L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 2 zkia. (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatur lehiaketa—

 

Ehiza

 

Rafael Maria Herrero Bengoetxea

 

        Iritsi dira gure Lehiaketa honetarako lanak. Egia esan, ez gara bidali duzuenarekin paperez itoko; baina tira! Denok dakigunez, uda ez da lanean aritzeko sasoirik onena...

        Jaso ditugunen artean, eta IRAKURLEAK IDAZLE atal berrian irakurri dituzuenez aparte, hona hemen garaileak:

        — Ipuina: Rafael Maria HERRERO BENGOETXEA (20 urte). IRUN.

        — Komikia: Mirene HERRERO BENGOETXEA (17 urte). IRUN.

        Benetan familia emankorra! Gure zononak beraientzat, eta besteentzat, ba, esker mila, eta ez dezala inork animoa gal!

        Irabazleei sari bana emango zaie, metalikoan.

        Hona hemen lan sarituak.

 

Hau da zori txarra: orain ere hutsa. Baina ez al dute ikusten hortik joango zaiela? Arreta, badoala, badoala! Eskerrak hori zai zegoela, bestela... lepa, zakila. Hainbeste denbora itxoiten eta bete betean duzunean "zakurran" ipurtzulora bota. Ikusia dago gaur ez dugula deus egiterik. Ea, ea bota! Gol! Azkenean sartu dugu. Oraindik ekinaldi erdia besterik ez da; irabaz dezakegu. Baina zer da hori? Euria ari du. Hori erasoa.

        Telebista itzali eta tximista bezala gauzak prestatzen hasi. Eskopeta bere zorroan sartu, mendi botak jantz... Gol! Aita, aita, irabazten goaz! Oso ondo; joan, joan ikustera gola berriz botako dute eta. Sira eta ez zait ezertxo ere gehiago falta, orain txakurraren bila joan beharko dut.

        Zintxo-zintxoak izan eta aguro ohera. Muso bana. Dena bustiko zara, gainera hamaikak besterik ez dira. Tokia hartzera joan behar dut, bihar usapal mordoa izango da. Ondo lo egin. Zorte ona. Mua.

        Goazen, azkar, tokia hartu behar dugu eta. Guau. Mendi gora, zapar erdian, blai-blai egina, baina indar isil batek, nahi bizi batek bultzata arin-arin baso ondora.

        Hor, makal horien azpian leku ezin hobea izango dugu "Alai".

        — Gabon, zer, tokia hartzera?

        — Bai, ikusten diat berandu netorreala.

        — Hor goian libre egongo duk, oraintxe bertan pasa nauk eta ez huen inor ez. Gero arte.

        Eudia zart-zart. Goitik behera hezurretaraino bustia. Gutxienez ez du aterriko. Hor bat gelditu da, hosto soinua garbi aditu da. Gau osoa eudipean, iluntasunak inguratua, ixiltasun sakona lagun bezala izanez egunsentiaren zai.

        Mendi tontor beltzen atzean argitasuna bidea zabaltzen dihoa. Oskorri liluragarria, goizargiak bere eskuz ukitu orduko dena kolorezko jaian dantzaka hasten da. Beltza, urdin iluna, urdina, horia, arrosa, gorria.

        Pum, pum. Bi tiro. Pum, pum, pum. Tiroak nonnahi. Tiro gehiago. Zer arraio, hemen ez al da alerik ez. Hara, hara, geldirik "Alai" hantxe dator bat. Zer arraiopola, hona ezin etorri? Zer dela-ta beste aldera. Ederki hasi gaituk eguna.

        Bai polita dela hau dena, zoragarria, egundaino ez nuen horrelakorik ikusi: zuhaitz eta larreak, azken euri ttantta negartiak, katu zaharraren aho zabaltze luzea. Harrapatuko banindu! Pum. Giharreak puskatuz, txikituz, haragia zulatu. Nerbioak oinaze mezua eramaten lehertuz, odol gaztea barra-barra zulotik irteten, bizia iheska: ikusmena lanbrotzen ari zait lehenengo eta azkeneko aldiz ikusten dudan muxikaruntz erortzen noanean. Oinazez, minez erotzen. Pum. Heriotza.

        — Kaixo, egun on!

        — Busti bustia zaude, lehor zaitez azkar

        — Hara, bat bota dut.

        — Begira aitak ekarri duena

        — Gizajoa, zergatik hil duzu?

        Malko bat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.