Hitz neurtuak
Negar egiteko katilu handia
Juan Luis Zabala
Poema hauek Juan Luis Zabalaren Negar egiteko katilu handia poema bildumatik atereak dira. Poema bilduma horrek 1988. urteko Imajina ezazu Euskadi lehiaketan 2. saria irabazi zuen euskarazko poesiaren sailean.
Negar egiteko katilu handia
Negar egiteko katilu handia dut
poesia deritzodana.
Katilua eman zidanak
ez zuen jakin zertarako izango zen.
Poesia erakutsi zidatenek
ez zidaten inoiz katilu konturik aipatu;
negarraren kontrakoak ziren gainera haietako asko.
Poesia eta katilua neuk lotu ditut beraz,
eta katilu horretan prestatuko direnak
neuk egindako urak izango dira beti,
gero guztiei erakutsiko dizkiedanak.
Badakit malko zaporea ez dela gustokoa izaten
baina nik ez dut horretan erreparatu behar.
Nik katilu barruan igeri egiteraino murgildu nahiko nuke
eta inoiz inon inork ikusi ez bezalako arrain harrigarriak kausitu.
Orduan beste modu batera begiratuko nindukete denek.
Ez al da ba hala?
Gauaren botila
Gauaren botila
husten ari den bitartean
zure haurrak sasi-arantzen odola oroitzen du
eta haurraren bakero pistolaria pinua eta kaktusa erkatzen ari da.
Haurrak ez bait zuen uste
nagusien gauak botilazkoak zirenik.
Dena den, gaua berez ilargiz jazten dela ere
nonbait ikasi behar,
norbaitek irakatsi behar (ilargiaren definizioa jakin beharrik ez dut uste dagoenik).
Hala ere, ordea,
norbait horri zurrut bat eskaini behar (gabezia bete ezinik? ospatu egin behar
den arauera, irakaskuntza busti egin behar).
Eta gauaren botila egunero betetzen dute (ilargi-uraren ordez H2O nahasiz).
"Handiagoa izaten da larunbatetako botila."
Ilargia urrunegia da (eta ez du berezko argirik... eta oso geldia da...).
Eta gauero gauaren botilak bustitzen gaitu
sasi-arantzen mina eta pinuaren eta kaktusaren arteko ezberdintasunak oroipen
soil, urrun eta hegatari bihurtuz...
Bazkalordu
Eguneroko bazkariaren aspertasunean
mahai borobilaren aurrean zure begiak.
Izar bat horditzen denean
gaua apaintzen da argiz
eta gaukide hordiek
beren begiak elkartzen dituzte
ilargi borobila dutela tartean.
Eguneroko bazkariaren aspertasunean
izar hordi iraganen oihartzunek
mahai borobilaren aurrean zure begiak
begira ditzadan eskatzen didate
bazkalordua apain dezadan maitasunez.
Semaforoak
Semaforoak sinisten al ditun?
Egin ezan gogoeta gauean.
Polita dun galdera, nik uste.
Ez al din sikiera
zirrararik sartzen
ixilean entzuteak,
begiak itxita?
Gidari moeta ezberdinetan
pentsa dezaken, esaterako,
kolore aldaketaren zain guztiak.
Nik aburu bat eman diezanaket:
semaforoak hitz ditun;
semaforoak kodigo ditun;
semaforoak gezurra ditun.
Errepara ezan hutsune hori.
Ikusiak ditinat
goiztiri, paraje eta arrats ederragoak,
baina ikusmen honek zerbait gehiago din.
Zer edo zer lortu dugulakoan negon.
Sentimenduen geltokia
Trenez eginiko bidaien
geltoki bakartietan
ene begiek
esku leun eta ferekatzaile batek pinta ditzan nahi dute.
Sentimenduen ibilaldi elektrikoa
geldierazi nahi duen
eta esistitzen ez duen
blues dardarti eta motel batek
eztiro erotzen eta tristatzen dit
ez dakit zer, urdaila edo.
Geltokiaren ikusketa
lainotu eta lausotu egiten da
betikoratuko duen eskuaren zeinua sentituz
eta lo egiteko prestatuz.
Aurpegien misterioak
elurpeko umeak dira.
Zoluko hondakinen kasualitateetan
murgiltzen naiz gozo, emeki, lasai, astiro.
Geltokia neurekin ados sentitzen dut,
bere begi ezkutuek
nire esku leun eta ferekatzaileak pinta ditzan nahi dute.
Aterrune
Hitzek bustitzen gaituzte lanbro etengabetan,
mezuzko hitzak, tantoka hizketan, H2O;
aterpe eskas, goardasol nekatuak,
hezetasunaren propaganda laino lerden dotoretatik esekita.
Ez da zaila, bestalde,
ohituraren beheranzko aldapan,
larrosaren bat edo beste aitortu behar dugularik ere,
gabardinarik gabe bizitzea
eta arrapaladaren zorabioan
ikuspen busti guztiak bateratu eta nahastea.
Batzutan, ordea, atertu egiten du erabat.
Noizbait ere baitako galmendietariko ahotsa dantzut
busti nauten tantoen ezberdintasunak erkatu eta irazkintzen,
"hidrogeno gehiegi, oxigeno gutxi" izan ohi da kexu,
hala dio bederen gehienetan.
Gogoetaren lautada mugagabean,
atseden, indarberritze, begien bake,
iragan euriak errepasatzen ditut nahasketarik gabe,
galmendiari ze ur komeni zaion jakiten dudan heinean
agian asmatuko dut nondik irten.
Behintzat eta bederen, besterik ez bada ere,
behinik behin, ez da gutxi, deus baino hobe.
|