Eritzia
Etikarik baloratzen ez dugulako
gara hipokritak euskaldunak
Patxi Perurena
Batzutan hobe izaten omen da hitzak edo esanak besteren ahotan jartzea. Zergatik ez, norberaren ahotsa oso ahula eta eskasa denean, indarra eta pisua irabaz balezate, behintzat.
Gure Barojatarren azken Cesarri, duela egun frango elkarrizketa bat egiten zioten egunkari gipuzkoar batetan. Gure lengoaiara bilduaz, hona zer esaten zuen beste gauza askoren artean:
"Euskal kapitalismoak ez zuen bere beharretara eta progresoari buruzko ideia batetara egokitzen jakin izan. Kapitalismo honen jaun eta jabeek, berek eraiki duten Euskal Herriaz gaurregun harro rnintzo direnek, inolako progresorik gabe, hazi baino ez zuten egin herria. Basoak soildu eta ingurugiroa desegin besterik ez zuten egin. Eta honek idealaren eta praktikaren arteko dibergentzia erakusten du, eta hauxe da herri honen drama gaitza, zentzurik gabeko drama. Euskalduna, bere burua euskalduntzat duelarik, baserriaz, oihan ederraz, rnendiaz eta naturaz oroitzen da, guzi hori betiko paradisu primitibotzat joaz, hau da, arkaikoa, zaharra, eta politika aldetik nola fisikoki hala moralki karlista kutsuko herritzat joaz. Gero, zer da eta, azken larogei urteotan euskaldunak ez du bere basoak desegin, ibaiak lotsagarriro zikindu eta etxebizitza zantarrak eraiki baino egin. Eta hau ez dute hona etorri diren kastilanoek edo andaluzek egin; hemengo kapitalistak berak izan dira guzi hau egin dutenak, ahoa zabaltzen duten bakoitzean beren buruak euskaldun jatortzat azaltzen dituztenak berak. Herri honek ikaragarrizko aldea erakusten du pentsatzen eta egiten duenaren artean; kontradizio osoan eta erabatekoan bizi da herri hau alde horretatik. Idi-gurdietatik suburbioetara pasa gara, progresoaren ideia armonikorik izan ez dugulako, eta oraindik ere ez dut uste oker hau zuzentzen inor ari denik. Suburbio hauek herri-identitateaz ozenkienik mintzo direnek eginak dira. Ezin bilatuko dugu, ordea, identitatea derrotaren baitan. Gure gazteek ere, ikusten dugu, alde batetik, nola ultranazionalismo batetan pentsatzen duten; baina, bestetik, nazioarteko rnerkantziak, batez ere iparramerikarrak, eskaintzen dizkien produktu nazkagarrien kontsumopean blai eginik bizi dira. Ez jakiteaz, ez dakite ezkerreko eskua non duten ere; eta okerragoa dena, irakurri ere, ez dira lerro bat segidan irakurtzeko gauza."
Bada zerbait, Julio batek esateko; batez ere karlisten gaineko aipamen hori. Nik halere, zera nabarmenduko nuke: idealaren eta errealitatearen arteko kontraesan hori; bait da, izan ere, herri honen gaitzik errotuena. Herri hau guziz hipokrita bait da politiko harro samar batek ederki esana duen bezala. Eta hipokrita den herri batek ez daki, ezin lezake jakin, zer den etika. Etikarik ezagutzen ez duen herri da hau. Eta etikarik ez duen herria, herri faltsoa da. Euskaldunak, deus bagara eta, faltsoak gara. Zergatik? bada, bistan da: geuk ezin egin duguna, edo egin nahi ez duguna, besteri eskatzen diogulako, bestek egin dezan eskatzen dugulako. Ez ote da hau, aski arrazoi, faltsoak izateko?
Etika zaindu duten euskaldunen artean, idazle bat, kazetari bat eta ziklista bat besterik ez dut ezagutzen Euskal Herri osoan. Ez al dira oso gutxi zazpi probintzik osatzen duten herri batetarako. Honelako euskaldunak gehiago ugaltzen ez badira luzarorakoa izanen da gure drama, Juliok aipatzen duen idealaren eta errealitatearen arteko kontraesanak dakarren drama. Izanez ere, etikarik ezak ekarri bait du gure pentsamenduaren eta praktikaren arteko abismo beltz hau.
Askok uste du oraindik herri hau kulturarik gabe, arterik eta kontzientziarik gabe edo urbanismo egokirik gabe, Madrilen edo beste arrotzen baten erruz dagoela. Ez bada, Madrid ez da arrazoia, aitzakia da Madrid, gure betiko aitzakia. Gure aitzaki eternoa besteren bat izanen da beti, edo Madrid, edo Zentralisrnoa, edo Polizia, edo Erregea, edo Aita Santua. Gure hipokresia, gure inkultura eta gure inpotentzia besteren bizkar botatzeko arrazoiak bilatzea izan da herri honen lema politikorik nagusiena. Errua non leporatu ez dakiela geratzen denean galdu eta mindu egiten da herri hau. Zergatik? oso sinplea: bere erraietako errua haintzat hartzen ikasi ez duelako inoiz.
Ez. Garaia dela uste dut geure buruaz gogoetak sakonetik egiteko. Onar dezagun behingoz etikaren zipitzik gabeko herri hipokrita, faltsoa, harroa eta kontserbadorea garela, eta orduan eraikiko dugu, agian, herri libre eta umo bat. Bestela, beti besteren aitzakitan geure barrenak usteltzen baino ez zaizkigu joanen; jadanik sobera ustelduak ez baditugu ere. LIRIN delako poeta gazte batek dioena ikasi beharko luke herri honek:
Soilik apaltasunetik ikasten da
ezpata erabiltzen
Soilik apaltasunetik, neur
lezakete xinaurriek beren
janariaren pisua
Soilik apaltasunetik izan
gaitezke libre.
|