L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 13 zkia. (1989-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Irakasle ahalguztidunaren mendekhua

 

Joxean Sagastizabal

 

Jainkoak erran zion Abrahami sodomiarren bekhatuek gainezka egin zutela eta bazihoala haien zigortzerat, ezin jasan zezakeela aditz-ikara, deklinazio-akats gehiagorik, odola zeriela haren belarriei hainbertze izigarrikeria entzunik.

        Abrahamek galdetu zion Jainkoari etzienez bada barkathuren euskaltegi haiei edireten balin-baziren haien barnean berrogoi eta hamar justu. Jainkoak ihardetsi zion: Baldin edireten badire berrogoi eta hamar justu, haien gatik, barkhaturen diet guziei, baina gaitz deritzot, zeren eta ez dute ene begiek ikasle onik ikhusi aspaldi, eta bai mindu mila bider nere bihotza halako astakeriekilan.

        Ohartu zen Abraham kopuruaren enormidadeaz, eta laztu egin zen guzia, eta erran zuen: Jauna, badakit hauts eta errauts naizela zure aitzinean, baina zilegi bekit egitea bertze galde bat, zer egin zenezake, Jauna, ez edireterat hiru justu baizik? Jainkoak ihardetsi zuen: Ez nitzake euskaltegiak gal-araz.

        Hemen ageri ahal da zein urrun hedatzen den Jainkoaren ontasuna, eta ezin bertzeak daramala ikasle bekhatoreen punitzerat, Jainkoa ekharria da guziei barkhatzerat, edireten balin-ba ziren euskaltegi guzietan, bakharrik hiru ikasle on!

        Lot Sodoman zegoen, euskaltegi hartako eta ingurutan ziren bertze lautakoak emanak ziren gaiztakeria izigarrienetarat, baina Lot urrun zen bekhatutan kutsatzetik, garbi zeukan bere mintzoa, bere erranak, subjuntiboa eta baldintza ere meneratuak zeuzkan, zeruan guttik bezala.

        Bi irakasle, aingeruak ziruditenak, sartu ziren Sodoman Jainkoak hura gal-arazterat zihoala Abrahami erran zion egun haren arratsean eta ikasle saindu hura segituan agertu zitzaien, handik fite hango bertze ikasle guziek inguratu zuten etxe hura eta erran zioten mehatxurekin Loti ialgi-arazteko barnean zeuzkan bi irakasleak, baina hauen ezpainetatik sortutako euskara garbiak demoniozko jendetza uxatu zuen instantean.

        Irakasleek erran zioten Loti: Balin-baduzu ahaiderik Sodoman lehia-zaite haiek ialgi-arazterat ezen Jainkoak galtzerat darama euskaltegi hau, zoazte lehen-bait-lehen menditarat eta ez so egin gibelerat, bertzela galduak zarete.

        Jainkoak jauz-arazi zuen azufre eta suzko euria Sodoma, Gomorra eta alde hartako euskaltegien gainerat. Bortz oso izan ziren errautsetan utziak.

        Loten emazteari gertatu zitzaion huts bat, ahantzirik Jainkoaren debekua behatu zuen gibelerat, une berean izan zen Kintanaren hiztegi bihurturik.

        Biharamunean Abrahamek ikhusi zituen inguru haietatik altxatzen ziren khe beltza eta ikasle-erre-usaia bihotz erdiragarriak

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.