L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-13 (1991-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara eta abertzaletasuna

 

José María Larrea

 

        Ondoren, Durangoko Liburu-Azokan xardikitzeko, Txema Larreak prestaturiko mintzaldiaren hala-holako eskema.

 

Gabon, jaun-andreok:

        Gaia ezaguna duzuenez nire solasaldi ttipi hunen mugak ezarri gogo nituzke aitzin. Ez da ttipiena Krutwig jauna, ene gaztezutuko "Vasconia"ren egilea, ene ondoan izatea ezta ere Jose Mari Sanchez Carrion, "Txepetx", hemen ez izatea; hau da ni baino askoz prestuago den lagunak mahainkide izan eta liburuaren egilea, esan nahi zuena esan liezagukeenak, ez. Badira bestelakoak ere, hala nola liburua bera. Trinko bainan luzea, kapitulutan egituratua bainan lerro bakoitza lerrabide bat eta zazpi gogoeta, ohar batbedera, azkenik, mundu berri baten gakoa. Kondizione horietan, eta liburua ezaguna delakoan, irakurketa politiko bat eta sortu zaizkidan burutapenak saiatuko naiz adiarazten. Txepetxendako, oraiarte ez bezala, auskara euskaldunon, vascofonoen, problema da lehenik. Euskararen bizia euskaldunei lotzen zaie eta ez abertzalegoari.

        Izan ere Eleizalderengandik klarki adiarazi den ideia da abertzaletasunak xoilik salba lezakeela euskara. Eritzi berekoak ditugu, Gerla-aitzin Lizardi eta Aitzol eta Gerroteostean Krutwig eta berantago Txillardegi edota Jakin-taldekoak ere (Okerrik balego, azkenean, behintzat Agirrebaltzategik zuzen benaza!). Beharbada, Abertzaletasuna, Sabinok formulatu zuenetik, euskara "galduko zelakoan" / Arrese etabar / baitzegoen ere. Hizkuntza, apika, Arrazaren ostean, nazioak zuen bigarren elementua, sinbolotzat jotzen baitzuten. Irterarik gabeko zulagune huntan euskara ez zitekeen izan euskaldunon mintzabidea.

        Primo de Riveraren Diktadura pean sortu ziren "Euskararen Egunak" eta horien bultzagileak (Lizardi, Aitzol) bazituzten ideia zabalagoak. Arlo politikoan Sabino Arana Goiriren ideiak onartzen zituzten, ez, ordea, euskararen bizi eta zabalkunderako. Hortaz, bada, Bilboko "Euzkeltzale Bazkuna"rekin / Eskola Aranista / izandako auziak. Errepublikan, halere, Euskaltzaleak taldearen bidez, Eusko Ikaskuntza, Euskararen Adiskideok etabarrekoen bidez garatu ziren ideia haiek —Salbu eta Bizkaian—, Gerlak moztuko zituen planteiamenduak, hain zuzen, [ Yakintza,...].

        Gerraondoan, euskaraz bizirik iraun zuen. Krutwig jaunak erreformulatu zituen euskal nazionalismoaren hastapenak, naziotasunaren elementuetan hizkuntza lehenesten zuela. "Vasconia" agertu eta laster, bi urtetara, Txillardegik, "Huntaz eta hartaz" izen unamunianoko liburuan euskaraz ematen zituen ideia haiek, ondoko urteotan abertzale kasik guziok onartu ditugunak. Euskarari bagagozkio, elebitasuna aipatzen zen / garbi aski / inork ez zekien zein litekeen elebitasuna aldarrikatuz. Hainbat datu eman ondoren aipatzen zen ere elebitasuna ona zela adimendurako, haur elebidunek hizkuntzak errezago ikas zitzaketela etabarrekoak. Orduan...

        Zerutik jausia bezala beste kontzeptu bat azaldu zen, Bilbo "Anaitasuna" agerkarian, prezeskiago. "Aratz" izeneko hirurkoak Vallverduren liburu baten berri ematen zuen DIGLOSIA hitzaren berri emanez, ondoko hilobeteotan, orain horren gaiztoa omen den Jon Juaristik, noizbait Andolin Eguzkitzarekin batera kontzeptu horren argitzen saiatzen zirela. Ordurako publikatua zen, Txepetxen lehen lana, Nafarroaz kanpoko euskal herrialdeetan —oraindik— antzekorik ez duena. Txepetx ohartu zen, ordea, Ferguson eta Fishmanen definizionak ez zitzaizkiola askiesten. Hizkuntzen banaketa funtzionalaz landarat (bata Agintearena, bestea ume, zakur, agure eta kamareroendako solasbidea) banaketa jerarkikoa ere bazela. Desberdintasunak ez ziren barietatearenak, hizkuntzenak, linguistikoak, sozialak baizik. Gai hauetan aritu zen 1974ean Diglosia Kontzeptuak zekarzkien ilundurak aipatzen. Laster, Mari Jose Azurmendi aritzen zen ere gai huntaz, eta urte pare baten hainbatek ezagun eta erabiltzen zuen, Joseba Irazu, Balere Bakaikoa eta Patxi Sansinenea Baionako "Hitz" agerkarian, Jose Luis Alvarez eta Luis Mari Muxika "Zeruko Argia" eta beste agerkarietan etabar. Denbora llaburrean ezagunegia zitzaigun hitz hori eta bere eskutik zetorren "Soziolinguistika" hitza, halako, moldez, "Diglosia" Mintzamolde nazionalistaren barruan sartu zela, Soziolinguistika asignatura bat dela Deus-Town eta Zorroaga ikastetxeetan eta JAKIN agerkariak lumero bat eskeini zuela "Soziolinguistika" sujetaz, Txepetxen lana, azken lana, plazaratzeko, hain zuzen.

        Txepetxen liburuan, ordea, beste gauza batzuk azaltzen zaizkigu aldarrikatzen den abertzaletasunarekin eta oraingo abertzaleekin zerikusirik ez bide dutena. Egia da idaztearen bizioaren kontra ez irakurtzearen bertutea gomendatu ohi dela. Llabur erratekotz, Arrazoina Agintearen solasa eta mintzabidea da, gutiengo baten pribilegioa, oligarkia baten monopolioa. Arrazoina, Zientzia, Logika, Adimendua igoaltso azaltzen zaizkigularik, Aginteak erabakitzen du nor den hor, zein den erokeria, zer mitoa edota leialtasuna eta maite ditugun amets, gauza, presuna edo bizimoduen kontrako sendabideak. Aginte horrek erabakitzen ditu gure beharrak ere, prezeskiago, euskarak, prostituta baten antzora bere makarra behar duenez, umezurtz bailitzen, BETI gaztelaniarekin joan behar bide du. Badakigu, bestalde, Legeak hola erakutsita, ikurriñak zenbaterainoko amodioa zor dioen bandera españolari.

        Gure benetako beharrekin batera, askotan hain izkutu guhaurrek ere ezagutzen ez bide ditugula, Aginteak erabaki du zer den zientzia eta alde hortarik Soziolinguistika, halako Soziolinguistika konkret bat, goi-mailako jakinduria bihurtu dute, nahiz eta zientzia sozialen porrotak beste zerbait erakutsi, alegia, Txepetxen erran-nahiruan: (zientzia sozialen porrot egiteaz): "...han confundido la silla eléctrica con la mecedora". Aginteak, halere, kontrolatu, menperatu nahi luke, denboraz, bere kontra bihur dakiokeena, berak erabaki du hartaz, nork dakien eta zertaz, nor den gai gure biziaz arduratzeko.

        "Sociolingüística de guante blanco" deitu dio Txepetxek itsasoz haruntzagotik datorkigunari. Joera horiek, berriz, izan ditugu nausi, bai II Batzarre Mundialean, bai gure Agintarien agerkarietan baita ere Ikerkuntz eta Unibertsitate mailako lanetan. Gurean, kanpotik datoz zientzi honen mezulariak, mezulari hautak, Tanganikan zein Euskal-herrian plangintzak egiteko gai direnak, bertoko ikasle onak lagun, edo laguntzaile, dutelarik. Euskaldunotaz hitz egiten dute eta euskaldunon ordez, pentsatzen. Guhaurrek egiteko gai ez garena beroiek eginen dute gure ordez. Zer liteke, bada, artzairik gabeko taldea, maisurik gabeko umeteria? Egia da diodan hau Euskalherriko Mendebaldean solament suertatzen dela, Nafarroan eta Ifarraldeko eskoletan gu bezain on diren egunean bakarrik, ordainduko baitzaizkie Amerikako espezialistei Euskal Batzarre Mundialetara etortzeko, eta gu bezain vasco direnean bakarrik aplikatuko zaizkie bertoko umeei B eta D modelak.

        Nazionalismoaren adierazpideak partidu, jarrera eta joera politikoak diren berak, baditu ere bere ordezkariak —gehienetan euskaldunokin, vascofonekin zerikusirik ez dutenak. Zer pentsatuko genuke, bada, gormutuak balira ditugun ordezkariak? (edo oraingo ordenari buelta emanez beltzak zurienak, emakumeak gizonenak etabar).

        EUSKARAZ BIZITZEKO KONDIZIOAK NAGUSI EZ DIRELA BESTE ZENBAIT BALORE DITUGU GOIBURU

        Agintean den Nazionalismoak, beste asmo ezinobeekin batera, honako hau aldarrikatzen du: "Abertzaletasunak bakarrik salba dezake euskera". Eta beste piramidean direnak, piramide askoz jatorrago eta ttipiago batean, ahala eta agintea nahi luketeenak akort datoz huntan.

        Bainan gure mendebaldeko agintarien piramideaz eta bere lehiakideenaz, Iznogud —konplexuan luzatu gabe, erran dezagun jatortasun— norgehiagoka, benetakotasun-olinpiada dugula finean. Pentsatzekoa, ere, zein diren, kasu bietan erakunde horien bezeroak, irakasle-gaiak zein punkyak, langabetuak zein "egiazko" abertzaleak izan euskaldunek eta euskaldunen alfabetatze eta kulturtzea ez da inondik ageri.

        Bada (egia da) hirugarren bide bat nahi luketeenak. Gutti-gora behera hunela: "Berdin bekigu nor den agintari bainan instituzioak herri-mugimenduez arduratzen ez badira, ez dago zereginik". Edo aiseago konprenitzen dena: "Emaiguzue dirua eta geuk eginen ditugu plangintza iraultzaileak". "Herria" hitzaren, usatzearen usadioz, desgasteaz, herdoiltzeaz aparte badago besterik eta, ene idurikoz, modernotasunari lotua. Euskararen kausa, faktore askori lotua agertzen denez (emakumeak, iraultza soziala, punkyak, homosexualak, antimilitarismoa...) euskeraren bestaldiak mobimentu horien platagormak izaten dira: Korrikaren amaierako festan zein dira kantariak: La Polla Records eta holako kantari erdaldunak etabar.

        Erdalduntze prozesua, asimilazionea, inoiz baino azkarraga doa, Bizkaian, Nafarroan eta Ifarraldean, batipat; lege aldetik ez dira garbiegi azaltzen euskaldunen eskubideak —Konstituzio Españolak markatzen baitu, gainera, español guziek gaztelerdara jakin behar dugula; euskal literaturan so egitea besterik ez dago: zer itzultzen da eta zein hizkuntzetatik, Españako kulturan osoki integratua dagoela ikusteko. Zertaz luza? Agerian euskararen presentzia (karrika-izenak, euskal telebista, euskarazko astekariak, euskaltegiak), izkutuan, berriz, errealitate zakar bat, galtzen dena euskara baita, euskaldunekin batera mundu huntarik doana; irakasten dena, duguna, auskalo zer da! Funtsean, ispiluan gaztaroko argazki bat jarri duen atsoaren antzora, euskal gizarteak ez du ikusi nahi errealitate hau, ez du inorako gogorik, ez du erabaki euskalduna izan nahi duen ala asimilatzearen alde dagoen.

        Milesker. Hitza zuei.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.