eta koloreekin ere zerikusia balukeena: "Tartean bertso zaharrak ere kantatzen ziren. Gero jendea pixkobat berotzen zenean arrosnabarrak kantatzeko garaia izaten zen". Arrosnabarrak, bapatean inprobisatutako kantak izan ohi ziren, batez ere, neska-mutilen arteko amorio kontuak, era xelebre batean esanak. Hona hemen arrosnabar bat adibidetzat:

 

                Praxke honek behar omen du

                gaur arratseko laguna

                bera bezala biguña

                txurrea mangita duna

                urrea txintxarri duna

                Luis Maskurina sartuko zaio

                obazurpetik barrena

                .......................................

 

        Hala ene, kanta hauei deitzeko erabili izan den arrosnabar hitzak dirudi bitxiena. Arrosa, nabarra denik ez bait dut inoiz entzun. Nondik nora, orduan, kantuori arrosnabarrak deitzea? Bi arrazoipide posible ikusten ditut nik: Lehena, eta behar bada logikoena, nabar hitzak duen konotazio lizunetik letorkeena. Bapateko amorio kanta hauetan, hori zela bait dirudi gai nagusia. Bigarrena, nabar kolore izenak duen logikatik letorkeena. Bapateko kantuak izatean, guztiz aldrebesak aterako ziren, ez buru ez buztanik gabeak. Horregatik, behar bada, arrosnabarrak, sekulan ikusi ez diren arrosa bitxiak, beti ikusi izan diren arrosa zuri eta gorriez guztiz bestelakoak. Gainera, umorea sortzeko askotan erabilia izan den usarioa da aldrebeskeriarakoa. Kolore nabarraz ari garela, ilunabarra, goiz-nabarra, gauzak ongi bereizten ez direneko garaiak dira. Eguna itzaltzen, eta argitzen hasten dueneko orduak; argia eta iluna nahasten direnekoak. Amodiorako garaia ere ilunabarra da, ezin bait da egunaren argitan maitasunik gorde, hautsi egiten bait dute amodioa inguruko begiluzeek:

 

                Oi maitia zatozkit, plazer duzunian

                Nehork ikusi gabe, ilun-nabarrian.

                .....................................................

 

        Baina, ilunabarrean ez. Nahasi egiten bait dira zalantzaren sareetan. Horregatik ohi du, agian, amoña edo aittona xaharrak esaten: bista nabartzen hasia dut jada, bizitzaren eta heriotzaren mugetan nahasten denean. Nabarra, hortaz, nahasmenaren sinboloa da, zatantzarena. Neskatxa segail baten begiek gatibatu egiten dute maitale gaztea, eta horregatik deitzen ditu begi ñabarrak:

 

                Keskatila eijerra, oi begi ñabarra!

                Nuntik jin ote zira bortü gaiñ huntara?

 

        Bada honen kidetsuko beste kolore-izenik ere herri literaturan, hala nola, arrea, betroia, etabar. Esate bateko, Xenpelarrek, beltza eta morea zen behiari deitu zion betroia. Kolore hauek, ordea, modu askotara erabili izan dira, eta zail egiten da elkarren arteko mugak bereizten hastea. Konparazio batera, batzuk, morea eta uhela sinonimotzat jotzen dituzte, eta ene herriko bati baino gehiagori entzuna diot, berriz, behi suizo grasasta horiei "behi uhela" deitzen.

        Koloreei jarraikiz, arrosarekin konparatzeko izan den joeragatik edo, xuri-gorria izan dela dirudi neskatxa xarmanten epitetorik ohiena. Hona adibide batzu:

 

                Airea zahar eta kantorea berri:

                Ene maite pollita zira xarmagarri:

                Kolore xuri-gorri arrosa iduri,

                Mundurat jina zira ene ihargarri.

 

                Izar haren begia, hain da xarmagarria,

                Koloreak xuri-gorri, perfekzionez batia

                Eria-re senda liro haren begitartiak

 

                Xuri gorria arrosa bezala:

                Profetak ere dira mintzo hola hola.

                Araberan bazinu gorputza horrela

                Iduriko zinuen... zeruko izarra.

 

        Baina, gorria, batez ere, ile gorria, pertsona bihurria eta gaiztoa denaren sinestea izan da gure artean. Horra hor Patxi Gorri pertsonaia mitiko gaizkilea, egun, oraindik ere, ume desobedienteak hezitzeko guraso askok aiputan jartzen duena. Honez gain, pertsona kaskagorria (gizonezkoa batipat), bizar gorria, gaiztakeriara eta bihurrikeriara emana den pertsonatzat jotzen du jende askok; oraindik ere nabari direlarik lejenda horren aztarrenak. Hain argia ez bada ere, hona aspalditxoko exenplu bat:

 

                Mutil gaztia, bilo horia,

                burlan duka banitatia?

                Uste duk bai naski haizu dela beti

                gortiaren egitia andre orori.

 

        Hona beste bat bizarrari dagokiona. Bizarra, nahiz gorria ez izan, gauza zikintzat jo izan bait du hemengo jende puritanoak. Eta harritzekoa da, batez ere, jelkideen bi pertsonaia ardatzak bizardunak izanik:

 

                Jaun kaputxin bizar gorri,

                Barka-zozu asto horri.

                Garbi bazinu bizarra,

                Ez lirudike belarra.

 

        Baina, urre gorrizko bizarra, eta kopla zaharretan ageri diren beste honelakoak diruarekin edo aberastasunarekin zerikusia dutenak direla dirudi, eta ez besterekin. Beti izan dira, bestalde, halako etxetako edo herritako Gorriak. Hona bestetara joan gabe burura datorkidan bertso ezagun bat:

 

                Emen juntatu gera

                sei bat bertsolari:

                Errekalde-zar eta

                Joan Jose Udarregi,

                Zizurkilgo Bernardo

                Gazteluko Gorri,

                Errenterikua da

                Xenpelar Jaun ori

                Ni Astiasukua

                Pello Errotari.

 

        Bertso hau exenplu ezagun bat emateagatik hartu dut, edozein herritan izanen dira honelako exenplu bizi biziak oraindik. Herri hozpel honetan bertan ere ezagunak dira, Gorritarak, Soroko Gorria, Astibiko Gorria, etabar. Eratsungo eta Labaingo mugako Beheko Asurako nagusiari ere Asurako Gorria deitzen omen zioten eta Goiko Asurakoari Asurako Beltza.

        Hortxe dugu Kattalin Gorri delako intsektua ere, euskal herri orotan zehar bere lejenda hedatu duena (5). Goizuetan intsektu honi mainagorri deizen zaio, eta eskuko hatz guztiak ibili ondoren airatu egin behar izaten du eguraldi onaren seinale izatekotan; baina, airatu aurretik honako hau kantatu behar izaten zaio:

 

                —Maina maina gorri

                zeruan zer berri?

                —Zeruan berri ona

                orain eta beti.

 

        Nork berak eginiko galdera eta Mainagorriren erantzuna izanen balira bezala. Intsektu honen antzera, armts-gorri eta goiz-gorri ere misteriozko fenomenoak izan ohi dira gure artean. Hona hemen honen kutsuko zerbait baduen adibidea:

 

                Maitasunaren ikurkorra zan

                        zure leyoko maoa,

                ikusten neban goiz-iluntzetan

                        poztuten yatan gogoa.

 

        Maitasunaren sinboloa dela esaten du Lauaxetak mao gorria, hau da, klabelin gorria. Eta goiz-iluntzetan ikusten zuenean gogoa pozten ziola. Ez ote daiteke izan klabelinaren gorria, goiz-gorri eta arrats-gorrietan (goiz-iluntzetan) areago gorritua, eta honen ondorioz "poztuten yatan gogoa". Ez dakit, behar bada, hutsean zerbaiten bila aritzea litzateke. Hona hemen kidetsuko beste etsenplu zoragarri bat Miranderena:

 

                Gelatxo zuri garbian

                neska dago

                ilhe gorriak orrazten

                ilheok ilhun-nabarrez

                gorriago.

 

        Maitasunak maitasuna, gorria, euskaldunontzako sofrimenaren sinboloa izan da, batipat. Amodioaz ahantzi garelako, agian. Ikasi egin beharko dugu, hortaz, neskatxa izuen ezpainetan, udaleheneko gerezi etan, amodioa bilatzen. Begiak zapaltzea ez da aski, ateak zabalik dituela etxe zahar hutsa eskaintzen den bezala, eskaini behar dugu guk ere geure burua, amoltsuki laztan bila.

Gorria guretzako ezinaren kolorea izan da. Larrua gorria izan da guretzat. Gauza zikina, lizuna, uki ezina. Baina, ukimenerako izan dugun joerak zikindu digu. "Imajinaziorik habitatzen jakin ez dugulako". Esklabutza eta morrontzan hezitako eskuak eraman gaitu ukimenera. Eta eskuak, ukimenak, galerazi egin digu imajinazioa. Ukimena irudimenaren arerioa bait da.

        Sarritan nahasi egiten dugu gorria beltzarekin. Esate bateko, hilbeltza esan ohi dugu, eta inoiz negu beltza ere bai. Baina, ene uste apalez, ez duke zentzu bera negu beltzak eta negu gorriak. Negu beltza: hodei ilunez, kazkabarrez euri erauntsi ikaragarriz, mendebalez ulertzen dena dateke. Negu gorria, aldiz: hormateari, izozteari, hormaizeari edo haizegorriari, ekialdekoari dagokiona. Era bertan, soiltasunaren, biluztasunaren, ezaren era eskasiaren kolorea ere, gorria behar lukeela dirudi, baina, honako pasadizo honetan beltza da antza:

        Behiala jaun apaiz bat, eguneko ogirik ere aski izaten ez zen etxe lander batean suertatu omen zen. Etxeko andrak —ogi zuririk ez zuela, baina, nahi bazuen zerozer hartu, ogi beltzarekin aterako ziola— esan omen zion, konplitzeko, edo apaizak ogi beltzik nahiko ez zuelakoan. Igoal dio andrea —erantzun omen zion apaizajaunak— tripazorri txar hauek pixka bat engainatzeko edozer gauza on dukezu. Orduan larri etxeko andrea! ogi beltzik ere ez izaki! Ogi bila zihoalakoa eginez sukaldetik atera eta handik pixka batera etorri omen zen berriro: Aizu, apaiza jauna, banuela uste nuen, baina, ez dut bada beltzik ere!! Beltzik ez duzula? —erantzun omen zion apaizak— hori duzu beltza hori! Eza duzu, eza beltzena!

        Lehenago esan dugu, gorria, gizonezkoen izengoititzat maiz erabilia izan dela. Gauza bera esan genezake beltzari dagokionean. Baina, kolore honek, besteren artean arrazisko kutsuak hartzen ditu. Guretzako beltzak: mairuak, andaluzak, ijitoak eta beste "arrotz gaizto" horien izan dira. Hona honi buruzko erreseina ahul batzu:

 

                Maitiak galde egin zautan pollita nitzanez

                pollit, pollit nintzela baiñan

                larrua beltz, larrua beltz.

 

        Pollita izatea ez da aski. Larruaren kolorea behar da halakoa. Gure kolore jatorra, gorria, izan dela dirudi. Baina ez benetako gorria, gorri faltsua baino. Nesta eta mutil masail gorriak izan dira duela gutxi arte benetako euskaldunak. Hauek aspaldiko kontuak izan daitezke, baina ez, oraindik honelako arrazismoak erro nabariak ditu leku askotan. Urrutira gabe, neronek izan dut gisa honetako arrazakeriaz eztabaidatzeko aukera Iruñaren pareko herri honetan.

        Gure etxe eta baserriak ere zuriak behar zuten izan derrigorrez. Zenbat harri eta zur eder estali ote da kisuz edo karez zuritasun faltsu baten gorantzan!

 

                Ara nun diran mendi maiteak

                ara nun diran zelaiak

                baserri eder xuri zuriak

 

        Ez dakit non ikusiko zituen hain eme zuriak gure bardo zaharrak. Ilun eta beltz askiak gehiago izanen ziren garai hartan zuri ederrak baino. Buztinez eta harri nabarrez eginikoak (gehienak izanik ere) ukatu egin izanen ziren, garbitasunaren eta puritanismoaren ohoretan. Oraino ere nabari da joera hori, jatortasuna, garbizalekerian eta zuritasuna baino areago zurikeria den zera batetan bilatu nahiarena, alegia. Horretaz ederki ohartzen da herri tipietan bizi dena. Hiri haundietan bizitzeko aukera izan dutenek, ordea, beste leku segurrago batzuetan kokatu izan dute garbintasuna, purutasuna, edertasuna, azken finean irudimena baino ez deneko hori. Mirandek haurtzaroan eta herioaz harunztik mugatu zuen, eta Lauaxetak ere bai, gutxi gorabehera. Beraz, faltsukeria edo hipokresia hutsa lirudike mundu gris honetan zuritasun bila hain modu itsuan saiatzeak. Grisa bait da, izan ere, urtez urte eraiki dugun muntaia honen kolorea. Grisak absorbatu ditu beste koloreak. Hortaz, merezi luke, grisak berak bakar bakarrik, beste kolore guziek baino leku gehiago. Baina hori, beste norbaitek eginen duelakoan utziko dugu.

        Bukatzeko, egunkari moduko baten egun berezi batzu irakurtzera gonbidatuko nuke artikulu asper honen azkenera iristeko ausardia izan duen irakurlea: Martxoaren 11, 16, 22, 27, 30a, Maiatzaren 9 eta Uztailaren 8a. Niri guztiz interesgarriak iruditu zaizkit, eta gainera, haiei zor dizkiet hemen eman ditudan gogoeta hauek ere. Haietan noski, hauetan aurkitu ez dugun zehaztasuna, atsegina eta jakinduria izanen duzu , izan zaitez fio.

 

        (1) Olerkiak, Xabier Lizardi.— Erein. 91. orri.

        (2) Lauaxeta.— Erein. 129. orri.

        (3) Hiztegi Erotikoa.— Hordago. 251. orri.

        (4) Plazaola Aldizkaria. 6. zkia 6. orri.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.