L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 6 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Erabakia

 

Rafael Mª Herrero Bengoetxea

 

Hor zaude maindire artean, begiak itxita, goxo-goxo, amets zoroak errealitatearekin nahasten; ez esna, ez lo, tarte atsegin horretan. Hala ere, eguna aurrera dihoa. Goizeko hamaika t'erdiak dira. Tik-tak.

        Etzanda, lasai ederrean, gorputza ohe gainean, gogoa... non? Zure ametsari doinu alaia dario, kantu pozgarria, ala kolore biziak itzaliz hiletaren kanpai hotsak nagusitzen dira? Esnatzen ari zara, iratzarriko zara, zer dio, ordea, ametsak? Nora zoaz? Irrifar garbia... amildegi sakona.

        Axota eskuan, papera aurrean. Eserita. Ondoan beste hamaika lagun. Makina bat berriketa elkarrekin eginak. Txiste hura bururatzen zaizu, farregarria benetan; ezpainek hortzak ikusten uzten dute, albokoari kontatu behar diozu. Begietako errainua itzali da, aurpegiak ez du deus esaten —kezka agertzen ote du?—. Zure barnean murgildua, zai eta ixilik. Txistea hasi baino lehenago bukatua.

        Nota batzuk, musika, janzkera bitxiak, beltza nagusi. Egundaino ez zinen han egona. Jende asko elkarrekin, bata bestearen ondoan, toki berara begira.

        DANG DANG DANG Kanpai hotsak. Soinu ixilak, oinek altxatutako hautsa

A C 4 D C

        Bihotza nagusi, sentimenduak pertsonaren jabe, jauziak, txaloak, karraxiak

"Campanas del infierno"

        Musika zure buruaren jabe, gitarren erritmora bizi —gitarra jotzen ikasi behar zenuela bururatu zitzaizun—, eskuak goiti. Neke atsegina, izerdi patsa, ttanttoak aurpegia zeharkatzen, masailan barna bere bidea eraikiz, bustiz begiak diz-dir, barne samina, malkoak, malko negartiak. Goian Bego. Aitona, attona maitea. Kanpai soinuak. Beltzez jantzia. Gure aita...

        Kotxe ederra, ez nolanahikoa. Mercedes. 200 km/h aisa hartzen ditu. Badoa bidean barrena. Barruan hiru gizon doaz —ez dituzu ezagutzen—. Bostgarrena sartu, bolantea ezker aiekara, intermitentea, azeleragailua zanpatu 100, 110, 120... 140. Atzean utzi "seiscientosa". Aurrera. Iristen ari da, abiadura gutxitu, mantxo. Eskumuturreko urrezko erlojuak argia isladatzean, ez da sedazko korbataren kolorea ikusten. Urdina, txuria, gorria. Frantziako bandera. Trikornioa.

        — La documentación.

        — Pase.

        Lehenbizikoa. Azeleradorea zanpatu. Enbragea, bigarrena. Gero eta azkarrago, begi bistatik ezkutatzen da beste kotxeen artean. Hala ere, barruko irrifar maltzurrak suma daitezke. 85.000 dolar.

        Boligrafoa mahai gainean laja. Aulkitik altxa, papera hartu eta abiatu zara. Ixo!, ez soinurik atera. Lagunen begiradak ikusten dituzu, paperetan tinko, haien urduritasuna nabari dezakezu, besazpiko hezetasunaren usaina jaso.

        — Bukatu duzu?

        — Bai.

        Papera mahai haundi haren gainean utzi. Jira eta hari bizkarra emanez kanpora.

        Rring rring Telefonoa. Begiak ireki, eskuaz igortzi. Pertsianeko zirritxoetatik sartzen den argiak itsutu egiten zaitu. Begia itxi... Atea zabaldu, egongela.

        — Bai, zein da?

        — Ni naiz, lotan al zinen ba?

        — Bai, hurrengoan beranduago deitu. Zer nahi duzu?

        — ZORIONAK!

        — Zorionak?...

        — ... A bai! Eskerrik asko.

        — 18 urte. Ospatu behar dugu. Begira, bihar arratsaldean motxilak hartu eta mendira goaz. Dena prest dago. Besteak ere badatoz.

        — Zer, zer esaten duzu? Iratira?

        — Bai, dena fronto dago. Lagun guztiak joango gara aste bete iragatera. Lasai, zuk har itzazu zure gauzak. Janaria, bidaia eta gainerakoa gure kontu. Hori da gure oparia. Gero, arratsaldean egongo gara. Zorionak attona, gaur goizegi jeiki zara, hamabi t'erdiak besterik ez dira. Kontuz bihotzekoa eman gabe.

        — Joan zaitez pikutara.

        — Agur agure; zorionak.

        — Emango dizut. Itxoin pixkat... Gero arte eta eskerrik asko.

Ilusioa

        Gau zoragarri hartan, ilunpean, izar piztuak lekuko bakarrak zirela... elkartze hura, maitasuna, gorputzak, nahia... gau eder haren fruitu maitea, izerdi eta atsegin artean, maitasunez sortua. 9 hilabeteko itxoin beharra. Egun hartan, gauaren sakontasuna urratuz hontza kantatzen hasi zenean,

ZU

Gurasoen poza. Bizia.

        Egun osoa kalean... monotonia... eguneroko arruntasuna... gizarte kontsumitzailea.

        Jeiki zara, garbitu eta jantzi. Egun on! (ba ote?) Kafesnea epeldu, gosaldu eta egunero bezala mandatoak egitera. Poltsa hartu duzu, dirua sakelean sartu, ekarri behar duzuna gogoan hartu. Atea ireki eta bazoaz.

        Aurrena, oinak, ohituraren eraginez, bakarrik doaz, zu bezela. Bakarrik zara eta leihotik sartzen den haize frexkoak aurpegia jotzean, txistua irensten duzu, eztarri idorra, ez dakizu zergatik, baina larritzen zara. Txorien kantuek lasaitzera gonbidatzen bazaituzte ere, zainak lehertu nahian sentitzen dituzu, odola irakiten. Taupadak aditzen dituzu.

        Bapatean eta ez dakizu zergatik —oskarbi dago eta etxe aurreko zelaian belarra ebaki dute, belarra, belarra— zure bizitzanen une nagusi bat dela bururatzen zaizu, zuk erantzun beharko duzula, erabaki. Aspaldian ez bezala, agian lehenengo aldiz, zure buruaren aurrean aurkitzen zara, ihespide gabe. Izutu, beldurrak hartzen zaitu, hala ere barne-barnean, zure baitan itxaropen argia piztu zaizu, zoriontasun ukituaz lehertu nahi duen indarra... zu zara.

        Beldurra, larria eta aldi berean barne atsegin eta patxara.

        Kanpoko atea ireki eta aurrera. Dendara zoaz, zalantzarik ez, urrats bat, bi. Ez dakizu zergatik baina azterketa hartaz gogoratu zara. Emaitza? "Alfer madarikatu bat haiz, tontoa" esan zizun. Beste gutxiegi bat, bilduma zenuen, Gobernuaren antzera: 150.000 baino gehiago lanik gabe; zu, bat, zenbaki bat.

        Hau txorakeriak, gaur erdi tonto jeiki naiz —pentsatu duzu. Ze nora begiratu eta enararen hegakada arinak alaitu zaitu —bizia ederra da!— Pum. Tiro bat izan daiteke azkena —ehiztariekin heriotza bururatu zaizu. Zuria eta beltza, gaua eta eguna, ZU.

        — Adizak txo, hator. Egiok usain. Hegaka ibiliko haiz, paradisuan. Nahi duk kokaina pixkat?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.