Hitz lauz
"Nuestro anhelo es tu grandeza"
Inazio Mujika Iraola
"El dieciocho, el veinte, veintiséis y veintiocho, venga ya", bi ordu eskasen buruan, atzera Kaboen karraxiek eta fluoreszente hotzen piztu arteko dardar xuri eta zurbilek esnatu gintuzten.
"Luego querréis que se os releve a la hora. ¡Arriba, joder!". Loerreak, begiak igurtzitzera eraman gintuen, etzauntza ertzean exerita. "Ya voy. Hostia. Déjame en paz." Gorra azpian aurpegia ezkutatzen zuen Katalanak, esnatu berritan kioa ezin disimulaturik. Ordubik eta laurdenak ziren. Berriz ere lerro fantasmagoriko hura formatu zen kuartel barruan prozesio armatua bailitzen, Kaboa aurretik eta atzetik gu, hotzak kizkurtuta, txamarra lepoak altxata, eskuak sakeletan. Ateri zen halaere, ordurarte euria gogotik egina bazegoen, nonahiko luatza galantek argi uzten ziguten bezala.
¿Sabéis todos la contraseña? Kaboak.
¡Sí, hombre!; ¡Anda, que "pa" lo que sirve...!
Déjate de gilipolleces, Polaco, y dímela, que luego me follan a mí.
A sus Ordenes mi General, "Ramón, Ratislava, Rana". ¿Ordena alguna cosa más Vuecencia?
Farreazala ezpaineratu utzaigun guztioi.
Nada, nada; manda descanso.
Oraingo honetan, garitarik urrutiena egokitu zitzaidan, kaserna atzean zegoen mendian jadanik. Handik ageri zen, hiriaren teilateria osoa, bere kable eta antenen marrazkiarekin. Urrutira, mendiak, elur lapaxtuak.
"Que te diviertas con las gachís", esan zidan Katalanak, garitan utzita. Handik burdela ikusten bait genuen, ibaiaz beste aldera, gorri kolore deigarri batean pintatua, eta garita hura zen Soldaduontzat, ikusten genuenarekin baino, imajinatzen genuenarekin gehiago, amets egiteko aproposa. Argi piztu-itzaltze bat; tipo bat ateratzen ikusi eta ezker-eskubi begiratuta, gauaren beztasunean galtzen dena, zamarraren lepoak altxatuz; neska bat balkoira irten eta ixkinetik xeletan begiak beztasunean galduta...
Gain hartatik ere, dominatzen zen kuartelak zuen zatirik abandonatuena. Garai batean ikuilu, autoentzat gordeleku eta konpon toki izandakoak aspalditik hutsik zeudenak eta behera etortzeko puntuan asko. Arratoientzat leku ezin hobea zegoen egina kuartela osatzen zuten Batalloietako batek aldegin zuenetik, eta sartu zein ateratzeko Soldadu ausartuenentzat itxitura zaletua zeukan hegoaldera, artasail batetara ematen zuena.
Bazen ordea, etxe bat besteak baino zainduago ageri zena lehen behaketa batean. Ate ondoan, lasto fardo bat zegoen erdi gastatua. Pikadero deitzen zioten, inondik ere, Soldaduek prostitutei dei egin eta alkarrenak jaminminez aztertzeko asmotan etzan leku bihurtua zutelako. Sekulan ez zitzaidan tokatu baina, bazen ikusita omen zuenik makina bat eta jakin ere banekien han ibilitakoren baten izenik.
Logaleak erasan ninduen orduerdi zutik neramanerako eta CETMEa bizkar gainetik kenduz, izkina baten kontra utzi nuen bigarrenez sudurrarekin itxumustuan kristalaren kontra jo nuenean, begiei zababik eusteko ahalgorik gabe. Espabilatzekotan beste zigarro bat hartu nuen, ez ezker-eskubitara begiratu aurretik ordea, etsaia guretzat barrutik etortzen bait zen eta ez kanpotik.
Garai haietan Winston pakete ximurtua patrikan eta txanpon batzuk izanda gastatzeko, nahikoa izaten zen zoriontsu sentitzeko. Hala erosita neukan gau hartarako ere, Goardia orduak lehen bait lehen pasatzeko ideiarekin. Kabo Primeroak pasa zigun errebista armarena, beste Soldadu lagun guztiak pasiran ateratzerako. Erreforzua formatu genuen Cuerpo Goardiaren ezkerretara eta izenak hartuz zenbakiak esleitu ondoren, Goardiako Ofiziala, Tenientea graduz, azaldu zitzaigun albotik: "Sobre la tercera, abran filas", berriz ere errebista pasa, ohizko mehatxu gozorik gabeak eta "léales las obligaciones del Centinela, mi Primero". Ez nituen ordurako alferrik pasa hogeitik gora gau, gela infausto hartan, mozkito eta tximitxen pozerako, jende eritzi haiek esaten zidatena adi-adi entzuteko.
Bukatu eta Kaboak hartu gintuen batzu-batzu garitetara eramateko. Nire lehenengoa erne pasa nuen, betiere mando jendea sarri igarotzen zelako Ofizialen Erresidentziarako bidean, baina bigarrenean, ezkutuagoan izaki, lasaitu nintzen zeharo eta zigarroa ardura gabe erretzeari ekin nion. Halaere, bi ordu luzeak dira eta beste patrikatik propio horretarako letra haundi xamarrekin aukeratutako liburua atera eta irakurtzen hasi nintzen, linterna ttiki batez lagunduta.
Hamaika-hamaiketan, ohi bezala, turutaren Ixil Tokea jo zuenerako ordea, aspertua nintzen irakurtzez eta ordu erdia besterik ez zen pasa. Pentsaketan eman nuen azken ordu betea, ondo bidez, hura zelakoan azken aurreko Goardia.
Gauerdia ongi pasea zen eta berriz ere Kaboak eraman gintuen Cuerpo Goardiara. Gauza asko geratzen da buruan Soldaduska garaikorik, baina neuk urteak pasa eta gero ere, ezin borratu dut memoriatik, zenbaitetan angustiatzeraino, goizeko Dianarekin batera garitetatik bueltan, Kaboak errebista pasa ondoko zierrearen kolpea, metaliko eta lehorra, katuarenarenaz jarraituta. Errebista pasa ondoren CETMEa utzi eta lotara etzan ginen, garita bakarra geratzen zitzaigunaren pozaz.
Eta azkenekoan nintzen ordurako, zigarrokina leihotik bota bezain pronto logaleak atzera harrapatu ninduenean, ez esna, ez lo dagoenaren egoera desasoseguzkora eramanez.
Ikusi, ez-ikusi, amets, ez-amets, puntu horrerata ailegatuta, emakume bat ikusi uste nuen, artasailetik atera eta, ate gaizki itxia zabalduz, eta teilatu-erlatz petik ateratzen, Soldadu jantziz, gizon bat. Bildu ziren muxu azkar batean eta eskutik oratuta, Pikaderora sartu ziren segituan. Segunduak izan ziren guztira eta ez nekien benetan gertatutakoa zen ikusi berri nuena ala ametsa ote zen lokarturik egindakoa.
Ez nuen jakin nahi ere, ordea.
Ez nuen neure burua batere behartu esnatze aldera. "Lehenago pasako zaidak hemengo aldia gogoan dut nerekiko esana, eta galtzetako botoiak irekiz, masturbatzen hasi nintzela ere gogoratzen zait Pikadero barruan gertatzen zena imajinatuz. Katalana etorri zitzaidan burura une hartan. Hura noski, garita bakoitzean masturbatzen omen zen.
¡Serás marrano, Polaco!
¡Sí, sí, marrano!, pero a mí se me pasan más rápido las dos putas horas...
Hala mintzatzen banintzaion ere, ordurako probatua nintzen eguzkiari lehen harrera ematen goiz-txintan, plazer bakartiaren muztiloaz lagunduta. Sordidoa iruditzen zitzaidan ordea, lekua eta egoera, eta ez nuen Katalanaren ausardia, kontu hura ia harrokiriaz zabaltzeko.
Pikaderotik zetorren zarata batek geldiarazi ninduen gorabehera hartan. Ateratakoa berriz ere bere lekura bueltatu eta lepoa zertxobait behartzeaz bat, aieska zorrotza eta tiro hots lehorra entzun nituen, bata bestearekin lotuta. "Dios", orduan konturatu nintzen Ofizialari parte eman behar niola eta berandu nenbilela. Interfonoaren botoia sakatzera nihoan, Pikaderoaren atetik irteten ikusi nuenean Soldadua, ezker eskubi begiratu eta atzera barrura sartuz emakumea lepoan kateatuta ateratzen.
Paretaren kontra-kontra jarri zuen eta bi makilekin galtzarbetatik eusteko modua egin zuen. Urduri zirudien gona eta txanbrak alisatu zizkionean, lasto eta hauts arrastoak gainetik kenduz. Gonazpikoaren enkaje mutur bat ere ikusten bait zitzaion, gonari behera tiratu, eta azkenik paineluarekin garbitu zion ezpain ertzetik behera zihoakion odol arrastoa.
Izerdi hotza sentitu nuen ondoren, Soldaduak nire garitarako bidea hartzen ikusi nuenean. Ni nintzen lekuko bakarra eta ez nekien zer egin. CETMEa zintzilik jarri berriz ere, eta atzera interfonoaren botoia sakatzeko posturan bezala jarri nintzen baina lehenago azaldu zitzaidan ezker aldeko sastrakatze batetik.
Alto eman, eta kontraseña eskatu nion, nerbioak denak urdailhesteetan bildu eta pilota eginda.
¡Déjate de hostiadas ahora, soy el Teniente!
Nire posturaino igotzen utzi nuen, hain nengoen harri eta zur. "Dispárale" egin zidan karraxi. Nik neskari lehenbizi eta Tenienteari gero begiratu nien, ikara ezpainen dardara etengabean azaleratzen zitzaidalarik. "Dispárale te digo". Berak kendu zidan arma geroenean eta paretaren kontra zegoen neskari apuntatuz, lau aldiz disparatu zuen. Lehen tiroa fogeokoa, ondoko biekin lurrera erori zen txorimaloa bezala eta azkena airera jo zuen. Nik belarriak tapatu beste lanik ez nuen egin.
Le has dado el alto tres veces y no ha parado. ¡Recuerda!
|