L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0600>— Plazara. 6 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

                                "Orduan ere banekien ni ez nintzela zoriontsu izateko jaio...

                                Horregatik dira hain inportanteak zorion apur bat

                                ekartzen didaten pertsonak. Garrantzitsuak bezain eskasak."

                                                                               Pasarte iduriz anonimoa (a.u)

 

                   I

tutuguriren gau luzean

doluzko oihal zabala daramat

bizkarrean:

norbaitekin hitzegin behar dut.

 

neoromantiko garaian eraiki

marmolezko arkupeetan

goxokiz estali margo klasikoak

merke saltzen zituzten.

 

Asiatik etorri emagalduen

konpainian

bizpahiru egunez

munduaren barbaritatea

jasan nezakeen.

tutuguriren gau pasa zurekin.

 

alanbrez hertsi burdin beltzezko

portaleak

ez zitzaizkidan ireki:

esku larrutuetarik odola!

 

tutuguriren gau pasa luzea zurekin,

amodio eskasak utzi ur hatsak

hurrupatu genituen.

beldurraren horma itsuan

burua hautsi zait, klask!!!

non hago corto maltese?

 

 

                   II

Mariblankeko kaperan.

gaixtagile elkarte batean parte hartzez

akusatua.

zuzenkontra.

haizearen labanek azalak zilatzen.

uholde nagusiaren ondorioak

soy un pájaro que canta.

 

 

                   III

garai hartan

orlegiegiak ziren oihanak.

harrien

bustitasuna

bizkar hezurrean

sartzen zitzaidan.

erle belarrez gose nintzen.

esku ahurrean

purruskatu

lur mokorrez ase nahi nuen.

 

harrobian

beleek ahanztearen eresiak deiadarkatzen

zituzten garai hartan.

 

 

                   IV

atomo hatsa naiz

                      besterik ez

hautsetik hauts

quark errauts

                    besterik ez

ainara bihurtu nahi nuke.

 

 

                   V

gauaren hari ahulak

          hiriko argi zurpailak

          eurian itoko ditu...

          ostaturik ez dago

          kafe baten edateko,

 

          haserre

          nabil

          bakarrik

 

gauaren hari ahulek

          maitearen arpegia

          neonez josiko dute...

          oroimena galtzen ari naiz

          karriken hats erreetan,

 

          sagaio

          arin

          batekin.

 

 

                   VI

kahaken zorion eresiak gauean

zorion eresiak gauean kahaken

gauean kahaken zorion eresiak

eresiak gauean kahaken zorion

 

kahaka bakartien zorion kantak

entzuten ote nituen bazterrean

 

eresiak gauean kahaken zorion

gauean kahaken zorion eresiak

zorion eresiak gauean kahaken

kahaken zorion eresiak gauean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.