L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 9 zkia. (1987-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Hiribide bihurtzea amets zuenekoa

 

Patxi Sarriegi

 

Kaleak betiko itxura gordetzen du. Txakurren bat edo beste noraezean, erdi galduta, patxadaz dabil. Farolen argiari esker, itzal bakan batzuren mugimendua soma daiteke. Denbora aurrera doa, eta farolak piztuta dauden arren, beren argia iadanik ez da horren beharrezkoa. Euria hasi du; aterkien gama koloreztatuak oso konbinaketa desberdinak ematen dituelarik; batzuk astiroago doaz, besteak berriz, eseak eginez, tarte libreetatik lehenago desagertzen dira. Etxebizitzetako argiak pizten hasten dira, farolak itzaltzen, pertsianak jasota gortinak erdi-zabalduta geratzen dira.

        Isiltasunari jende eta kotxe hotsa nagusitzen zaio, gutxika gutxika. Soinu bakoitzak, era desberdin batean betetzen ditu kaleko edozein bazter eta ezkutuko txokoak. Motoreren batzuk biratuegiak pasatzen dira, balaztadaren bat ere entzuten da.

        Euria atertzen du, hala ere aterki batzuk zabalduta jarraitzen dute, euria garrantzirik gabekoa bailitzan. Gama koloreztatua txikiagotuz doa, kolore kontrastea galtzen du eta errekonozigaitzagoa den beste zerbaiti paso ematen. Putzuak agerian gelditzen dira eta balkoi gehienak irekita daude. Etxebizitzak husten hasten dira eta kalea edozein izkinatatik betetzen. Jendeak espaloiak bereganatzen ditu, txakurrek berena zuten bake pribilejiatua galtzen dute, erremediogabeki. Dendak irekitzen dituzte, txakurren lotarako txokoak desagertuak, eskaparateak batzutan ispilu, bestetan begiratoki erakargarri bihurtzen dira. Ez dago atseden hartzerik; ordutegiak aginduta, dendariek produktua ahalik eta erakargarrien eskaintzen saiatzen dira. Kale bidaiariak, batzutan, horren aurrean ezin despistatuarena egin, eta denda barrukalderantz, despistatu baino nahitaezko deskuidoan sartzen dira.

        Norabideak difuminaturik, mogimendua nagusitzen da, ia aterkirik ez, inoiz batzuk besteen kontra elkar oztopatzen dute, baina oso jende gutxi dago geldirik. Bapatean, zaparrada gogor baten eraginez, kale ertzak bete eta espaloiak behinbehinean libratzen dira. Orduan eskaparateak, ezinbestean, gertuagotik eta kontu handiagoz behatuak dira eta, bapatekotasunezko xarma galdurik, irrigarri gelditzen dira. Bakan batzuk bakarrik jarraitzen dute jendearen arreta erakartzen.

        Eta komentariorako unea sortzen da, presak ahaztu eta nor bere subjetibitatearekiko jokuan sartzen da; hau erostea dela, bestearen kalitatea dela, hangoaren gehiegizko prezioa dela.. Hala ere, beste uhinean baileuden, badira ere zaparrada erdian, ez aterkirik, ez ezer, kalean gora eta behera jarraitzen dutenak. Sufritu aurpegi handiagoz edo txikiagoz. Errealitatearekin desafioan lotsagabeki sartu nahian ahalegintzen direnak. Azken batean, busti baino ez zarelakoan.

        Eta, harakoan zein honakoan, protokolo bera nagusitzen da kalean. Ilundu bitartean, antzerako ibilaldiak eta aurpegiak. Ituntzerakoan argiak pizten dira berriro eta txakurrak ere lasaiago ibil daitezke. Kaleek, ordainez, isiltasuna baino ez dezakete aurkez, eta bakarti eta desordutan dabiltzanen garaia iristen da. Gaur, ordea, ezin isil daitezkeen bi hitzontziren algararen oihartzuna edozein izkinatatik entzun daiteke. Besoak mugituz, azalpen luzeetan diharduenaren ahotsa galtzen doa.

        Kalea, une batetik bestera, giro estatiko eta mugiezina bilakatzen da. Gauari paso emanez, patuaren igarpenak sosegurako ordua agintzen du. Egotea baino ez du zeregin. Hala ere —noizean behin amets egiten ere badaki eta— patuari muzin eginez, kale handiak imajinatzen ditu, urputzugabeak, farola ponpoxagokoak, asfaltatuak, letrero handikoak, egunero kale garbitzaileak pare bat aldiz pasatzen dituenetakoak.

        Gaur, berriz, alde bateko farolak piztu ere ez dira egin, ia haizerik ez dago eta ilargiaren babespean loak hartzeko irrikitan gelditu da bakarrik. Espaloi zabaletako eta etxerraldoiez inguratutako kaleak, putzuetan isladatzen den ilargiarekin nahastuta agertu dira. Hiribide bihurtutako ametsean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.