Euskal kulturaren panorama
Euskal? Kultura?
Joxerra Garzia
Ba dirudi ez dakigula, aldi honetako euskaldunok, ezertaz ere hitzegiten, jorratu beharreko gaiari aurretik "euskal" bat ezarri gabe.
Kulturari dagokionean, areagotu egiten da gaitz hori, esanaren poderioz geure buruari sinestarazi nahi bagenio bezala euskal kultura bat ba dela, ba dela euskal izateko modu berezi bat. Azken batean, izan ba garela.
Xabier Rubent de Ventos estetika irakasle katalandarrak aspaldi, eta gurean berrikiagotan Ben nardo Atxagak KITCH izendatuko lukete jokabide hori. KURSI dioke zenbaitek. HORTERA esan ohi zaio kale-hizketa gorrian.
Baina desagertzeko arriskuan dagoenak ba du, nik uste, bere buruaz kezkatzeko eskubiderik, eta artikuloska honen helburua horixe dugu, hain zuzen: euskal kulturaren egoeraren diagnostiko bat egitea, partziala eta subjetktiboa izango dela aldez aurretik aitortu ondoren.
EUSKADI OFIZIALA
Hegoaldeko hiru probintziatako kultur autonomia Autonomi estatutuak markatzen duen azken
mugara iritsi omen da. Amaitu omen da kultur transferentzien prozesua.
Gauzak horrela ba genuen jakin minik aski kultur autonomia beteko lehen aurrekontuak, aurtengoak, ezagutzeko, gerora egingo denaren adierazgarri izan zitezkeelakoan.
Eta transferentzien arazoa gaindituta, barnetik sortu da orain katramila. Ez da ahaztu behar, Lurralde Historikoen Lege (L.H.L.) bat ba dela hor, lehen Madrilekiko jokatzen zen konpetentzien gerra komunitate autonomikoaren barrura ekarri duena. Lege horren eragina bereziki grabea izan liteke, kulturaren alorrean.
Kultur sailburu berria dugu urte hasieratik. Harridura eta itxaropena haundiz hartu zen Luis Mari Bandresen izendapena, nik uste. Are motibo gehiago, aurtengo aurrekontuen zai-zai egoteko.
Aurrekontuok azaldu dira, ordea, eta lehen bezalatsu gelditu gara. Luis Mari Bandresek berak aitortu zuenez, bere aurreko sailburuak moldaturiko aurrekontuak ia ezertan aldatu gabe onartu behar izan omen ditu, denborarik ezean. Gobernu berriaren kultur politika, L.H.L.aren peko kultur politika nondik nora joango den jakin nahi duenak beraz, datorren urteko aurrekontuen zai egon beharko du. Ez denbora luzean, aurten bertan azaltzeko agindua bota bait zuen Luis Mari Bandresek
Aurrerapen gisa, euskarazko albiste ajentzia bat eratzeko asmoa agertu zuen Bandresek, behin eta berriz azpimarratuaz, aurtengo aurrekontuak ez direla bereak, eta datorren urterako gauza asko eta asko aldatu nahi lituzkeela.
Ba dirudi beraz L.H.L.aren interpretazio berezi eta baikor bat duela Luis Mari Bandresek, lege horri "oztopo hainbat abantail" ikusten bait dizkio, kultura nazionala eraikitzeko orduan.
Asmoak asmo eta interpretazioak interpretazio, ezin hasiko gara hemen etorkizun dagoena kritikatzen. Kulturaren probintzialtzeak sortarazten dizkigun kezka eta beldurrak funtsik gabeko errezelo huts gerta litezke agian. Hala bedi.
Dagoenari eutsiko diogu beraz. Eta aurtengo aurrekontuei begira jarrita, komentario pare bat egin nahi nituzke, beranduegi agertu direla gogoratu ondoren.
6.193 milioi pezta ditu aurten kultur sailak Atal guztiak aztertzen ez gara orain hasiko, baina benetan ikaragarria (ikaratzekoa) iruditu zaigu, milioi guzti horietarik laurdena euskara promozionatzeko erabiltzea. Eta ez euskarak laguntza beharrik ez duelako.
1.508 milioi, euskararen sailean. Eta gehiena, HABErako: 1.400 milioi, gutxi-asko.
Hori ikusita, Oteizarena etorri zait berehala burura; "El primer Consejero de Cultura que estrenamos no puede decir que en estos primeros diez años el Gobierno no podrá ocuparse de cultura porque estamos ocupados con el euskera". (OTEIZAk, eman nahi zitzaion sariari zaputz egin zionean bidali zuen gutunean.)
Euskara kinka larrian dugula esaten zaigu. Eta halaxe da. Baina edukazio txarrekoa dela jakinik ere, bi galderaz erantzungo genuke. Lehenik: HABEren bidetik al dator euskararen salbazioa? Eta bigarren: Hain egoera larria izanik euskararena, ez al luke berak bakarrik sail bat merezi, aparte eta apartekoa? Ez al litzaioke egoera ez ohizkoari ohizko ez diren neurriz erantzun eta aurre egin behar?
Beldur naiz, bestalde eta honetan Oteizarekin bat nator euskararen laguntzarako ematen den dirutza horrek ez ote dien kultur aurrekontuei halako haunditasun itxura bat ezartzen, ez ote dituen neurriz gora puzten, hemengo kultur ihardueraren eskasia zenbaki loditan estali eta itoz.
Izan ere, zein da diru horiekin bultzatzen den kultur-politika? Salbuespenak salbuespen, hitz bakar batez definituko nuke, instituzioetatik egiten ari den kultur politika: TEILATUGINTZA.
Teilatugintza. Hots: oinarrizko lanei jaramonik apenas egiteke, itxurazko montaia distiratsuak eraikitzea. Musika, antzerkia, arte plastikoak... datozkit derrepente burura. Baina zerrenda nahiara luza zitekeen.
Hori bai: Alemanian ere jakingo dute, Euskadik ba duela bere orkesta handia. Eta sinfonikoa, gainera. Hemengo musikari gazteek, bizi izateko euskarazko klaseak ematen segitu beharko dute. (Esan bezala, euskara hain bait dago kinka larrian!)
Gauzak horrela, eta Luis Mari Bandresek besterik uste (adierazi behintzat) arren, gero eta haundiago dakusagu, tamalez, euskal kultur ofizialaren eta "berezko" kultur ihardunaren arteko etena.
EUSKAL HERRI OSOAN ZER?
Komunitate autonomikoaz gainera, beste bi puska ditu Euskal Herriak, oso oker ez bagaude: Foru-komunitate bat, Nafarroa; eta Iparraldea.
Balantze gehienetan bazterrean uzten diren bi puska horietan ere izan da aldakuntzarik. Eta nork koordinatu behar ditu Euskal Herriaren puska bakoitzeko kultur politika? Ala ez al dira batere koordinatu behar?
Ez dirudi instituzioetatik horri erantzuteko modu edo borondate haundirik dagoenik. Horregatik, eta gorago aipatutako etenaren ondorioz, ofizial ez diren kultur erakundeak hasiak dira beren kabuz antolatzen, eta Euskal Kulturaren Batzarrea (EKB) erakundea osatu dute.
Etena gorpuztuz doa beraz, eta inork erremediorik jartzen ez badu, aurki gara berriz erdi aroan, komunitate eta probintziako ezezik, leinu, alderdi eta bandotan banaturik. Hori bai, orduan ere beti euskal kulturaz mintzo. Euskal? Kulturaz?
|