L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-13 (1991-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkuntzen ikaskuntzarako teoria

 

Andolin Eguzkitza

 

José Maria Sanchez Carrión "Txepetx"ek erdaraz Un futuro para nuestro pasado (Donostia, 1.987) bataiatu duen liburu interesgarrian, Babeleko dorrearen mitoaren funtsa hizkuntzen aniztasunaren defentsa dela dio; hain zuzen, beste modu batez, edo eta beste arrazoi desberdin batez, XVIII gizaldian Hervas y Panduro-k esan zuena bera. Jesuistarentzat, Bibliaren egiazkotasuna frogatu nahi zuelarik, hizkuntza desberdinen agertzea froga ezin arbuiatzekoa zen, era horretan liburu sainduan aldarrikatu bezala Jainkoak desiraturikoa betetzen baitzen. Alegia, batak eta besteak, mitoak eta orobat apez hizkuntzalariak, errealitatean ikusitakoa defendatu gura zuten, hizkuntza asko eta desberdinak badaudela eta denak daukatela bizi izateko eskubide bera.

        Txepetx-ek horretan dihardu ere, hots, hizkuntza guztien defentsan, baina liburu honen bidez eta bere obra osoaren bidez euskara du batez ere helburu nagusi. Euskara esateak, baina, mundu osoko hizkuntza ttipi guztiak esan gura du, nazioarteko, zibilizazio bateko eta gehienetan estatu baten bidez antolaturiko nazio bateko hizkuntzak ez direnak, alegia, senitartekoetan, lanbide batzuetan edo eta eskualde batetan bakarrik erabiltzen direnak.

        Liburuak atal nagusi bi dauzka. Bigarrena eta luzeena gatazka eta normalizazio linguistikoez ari da, guk geuk oraingoan hain zuzen ere jorratuko ez duguna, baina lehenago (Jakin 42/43, 1987) luze erabili izan dena. Lehenengoan, aldiz, hizkuntzen ikaskuntza erabiltzen du, guztiz mamitsu eta sendoa, eta zalantzarik gabe edozein hizkuntzaren zimentarri funtsezkoa den hiztun osoen erkidegoa osatzeko nahi eta nahi ez kontutan hartzekoa.

        Are gehiago, Chomsky-k sorturiko eskolan partaide edo eta gogoide senditzen garenontzat, hau da, gramatika sortzailearen aldekoentzat, guztiz saio sustagarria, lehendabizikoz proposatzen delako lehen hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntzen prozesuen arteko lotura eta harremanak esplikatzen dituen era interesgarri eta azaltzaile bat. Hala uste dut nik behintzat. Egundaino, genekien bakarra zera zelako, edozein hizkuntzaren jaiotzezko hiztunek eta bigarren hizkuntza bezala ikasirikoek ez ohi zeukatela gaitasun bera —pernandoren egia bat—, eta bigarrenak heltzekotan, oso kasu gutxitan edo inoiz ez, heltzen zirela horregatik lehenengoen gaitasun-mailara. Hain zuzen, Euskal Herriaren kasuan erabat etsigarri gerta zitekeen hipotesia, euskarak pairatzen duen leialtasun linguistiko makalaren ondorioz, hots, beren seme-alabei hizkuntza irakasten ez dietenen euskaldunen eraginez, hizkuntzaren etorkizuna arras modu latzaz baldintzapeturik baitago.

        Ene ustez, lehen hizkuntzaren ikaskuntzaz zeredozer azaltzen duen hipotesi bakarretarikoa gramatika sortzailearena da. Bera da, hain zuzen, gizagarun guztietan amankomun eta programa genetikoaren ekoizpen den gramatika unibertsalaren hipotesiaren bidez arazo nagusiari zelanbaiteko irtenbidea ematen dion teoria bakarra. Hipotesi hori zera saiatzen da azaltzen, zelan eta zergatik munduko haur guztiok hain denbora laburrean —bizpahiru urte—- eta denbora horretan jasotzen duten lekukotasun urri eta pobreen bidez (haur batek entzuten duen hizkuntza oso l¡aburra eta mugatua da), hain konplexu —egituraren aldetik menpeko diren egituren jabe— den gramatika/ hizkuntzarekin jabetzeko gai diren. Are gehiago, hipotesi hori da gainera, giza-hizkuntzen antzekotasun oinarrizkoak, eta parametro gutxi batzuen bidez azalezko desberdintasunak orobat, esplikatzeko bideetan jarri dituen proposamendu bakarra.

        Begien bistan dago, oraingoz behintzat, hipotesi honen hesparruan ezin dezakegula askotxorik esan bigarren hizkuntzaren jabekuntzaz. Jakin badakigu, baina hori arrazoi fisikoengatik —aurpegiko giharren garapena— bigarren hizkuntza adin bat igarota ikasiz gero beti edukiko dela, edo eta gehienetan bederen, atzerritar azentua. Horrek, baina, ez du esan gura hizkuntzaren beste osagaiak ondo ikasteko gauza izanen ez garenik. Izan ere, arlo horretan dira interesgarri Txepetxen lanak. Alde batetik zera uzten du agerian, ikaskuntza naturalaz gain, ene eritziz gramatika sortzaileak azalbideetan jartzen duena, jaiotzezko hiztunak berak ere etengabe segitzen duela ikasten eta beraz, bestela eman arren, jaiotzezko hiztunak hizkuntzarekiko daukan harremana, eta bigarren hizkuntza bezala ikasi duenak daukana ez direla, azaletik begiratuta behinik behin ematen duten bezain desberdinak.

        Problema zerean dago, norberaren hizkuntzak daukan estatu sozialean. Ingelesez mundu batetan, edo frantsesez zein alemanez nahi gaztelaniaz dagozkien mundu elebakarretan jaiotakoek ez ohi dute inongo arazorik aurkitzen. Gehienetan elebakar perfektuak bezala bizi baitira, edo eta bizi baitaitezke, horrek dakartzan ondorio on eta txar guztiekaz. Aipaturiko hizkuntza horiek gutienez hizkuntza nazionalak (= estatalak) eta nazioartekoak baitira, eta lehena zalantzarik gabe, eta beste hiruak oraino neurri handi batetan ere, zibilizazio-hizkuntzak direlako, Txepetxek terminu honi ematen dion zentzuan, hots, badaudela beste hizkuntza batzuen jabe diren hiztunak aipaturiko hizkuntzak ikasteko prest daudenak, dela arrazoi kultural, zein ekonomiko nahiz politikoengatik.

        Baldintza horiek betetzen ez diren ber baina, arazoak sor daitezke.

        Txepetxek dioen bezala jaiotzeko hiztunaren ikasteko prozesuak ondoko hiru atalak dauzka:

erabilpena - ezagutza - motibapena

        Lehenari, lehenago aipatu bezala, idazkuntza naturalaz heltzen gara, ene ustez, gramatika sortzaileak proposatzen duen bezala, hipotesi unibertsalistaren bidez azaldua. Hortik aurrera, ordea, gauzak gure esku kontzienteetan daude. Ezagutza deritzona zera delako, erkidego linguistikoan eta beste hiztunekiko trukaketa linguistikoetan zein kultura formalaren bidez (irakurketa eta idazkuntza) ikasitakoa. Azkenean orduan motibapenera heltzen gara, hau da, nork bere hizkuntzaren maitasun kontziente eta beraren aldeko ekintzetara, botere ekonomiko-politikoa ere bertan agertuz gero, lehenago aipatu ditugun hizkuntzen esparruetara heltzea ere gertagarri eginen duena alegia, hizkuntza estatalak, nazioartekoak eta zibilizaziozkoak izatera.

        Agerian dago, ordea, oso direla guti maila horietara heltzen diren hizkuntzak, eta gehienek, gehienez ere, hizkuntza estatalak izatera baino ez direna heltzen. Orduan, zorrotz argudiatzen du Txepetxek, motibapena ez bada behar den bezala lantzen hizkuntza arriskutan egoten has daiteke. Gogora dezagun zelan Suediako gobernuak suediera horrelako egoera batetan gerta daitekeela pentsatzen duela, suediarren ia unibertsala bide den ingelesaren ezagutzagatik. Zer gertzatzen da orduan hizkuntza ez jaiotzezko hiztun bezala, ezpada bigarren hizkuntza bezala ikasi behar dutenekin? Prozesua iruntzen dela, alderantzizkoa dela, garapenaren guneak ondoko ordenan agertzen direla:

motibapena - ezagutza - erabilpena

        Beste modu batez itaun genezake, zelan ikasi dugu euskara etxean ikasteko zoria ukan ez dugunok? Eta erantzuna hor goian dago, lehenago motibapena landuz, kontzienteki zein inkontzienteki, bigarren ezagutzara helduz, eta azkenez erabilpenaren bidez jabekuntza osoa lortuz.

        Prozesu hau, barren, ez da prozesu estatiko bat, ez da hor gelditzen. Hizkuntzak, alegia, ez dira ezagumendu entziklopedikoak, pilatu, multzokatu eta metatu egiten direnak eta garunean uzten. Hizkuntzak hain zuzen izan ere ez dira, direnak gramatikak dira bakarrik, hau da hizkuntzak diren ente potentzialak sortzeko gauza diren makinak edo tresneria, orduan etengabe egon behar dugu, alde batetik tresnen kopurua handitzen (hiztegiaren banakoak), eta bestaldetik tresnak berak urindatzen (erabiltzen). Honek sortzen duen prozesuak orduan borobila ixten du edo amaierarik gabeko zinta bat sortzen, berriro motibapenera, hain zuzen jaiotzezko hiztuna kontrako abiapuntuan hasita heldu den tokira heltzen baikara:

motibapena - ezagutza - erabilpena

erabilpena - ezagutza - motibapena

        Beste era batez esanda, abianpuntu bat hartuta, erdalduna izan zarelako lehena, edo eta gurasoek irakatsi dizutelako bigarrena, behin puntu batera heldu orduko, prozesua bat bera da. Erran nahi baita, ez bakarrik jaiotzezko hiztuna bilakatzen dela hizkuntzaren oinarri eta hizkuntzaren berpizle eta bizieragile, ezpada bigarren hizkuntza bezala ikasirikoa bera ere, euskaldun berria alegia, bilakatzen dela hizkuntzaren zimentarri eta makulu sendo.

        Txepetxek dioen bezala, euskara ikasi dugunok senditu dugun plazerra eta aintzan izatearen zentzazioa guti batzuk ezagutu dukete. Nire oroimenetan euskara ikasteak ez du ahaleginik txikienaren markarik utzi, mundu berri eta plazerriturri ezinagortuzkoen aurkitzearena baizik. Hain zuzen, edozein euskaldun jaiotzezkori euskara landu eta gero, hain segur, tresna egoki eta ederraren jabetasunak sortu diokenaren antzeko. Txepetxen proposamenduaren berritasuna, gorago esan dudanez, zerean dago beraz, prozesu bien integratzean, elkarregaz lotzean eta elkarren menpeko egitean hizkuntzaren bizitzerako. Gainera, beste elementu bi uzten ditu agerian: alde batetik jaiotzezko hiztunak beti ukanen duela haurtzaroan garatzen diren funtzioetan eta osagaietan lehentasuna (fonetikaren arazoak), baina bestaldetik hiztun oso berriak badauzkala intuizio batzu seguru asko jaiotzezko hiztunarenak bezain fidagarriak eta eragingarriak direnak.

        Are gehiago, agerian uzten du halaber, motibapena funtsezko elementua dela, eto bera gabe ez dagoela ezer aurreratzerik, motibapenik gabeko jaiotzezko hiztunaren jarrerak zein neurritan izan daitezke ezezkor argi eta garbi uzten dituelarik (esate baterako euskaldun elebakarraren autogorroto-sendimenduak). Izan ere, hiztun horiek baitira katea eten dutenak. Beste era batez esateko, beraien jarrera eta kanpoko etsaiarena berdin lazkarri izan daitezkela.

        Amaiatzeko diogun prozesu hau ez dela gurea bezalako hizkuntzetan bakarrik gertatzen, mundu osokoetan baino, Txepetxek dioen bezala, munduan hutsunerik ez dagoelako, alegia, hizkuntzarik gabeko gizakumerik. Erran nahi baita, etengabeko gatazka linguistikoan gaudela, eta halandaxe aipaturiko prozesuan zehar joan diren hiztunak bakarrik direla hizkuntzaren zimentarri eta beronen iraupenerako garantia: hiztun osoak. Horrelakorik diraugun artean biziko da euskara. Hori da, hain zuzen, Mikel Zalbidek behin ziostatanez, gure betebeharra. Geroa gerokoek erabakiko dute.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.