L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 3 zkia. (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elkarrizketak—

 

On Manuel Lekuona,

ohitura zaharren bidetik gidari

 

        Bere Oiartzungo etxera inguratzen ari ginela, ustegabeko hotza udazkeneko (?) arratsalde hartan, ez genekien mito bizi honen jakinduria zabala zentratzeko zer egin. Atea ireki zigunetik, bere begi-ahoko irripar beteaz, berak atera gintuen gure duda-mudetatik. "Eta zein da zuen grazia?" galderarekin gutaz behar zuen informazioa jaso ondoren, Irun hiriaren izenaz bere teoria agertu zigun; "Irun eta ihiun gauza bera dira. Beraz, neska bati Junkal izena jarri nahi diozuenean, ez duzue zertan Itarte edo antzekorik bilatzen ibili beharrik, Irun bera baita Junkal". Segidan, "gure San Martziel, txanponeko dominua" kantaren "titibiliti" onomatopeiatik "txibilito" etor daitekeela azaldu zigun, ahozko literaturan fenomeno hauek daukaten garrantzia gogorarazteko, "poesia abstraktoa" delakoaren teknika erabiltzen baita, "bi trazo bitartez, pintura bat egitea", alegia.

        "Beraz, bi puntu hauexek neuzkan zuei esateko, interesatzen baldin bazaizkizue" esan zigunerako konturaturik ginen, jadanik, bidea berak markatua zigula, eta, mantso mantso, berak jarritako ildotik jarraitzera prestatu ginen.

 

        — Irungo eta Oiartzungo euskara pareakoa al da?

        — Distinzio bat egin beharra daukazue, nahitaez, euskarak bi gauza ditu kasu honetarako; alde batetik lexikoa eta gramatika, eta bestetik prosodia esaten zaiona, entonazioa, eta Irungo entonazioa eta Oiartzungoa ez dira berdinak. Zuek nahiko nafar zarete entonazioan, doinuan, guretzat Irungoa eta Hondarribiakoa elkarren antzekoak dira. Bestela, Oiartzungo eta Irungo euskara, lexikoz, aditz eta sufijazio kontuan berdinak dira, baina entonazioa ez.

        — Garai batean, nahiko hedatua zegoen goitizenak jartzea, ezagutzen al dituzu Irungo eta Oiartzungo jendeari zegozkionak?

        — Irungoentzat "Irun, kopetilun" eta Oiartzungoentzat "Oiartzun, dakarren monedan erantzun".

        — Ohitura eta kontu zaharretan sar gaitezen...

        — Lotura egiten dutenak Gabon eta Ihauteriak dira, eta gero herriko festak. Herriko festak... gaur egun herriko festetan atentzio gutxi egiten zaie agintariei, nola esango nuke... herriak agintariei omen bat egitea, hori galdua da, antipatia sortu da agintarienganako. Baina hemen beti ikusi duguna da agintarientzat dantza bereziak izan direla, eta hain zuzen San Pedro eta San Martzial egunetan egiten ziren Oiartzunen dantza horiek. Bi kabilduak dantzatzen ziren batera. Ohitura hori ahaztua dago, galdua... eta jendea ikustera joaten zen eta txaloak jotzen zituzten.

        Gabon jaietan zuek dakizute sobra, beti egiten da Olentzero, eta gero Urte Zahar eta Urte Berri. Baina nik Irunekin kutsu piska bat daukan zerbait kontatuko dizuet; izan zen La Salleko fraile bat hil berri dena Irunen, Balendin Berriotxoa anaia, oso gizon fina. Horrentzat daukat nik esker on bat, guk hemen Oiartzunen, txikitan, aditu izan genuen gabon kanta bat bere eskutik berreskuratu bait nuen, horren bertsio bat bildu zuen Balendin anaiak fraileen komentuan, eta hain zuzen ere bertan zegoen Oiartzungo emakume sukaldari bati, honek kantatu eta fraileak hartu egiten zizkion, apuntatu eta halako batean eman egin zidan, eta kopla batek halako bihotz ikutu bat jo zidan, bertan argi agertzen baita euskarazko bokatiboa "Atoz, gaixo hori". "Hori" hau baita euskarazko benetako bokatiboa, eta jendea konturatzen ez zena:

                "Joxepek esan dio Ama Birjinari;

                ostaturikan eman ez digute nahi guri

                estalpe bat badakit eta segi neri

                hantxe deskantsatuko zera, bai, zu gaixo hori."

        Nik hau entzun nuenean, bihotzean halako zarrarakoa eman zidan. Eta horregatik, Irun eta kanta hori guztiz lotuta dauzkat barrenean, bitartekoa Berriotxoa delarik. Kanta hori Oiartzungo batek egin zuen, erdi frantsesa bera, guk Piarres deitzen genion, berez Joxerramon izenekoa.

        — Urte Zaharreko koplak berberak kantatzen al dira Oiartzun eta Irunen?

        — Ohitura hori Euskal Herri guztikoa da, Santa Agedan ere gauza bera kantatzen da, eta hau, Santa Ageda alegia, ez da hemengoa, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugakoa baizik. Beraz, Kultura ez da herri bakoitzekoa, bakoitztarra. Kanta berdinak kantatzen dira toki askotan, hemen afan triste bat bai baita, esate baterako esaten digute fuerua ez dela bat bakarra, foru asko dagoela... eta muturrera esaten digute, gu ekibokatuak gauden seinale bezala, baina esango nioke nik hori esan zuenari: aizu! foruak asko izango dira, baina foruen edukia, hasi Bizkaitik Zuberoraino eta komunak diren elementuak asko eta asko dira, esate baterako jatorrizko noblezia, oso elementala den elementua gainera. Foruak asko izango dira erredakzioan, baina funtsezkoa berdina da toki guztietan. Beste adibide bat, soldaduskarena, lehen ez zen hemen soldaduska egiten... Irungo alardea horren lekuko daukazue. Fuerua, fundamentalki, bakarra da.

        — Eta zer esan dezakezu Opilari buruz?

        — Irunen afan handia dago opilarekin. Konfiteru batzu, aberastu ez dut esango, baina... urtean behin eta egun horretan irabazi ikaragarriak egiten dituztela bai Irunen. Oiartzunen baino afan handiagoa dago horretarako. Opilarena beste leku askotan egiten da, Paskotan, baina hemen San Markotan. Jai familiarra da, batez ere aitautsi-amautsi eta besoetakoen artekoa. Opila, jatorriz ogisko batzu ziren, osagarria zera izaten zuen, arrautz bat egosia, bat gutxienez, arrautza masa barrenean jartzen zen, eta ogia egiten zen bezelaxe arrautza egosi bere kozkoa eta guzti. Eta gero, lujo bezala, jende aberatsa hasi zen tartazkoak egiten.

        — Eta San Nikolas?

        — Funtsean zera da, eskean ibiltzea. Haurrak, baina garai batean jende heldua ere, ola-gizonak eta... Askotan izaten ziren barrio batekoak eta bestekoak, eta elkarrekin gaizki eramaten baldin bazuten, gatazkak sortzen ziren bata besteen barriora joaten zenean. Heriotzarik ez, baina ezpatak atera eta guzti. Beraa, eskean... Gero umeetara pasata, gauza askorekin gertatu den bezala. Kanta bat oso estrainua San Nikolasek duena:

                "San Nikolas txikia,

                gure ganbaran hazia,

                gure ganbaran zer dago,

                Andre Juana Maria,

                Ave, ave Maria.

 

                Dios te salve

                bakailo jale,

                bost eta sei hamaika

                txorizorik ez badago

                igual dela lukainka.

                Bota...!"

        Garai hartan, gaztainak, mizpirak eta botatzen ziren, frutu sekoak. Eta eskupekoa emateko ere bazen ohitura. Konparsa sortzen da kalean, eta gero baserrietara joaten dira. Han estimazio ikaragarriaz hartuak izaten dira. Gero etxeko alabari kantatu, etxeko semeari ere kantatu, eta horrela "soirée" bat egiten zuten, eta ardoa eta ogia ematen zitzaien, eta dirua ere bai;

                "Eskupekoa hartua duguta, orain joan gaitian

                adiosikan ez dugu ta, agur hurrengo artian."

        — Gero beste kanta bat ere badago, urtearen sasoin zehatz batean kantatzen dena, "San Simon eta San Juda":

        — Bai "San Simon eta San Juda, uda joan eta negua heldu da", bai, halaxe dio esaerak edo errefranak. Harritzekoa da, baina nonbait estudianteen artean, Salamancara joaten ziren estudianteen artean, gauza korrientea izaten zen halako errefranak esatea, eta gertatu zen, gertatu, Salamancako aintzineko estudiante batek Refranero bat, erdarazkoa, publikatu zuen, Tinziano izeneko estudianteak, eta Refranero hartan, portugesezko refrana zelakoan, euskarazko errefrana sartzen du kastilanoen artean:

                "San Simon ta Juda,

                negel duda."

        "Negel duda" hori "nadie duda" edo honelako zerbait zelakoan. Hau beraz, euskal refrau bat XVI. mendean publikatua, euskaraz ezer publikatu gabe zegoenean...

        — Egun berezietatik eta dagozkien kanta eta esaeretatik, mitologiara pasatu nahi genuke. Ildo honetatik abiatzeko, Intxixuak zer diren esango al zeniguke?

        — Oiartzunen Intxixugatik esaten dena da sorginen gizona. Horrek esan nahi du, alegia, ba sorgin-kasta, gizasemea denean, Intxixu esaten zaiola... baina biak ere parte txarrekoak. Intxixuek, ezer egiten ez bazuten ere, fama txarra hartzen zuten, sorgin fama, bere bizi guztian kendu ezinean ibiliko zirena. Desgrazia bat gertatu eta "hantxe bertan ikusi nuen, hark egina ez bada..." eta holaxe. Oiartzunen badago Intxixuen sepultura, kromlech-ari esaten zaio, mairu baratza ere esaten zaio, baina Intxixu izena, berriz, "hechizo"-tik dator.

        Aiako Harrian pertsonaje bat bizi da, Mari izenekoa, eta hori udara pasatzera Aiako Harritik Jaizkibelgo atzera joaten da, eta gauez pasatzen omen da, jendeak ikusten duelarik. Seinalea da pasatzen dela garra dariola, "estrellas fugaces" esaten diren horietakoak.

        Horretaz aparte, hemen sinismena dago jentilak bizi direla Aiako Harrian, Arditurriko meazulotan. Bat bada Katazulo esaten zaiona, eta horretan esan ohi da katuak baizik ez direla sartzen, harkaitz harkaitzean baitago, eta hortik Katazulo.

        — Maiei buruzko notiziarik ba al daukazu?

        — Maiak... neronek ezagutu ez, baina notiziak bai. Maiak eskean ibiltzen ziren, txokolatada bat nesken artean egiteko. Kuadrila juntatu, txuriz jazten ziren eta bat erregina bezala hartzen zuten, koroia jarri ohorezkoa, silatxoan hartu eta eskean ibiltzen ziren kalean, eta biltzen ziren guztiei koplak kantatu, eta gero, jakina, txokolatada egiten zuten jasotako diruarekin pagatuta. Baina, gero, beste intentzio batzutarako ere erabili izan zen jai hau; horrekin elizako gastuak egitea, batez ere laparako olioa, kandelak eta abar. Pazko ezkero egiten zen hau, honelako alegrantziak Pazkotan izaten ziren, eta kanta hau ere bazen:

                "Xulufrina eta arrosa,

                ohiari eder garbosa,

                Naparroako Errege Jaunak

                egin omen du promesa."

        Kanta honetan azaltzen den "xulufrina" hori, klabelina omen da.

        — Eta toberak?

        — Beste kanta bat bazen, toberarekin kantatzen zena:

                "San Martin de la moja,

                moja de San Martin,

                toberak jo ditzagun

                ordu onarekin,

                ordu onarekin eta

                Birjina Amarekin."

        Berez, toberak eztaietako kantak dira; eztaietako arratsean nobioei kantatzen zitzaien, eta kantarekin batera repike bat, barra-palanka, txalapartaren antzekoa, baina burdinezkoa.

        Denbora ere aurrera zihoan, eta gizon honen iturria agortzen ez. "Erretrato batzu egin behar dizkizugu" eta "bai, bai, honelaxe beharbada, aldatu gabe...". Noski, batinarekin ere bere keinu irripartsu eta mugimendu lasaiak berdin berdin (edo hobeto?) azaltzen bait ziren. Gure inguruan, gela txiki epel hartan, liburuak; liburuak edonondik eta nolanahikoak, apal guztiak gainezka, eta zolua ere beterik... "bai, liburu asko, baina astirik ez". Holaxe utzi genuen, han, bere lantoki hartan, bailara honetako askok beren maisu nagusitzat jotzen duten pertsonaia bizizale hau, zintak eta burua datu eta azalpen ezezagunez beteak genekartzalarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.