L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 6 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Semiramis

 

Felipe Juaristi

 

"Jende gehiengoaren ustea da emakumeek ez dutela arimarik edo dutenean artisau trebe batek lantzen duen beirazko kopa bezalakoa dela, karraska fin batek edo tenperaturaren aldaketarik txikienak mila zatitan apurtzen duela.

        Hemen ikusi ditut negarrez haur hegogabeak moduan gizonik ahaltsuenak, gerlaririk trebeenak, otoika, zuten guztia eskeiniz, bihotzaren lasaitasuna —segundu batetan sikiera— bilatu nahiean. Nire oinetan izan ditut Agamenon handia, Klitemnestraren traizioa purgatzen. Orri eroriak moduan hementxe egon dira Menelao krudela, Elenaren ihesa madarikatzen; eta Edipo bera, ama amorante zuela jakitean.

        Gizonik ederrenak maitasunarengatik erdibituak ikusi ditut iragan denboran, oraingo denboran eta geroko denboran; denbora nire aurrean zabaltzen bait da gari-landa inmensoa moduan, zenbat eta hedatuago aberasgarriago."

        Horixe esan zidan Delfos-ko Ahoak, triste eta desengainaturik, grina konfesaezin batengatik etsituta kontsuelo bila joan nintzaionean, nire zauriek sendatu behar zutelako. Maitasunak jo ninduelako, eta nire gorputzetatik notarik lastimosoenak atera zituelako.

        "Badago hala ere oraindik hunkitzen nauen istorio bat. Uztaren horian eihartu da gertatu zen denbora, baina orduan bezain bizirik eta dirdiratsu gordetzen dut nire oroimenean.

        Teseoren istorioa da, Semiramis. ASIRIAKO erreginarekin oheratu zen gauean maitasun eta gozamenez erotu zenarena.

        Baina hitzegin dezadan Semiramis-i buruz.

        Mendiak udazkenean bezain ederra zen. Negua ez eta uda ez den aro horrek duen bizitasuna ageria zen haren aurpegian. Jendeak desiratzen zuen ispilu garden horretan begiratzea.

        Semiramis erregina zenetik, desio bat besterik ez zegoen haren buruan jira-biraka: edertasuna eskuratzea, perfezioaren jabe izatea. Bere buruaren kultoan bizi zen, egiten zuen guztia bere buruaren ederreko zen. Mendekoek, etsaiek miresten zuten erreginaren argia gero eta dirdiratsuago zelako. Jainkosa ematen zuen eta jainkosa moduan tratatzen zituen inguruko guztiak.

        Gerra bat egon zen Pertsia aldean eta Semiramis-en gudalosteek irabazi egin zuten. Gerra hauetan nabarmendu zen Teseo kapitaina. Berak bakarrik egin zuen preso Babiloniako erregea, eta nik ikusi dut denboraren zirkuloan, mila etsai hil zituen.

        Eta Naturak zabaldu ditzakeen dohain guztiak zituen gorputzean sakabanaturik: indartsua, liraina, ibai ondoan dantza egiten duten sahatsek enbidiaz begiratzen zioten.

        Semiramis Teseorekin kapritxatu zen eta senar egin nahi zuen, bera jainkosa izanik ezetz ez ziola esango konbentziturik

        Eta oraintxe hasten da Asiria osoa mila egun eta mila gauetan tristuraz bete zuen istorioa.

        Teseo neska arrunt batez zegoen maitemindurik eta erreginaren proposamena entzun bezain pronto beste batekin ezkontzeko asmoa azaldu zion.

        Ezezkoa eman eta antzerkian bezala zoritxarraren teloia ireki eta dolu-aroa hasi zen. Teseo jauregiko kalabozoetan sartu eta andregaia hiltzeko agindu eman zen.

        Garai txarrak benetan zetozen! Ekaitz gaizto batek marinelen bihotzean lagatzen duen kezka eta zapore mingotsa erreinuko biztanleengan utziko zuena, gaineko azala balitz bezala.

        Edikto bat agertu zen hiriburuko paretetan zintzilik Teseo Semiramisekin ezkondu arte gauero famili batetako semerik zaharrena hilko zela.

        Poliki-poliki itxiz joan ziren ate guztietako maratilak, ezari-ezarian malkoen iturriak lehortu ziren semea galtzearen minarengatik.

        Ez zen gehiago pozik egongo erreinu hartan! Beldurrak biztanleen espazio bitala estaltzen zuen huntzea moduan. Hilkorrek ezin duzue jakin zein den jainkoen orguiloa eta gutxiago nolakoa izan daitekeen jainko despetxatu baten haserrea!

        Berehala entzun ahal izan zen jauregian sekulako orjiak burutzen zirela. Semiramis-ek gauero famili batetako seme nagusia hartzen zuela ohe-kide eta kontaezinezko plazeren giltza erakutsi ondoren, bizitzaren argi eta sekretua azaltzera eman ondoren, ezpainetan eztia bezala iragan gaueko oroimen gozoa zutela hiltzera bidaltzen zituela.

        Benetako jainkoei errogatu zieten, ofrendak eskeini, asesinoak kontratatu. Azken hauek erreginaren edertasunaz liluraturik bukatzera eman baino lehen aitortzen zuten beraien krimena. Mila egun eta mila gauetan iraun zuen agonia honek.

        Baina Teseo bitartean maitearen heriotzaz mindurik isilik zegoen. Aurpegia zurbila, bere gorputza ez zen lehen zenaren karikatura baizik. Dolorea irudigile txarra da, dakizuenez, eta maitasun-minak harriak ere desitxuratzen ditu.

        Eskatu zioten mila eta mila aldiz erreginarekin ezkontzeko, herria sufrimendutik libratzeko. Ez zuen erantzuten. Odolak eta txikizioak jarraituko luke su handi batek baso batetan bezala, Semiramis-ek Teseoren lagun mina, ia anaia, Nestor, hil izan ez balu.

        Une batetan ibaia mantso-mantso dabil eta nahikoa izaten da batzutan euri-jasa handi bat, bere bazterretik ateratzeko.

        Hori gertatu zitzaion Teseori. Minak gainezka egin zuen, eta horren ordez errabia azaldu. Mengaizoa agindu zuen, ahots-hari batez."

        Isilunea egin eta pentsatzen geratu zen Delfos-ko Ahoa. Ez nengoen batere lasai, istorioak hunkitzen ninduen eta irrikitan nengoen bukaera jakiteko.

        — Orain beste istorioa hasten da, esan zidan Ahoak.

        Esan dezakegu gizon-emakumeak lehenagotik marraztuta dauden bideetatik ibiltzen direla, eta ez direla horietatik irteten goldea ildotik desbideratzen ez den bezala. Baina benetan diotsuet bide horiek despistatzen gaituztela.

        Begira, zer pentsatuko duzue Teseok orduan egin zuela?

        — Ba, ezkondu erreginarekin, erantzun nion nik.

        — Okerrago. Maitemindu egin zen.

        — Maitemindu? Horrenbeste gaitz eta desditxa ekarri zuen emakumeaz? Maite zituen pertsona bakarrak hilobiratu zituen munstroaz maitemintzea?

        — Esan dizut bide batzuk ezin ditugula ulertu. Semiramis-ekin ezkondu zen eta une egokiren batetan hilko zuelako hitza eman zuen, tenploan horixe zin egin zuen, ezilkorrak izan eta ezkutua ere ikusten duten jainkoen aurrean.

        "Lehendabiziko gauean gertatu zen gertatu beharrekoa Teseorentzat, segitu zuen kontatzen Ahoak. Mahats-lauskitu berria bezala edan zuen haren gorputzean erreginak. Aspaldiko lorategien usaina sartu zitzaion sudurretatik barrura; inoiz amestu ez zituen sentsazioek piztu zituzten zentzu guztiak. Dena Semiramis-ez busti zitzaion. Ezina zen hiltzea. Maitasun eta odolezko lokarriak baino sendoago zenak lotzen zuen, ezer ez egiteko, ohetik ez jaikitzeko. Besoak, bakarrik bestea besarkatzera bultzatzen zuten. Atrapatuta zegoen eta horrek lehertu zion barrua. Gorrotatzen zuen pertsona maitatzeak eta berarengandik ezin banantzeak hautsi zuen bitan.

        Ihes egin zuen, gehiegi mozkortu zen gau batetan eta zentzu guztiak erdi lotan zituenean.

        Ihes egin zuen, eta horrek gehiago erdibitu eta samindu zuen. Errati eta erromes ibili zen niregana iritsi zen arte, aholku bila. Baina ez zuen erremediorik. Arimaz hilda, ez zen luze egon bizirik. Tristurak suabe-suabe hiltzen bait du."

        "Horixe kontatu zidan Delfos-ko Ahoak ni lurrean zegoen zoritxarrekoena nintzela pentsatzen nuenean, ni baino tristeagorik beste inor egon ezin zitekeela pentsatzen nuenean.

        — Eta Semiramis? ausartu nintzen egoera hartan galdetzera.

        — Semiramis!!!

        Eta parre egin zidan. Gero mututu. Gero uste dut alde egin nuela, eta harrez gero galdu dut galderak egiteko ohitura.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.