Hitz neurtuak
Hatsaren bustia
Auxtin Zamora
(Poema hauek Maiatzek 88an argitaraturiko izen bereko liburutik hartuak dira, egilearen baimenarekin.)
Sasi sugetsuetan
Arats huntan,
iduzkiak,
garbi utzi dauku,
sartaldea,
zuhaitz abar eta abartxoak,
hosto gabeko sasi sugetsuak
desestekatzen dira,
zeru gorailean;
iduritzen zaut,
ezin urratuzko pentsamenak
dituztela preso beren xixtetan,
eta, sobera luzaz,
uzten badut neure soa,
beren laparretan,
nago ez nauten,
inkontzientzia batean,
berenganatuko.
Izarka
Eskubeteka iretsi dut denbora,
eta, izarka ari naizelarik,
gau beranduan,
ezin dut,
zango mainguka,
gehiago segi,
ifernua eta zerua artean
diren marra mugagarriak.
Ikusminekin,
galtzen dut,
neure arittoa,
eta, itsumandoka,
bururatzen,
neure jokoa.
Noiztenka
Noiztenka,
arrastoan ezartzen ditut begiak,
eta tanpez gelditzen neure pausuak,
ustez, haur nintzelarik bezala,
berritz ikusten dutala:
betazpal kliskako baten denbora
irauten zautan,
haizeargizeru sentimendutsu bat,
bainan nigarrek,
begiak lanbrotzen dauzkidate,
eta iduritzen zaut,
ilusio hori,
neure pausuek,
bruma bat bezala,
trabesatzen dutela.
|