L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 6 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatur lehiaketa—

 

Preso

 

Idoia Ikardo

 

        Benetan ugariak Lehiaketa honetara aurkeztu diren lanak, bai eta maila onekoak ere. Eta hau, berez, pozgarria bada, pozgarriago gertatzen da idazleen gaztetasunagatik... Badugu harrobia.

        Hona hemen zenbaki honetan sarituak:

        — Idoia IKARDO ENPARAN (Irun); 16 urte. Honena da "Preso" izeneko ipuina, eta berea, era berean, "Ametsa omen..." komiki sentibera.

        — Ramon SANCHEZ ZABALETA (Irun); 19 urte. Berea duzue "Hiriko teilatu beltzen atzetik.." poema. "IRUDIAK" izeneko atalean aurkituko duzue.

 

Balkoiko atearen zirrikitu batetatik sartzen den aize bero eta itsaskor batek, nire ezinegonaren azken tanta bete du. Egia esan ohearen berotasuna gehiegizkoa da udako hilabete hontan. Beroa eta barruan ditudan arazoak nire gorputz tinko eta urdurituan zehar nahaspilatzen den izerdi heze eta hotz batean bilakatzen dira, begiak beren birabideetatik nola askatzen diren nabaritu arte. Lasai egoteko ahaleginetan nabil baina honek ezinegona areagotzen du. Balkoira irteterakoan korronte hotzen bat nire aurpegira xaplada atsegin bat bota du, gustokoa. Bat batean mementu baterako nire larritasun guztiak joan dira, instintiboki burua atzeraka bota dudanean.

        Oraintxe konturatzen naiz aurrean dudan paisaiaz... Zerua garbi dago, hala ere ez du ohiturazko jantzi urdina ipini... bilutsik dago, azalaren kolore laranja eta gorrixka agerian utziz... ez du lotsik ez, gau beltz nabarra joan berria delako eta... bizpahiru begi ausartek soilik so egiten dutelako... Zeharo ernaitu naiz orain, eta egun berri honek eskeiniko didanaz pentsatzen jarri naiz, ez, ez da itxaropen galdu bat, gaur irtengo da bai, gaur! Eguzkia atera da orain gure herriko mendi zaharren gainetik distiratsu, egun hontan aspaldian ikusi ez duen gizaki bati bere errainu bizierazle horietako bakar bat zuzendu nahiko balio bezela...

        — "Eguzkiak ondo ezagutzen gaituela uste dut, ez al zaizu iruditzen, Xabi? —Hondartzan ginen egun hartan, bederatziak aldera. Eguzkia sartzen eta hilargia azaltzen ziren unean... Gitarra baten doinu melankoniatsu batek eskatutako su ttipi baten inguruan... haren begiradak sua zeharkatzen zuen, urrutiago zegoen ezinezko bati begira, belartxoa ahotik kenduz esan zuen:

        — Hilargiak ederkiago ezagutzen gaitu.

        Begiradak nahi gabe hilargiruntz zuzendu ziren, bakoitzak pentsamenduetan ertzirik. Mugimendu zail bat egin ondoren, jarraitu zuen:

        — Agian eguzkiak bere erregeaulkian dagoen bitartean, egunean zehar egindako gauzak ondo ezagutzen ditu baina hauek beti berdinak izaten dira, nola esan, monotonoak agian. Hilargiak ordea —eta hau muxu batez lagundurik—- edo eta gauak, aukera gehiago eskeintzen digu, gure jokaera benetazkoa eginez... —irriparra aldegin zitzaion, bizitzaren originaltasunaren faltaz ohartuz...

        Nik ordea, egun hartatik aurrera ezin izan dut hilargi amandrea ikusi ere egin, gorrotatzen dut gure kuttuntasunean parte hartzen zuelako.. xelozkor nengoelako hain zuzen.

        — Goazen putzura!

        Eskuak elkarri lotu genion pittin bat lotsaturik baina bizkor abiatu ginen uretara. Ilun nabarrez soilik estalitako gorputz osasuntsuak arnasestuka iritsi ziren ur gazi eta garbien besoetara. Aparrez asetu genuen gure itsas egarria, honen magalean igarotako mementuak hilezkorreztatuz...

        Eguzkiaren errainu bizi batek zakarki jo nau, burua ondoko balkoiaren itzalean babestera bultzatuz... harriduraz begiak jaso ditut aurrean dudan kaiola begiratzeko. Txoria txistuka dago... pozik dago beraz... pozik? Nolatan egon daiteke pozik kaiola batean espetxeraturik? Gizarajoa txistuka dago, bai, nolabait bere desitxaropena izkutatzeko.

        Espetxeratu zuteneko eguna datorkit burura... egunak joan, egunak etorri, ez nintzen ezta ikustaldi bat egitera ausartu, buruan etengabe nituen arazoak egun batean askabidetuko nituzkeela jakinik... eta horra nola egun euritsu horietako batean, hodeiak beren mendekua noiz askatuko zai zeuden unean, nire buruan itxuragabetu zen irudia aurrez aurre ikustea erabaki nuen. Erretzen zegoen, erretzen bai, etxetik ihes egin nuen egun hartan bezalaxe.

        — Galduta nengoen, ez nekien norengana jo. Nire ile luze beltzaranak aize zakarrarekin batera dantzan zebiltzaten bitartean, nire eskuak, gehienetan beltz kolorekoak, zeharo txuriturik eta jelaturik zeuden. Ikaratuta, zuhaitz tartean babestutako eserleku batean etzan nintzen, eskuak bat bestearekin indarrez igurtziz eta era berean ahotik arnas berotasun pixkat botaz. Azkenik norbait zelatan nuela konturatu gabe loak hartu ninduen.

        — Hemen lo egitekotan ala?

        Non nengoen nere buruari galdetu ondoren... azkenean, bai... etxetik aldegin eta eserleku batean nengoen, mutil kazkamotz bat aurrean nuelarik.

        — Zer zabiltza hemendik, Xabi?

        Harrituta gelditu nintzen. Hor zegoen bai, nire aurrean kokaturik zigarro bat ezpainetan, nire "bihotzeko patata koxkorra". Nola demontre ote zekien haren egona zeruari eskatzen nenbilela? Une batez uste izan nuen ametsa zela eta inolaz ere errealitatea...

        — Etxetik alde egin duzulakoan nago.

        — Nola asmat..— Ixildu nintzen egoera garbi bait zegoen.

        — Zatoz!

        Mantxo, nire eskuaz jabetu zen eta salbatzaile gisa jokatzen hasi ere... Hitzegiten zihoan baina buruan oraindik oso gertu gertatutako ekintzak dantzan zebiltzatenez kasu gehiegirik egin ez niola aitortu behar dut. Geroago ohartu nintzen zertan zebiltzan. 500 metrotara kanping batean lo egitera gonbidatzen ari zitzaidan...

        — Beraz, lagun zaitzaket?

        — Zer? Bai, noski...

        Gaua zen, baina hala ere zerua estalirik zegoela nabari zitekeen, izarrik ez bait zen ageri. Lehenbailehen zakuan sartu ginen nire eskariz, izugarrizko logurea bait nuen. Bat bestearen ondoan oheratu ginen biak alkarren epelean. Kirkirren abesti doinubakarra zen entzuten zen soinu adierazkorra. Beranduago gauzen zentzua galtzen joan ginen loaren jainkoak noiz eramango zai...

        Hurrengo goizean, dendatik irten eta geldiro arnasten hasi nintzen, sahietsak handituz aire garbia hartzen nuen bakoitzean eta era berean besoak zabalduz, gorputz osoa xautu nahiko banu bezela... Nekez zuhaitz baten gerizpean etzan nintzen beso indarberrituak buru azpian jarriz. Landaretza ugariz inguraturik segundu batez basati sentitu nintzen...

        Esnatu zela ere ez nintzen konturatu baina mugimendu bizi baten soinuak, begi bat irekitzera behartu ninduen eta hor zetorren Xabi laisterka bizian.

        — Zertan zabiltza ero hori?

        Eskuak lurrean ipini eta hankak berriz gora, zuhaitz dotorearen enbor luzean tinkatzera ausartuz. Pino egoera delakoan zegoen eta berriz ezer galdetu aurretik... esan zuen:

        — Maite zaitut."

        "Irudi itxuragabetua erretzen zegoen nere aurrean. Bizarra zuen, espetxearen seinale. Begiraden tristura gehiegizkoa zen niretzat eta nahi gabe malko bi irten ziren nire begietatik. Ez genuen ezer esaten elkarri... zer esan? Ziur nengoen egoera hau azalduko zela gure aurrean. Ixiltasuna zen nagusi. Bat besteari aztertzen igaro genituen mementu hil horiek. Garai bateko ile motz haiek desagertu ziren, ia aurpegi osoa estaltzen zuen izugarrizko iledian bilakatzeko. Ixiltasuna gero eta astunagoa bihurtzen ari zen. Bat batean gure begiradak gurutzatu ziren inoiz nabaritutako hotzikara emanez...

        — Ez nuen uste etorriko zinenik..

        — "Nik ezta" esateko zorian egon nintzen... baina:

        — Ba... hemen nauzu.

        Ez nintzen etortzeko asmorik ez nuela esateko gai izan, eta garrantzi gabeko gauzetaz hitzegin genuen gelditzen ziren minutuetan. Autobusean, itzultzerakoan, nire buruan berriz ez nintzela etorriko zin egin nion."

        Ixildu da. Aurrean dudan txoria ixildu da. Betetzen dituen mugimendu guztiak begiradarekin jarraitzen ditut. Urduri dago, begiratzen ari natzaiola badaki eta honek urduri jartzen du. Salto batez gora doa, berriro ere behera, ez daki zertan dabilen. Ondorioak: eroturik dago. Txori gizarajo honetaz errukitzen naiz.

        Txori honetaz errukitu? Jende guztiaz errukitzen naiz, tamalez denok berdin bait gaude, erotzen:

        Bakoitzak bere barruan askatasun hitzaren ideia mugaturik dauka, mugatuta ikusten du, zoritxarrez ez dugulako beste era batez irudikatzeko aukera izan... eta izango!

        "Arraioa, zortzirak!" "inoiz atsegin ez dudana, presaka jaztea da. "Galtzerdia" non dago falta zaidan galtzerdia? zorionez aurkitu dut, nire oin urdurituak ordea ez du galtzerdi sartze saio baterako prestatu nahi... "Demontre, tira barrura!".

        Etxe guztia mugierazi dut nire oihu garratzekin, hala ere, gaur, nigan konfidantza eta uste osoa jarri dute, urteetako zoritxar iraunkor hau, poz pittin batean noiz eraldatuko zai.

        "Banoa". Kalea ixilik dago oraindik ordu hauetan. Txorien kantu bitxia jadanik gehiegizkoa bihurtzen ari da. "Gizakumeok, lanera!" Hor doaz, bai kotxetan, bai motorretan, bai behin baino gehiegotan azaltzen ez diren autobusetan... denok eguneroko txokora... egunenoko aurpegiekin... barregarria... bai... far egitea beti izan da frustrazioa gordetzeko logika bakarra... Beti uste izan dut, gizakumeak, behin lokarturik gelditu zirela eta ametsetan, bizitzaren borroka irabaztea zela helmuga... agian, egunen batean esnatuko dira... agian.

        "Ordularian eta hamar"... Zer esango diot? Poztuko al da ni ikusteaz?... agian, nitaz osoki ahaztu da... zeinen neurekoia naizen, urteetan bakarrik utzi eta orain berak bakarrik uzteak kezkatzea... baina, baliteke gainera elkar ez ezagutzea... Zer egin? izango al da itxaroten dudan mutila?

        — Norbaiten zai al zaude?

        Bihotzean inoiz nabaritutako taupada gogor baina atsegin bat nabaritu ondoren, aspalditik barruan nuen korapilo arraro bat lasaiki nola askatzen den konturatzen naiz. Nire begiak, harenak zeharkatzeko irrika bizian daude sentipen izkutu eta baliotsu honetako bakarren bat zalatu nahian...

        Bat batean, izutuki lainotutako zerutik, EKI jainkosaren errainu batek aurpegi mehe eta atseginean zuzenki jo du, aspalditik hau egiteko irrikatzen egongo balitz bezela...

        — Xabi!

        Besarkada luze baten ondoren abiatzen gara... (herrikoi ongietorriaren zai...) benetan nire mutila dela jakinik, berriz ere gartzelan galtzeko arriskua izan arren...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.