|  
              
               
 
 
Bidasoaldeko kronika
 
 
 
Bidasoaren hirugarren bazterra
 
 
 
Koldo Izagirre
 
 
 
New American Cyclopedia 1858an argitaratu zen, eta Bidasoari buruzko artikulo bat dakar Marx-Engels bikoteak zinatua, eta honela dute definitzen: "Bidasoa: Espainiako probintzia baskongadetako ibai txipia, famatua haren bazterretan frantsesek, Soult buru zutela, eta ingeles, espainol eta portugesek, Wellington buru zutela, eman zituzten batailengatik". Ondotik, bi batailen jazarrak adierazten dira deplauki.
 
        Aspaldisko du beraz lekua egina diotela Bidasoari enziklopediek, Bidasoa hitzari bederenik. Ez noski Nilo edo Amazonas baten gisako ur-handia delakotz, ez eta ere haren bazterretan leudekeen tribuak aipatzearren (sudur ederrok aldean beste zulatu eta lehoin saihetsez dotoretzera menturatzen ez gareino), baina bai Bidasoaren bazterrez, inguruez eta biztanleez gain dauden bi mamu tzarrek, Frantzia Buruhotzek eta Espainia Odolberok, elkarren arteko zedarritzat zutelakotz ezarri.
 
        Eta euskaldunok aipu garenean, aurkintza edo paisaiaren osagarri hutsa bezala gara munduratuak: "Gainera, bertako kontrabandistek Bidasoa errekaren hiru ubi erakutsi zioten, denak iragangarriak itsasbeheran eta frantsesek ez ezagutuak, zeinek guztiz salburik uste baitzuten beste aldean", Marx-Engelsen arabera. Bidasoa esan, eta ez gintuzten euskaldunok esaten. Bidasoa ur hutsezko ibaia zen, bazterrik gabeko kanalea, Bidasoak ez zeukan Bidasoalderik.
 
        Euskal poetek maiz hartu ohi dute Bidasoa kantagai. Marx eta Engelsen idazkia baino bost urte zaharragoa zen J. M. Hiribarrenen "Bidasoa" poema, "Euskaldunac" liburukoa. Hiribarrenena irakurri ote zuten Marx-Engelsek?
 
                Kontrabanda ederrik badoa gainetik
 
                ez dire urrats oro izokinengatik.
 
        Egun ere bada kontrabanda ederrik noski Bidasoako horretan, eta egun bezala orduan ere iduri du bazela franko arrengura arrantza kontuan, hango eta hemengo Bidasoatarren artean:
 
                Eman gabe auzoek elkarri harrika
 
                bertzelako behar da euskaldun fereka. 
 
                Egin bezate orok lainoki arrantza
 
                guti balio luke eginik azantza:
 
                Paris eta Madrilek egorriren jaunak, 
 
                klikatzeko astiroz gizendu arrainak.
 
        Paris eta Madril, ezin elkar hil. Bidasoaren buruan eginen bakea, ibaiaren bazterrak elkarren harrikatzeko suturik, estatuen eskubideen ohorerako... Bazuela gure Hiribarrenek profeta ukitu bat!
 
        Panpan artaldea suntsitu eta etxe aldera hartzen du Iparragirrek 1877an, bidaia Argentinako euskaldunek ordaintzen diotela, hainbesteraino zen errekaratua.
 
        Jakina da marinelek, kostaldetik urrundu xamarrean, zenbait mendi ikusgarri hartzen dutela erreferentzia gisa, nongo parean dauden jakiteko. Iparragirre, itsasuntzian, mendiak noiz agertuko zatekeen kalostrari heldua argitu ordukotz. Kantatua ere zen Ameriketan:
 
                Itsaso aldera beti
 
                zabal zabalik begiak.
 
                Oh Jaun maitea, zer urrun dauden
 
                Euskal Herriko mendiak!
 
        Mendia haren ikusmina. Mendia ikusi arteko herrimina berea. Ez da harrigarri beraz Bidasoaren gaindi begiak luzatuz "Hara nun diran mendi maiteak!" esatea etxera heldutakoan. Eta itsas bazterretik bezala dago Hendaiatik, zabal zabalik begiak:
 
                Hara España, lur hoberikan
 
                ez du Europa guztiak!
 
        Ikerle eta olerkizale gehienen arabera, halaxe dateke berezko bersioa Aunitzek du, aldiz, bestelako usterik. Kerexeta'tar Jaimek, Luis de Castresanak eginiko Iparragirreren biografiaren euskaratzaileak, honela diosku: "Beste batzuek «Ara España» jarten dabe emen. Zelan esan ete-eban Iparragirre'k? «Ara Euskalerri», urrean. Izan be, Euskalerriari eutsan biotz-miñagaitik etorri zan Ameriketatik, eta eusko mendien aurrean egoan orain, Endaia'n. Geroxeago be bardintsu esango dau: «O Euskalerri eder maitea...»"
 
        Egun eta hemen "Hara Euskadi" kantatzen da ausarki. Baina Iparragirre ez al zegoen, berak aitortua, Hendaian? Ez al zen iadanik, lurrez, Euskal Herrian?
 
        Gure iduriko, Iparragirrek "España" esan zuen. Hendaian zegoen, mugan, Bidasoak oinetakoak bustitzen zizkion, eta jakin behar zuen, karlistetan ibilia izaki, Bidasoaz haraindian errefuxiatzea zer zen... Bazekien, zer duda egin, Madrilen atzaparraren ihesginari Parisen meneko eremua Bidasoan zitzaiola hasten. Bazuen muga kontzientzia, bazuen estatuen berri. Horrengatik kantatu zuen:
 
                Gure anaiak dira españolak 
 
                gure anaiak frantsesak
 
                adiskideak italianoak
 
                aleman eta inglesak.
 
        Iparraldea España ez baldin bada, eta Hegoaldea Frantzia ez, nola uler liteke espainolak eta frantsesak anaiak izatea? Euskaldunok «gu» garelakotz Bidasoaren bi bazterretan, frantsesak eta espainolak orobat auzo ditugulakotz. Auzo, ez etxeko. Baina zuek eta gu. Hendaia eta Hondarribia, Biriatu eta Behobi, ez gara auzo, elkarren auzoan bizi garen herri bat baizik. Euskal Herria.
 
        Halatan, «Hara España ez da kontradizio bat Iparragirreren obran Guretzat da kontradizioa, "Zazpiak Bat sortuz geroztikakoontzat. Iparragirrek ez zuen 'Euskadi ezagutzen 'España»ri ordezkatzeko. Guk bai, eta horregaitik ahalegin hori España kentzera.. Baina nago ez ote genukeen hobe «Hendaia» kendu eta Baiona esan.. Hara Euskadi kontradiziorik gabe kantatzekotan.
 
        Hendaian barna promenatuko zen handik urtetara, 1926-29 artean hain zuzen, gure Unamuno ere, Primo de Riverak ezarri deserrian. Benetako deserria hura Unamunorentzat, hegoalderako zituelarik soa eta bihotza:
 
                    FUENTERRABIA III
 
                Un puente de campanadas
 
                tiendes sobre los alfaques
 
                del Bidasoa...
 
        Hegoalde honi Norte zion esaten Unamunok, eta zubi bat behar Bidasoaz gaindikoa, Santiago zubi berezia, Via Lactearen Santiago Bidea, Espainiaren bihotzerainokoa:
 
                Tu voz, campana de Fuenterrabía, 
 
                expira en la bahía, 
 
                mientras que el sol expira en la montaña 
 
                y mi paz en España. 
 
        Ez dira bat eta bera, ez, Iparragirreren "España" eta Unamunorena:
 
                Fuenterrabía es un cromo 
 
                sobre la tapa de España 
 
                que se cierra oliendo a rancio, 
 
                caja de pasas de Málaga.
 
        Baina ordurako Bidasoa ez zen ur hutsezko ibaia, bazterrik gabeko kanalea. Bidasoak bazuen Bidasoaldea, aberriaren Bidasoak urpetuak zituen ezker-eskuineko lurrak, euskaldunok eta eskualdunok haurride bataiaturik:
 
                Gure gogoak berextekotan 
 
                eman dute Bidasoa.
 
                Ai, zabaldurik ere nolazpeit 
 
                gur' artean itsasoa.
 
                Batzuer eta bertze haurrider 
 
                ebats zezaketen soa, 
 
                bainan bihotza ginuen orok 
 
                beiratuko bat osoa!
 
        Hala sentitzen zuen Oxobik 1911an. Ah, Marx eta Engelsen ibai txipia itsasoa zitzaigun bilakatu, bi bazterrek elkar ezin ikusteraino zabalduko zen Bidasoa, haruntzakook eta honuntzakook haurride ginela ohar ez gintezen, elkarri begitartea eta besartea ez baina, bizkarra geniezaion eskain. Eta argienak, haurridetan ausartenak, "bihotzez" izan zitezen bat! Iparragirre Ameriketatik bezala. Izarrei beha Hendaiako eta Hondarribiako itsas bazterrean Unamuno txipiak. Nolako ozeanoa bitarteko!
 
                Zazpi ahizparen gai dan oihala 
 
                ebakirikan erditik
 
                alde batera hiru soineko 
 
                utzirikan lau bestetik
 
                Guraizeakin bereizi arren 
 
                bakoitza bere aldetik
 
                ezagutzen da jantzi dirala 
 
                zazpiak oihal batekin.
 
        "Denok Bat" izeneko atalean kantatu behar honela Zarauzko Lete trontzalariak Orixeren «Euskaldunak» poeman. 1935an gaude.
 
                Oihaltzat hartu zagun Euskera 
 
                guraizetzat Bidasoa
 
                 ibai koxkor bat besterik ez da, 
 
                hutsa... balitz itsasoa.
 
                Elkarren hurbil daude zazpiak 
 
                muga deitzen da Pausoa...
 
                Zergatik izan ez behar dugu 
 
                famili bakar osoa?
 
        Oxobiren itsasoa gaitzerdi litzateke Orixerentzat: ebakiko genukeen bideren bat bazterrik bazter, Bidasoa itsasoa besterik ez balitz! Ondikotz, Bidasoa ez da Bidasoaz muga zatitzaile eta urrunerazlea. Euskara den oihalean irakurtzen ahal dugu Euskadi den oihalean Bidasoak guraize, artazi, aizturrena du zeregina. Bidasoa guraizez da urragarria, ebakitzailea. Eta urrungarria, bi hatzek darabiltelakotz. Esku desberdinetako bi hatzek. Parisetik eta Madriletik honarainoko hatz luzeek: Estadoak, Fronterak, Erdarak... Horrengatik da iragangaitza Bidasoa berez ibai koxkor bat izan arren... itsaso batek ahal zukeena baino urrunagotzen gaituelarik alde batekoak zein bestekoak. Elkarren hain hurbil egonik, bata Ipar-aldea dugu eta bestea Hego-aldea. Ez dago elkarrengana gaitzakeen Erdialderik. Bidasoa guraizeak etena du Bidasoa gaineko zubia...
 
        Baina irakurle berriak sortuko zitzaizkion poeta zaharrari, eta «Muga deitzen da Pausoa» irakurririk ulertuko zuten, Marx-Engelsen beste hura apur bat moldatuz, muga honek kolkoan daramala bere buruaren apurtzailea: pausoa. Esan nahi baita besoak gurutze ez egotea, mugitzea, arduratzea. Pausoa ez da pausua. Aitzitik, pauso ematea. Eta pauso emate horretan aurkitu dugu berriro oihal beraren Iparra eta Hegoa garela, denok garela Bidasoaldea:
 
                Arbola baten zainetatikan 
 
                sortzen diran landareak
 
                bezela gera, Bidasoaren 
 
                bi aldetako jendeak.
 
        Famatzen hasia da dagoenekotz, Bidasoa ez ezik Bidasoaldea ere, eta ez Wellington edo Soult-en batengatik, baizik eta guti edo gehiago denok egin garelakotz poeta eta kontrabandista, eta ubi berri bat dugulakotz aurkitu zubi etenaren azpitik. Eta ez gara ingelesentzat ari. Eta ez dira urrats oro izokinengatik.
 
        Bidasoaren hirugarren bazterra ari gara osatzen.
 
 
 
              
              |