Hitz neurtuak
Poetika
Felipe Juaristi
Emakumeak igaroko dira, emakume azkarrak
eta ahaztuko duzu gorputza duzula
Ez zegon infernurik.
Zerua bidaiatzen dun bide gorritik zehar,
buru estalgabea ilargiaren argi leunari eskeiniz.
Bazegon haren oihartzuna hire ezpainen urmahelean,
hondo hareaztatua barnatzen, astintzen.
Zeruak ere bilatzen din aterpea, gordetzeko.
Hire ahoa dun arratsaldeko sua baretzen duena.
Hire ahoan sartzea errito bat,
itsasoarekin anaitzen den izurdiarena,
ur-besarkadaz desagertzen uhartearena,
tunelaren birjintasuna xahutzen trenarena,
ehiza beroa jasotzen duen ehiztariarena,
lurrak estaltzen hildakoarena.
Hire ahoa, Abrahamen altzo goria.
Hire ezpainen karelean lagatzen ditinat
hodei hondarratuen errosarioa, uso hilen sortak.
Hire ahoan urretxindor berantiarrak desegiten ditun.
Barraskilo mantsoa, hire ahotik ene galburua,
zeharkatzen naun pazienteki zirkularrean,
hire mingain tolesgabeaz espiralean,
behetik gorainoko horzkada xume, xumeetan
eta ni isuri, ibaiatzen naun, altxatzen
eta izara artean bilatzen dinat hire ipurdi, ipurditxoa,
ene maitea,
hire ipurdi betierekoaren polo izoztua.
Irekitzen dinat etxea: hire usaina nonahi
edo bestela isiltasunak senditzen bazekin
edo bestela isiltasunak su-zaporea din.
Hire galtzerdi, makula gabea,
lurrean lekuturik, alfonbra gainean,
zisne zuria dun aintzira geldian.
Hemen natiagon, bazekinat, hitaz zikindurik,
iritsi hintzen maitale eta ezkutatzen hatzaidan.
Ixten dinat atea, neoia,
Ixten dinat dagoeneko mundu itxia.
Ez hitzik, ez aitzakirik, ez argudiorik;
diosalik gabe biluzten ari naizela jakingo dun,
irekitzen dudala sudur-ziloa eta bilatzen haudanala,
hire kalizaren zuri-beltzean edateko egarriz.
|