Literatur lehiaketa
Baten dantza
Rafael Mª Herrero
Lehen urtea osatzen duen PLAZARA-4 honen LITERATUR LEHIAKETAN, Rafael M. HERRERO BENGOETXEA dugu irabazlea, 2. zenbakian irabazi zuen berberak. 21 urte ditu, eta bidali digun lana hauxe duzue.
Argiak, koloreak, zirt-zart, handik eta hemendik, erritmoa, musika. Han, batzuk zutik, besteak iserita, baina denak doinuaren arauera mugitzen, pentsatzen, ikusten. Dantza ezazu gurekin. Bakoitza berean murgildua bestea erakartzeko. Dena besteari zirikatzea, nola lortuko haren baimena. Mila kolorezko inguruan sartuak, musikari adi.
Bi, gero bat eta ondoren? Bi bateratzeko, elkartzeko, elkarrekin bizitzeko lehen urratsak, zubi errituala. 1 + 1 = 1?
Mundu osoan behin eta berriz errepikatutako gertaera hunkigarria, etorkizuna garbitzen eta osatzen.
Bakoitza bere buruan murgildua. Egunero, betiko gauzak bizitzen jarraitu ahal izateko. Gau eta egun nor bere buruaren zaintzaile. Goizero, datorrenaren zalantza, hari bakarrik aurrea eman beharra. Jeiki eta urdaila eskeka, betetzeko izerdi patsa. Horrela egun osoa, gero gauez loa. Gosea, borroka, jana; atsedena, beharra... baina beti bat, bakarrik. Lagunik topatuz gero elkarren beldurrean indarrak neurtu, bat irabazle, besteak alde. Bat.
Batak, ordea, nora garamatza? Biziaren ederra, haize freskoaren gozamena, bai atsegina. Begiratu eta argia, dena bizierazten bakoitzaren onerako. Aupa, jaia da eta! Bukaera, iluntasuna, nora eza. Bataren dizdira bertan gainbehera.
Honela geldituko ote da?
Egun batez Eguzki izpiek araudi zahar ezkutua hautsen artetik atera, lotan zegoen indar ixila dena hankaz gora jartzen duen enbata bihurtuz. Odola irakiten eguneroko egoera arrunta puskatu. Batak bestea nahi. Txorakeria, nabari ezinezko aldaketa, mugimendu sumakaitza biziaren iraultzailea bihurtu zaigu. Leherketa zoragarria aurrez profetak iragarri zuen bezala, "Egun batez altxa eta ezezagunarengana joko duzu, axolagabekeria indar sutsu eta sortzaile bilakatuko delarik" ADN, jaioteguna.
Atomo batzuk besterik ez; biziaren katea eraldatuz, azido ikus ezina, sortu da urteroko miraria. Bakardadearen hormak gaindituz, jantzirik dotorenean, egunsentiaren magalean basoilarrek dantzari hasiera eman diote, denak, hanka atzera eta aurrera, lumak harrotuz hurbildu, banaketak hautsi, eta biziari baietza eman. Basoilarren jaia, biziaren bilera kantuz eta musikaz betea.
|