L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 4 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Leloak hain lelo

 

Jon Casenave

 

Betidanik zeruari begira egon dira gizakumeak, abisu on edo txar zerbaiten zai. Goiko seinaleen artean, fama txarrenetan txarrena daukana izar eder eta delikatu bat da, denbora zaharrenetarik hona poeta guziek aho batez andrearekin batera parezkatu dutena, hain bait da xarmanta, horren begien bistakoa duelakoan edertasuna.

        Ohi den bezala, izar horrek etsaiak ba ditu, baita ere adoratzaile bihotz bustiak. Egia erran etsaiak ba ditu ugari, murritza aldiz adoratzaileen kopurua. Alta bada ez da izar lodi eta harro horietarik batere; erran daiteke, agerian daudenetan niminoetarik dela. Eta jende maitagarrien gisan, ba daki bere presentzia nola balia, ez bait da izardegiko astro arrunten gisan, ilundu orduko agertzen; denbora aldi luzeak iragaiten ditu gordagian (80 urte jakintsuek diotenez), noiz behinka baizik ez agertuz, etsaientzat gorroto iturri, adoratzaileentzat amorio bide. Aitortu behar da azkenik, izar buztan luze ala kometa deitu horietako bat dela. Halley astronomo famatuak, Newton maisuaren ikasle hoberenak begiz ikusi gabe susmatu zuena, geroztik izen horren bidez ezagun gelditu dena.

        Zorigaitzaren seinale beltzatzat hartu dute gizonek izar buztan luze hori, eta hogoigarren mendearen hastapen hortako zurrumurruek adiarazten emaiten dutenez ez zen hobetzekotan Halley kometaren fama.

        1906-ko urte hortan pasatzekoa zen lurra gure izar hilaren inguruan, bere buztan luzeaz planeta osoa laztandu behar zuela.

        Izarraren etsaiak hasi ziren goizik asaldatzen, hain zuzen iguzkiaren albotik iraganez, gure ganat heldu zela astronomo hoberenek frogatu orduko. Zeru ikerle batzuek mundu guzia ikara handietan sarrarazi zuten buztan hortan gaz edo pozoi tzar tzarrenetarik zeudela erranez; oihan edo mendi zoko galduenetan ere denek ba zakiten ogi koloreko buztan iletsu horrek fereka luze bat eman behar zigula pasatzean. Denbora haietan Biena, Austriako hiri nagusian psikanalista batek goraki zion plazerra eta heriotza ohe berean elgarrekin etzanak zeudela, bainan munduan inork ez zuen teori berri horren balioa egiaztatu nahi.

        Italiako hegoaldean, hango mendi harritsu idorretan, herri ttipi bat ba zegoen, gailurretan galdua, berrehun arima baizik ez zituena, aspaldian husten hasia zena, Ameriketarako untziak betetzen laguntzen bait zituen, gazteetan gorputz sano eta izpiritu ausartenak bidaliz.

        Zibilizaziotik oso aparte geratzen zen herri hori, esku bateko bi eri askitto zirelakoan munduarekilako zituen lokarriak zenbakitzeko: bata zen Napoli, urrutiko portuari buruz zoan bide txarra eta bigarrena, Italo herriko apaiza. Jaun erretorrak ez ezik inork ez zekien munduaren berri; armada edo soldaduzkara joateko manuak sekula santan ez ziren gailur horietaraino ailegatu. Denbora hartan usaia zen bezala, Italok zeukan herri osoaren izenean jakindura guzia; harek salbu, inork ez zekien eskuinetik ezkerrerat irakurtzen edo idazten zenik. Errege gaistoen gisan, absolutoa zen Italoren poderea eta Halley kometaren pasatze hori baliatu nahi zuen bere influentzia oraino gehitzeko. Herritar gehienak laborariak ziren, oso langileak goizetik arrats lurrari lotuak, nahiz eguerdi guziez ordu bietatik bostak artio atsedena hartzen zuten, etzanaldi poxi baten egiteko. Ba zen baita ere ostaler bat, bere tabernara Italo maiz biltzen zuena eta bestalde, hamar bat ez deus, mozkorti eta alfer besteen bizkar bizi zirenak.

        Egunkarietan berri txarrak hartzen ziren, Halley izarraren buztan luzea hedatzen zen araberan. Italok oihartzun handia emaiten zion berri horri igandetako predikuetan, erranez Jainko Aitaren haserre izugarriaren seinale bat agertzekotan zela zeruan, eta urrikirik gabeko mundu horrek akabantza ezagutuko zuela hile gutti barru. Mezatik landa, ostatuan edo karrikan apaiza kurutzatzerakoan non ez zen ausartzen xehetasun zenbaiten eskatzera, nahiz etxeetan ala alor buruetan beste gairik ez izan solas aldietan. Nahiago zuten elkorrarena egin hein batean, berri txarren erreka beren itsutasunean gal zedin.

        Egia erran, agerian zuten munduaren egoera txarra, egunez egun, gero eta ilunagoa bait zuen aurpegia Italo jaun erretorrak.

        Herri pagano horren axalezko fedea mamitu eta gogortu zuen xede mina apaizak, bainan bere ele onak zeruko txorien pare ba zihoazen oso urruti, pausa lekurik aurkitu gabe.

        Kometa horren bidez, aitzaki pare gabea zuen bere ardien biltzeko, betidanik errana baldin bada ere. Beldurra kontseilu emaile txarra dela.

        Herriko jendeak, sinetsgaitza izanikan ere, izaki bezala ba zuen bere biziarekilako atxikimendu handia, eta gogo onez bazetorren egunero apaizaren inguruan otoitz egitera.

        Zeren eta denbora berean, izar buztan luzea agertu bait zen, beste izarren artean ikusgarri, begi lausoenentzat ere gauero ikusgai.

        Gero eta kartsukiagoa zen eguneroko otoitza elizan; ordu berean, ostaler gaixua desesperatzen ari zen, herioaren hurbiltzeak edale guziak tabernatik haizatzen zituelakoan.

        Hala segituko zuen luzaz aferak, gertakari bitxi bat iragan ez balitz. Jaun erretorrak,

denek bazakiten bezala, arno tintta behar zuen bere otoitzaren sokorri, eta munduaren suntsipena hurrandurik ere, egunero hartzen zuen ostaturako bideska.

        Batzuek zioten tabernariaren laguntzarekin zela gertatu, besteek zortearen ukaldia zela... hots arrats batez, herriko zokoetan arimak harrotzen zituela, zulo handi eta bama batetarat erori zen Italo.

        Jainkoari esker... ez zuen minartu eta mozkorraldia aski fite eztitu zitzaion, gauak freskoak bait ziren ordu hartan.

        Ez ziren berehala ohartu herritarrak beren apaizaren presondegiaz, bainan konturatu eta, hau zela eta hori zela, inork ez zuen zilotik atera nahi izan. Jatekoa eta edatekoa emaiten zioten egunero, zonbait otoitz egiten zuten harekin batean: bainan manatzen zuelarik zulotik atera zezaten, denak joaten zitzaizkioten erranez, zurbi eta soka bil zihoazela, egun hartan leku hartarik gehiago agertu gabe.

        Zeren eta herritarrak konturatu bait ziren, apaiza lur gainetik desagertuz geroztik, urruntzen hasia zela izarra, gero eta laburragoa zuela buztana, gero eta ttipiagoa buru borobila.

        Beren izpiritu ahulean, bi gertakariak lotu zituzten elgarri, Italo jaun erretorraren kaltetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.