L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 10 zkia. (1988-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitza lauz—

 

Artzaia eta hildako soldadua

 

Karlox Barrentsoro

 

Mieltxo artzaiak danbada hurbil bat aditu zuen eta gero berehala beste batzuk,... Tiro hotsak ziren. Tiro hotsak eta oihuak, heriotz oihuak

        Mieltxo bere artaldea Beltza bere zakur leialaren arduran utziz, laisterka abiatu zen doinuak zetozen tokirantz. Laisterka zihoan baina ixilik, bere gorputzaren mugimenduak, baita bere ibiltze soinu ttikienak ere, haizeak astinduriko ostoen danbaladarekin eta izadiaren orru ezkutuenekin nahastuz. Korrika baina ixilka, jakin-nahiak deiturik baina arrisku hurbil baten izateaz oharturik.

        Horrela ibili zen hamar bat minutu luzeetaz bidegurutze batetara iritsi arte. Han ez zen inor mugitzen, han ez zitzaion inori aditzen, baina birautzeko bakardade ixilean, goiz sargoriotsu hartako ixiltasun bakartian, bide bazterrean etzanda, odoldurik, bizia galdurik,... mutil gazte bat zegoen begietatik azken bizi hatsak zihoazkiolarik.

        Bere ondoan fusila, xiur aski bere idealen defentsarako bizitzaz erabilitako erraminta eta metro batzuk haruntzago, belar urdinen artean, txapel gorria, bere idealen zehazkizun eta lekuko. Mutil ederra zen, euskaldun jatorra bere musuarengatik argi aski ikusten zen bezala. Gazte lorean zegoen, heriotzaren segadunak bere bizi enborra moztu zuen arte.

        Mieltxo begirune haundiz belaunikatu zen gorpuaren aurrean, bere masailetatik malko mindu ixilak zirriztratzen zitzaizkiolarik beren gardentasun birjinaz artzaiaren larru gogor gorria bustiz. Bere esku gogortu lakarrek soldaduaren eskumutur hotz zuria hartu zuen goxotasunez estutuz, bizitzaren azken itxaropenak aurkitu nahiean, baina alperrik, gaztea hilik baitzegoen, hilik eta odoldurik belarraren gainean, bere odol gorriaren bitartez heriotzaren ankertasuna adierazi nahiko balu bezala.

        Hilda zegoen, gorpua zen. Ez zegoen zer egiterik. Samina artzaiaren zainetatik abiatu zen bere muinak berotasun astun batez gogorki kolpatzen. Bere eskuak itxi ziren bere hatzaparren indarrarekin, barruan irekiten sumatzen zuen amorru itsua ito nahiean.

        Bere begiak itsuturik zeuden, malko gordinez estalirik; bere ahoa mututurik, ezinaren amorrazioz josirik eta bere gorputza osoa gelditurik, izerdi heze batek geldierazirik. Baina bere erraietan, bere bihotzaren bazter sakonenetan su bero gartsua pizten ari zen bere baita osoa sukar haundi batez kutsatuz, bere garuna eta bere gogoetak kixkaliz.

        Mieltxo zegoeneko ez zen gaztea. Bere urte hoberenak aspaldi joanak ziren, baina hala eta guztiz ere, oraindik sasoian zegoen. Ez zen motela gure artzaia eta bere gorputzean gure menditarren indarra ikus zitekeen oraindik. Horregatik adinean sarturik zelako, Mieltxo ez zen aldameneko beste gizonekin batera gudatera abiatu. Horregatik eta baita norbaitek ardiak zaindu behar zituelako ere. Perutxo eta Joan bere anaia gazteak alde eginak ziren aspaldi, aitak lehenengo karlistadan erabilitako eta urte luzeetan ehian kontu haundiz ezkutaturiko fusilak eramanaz. Eta orain hortik barrena, nonbait ibiliko ziren tiroka Euskal Herriko libertateak defenditzen. Edo agian nonbait egongo ziren hilik, lurrean zerraldo etzanda, odoldurik,... aurrean zeukan soldadu gizarajoa bezala. Gernikako Arbolak gorde ditzan bere gerizpean! —pentsatu zuen barne barnetik.

        Mieltxok ezin zuen gehiago bere pentsamenduekin, eta bere gogoetak bazterrera botaz eta soldadu eroriaren fusila eskuan irmoki hartuz frente alderantz abiatu zen burua itzuli gabe atze atzean gelditzen ziren borda eta ardiak, eta atzeragoan, urruntasunean odeien artean bere pausoei itzala emanaz gelditzen zen Jaizkibel mendi luze ederra ez ikusi arren.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.