Hitz lauz
Paulino eta milloia
Pako Aristi
Zer da boxeoa?
Boxeoa alkar joka jardutea da, bestea lurrera erori arte!
Eta zeu botatzen bazaitu? galdetu zion amak ahots gozagaz. Baina ordurako Paulinok hartua zuen bere bigarren seaska izango zen Pariseko gimnasium hartarako bidea, eta Julianek ere ulertua zuen ordurako familia, bere bizitzako padura zuhamuxkaz inguratu zuen familia, kasualidade genetiko bat besterik ez zela, halabeharraren drola mingarri bat, eta billete bat hartu zuen Paulinoren ondoko aulkian.
Zer da managerra? galdetu zion Paulinok, Julianek bere asmoak aipatu zizkionean.
Boxeadoreari lotako eta jateko tokia topatzen diona!
Eta horrela, Frantziako landa gorriak zeharkatzen ari zirela, elkarrekin botatzea erabaki zuten abentura haren asaltoak, Paulinok haritz tantaien indar makurtezinarekin, Julianek diru irabazia eta gastatzeko tentazioaren arteko zubi estu eta errimeak luzatzeko zuen mainarekin.
Julianek Paulinorekin bota zituen bizitzako lehen asalto ortzantzati eta keruaz naharoak, Paulinok Erminio Spallari puntotara irabazi, Europako tronoa lortu eta Ameriketako bidea hartu zuen arte. Paulinok aurpegi sudurtaloa eta kuadrilateroan zutik egoteko indar makurtezina berarekin eraman zituen, eta Julian tristerik gelditu zen, goibeldurik itzuli zen alpargata jozteko aulki hartara eta betilun entzuten zituen irratian Paulino Ameriketan irabazten ari zen asaltoen kronikak.
Nik erakutsi nion Paulinon boxeatzen esaten zuen argazkietan bazkalostean Al Caponerekin habanos ketsuak erretzen ikusten zuenean, edo beste argazki batetan, Harry Wills "Pantera beltza" laugarren asaltoan izerdi zingira bat, saihets aixkolduak eta gizona leienda bentzutu bat bihurturik ikusi zuenean, Paulinok ondoan ezkerrera lerratzen zitzaion irrifarre harekin jendea agurtzen zuelarik larruzko esku potorrak altxatuz.
Baina Paulinok bizitzan burruka bakar bat zeukan, aurrean jartzen zizkioten Pantera, Haitz, Bonbardari eta Zezen auskara amorratuen kontra, baina Julianek askoz burruka luzeagoa eta zehaztasun gabekoa zeukan, Paulinok aldegin zuenetik sartu zitzaion tristuraren kontra, eta gezurra zen, tristura horren aurka maneiatu zezakeen puntx bakarra.
Horregatik Julianen esana, argazkien aurrean, ez zen guztiz zuzena, Pariseko lehen egunak sudurretik odola ixuriz igaro zituen Paulinok, Julianek ez bait zekien boxeolarien estraineko pausoa tabike nasala apurtzea dela. Gimnasiunean onartu ez eta aspaldi itxirik zegoen taberna zahar batetan hasi zituzten entrenamentuak, eta Paulinok ez zuen, ezta Ameriketako managerrarekin ere, Julianen hitz erdirik ahaztuko, boxeatzeko teknikari buruz:
Paulino, hik eman, eta hartu, zutik, eta bestea nekatua somatzen duanean, baserrian bezala, hiru aizkorakadaz konpondu, hiru zartatekoz eatsi, bat saietsetara, beste bi okotzera.
Eta Paulinok zutik irauten zituen asaltoak, aurpegia zapuzten ari zitzaion bitartean, eta Julianek banketan eseria hartzen zituen eztandak, rebotaturiko izerdi tantak, eta konbate irabaziaren aurrean bakarrik jaikitzen zen, Paulino besarkatzera, gero ondo bait zekien gauean beste beso batzuek besarkatuko zutela proba harri bat bezalako sorbalda hura.
Eta Julian konturatzen zen, eta zergatik zen jakin gabe, baina Paulinoren garaipen bakoitzak tristura gramo bat husten zion bihotzeko kikarera, eta urte asko geroago arte, jadanik heriotzaren aurresalan, Paulino zoroetxean ikusi zuen une lastimoso eta argigarri hartararte ez zuen ulertu bizitza zezen plaza bat dela, bere herriko zezen plaza bezalakoa, non aulki batzuek eguzkitan gelditzen diren eta beste batzuek itzaletan, eguzkia darien egunetan.
Arratsalde batetan, Tex Ricardek puro zuztarra ausiki zuen, O.K. esan zuen ahopetik eta telegrama bat bidali zuen. Madison Square Gardeneko enperadorea zen, eta Europako txapelduna eraman nahi zuen, aurrekoak bezain mengela ez izatearen baldintza bakarrarekin.
Eta ni zer Paulino? galdetu zion Julianek.
Hik Paulinok zalantzaz erantzun zion herrira itzuli eta Pariseko gauzak kontatu. Ameriketa ez duk taberna zahar batetan entrenatu eta jendea bi asaltotan botatzea!
Paulinok itsasuntzia ezagutu zuen lendabiziko aldiz, eta Julianek Frantziako landa gorriak zeharkatu zituen berriro, baina lainoak desiratuz, lainopean joateak ematen zion bihotz epeltasun atsegina dastatuz bezala, baina lehen asalto hura galdua sentitu zuen Julianek, banketatik kuadrilaterora saltatu gabe ere galdua, haseran managerrak ere boxeolari garailearen leinuruan toki bat duela uste bait zuen, baina ez, paperetan Uzcudun bakarrik agertzen zen, Uzcudunek azaltzen zuen gizon handiski eta emakume liluragarriekin, Uzcudun oihukatzen zuten boxeozaleek, eta Uzcudun nahi zuen Tex Ricardek, Uzcudun bakarrik Gardeneko hamabi sokamuturretako jungla hartan, Uzcudun bonbardari beltz guztien kontra.
Herrira iritsi zenean, boxeatzen zekien diamante bat galdu zuela konturaturik, Paulinoren memoria bereganatu zuen Julianek, eta bere ahotik Paulinok irabazitakoak, Paulinok esandakoak, Paulinok jandakoak, Paulinok igurtzitakoak besterik ez ziren ateratzen.
Han nork topatuko dik lotako eta jateko tokia?
Baina untziak bozina luze bat jo zuen, Paulinok untzi aurreko jendea agurtzen zuen, eta Julianek atzetik begiratzen zion, Paulinoren begirada aurkitu gabe, eta untziaren bigarren bozinak asalto amaierako kanpanilla batek bezala jo zuen Julianen tinpanoan.
Paulinoren Ameriketako berriak jakiteko irakurtzen ikasi zuen, baina bitartean ez zen konturatzen Parisen botatako urteetan Paulinoren itzalean bizi izan zela, eta bere bizitzako oroimenak Paulinorenak zirela, ez bereak, oroimen prestatuek betetzen zutela bere burua, eta nola konturatuko zen, bere bizitzako hazaina bakarrak Ameriketa aldegin bazion, maitasuna gela huts eta inoiz hankarik sartu gabeko bat bazen berarentzat, urteak besterentzat gloria bideak asfaltatzen lerratu bazitzaizkion, eta nola konturatuko zen, egunean hamar ordutan alpargatak eginaz, munduak ez duela bi aldiz aukera berdinik eskaintzen, eta galtzailearen zorion bide bakarra irabazlearen oroimen gozo eta huntzostotsoak lapurtzea dela, noizbait zoriona esku artean ibili dela baieztatzeko.
Eta Paulinoren garaipen bakoitzak tristura gramo bat bihotzeko kikarean.
Baira goiz batetan etxean gelditu zen, egunkaria irakurriz, ez zen alpargategira joan, eta etxea txukuntzen hasi zen, norentzat ari zen jakin gabe. Paulinok lurra jo zuen lehenengo aldiz, baita azkeneko aldiz ere pentsatu zuen Julianek. Abenduaren 12 zen, eta Joe Louis Barrowek 14 urte gutxiago zituen. Hirugarren asaltoan Paulinok upper-cut zorrotz bat azertatu zion bihotzera.
Louisek mina hartu zuen baina une hartan kanpanilla jo zuten. Laugarren asaltoan argi nimiño bat ikusi zuen Paulinoren okotzean eta bere erasoaren zai gelditu zen Louis. Gabiak ingudean bezala jo zuen Louisen ukabilak Paulinoren egurrezko mandibulan. Ezpaina ebaki zion, baina Paulino bost kontatzerako jaiki zen hortzak eta odola ttuarekin batera boteaz. Baina haizeari erasoka, ezerezari kolpeka ikusi zuen arbitroak, eta konortea galtzea dela boxeolarien areriorik gotorrena jakinik, konbatea gelditu zuen. Eta Julianek ez zuen sinesten argazkian zekusana, Paulino ahozpez eroria, boxeolari baten bizitzan beldurrik handiena zaion unea iritsia, eta argazkiaren aurrean sentitu zuen gauza bakarra, une hartan, erormen definitiboaren une hartan ondoko banketan ez egotea izan zen, irabazten zuenean bezala besarkatzeko, han, lurrean, hautsa janez zegoela, jaikitzen laguntzeko. Baina argazkian ez zen inor laguntzen ageri, hamabi sokamuturreko junglan bakartia, beti bakartia bait da burruka.
Prensarentzako eromen hartan hil zen Paulino, eta aurrerantz beste irabazle batzuek betetzen zituzten kiroletako orriak, aurpegi ezezagunek betetzen zituzten argazkiak, eta Julianek bizitzaren oroimenak ahultzen sentitu zituen, egunkarietan Paulinoren faltaz.
Paulino derrotaren ondoren erori zen anonimatoaren sareek erabat lapurtu zioten azkenerako bere memoria prestatua, eta haseran etxea txukun edukitzen saiatu bazen ere, zihur norentzako zen jakin gabe, seigarren hilabetean prensan irakurritako berri txiki eta bazterreko batek muskildu zituen bere azken esperantza txaldanak. Paulino andre aberats batekin ezkondu zen eta Torrelavegan bizi ziren. Amak esandakoa gogoratzen zuen Paulinok artikuluan, "eta zeu botatzen bazaitu?", eta erantzuna zen boxeoa lagako zuela, betirako, eta hamalau urtetako ajetreoaren ondoren pakean bizi nahi zuela.
Alferrik zen. Etxea hankaz gora utzi zuen Julianek, zabartu egin zen, eta maitasunaren gelan hanka sartu gaberik, ezkontzarenean sartzeko aukeran aurkitu zen herriko emakume bat zela medio.
Paulino desagertu zenetik, bere etxera etortzeko esperantzak desagertu zirenetik, Pariseko urteak gogoratzen zituen, beste oroimenik ezean, eta orainaren zentzua eta aldiria erabat galdurik, zertarako bizi zen galdera inoiz bere buruari bota gabe, bestalde fatala izango zatekeen jaurtiketa, alpargata egiten erortzen zitzaizkion orduak, enborrak presa batetan behera bezala. Herriko alpargatarik samurrenak egiten zituen, oroimen zaharrez beterik bait zeuden, baina jendeak ez zion erosi nahi, Julianen alpargatak jazten zituena tristetu eta goibeldu egiten zela zabaldu baitzen. Apropos froga ere egin zuen norbaitek, eta egia zela deliberatu zuten.
Orduan otarrak egiten hasi zen, eta otarrak elkarren gainean jarririk zeruraino igo nahi izan zuen otargilearena kontatu ziotenean, zeina azkenean otarra baten faltaz erori eta hil zen, horixe da, pentsatu zuen, munduan atzera eta itzalean gelditzen garenoi buruz asmatu den parabolarik zorrotzena, "ia ia" bategatik gelditzen gara irabaziaren argia ezagutu gabe.
Otarra eta alpargata eginaz, automata bat bailitzan, ezkontzeko proposamen batek ere ez zuen ilusionatu.
Berandu da erantzun zion andrearen tristura somatuz berandu, honezgero bizitzak ez dauka azukre koxkorrik guretzako.
Nolabait, ez zuen fidelidadea traizionatu nahi, ez zuen berak preparatu, zaildu, gogortu eta munduko tronoaren tranpolinera bota zuen Paulino hura traizionatu nahi.
Gehiago ikusiko ez zuelakoan, bihotza taupadaka hasi zitzaion arratsalde batetan, Marruecosen militar batzuek errebelatu eta bi hilabetetara, Alfonso XIIIgarrenak ibili ohi zuen bezalako Hispano-Suiza autoan pasatzen ikusi zuenean.
Paulino! oihukatu zion, baina azkarregi zihoan, eta aurpegian kolore zuriegia zeukan bere onean joateko eta Julianen oihua entzuteko.
Herriko aldapa eta errebueltak ondo ezaguturik, autoak ahal zezakeen azkarren igaro zen Paulino. Udaletxera sartzen ikusi zuen Julianek, presaka autoaren motorra itzali gabe. Hiru minutu igaro ziren eta Julian udaletxera iritsi zen lasterkan Joe Louisen kolpeaz hitzegitekotan, baina Paulino karea baino zuriago eta begirada Joe Louisen kolpe ondoren baino galduagoa zuelarik agertu zen Gabriel Arandia alkatearen ondoan. Asko zahartu eta higatu zen Paulino urte haietan, kolpe bakoitzak utzitako itogin bakoitza egunkarietako lerro bat bezala ikusi eta irakurri zitekeen Paulinoren aurpegiaren, eta auspo zulatu bat iruditu zitzaion "kaixo Julian, aspaldikoa" esan zionean. Lau minutu igaro ziren. Gabriel Arandiaren aginduak zehatzak izan ziren.
Hau ez da broma bat Julian, Paulinoren azken asaltoa izan daiteke. Autoa ezkutatu bazter batetan, Paulino gorde zure etxean eta gaur gauean mugaz bestaldean utzi.
Bost minutu igaro ziren, Paulino Julianen etxean ezkutatua zen, eta Julian autoa gordetzetik zetorren, enparantzan CNTko sei miliziano auto batetatik jaitsi zirenean. Asaltorako fusilak eskutan, Paulinoren atzetik zetozen 50 kilometrotan, harrapatzen zuten tokian bertan afusilatzeko, falangistekin zituen harremanengatik. Julianek ezer ez zekiela, eta politikaz gutxiago, eta Gabriel Arandia jarri zitzaien aurrez aurre, atxilotze ordena bat ekarri arte Paulino, beste edozein herritar bezala, bere eskutan zegoela eta beste inork ez ziola ikutu ere egingo.
Paulinok urrutira aldegin zuen, azken asaltoa amaitu gabe, eta Julian, arratsalde ahaztezin haren ondoren, Paulinoren hitzak gogoratzen gelditu zen, "hik boxeatzen erakutsi didak, eta nik berriz, ez diat ezertan erakutsi, ezta bizitzaren aurrean zutik egoten ere", eta berak bai, berak azken asaltoa bota zuela uste zuen, baina heriotzaren aurresalara ailegatzea besterik ez zuen egin, azken asaltoek beti heriotzaren kuadrilateroan jotzen bait dute amaierako kanpanilla.
Polikiago, baina Julian ere zahartu egin zen otarrak egiten, maitasunaren gela ezagutu gabe, eta jadanik janaria prantatzeko edo ohea egiteko ere akiturik eta hebaindurik aurkitu zenean, norbaiten eskuetan jartzea erabaki zuen. Hurbileko eta urrutiko senideek harreta berezia hartu zuten Julianen nahia betetzeko, eta lekaimeak ere etorri zitzaizkion etxera beren egoitzera joan zedin, baina Julianek, buitreak zirela, odola txupatzeko piztiak, eta etxetik bidali zituen.
Ez zuen denbora asko behar izan, ez zuen senitarteko askorekin hitzegin behar izan, guztien harretaren iturria non zegoen zehazki asmatzeko. Bere bizitza guztian milloi bat osatu zuen Julianek, eta arratsalde ahaztezin hartako Paulinoren hitzak gogoratzen zituen, diruak bere zirkunferentzia osoan sortzen duen lintzura lizunari buruz, eta nola azkenean, zahartutakoan, pertsona karroña bihurtzen den, eta nola buitre anitz biltzen den inguruan azken arnasa noiz botako duen itxarotera. Julianek milloi asko irabazten lagundu zion Paulinori, eta Paulinok bere aurpegiko ubelune, txapaltasun eta hildo bakoitzarekin ordaindu zuen, eta batez ere bere zahartze goiztiarrarekin. Baina Julianek ez zuen imajinatu ere egin, milloi bakar bat osaturik, beharreko unean zaharturik, Ameriketako boxeoaren mafia ezagutu gaberik, Paulinok arratsalde ahaztezin hartan kontatu zion arte pozoina esistitzen zela ere jakin gaberik, ez zuen imajinatu ere egin, memoria prestatu harekin, bizitzeko lan astun hori bere gainean inoiz hartu gabe osatu zuen milloiagatik ordaindu beharko zuen prezio krudela.
Gainera baldintzarik gabe, ezerren truke bere etxean hartu zuen loba hark ez zion ezer imajinatzeko motiborik eman, eta Julianek, bizitza guztian egin zuen bezala, Paulinoren gauzak kontatzen pasatzen zituen egunak, arratsalde ahaztezin hartakoak ezik. Arratsalde hartakoak ez zizkion inoiz inori kontatu, bere barruan gorde zituen Paulinoren sekretu bakarrak izan ziren. Julianek boxeoaz hitzegiten zuen bitartean, iloba hiru aldiz egon zen abogatuarekin eta bi aldiz notarioarekin.
Goiz batetan, urte betera, egun pasa egin behar zutela eta autoan sartu zuten Julian, Paulinok Parisen irabazitako estraineko konbateaz ari zen paisaia ikusten zuen bitartean. Kilometro batzuen ondoren, harpauso zabaletako jauregi batera zuzendu ziren.
Zer da hau? galdetu zuen Julianek Parisko konbatearen seigarren asaltoan geldituz.
Barrura sartu ziren. Jende estraino asko zegoen, edozerren imintzioak egiten, oihu lazkarriak botatzen, mingaina ateratzen.
Baina hau zer da? galdetu zuen berriro.
Une hartan, urte askotan ikusi ez bazuen ere, Paulinoren antzeko gizon bat ikusi zuen, eta boxeadorearenak egiten hasi zenean ez zuen zalantzarik izan.
Paulino! Paulino! hasi zitzaion. Aspaldikoa.
Gizona hurbildu egin zitzaion farre murrika eginaz.
Ni ez naiz Paulino, baina boxeadorea izan nahi dut.
Gizonak 70 urte zituen gutxienez, eta mantsoagatik ulertu zuen Julianek, boxeoaz zekien aina jakinik, urte horiekin boxeatzen hasi nahi zuen gizona eroturik zegoela. "Erotuta?" pentsatu zuen, "eta orduan", ingurura begiratu zuen, eta eroz rodeaturik aurkitu zenean, orduan, aurkikuntza bapateko bat bezala, uda sargori eta kiskaletako arratsetan euria hasten den ustegabearekin, orduan ulertu zuen, justu mediku bat agertu zen unean, zoroetxe batetan zegoela, zoro artean nahasturik, eta gainera zoro haietako bat Paulino zela esanez. Kanporako atera joaten hasi zen espantaturik, baina bi medikuk gogor heldu zioten.
Hauxe da gure osaba eroa esan zien ilobak medikuei Paulino Uzcudunen managerra dela uste du. Ikusi duzue nola hasi den gizon horrekin.
Julian ezezka, gezurra zela, ilobari biraoka, bultzaka, baina zenbat eta aztoratuagoa eta orduan eta eroagoa zirudien. Eroak inguratu egin ziren istilua ikustean, senideek jende artetik aldegin zuten osaba urte betez etxean edukitzeagatik bere diruarekiko zuten eskubidea gozatzera, eta Julianek ez zuen indarrik izan, medikuen kontra bai, baina ez kalmanteekin, egunero egunero, azkenean droga bihurtu arte eman zizkioten kalmanteekin. Eta haseran Julianen zentzudun jardunak anormala egiten bazuen gizon haren estantzia etxe hartan, azkenerako boxeadorea izan nahi zuen hura entrenatzen hasi zen, Paulino entrenatzen hasi zen berriro, Parisen bezala, kanpoan egiten zekien gauza bakarra egiten jauregi hartan ere, drogak ohera lotu eta begiak zabaltzeko kemenak jan zizkion arte.
Paulino, zergatik ni ez Ameriketara, han nork topatuko dik jateko eta lotako tokia? esanez igaro zituen hil aurreko orduak.
|