L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 3 zkia. (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Bi ordu luzetako istorio iragarria

 

Josu Landa

 

Ezin zuen ideia hura burutik kendu. Ibaiaren albotik pasiatzeak normalean lasaitu ohi bazuen ere, orduko hark ez zion batere baretasunik ekarri. Kaioek elkarri begiratuak gurutzatzen zizkioten bata bestearen aldamenetik arrapaladan igarotakoan. Usoen maiteminezko urruek ere halako bete-itxura bat ematen zioten huts-hutsik zegoen karrikari. Bere burua engainatzen ari zela pentsatzen zuen Martak eta «zazpi t'erdiak» erantzun zion ordua galdegin zion agure bati. Engainatzea ez, esan dezagun ispilua gero eta gehiago ari zitzaiola lurruntzen.

        Hamar bat minutu pasa zituen barandilan apoiaturik ur menditxoei begira eta derrepentean esku artean zeukan nobelaren zati bat leitzeko premia sentitu zuen. Urrutitik norbaitek gezi bat disparatu balio bezala eta piskanaka bereganantz hurbilduz zihoakiola sentituko balu bezalako antzeko inpresio batek gainerako zituen bere kopetako zimur apenas ikusgarriak. Gezia azkarregi zetorren baina ezin zuen haren nondik norakoa antzeman. Ihesegiteko beharra. Ihesegin edo zatitxo bat irakurri. Bezperan irakurritako zatitxo bat gogora ekartzen saiatu zen eta kasik hitz pare bat murmuriatzera besterik ez zen ailegatu. «Tanta bat aski da..., tanta bat aski da...» eta deskuidoan poltsiko barruko eskua gogor estutu zuen zigarro paketea bitan tolestatuz.

        Salto bat eman zuen esaldi guztia gogoratzerakoan. «Tanta bat aski da bertan behera itota geratzeko... zeren, zeren...» ttua irentsi zuen kolpe siku batez, «euri eta elur guztiek nekez lortu dezake gaueko mozkorraldi batek hain erraz lortzen duena». Gezia lepo ondo ondotik pasa izan balitzaio bezala sentitu zuen oraingoan, eta ondoren lasaitasun urduri batek larrutu zion bihotza. Kafe gehiegi edandako gauak ekarri zizkion oroimenera egoera hark, askotan zepelinduz bakarrik irtenbideratu zitekeen gakoa. Deskantsatu ezinezko nekea, gorputza hauts eginda eta burua ezin geldiaraziz.

        Ia bitan puskaturik zegoen zigarro bat atera zuen poltsikotik eta biztu gabe uretara bota zuen errekan pausatu arte begiradarekin segitu zuelarik. Bapatean buelta eman zuen eta berari fijo begira ari zitzaion atso bat topatu zuen aurrez aurre.

        Lotsa ematen al dio bere zakurra halan ikustea?, burrunbatu zuen Martak, arbola baten atzean kaka egiten ari zen zakurñoa erreparatuz. «Edota ingurukoek ikus dezaten» bota zuen ia ahoskatu gabe eta pentsamenduen tonua ere jaitsiz. Edadearekin azala kolorez bajatzen omen doa, izan zen bere hurrengo pentsamendua, horrexegatik agian atsoen aurpegiak ez dute kolore mutaziorik sumatzen. Burua atzera eta aurrera higitzera mugatzen zen, koilarearen sokatik ia nabarmendu gabe tira egiten zuen bitartean.

        Ez zuen atea gehiegi jiraerazi tabernan sartzeko. Musikaren ozentasunak, bestalde, ia atzera bueltatzera behartu zuen. Ke grisa izkinatan pilatzen zen eta haragoko bazter batetan itsu bat boletoak saldu nahiean zebilen. Bizpahiru pausu ematea aski zekiokeen Martari barraraino heltzearren baina mahai pare bat eskibatzeak luzatu arazi zion errekorridoa.

        Martari ez zion grazia haundiegirik egin kamareroak kanela botatzeko zeukan jarkera. Narratsegia, egur barnizatuzko paretak dituen kafetegi dotore hartarako. Halere, dagoeneko kopa eskuartean eduki zuenean problema guztiak bukatu zitzaizkion. Kanelaren usain jolastiak bakea erakarri zion kareak paretak zuritzen dituen erraztasun berdinaz. Harez gero, mozkorraren lanbrotan sartzeko desioz zegoela pentsatu zuen; desioz baino, kondiziotan. Paperezko serbileta bat hartu zuen eta soinu arrastari bat egiten zuen lapitza batez zirriborroak egiten hasi zen. «Marta Bitoria, unibertsitateko irakaslea» pentsatu zuen, arnasa zela kausa edalontziaren beira lurruntzen zuen bitartean. Esaldi labur batzu eskribitu zituen serbiletatxoan: «Hona hemen, eta ez beste inon, Marta Bitoriaren benetako historia».

        Etxerako bueltaz ohartu ere ez zen egin. Senarra esnatu zen, hori bai, eta tiroka esnatutakoaren aurpegiz begiratzen zuen emazte helduberria. Arropak kentzen laguntzen zion une berean belarrira emeki emeki esaten zion:

        — Baina Marta, zuk ez duzu sekula negarrik egiten. Beno, esto... hobe esanda ez zaitut sekula ikusi...

        Zotin ebaki batek ezpainetan arrabi keinu bat zintzilikatu zion baina indar gabeziak bizkarrak erortzen uztea besterik ez zion ametitzen. «Nonbaitetik irten behar edandako guztia» pentsatu zuen eta guztiz harritua gelditu zen zeukan argitasun mentalagatik

        — Kendu tapakiak gainetik; beroak nago.

        Joxe Luisek agerian utzi zuen Martaren gorputz biluzia. Belauniko jarri zen ohe ondoko alfonbratxoan eta emaztea nahiko gertu zeukala profitatuz burua haren sabel gainean apoiatu zuen. Mesanotxean zegoen poxpolo-kaxa hartu eta banan banan poxpoloak bizten eta itzaltzen hasi zen, Martaren ahotsak moztu zion arte:

        — Joxe Luis...

        — Zer?

        — Sekula ez zaitut fregatzen ikusi.

        — Nola?

        — Ongi entzun duzu, sekula ez zaitudala fregatzen ikusi.

        — Eta?

        — Gustatuko litzaidake...

        — Isilune luzeska bat hedatu zen bazterrotan eta tarte guzti horretan Martak begiak zabalik zeuzkan, tetxoari begira tinko. Joxe Luisek bestearen aurpegira gerturatu zuen berea eta alkool hatsa nabarmenago egin zitzaion mementu hartantxe. Martak bereganantz jiratu zuen burua:

        — Faborez, Joxe Luis... —esan zion Martak senarrak inoiz entzun zuen tonu maitekorrenetako batez.

        Joxe Luis jaiki eta albornoza jantzita logelatik irten zen, sukaldera bitartean batere argirik biztu gabe. Sukaldeko argia biztu zuenean konturatzen hasi zen bere egoeraren etereotasunaz. Erdibidearen tragediaz, filosofo greziarrak liokeen gisaz. Bere aurreko fregaderan astebeteko ontziteria zeukan fregatzeke eta aldi berean ere egia borobila zen Martarekin bizi zenetik ez zuela sekula santan fregatu. Baina, aitzitik, emaztea ez zegoen han, bere aldamenean, ohean baizik, eta horrek despistatzen zuen apurtxo bat Joxe Luis. Zer zen Martak nahi zuena? Fregatzen ikusi ala uraren txorrota entzutea besterik ez. Korapilo hari bueltaka ekin zion ontziteria garbitzeari.

        Sukaldetik bueltan, Marta lotan seko kausitu zuen Joxe Luisek. Eskuak lotu balizkiote legez sentitu zen. Bularren inguruak musukatzen hasi zitzaion eta larruazala hotza zegoela antzeman zuen. Izaraz estali zuen haren gorputza eta besarkada estu batetan intzirika hasi zen gizona, negar egin ezinean.

        — Zergatik, zergatik? —zioen baju-baju, begiak abiada bizian itxi eta zabaltzen zituela.

        Hura zen Joxe Luisek bere emaztea mozkortuta ikusten zuen lehen aldia, eta haren atzetik beste zer edo zer egongo zela susmo penatsutan igaro zituen loak hartu baino lehenagoko bi ordu luzeak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.