Antzerkia
Euskal antzerkia 1984. urtean
Patri Urkizu
Antzerkia literatur mota bat da, baina baita ere espektakuloa. Azken honen mugida duela urte zenbaitetik hona benetan handia izan da, norbaitek esango luke perretxikoak bezala ari direla ugaritzen edonon antzestaldeak Euskal Herrian. Baina euskaraz zenbat taldek antzesten dute, eta zein nolako maila erdietsirik?
Literatura mota denez gero, badirudi senide jokaera dugula egun teatroa, sariak ugari izaki. Hortxe ditugu adibidez, urtero antolatzen diren norgehiagokako lehiaketak: Toribio Alzaga saria, Euskaltzaindiak antolatzen duena: Pedro Barrutia saria, Eusko Jaurlaritzak eratua: Santurtziko Kontzejuak Antzerki Laburretarako moldatzen duena, eta bakar-hizketa, elkar hizketa eta antzerki laburren txapelketa, Ondarruko antzerki zaleek paratua.
Dena den eta Torrealdaik "Jakin"en urteroko liburuen zerrenda aztertzen duenean, nobelak izugarrizko gorakadak egin duen bezala, antzerkiek eta saioek atzera jo dute, ehunetik hamarrera iristen ez direla literatur arlo osoan. Eta kontuan hartzen badugu erakunde ofizialek, Eusko Jaurlaritzak eta udaletxeek argitaratzen dituztela lan gehienak, bestela moldiztegiratuak benetan oso urriak baitira.
Eusko Jaurlaritzak bere Antzerti eskola eztabaidatsua mantentzen du eta euskal Antzerkiaren erakusketa bat ere antolaturik du.
Antzestaldeek beren jardunaldiak eratzen dituzte urtean zehar, baina era sakabanatu batetan. Txotxongilo topaketak abendu aldean izan ohi dira Tolosan, garai berdintsuan ere Azpeitiko Antzerki topaketak, aurten bigarren urtea bete dutenak, eta halaber, Hazparnen, Iparraldean, eratzen dira Galarrotsak.
Hemen, ohitura zaharrari jarraituz, Xuberoan urtero bezala, uztailaren azken igandean eta abuztuaren lehenean, pastoral bat aurkezten da. Aurtengoa, Marzelin Hegiaphalen "Aymonen bi semeak" errepresentatua izango delarik.
Ondoren antzestalde eta heren lanen zerrenda emango dugu:
IPARRALDEAN
Antzestaldea Antzerkigilea Antzerkia
Iturri Bidegain, E. Manex Azeri
Hiruak Bat Hirigoien, G. Zortzi ehun ahari
Kimalaxo Ameztoi, K. Harriola Marriola
Bordaxuri Labaien, A. Basajauna
Xirristi-Mirristi Landart, D. Nola jin hala joan
GIPUZKOAN
Antzestaldea Lana
Taupada Behin batean, jo, jo, jo
Orain Kuluskaka
Txotxongiloak
Ttanttaka
Sebastopoleko titiriteroak Nere bihotzeko azukre koxkorra
Lizardi Txapela bete euri
Bederen Gure Herria
Branka Beteluko balnearioko mirakulua
Antxieta Lapurreta urtsua
BIZKAIA
Antzestaldea Lana
Kukubiltxo
Maskarada Pistolaren begi zuri beltzak
Danbora Majikoa
ARABA
Antzestaldea Lana
Hordago Sautinobitx, Alajainkoa
Nabari denez euskarazko antzestalde gehienak gipuzkoarrak dira. Halere, esango genuke Iparraldean dagoen mugimendua oso kontutan hartzekoa dela, bai darabilten euskara maila onagatik eta bai antzes teknikarengatik. Halere, Euskal Herrian, Teatro Topaketa famatuetan, hots, Gasteizkoan eta Baionakoan, euskal diru publikoarekin egiten direnak, euskal antzestalderik ez agertzea tamalgarria da.
Ez ote dute euskal antzestaldeek bertara agertzeko duintasunik eta kategoriarik? Antzerti eskolak eta tailerrak lortuko ote dute noizbait erdal teatroarekin parekatzeak, eta gainditzea?
|