Hitz lauz
Sei zigarroen kronika
Inazio Mujika
Jertse gorria bizkarrean hartuta jaitsi ditu Benantziok zurezko eskailera kirrinkariak eta behebarruko atea zabaldu duenean goizaldearen hoxkarrak jo du matrailetan. Ilun oraindik puskaterako, kaiara daraman kale arteza hartu du karrika estu eta motzetan ibili ondoren. Gauaren isiltasuna puskatzen duen zurrumurrua haundituz dihoa kalean aurrera ibili ahala.
"Lutxinea" tabernan sartu da, kalearen erdi parean bezala, ordu ttikitan zabalik egoten den bakarra baita, erreleboko langileen azken ala aurreneko kafe-kopa-puruak serbitzearren, giro keetsu eta biziatuan, makina tragaperren zaratots etengabearen konpasean.
Oraintxe, leporaino bete-betea dago.
Barrura egitean diosala batzuk egin behar izan ditu, baina konpromezuzkoak gehienak. Ez dira ordu horiek hiztun zaleak, are gutxiago aho zabal irrifartsuak eta begi ireki gehienak bideo pornoari iltzatuak daudenean. Komentario lizunak entzuten dira hemen eta han. Mostradorearen kontra-kontra jarri da Benantzio, berari gustatzen zaion bezala, barrako nagusiari kafe hutsa eskatuz.
Ze Manuel, golfa jarri al duk telebixioan?
Biok egin dute farre, ez algara ordea.
Jendeari, txuloan sartzearen kontu hori bai gustatzen alajainkoa!
Ezpainak bildu ditu kafe beroa hartzeko eta azken dzangadatxoa hartu aurretik, kikara bueltaka ibili du hondoko kondar-azukreak ere jaso nahiz. Eskuarekin garbitu ditu ezpainak eta paperezko serbiletarekin eskua. Lehen zigarroa piztu du orduan.
Ez haut sekulan konprenituko Benantzio. Jubilatu eta gero ere, lan egin behar hori ez duk parte onekoa.
Hi ere hasi hadi etxean bezala, utzi beharko nukeela eta hola, setarekin. Alfer-alferrik duk dena, gauza naizen bitartean behinipein ez diat itsasorik utziko eta akabo orduan.
Ordaintzeko unean piztu du lehenengoarekin bigarren zigarroa. Bostehunekoa eman dio Manueli osoan eta honek itzulitakoak patrikan sartu ditu kanporako bidea hartuz. Berriro kale artezan barrena abiatu denean bezperako sesioa bururatu zaio, tabernako zurrumurrua amatatu ahal eta kale zabaleko isiltasuna nagusitu arau. Marielbiraren aspaldiko lelo bera bota zion atzokoan semeak ere. Ibiliko zitzaion oraingoan ere, "esaiok aitari", "esaiok aitari, hiri kaso egiten dik-eta". Erlekistena baino okerragoa zen Marielbira horrela hasten zenean. Nazkatuta zeukan bere histeriarekin.
Aita, ez dira urte jostarinak zureak, nolanahi hor itsasora irtetzeko. Hasi beharko zenuke etxera gehiago biltzen. Behinipein ez bakarrik ateratzen bai behintzat. Edozein gauza pasatuta ere...
Badakizu zer izan zenuen San Marzial bezperan eta. Eguzkiak pasa edo dela, mareatu egiten zarela edo zernahi gauzetarako ere, zu bakar-bakarrik Lehen Muxarrarekin joaten zinen, baina hura erretiratu zitzaizun eta zu oraindik...
Zer eta txibi txar pare bat, gehienera jota ere etxeratzeko. Ikusi ere ez baituzu lehen bezala ikusten gizona...
Zintzarriak jo dionean gaur goizean, jaiki egin da Benantzio, jaiki eta sukaldean musua garbitzen eta ari zenean, Marielbira etorri zaio eta begi exkelak ezin zabalduz, atezu xamar, esan egin dio "baina ba al zoaz azkenean?". Kioa atera zaio eztarri lakartutik.
Benantziok ez dio erantzun.
Ateratzeko atea hartu duenean, komunean sentitu du nigarrez eta jertse gorria bizkarrean hartuta, zurezko eskailera kirrinkariak jaitsi ditu, ez nahi ordurako.
Mollan, eskailera harrizkoak jaitsi ditu eta enbarkaderoan, nondik nora joan behar zueneko kontuak ateratzearekin batera piztu du hirugarrena. Ondoren lehen txalupatxora pasa da eta trasteak hartu ditu gero. Arraroa egin zaio azpiko kulunka. Txalupaz txalupa motordun ontzietara iritsi da. Belaunburuan mintzurria du joan deneko hilabete honetan eta eskua ezartzen du behartu behar duen bakoitzean.
Motorretan, bigarrena zen bere "Onyarbi".
Hasterako, gauzak antolatu egin ditu bakoitza bere lekuan ohi duen legez eta hondoko ur apurra txukatu egin du propio lan horretarako duen potoarekin. Painu busti batekin ertz guztiak pasatu ditu, tortikak azkazalekin arraskatuz. Poliki-poliki lekua egin dio "Onyarbi"-ri beste ontzi lotuen artean eta halako batean arrankearen sokari eman dio hanka eskuin saihetsaren kontra jarrita. Zarata hastearekin batera hasi da ontzia ere martxan eta molla-mingainetik barrena atera da itsaso zabalera.
Itsaso librera iristean soilik eseri da Benantzio, laugarren zigarroa piztuz.
Hodeiertz aldera argi laranjatsuak ageri dira ñir-ñirka, izarren ispilu, taldeka batzuk, bakarka besteak. Ez asko guztira. Bidean beste pare bat lagun agurtu baditu ere, ez dira asko atera diren ontziak. Bere gustoko txokoan, seguruasko, ez zen gainera inor ibiliko. Aita zenak erakutsi zion bere garaian eta ongi zaintzen du inori esan gabe. Ezta Muxarrari ere elkarrekin joaten zirenean. Semeari bakarrik, baina hark bajamarrekoa dirudi dagoeneko, kajaorros batean lanean jarrita.
Itsasoa beltza ageri da. Soilik ilargiaren argiak xuritzen du zatika. Argiekin joaten zireneko garai haiek bururatu zaizkio. Motorrontziaren azpian jarrita txibiak erakartzen zituzten, ontzi inguru guztian halako ingurumari argizko eta majikoa sortuz. Orain galerazita dago guztiori. Ez dute ordea guztiek kaso egiten.
Bertaratu denean, motorra gelditu egin du. Lurra ere ez zen urruti ilargiaren argiak ikusten uzten zuen neurrian. Kriseilua, atzeko masta ttikian zintzilikatu du eta ur mugituen isiltasunarekin topatu du bere burua berriz. Burukomin petral batek aldegin bailion sentitzen du motorraren soinu gogaitgarria itzali duenean.
Eztul pare bat egin du, nolabait isiltasun hura puskatzearren, zigarroa ezpain ertzetik kendu gabe. Jertse gorria jantzi du hozkirriak behartuta. Jertsea Marielbirak egina du eta eskumuturretan eta bularraldean, arraia urre kolorekoa dauka fina oso, baina ikusgarria guztiz. Alkandora lepoak atera dizkio segidan.
Aparejoak askatu eta amuak prestatu ditu urrena, gauzak aurreratzearren berandu zebilen-eta. Sokak eta korapiloak ez dira beti ondrauak eta behar bezala moldatzen pasa ditu une luze xamarrak.
Amuak eta aparejoak alatu dituenean iltzeetan kateatu ditu eta adi-adi geratu da begira. Aldian behin eskuarekin eusten du pita, pisatuz bezala. Bosgarren zigarroa erretzeari ekin dio atseginez, beti ere batarekin bestea piztuz.
"Ez dira urte jostarinak zureak aita", "eguzkiak pasa-edo zernahi txorakeria nahikoa da, badakizu". "Norbaitekin behintzat". "Bakarrik ez". "Sekulan ez". "Bakarrik ez". "Muxarrarekin". "Zer duk eta txibi txar parea". "Gehienera jota ere". "San Marzial bezpera". "Go-go-go-ratzen al zaizu zer geeer-ta-tu zitzaizun". "Bakarrik ez". "Inolaz ere ez". "Muxarra, hura erretiratu zen, eta zu oraindik...". "Ez dira ez, ez, ez, urte jos-ta-ri-nak zureak". "Ba-ka-rrik ez". "Inola ere ezzzzz "...
Hasieran aharrausia izan da, gero betazalak erortzen hasi zaizkio. Lepoak ondoren ez dio gehiago buruari zuzen eutsi eta petxuaren kontra erortzen hasi zaio halako batean. Zigarroa erori zaio geroenean behatz artetik
Kuluxkak egin ditu, uraren kulunkak lagunduta.
Itsasoa salda dago eta egunaren lehen argitasun bipilak azaltzen doaz ez oso era nabarmenean halaere. Begiak zabaldu gabe eta ontzitik hamabost metrotara ur-zurrunbiloa ikusi du, ur zurrunbiloaren erdian, gizon bat aiutaka erdi itoan eta gizonak, mugimendu gorria marrazten zuen besoak ezker-eskubi astintzean goizaldearen azken mugetan. Iluntasun urdin argitzen hasitako hartan, jertse gorria izan zion antzematerik, urre koloreko marrarekin eskumuturrean.
Gizona betirako urbarneratzera zihoanean esnatu da Benantzio eta begiak garbitu ditu esku ahurrez. Berriz pitak pisatzeari ekin dio eta zigarro berria piztuz eseri da. Seigarrena.
Artean, eguna zabaldu gabe zegoen guztiz, atzera loak hartu eta txalupatik erori denean, ezker-eskubi astindutako besoekin mugimendu gorria marraztu ondoren, ur beltz haietan eta aiuta eskatuz, herio gogor hartan.
|