L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 13 zkia. (1989-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Ordu bi t'erdiroko lokutorea

 

Karlos Zabala

 

                                                ...sarebbe turbato dalia malizia

                                                del vivere quotidiano...

                                                                    Umberto Eco

 

Bazterrik ilunenean dago irratia, logelako apal bakarrean, lehen San Kosmek, sendagileen zaindariak, betetzen zuen lekuan. Gorrixka da, gorriluna, eta zahar samarra, baina ongi entzuten da gehienetan. Julie ohe gainetik jeiki eta piztu egin du. Goizeko ordu bi t'erdiak dira, puntu puntuan, eta goizeko ordu bi t'erdiroko musikak lau pareta ilunen arteko aire geldoa dardarazi du. Julie Reardon, hogei eta hamabost urteko andre triste bat, duela hirutatik alarguna, ohe ertzean eseri da, musikaren erritmoan oina dantzan.

        Lokutorearen mintzo epelak garaitu du sintonia alaia, zeharo ezkutatzeke, eguneroko mezua bidaliz:

        "Gaukide bakartiok, aska itzazue zuen gogo hegalariak zaudeten etxeetatik, kamioetatik, pub-etatik gure batzarrera biltzeko. Otso beltza zuen esperoan daukazue; otsakumeak! etor zaitezte haitz gorriaren magalera!, eta has dezagun inoiz errepikatuko ez den gaurko saioa!

        Gaukide ameslari maiteok, ongi etorriak izan zaitezte hemen hasten den HAITZ GORRIPEKO BILERAra."

        Julie-ren ahoan hainbeste aldiz aditutako hitzak oihartzundu dira ohargabeki; begiak itxirik, gaueko deian konzentratu da, lokutorearen aurpegiaz alferrik oroitzen saiatu deiarik. Musika leuna berriz jabetu da espazio astunaz.

        Bi urte eta piko dirau irratsaio honek, eta lehendabiziko egunetik ez da behin ere aditu gabe gelditu, batzutan ia ezinezkoa egin behar izan badu ere, hala nola, tramankulua hondatua, orain gogoratzen ez duen aitzaki irrigarriren bat zela eta, auzoko baten etxera autogonbidatu zenean, edo lagunekin afaltzera atera, itzultzeko taxirik aurkitu ez, eta ospe txarreko taberna batean entzun zuenean, asmo argiekin hurbiltzen zitzaizkion mozkorrak aldentzen zituen bitartean.

        Hasieran, Thomasen, senar hil berriaren, ausentzia eramaten laguntzen zion gaueko ordu hutsetan, haren falta are jasangaitzagoa gertatzen zitzaionean.

        Gaiso larri baten dei urrikarriak —sendagilea bait zen zoritxarreko Thomas— etxetik urrun eraman zuen egun hartaz atzo balitz bezala oroitzen da. Sei urte luze zoriontsuk ihes egin zieten ezkondu zirenetik inork ikusi ez omen zuen auto-istripu hartan harenak egin zuen arte. Juliek hogei eta hamabi urte betetzen zituen egunean bertan, bihurgune itxiegi batean amildu eta betiko gorpu gelditu zitzaion gizona. Alboko eserlekuan zeramatzan arrosa gorri sorta eta opari-paperez bildutako paketetxoa, odolez zipristindurik, bi egun beranduago eskuratu zizkioten, ohar txiki batekin:

        "Ze uste zenuen, ez nintzela oroituko. E!, bada, ez! ez nintzen oroitzen, baina zure lagun batekin topo egin eta gogorazi dit. Eskerrak! Bestela, gizagaixoa ni!

        Zorionak! Zorionak! Zorionak! Thom."

        Paketetxotik orduz geroztik lepoa beti apaintzen dion urrezko iduneko bat atera zuen, negar zotinka. Oraindik, gaur egun, ez du berezko zuen alaitasuna zeharo lortu. Zerbaitek noiz behinka poztea erdietsi izan badu, bulegoko adiskide batek erregalatutako irrati laguna izan da, eta, bereziki, zorioneko gau-saio hau.

        Berehala ohitu zen, iratzargailurik jartzeke eta goizean neka-neka egina laneratu beharrik gabe, iluntasunaren erdian esnatzera, uhin magikoek isiltasun lazgarria hauts ziezaioten, bakardade itzela bete ziezaioten. Poliki-poliki, egunaren kezka eta arazoen ihesbidea zena premia sakona izatera iragan zen; behartua aurkitzen zuen bere burua botoi horia tinkatzera eta ordu betez, geldirik, hitzen batek eskapo egingo ote zion beldurrez ia arnasa hartu gabe, ahots ezagunaren menpe egotera, ahots erakargarriak gerarazia, sorgindua. Aurrerago, saioa amaitzen zenean bakarrik loak hartzen zuen, hasieraren zein bi edo hiru ordu esnarik iragan behar bazituen ere.

        Lokutorearenganako mirespena maitasun platoniko bihurtu zen ezari-ezarian; gorputz ezezagun baten ahotsaz maitemindurik zegoen, aurpegi gabeko ahotsaz.

 

 

 

Behin batean, saioa hasteko gutxi gora behera ordu pare bat falta zelarik, iskanbila sumatu zuen eskaileretan. Berandu xamar zen, eta etxe hartan hamarretatik aurrera istiluak ezohizko zirenez gero, jakinahiak zirikaturik, eta nolabait aspertasunaz lekoratu nahiean, ate aldera hurbildu zen. Oihuetan atezaintsaren ahotsa ezagutu zuen, norbaiti erritan ematen ari zitzaiola; sei hilabetetako errenta zor omen ziola, ea zer uste zuen, berak ere bizi beharra zuela, bere lekuan jartzeko...

        Korridorean aurrera jo zuen berriz ere, logelaruntz, desilusionaturik, sorgin zahar horri erantzuteko adorerik ere ez zuen gizarajoaz urrikitzen zelarik. Lau pauso besterik ez zituen eman, bizilaguna erasoari aurrera ematen ausartu zenean; ez zuen esaten zuena ulertzen, baina, ahots hark!, ahots hark irratikoa ematen zuen! Ez, ezin zen! Agudo baino agudoago itzuli, zirritutik begiratu eta ez bait zen deus ikusten, kanporatu zen; jaisten ari ziren, eta une labur batez egon ondoren, argiontzi izena merezi ez zuten bonbilak madarikatuz sartu zen etxean, hortik ere ezer ikusi ezin zuen eta.

        Guztiz artega eman zuen saioaren hasierarako falta zen denbora laburra, bihotzeko lokutorea goiko etxebizitzaren batean bizi zitekeela pentsatzen zuela. Minutoek orduak ziruditen. Mila burutazio erabili zituen haren ahotsa entzun ahal izan zuenerako, eta bai, irratia hitzegiten hasi zenean, oraindik gelditzen zitzaion zalantza izpia suntsitu egin zen. Bera zen. Gertakari ikaragarriaz geroztik, estraineko aldiz, bizitzeko gogoak piztu zitzaizkion, ilusioak, beldurrak, kezkak, asmoak, ezbaiak, denak batera hasi ziren haren baitan nahasten. Gau hartan ezin izan zuen loak hartu, lokutorea etxera noiz itzuliko zain. Ahalengindu bazen ere, ez zuen nolakoa izan zitekeen imajinatzea lortu. Ez eta zergatik berandutzen zen horrenbeste ere. Seiak aldean norbait zetorrela entzun zuenean, arront urduri jarri zen, baina beheko etxebizitzetako batean sartu bide zen. Segidoan, pixkanaka-pixkanaka, langileak eta ikasleak eguerdira edo arratsaldera arte etxetik ateratzen joan ziren, ateak danbadaz itxi eta eskaileretan behera lehiaz abiatzen zirelarik. Zortziak inguruan, ordean, norbait igotzen ari zela sumatu zuen; etsiturik, zegoeneko bulegoko lanez pentsatzen ari zela, gosaria prestatzen hasi behar zuen mementuan. Zirritura hurbildu eta begiratu zuen. Gizon txiki bat zen goruntz zihoana. Bizkar zabal, ile gutxi, eskuan poltsa bat; gabardina arrea eta oinetako beltzak jantzirik. Deskantsiloko leiho txiki zikinak iragazitako argi goiztiarrak ez zion gehiago azaldu. Hauxe izango ote zen?

        Biharamunean, gaueko hamabi t'erdiak inguruan, goiko etxebizitzaren bateko atea ixten zutela aditu zuenean, zirrituari itsatsi zitzaion, bere begi grinatietan debekatuaren aurrean haurrek erakusten duten jakinahi zirraragarria sentitzen zuela.

        Eta lokutorea igaro zen, eta eskaileraren itzaletan barneratu.

        Ohean eseri zen, eta Haitz Gorripeko Bilera hasi baino bi ordu lehenagotik irratiko ahotsek laztandu zioten bakartasuna.

        Goizean, ohi baino lehenago jeiki zen ohe zabaletik; ur hotzez gorputza esnatu, soineko beltz dotorea jantzi, eta balkoira atera zen. Barandan jarri eta kaleari begira gelditu zen, zain, lokutorea agian goizago etxeratua zelako pentsamendu gogaikarria burutik aldentzen saiatzen zelarik. Zazpi danda zabaldu ziren hirian, eraikuntza grisen artean ezkutatzen zen eliza zaharren batetik. Eguna arturratzen zuen. Espaloietan kolore ilunezko pertsonak higitzen ziren, kamioan argidun automobilak harat hunat, ixilik, denak ixilik, gauaren ixiltasuna haustea zilegi ez balitzaie bezala.

        Zortziak aldera azaldu zen kalean. Aurreko eguneko gabardina irekiak panazko galtza berdeak eta elastiko hezur-kolorekoa ikusten utzi zion Julieri. Itzal artean itxurosoago iruditu bazitzaion

ere, etxetik irten zen, ordu erdi bat lehenago, balkoiko atea ixtea ahazturik. Atarian topatu ziren elkarrekin.

        "Egunon" hotz bati erantzun zion alargunak.

        — Egunon, bai! Zer, lanetik?

        Gizona gelditu zen; burua biratu eta galdetzaileari so egin zion, eskailerako ezezagunen topaketen protokoloa ez betetzea aurpegiratuz.

        — Bai, lanetik heldu naun eta nekatua niagon.

        — Hire azpiko pisuan bizi nauk.

        Eskua luzatu zion. Gizonak, harritua, bere burua bostekoa ematera behartua ikusi zuen.

        — Julie Reardon; pozten naik hi ezagutzeak.

        — Harry Conride.

        — Hire irratsaioa gauero entzuten diat. Izugarri gustatzen zaidak.

        — A, bai?

        — Lanera joan behar diat orain, bestela berandutuko zaidak. Adio!

        Irribarrerik amoltsuena ezpaineratu zitzaion emakumeari.

        — Adio.

        Gizonaren begi haundiak distira batek zeharkatu zituen, anderearen ibilkera atseginari, kaiean barrena urruntzen zen bitartean, jarraitzen zitzaizkiola. Bulegorako bidean lokutorearen begi urdin garbiez pentsatzen zuen, eta janzkeran baldres xamarra zela zirudiela, eta barnerakoia. Ez zuen irratiko "Otso beltza" ematen, ez horixe. Potoloa, burusoila, gabardina orkatiletaraino. Barrez hasi zen, eta kioskeroak begiratu zion adigabe.

        Egunero topatu zuten elkar goizean, Julie lanera joaten zenean, gizona itzultzen zenean; eta solasaldiak luzatzen joaten ziren, baina gauza arrunten mugaz haruntza inoiz ausartu gabe.

        Gauetan irratia entzuten zuenean lokutorearen egiazko irudia etortzen zitzaion burura, eta oroitzeak, derrigor, irribarrea pizten zion. Behin ere ez zuen horrela imajinatuko. Bere etxe berean bizitzea ere! Nobela arrosazkoa zirudien!

        Egun batean, Harry-z hizketan ari zirelarik sartu zen kaleko dendan. Arreta handiz entzun zituen esamesak, ia deus ere ez zekitela konturatu artean. Zaputz xamarra zela, edanari emana, eta noizik behin emagalduen konpainian etxeratzea salatzen zioten; haren lanari buruz berririk ez bait zuten, egiten ez zuela ondorioztatzen zuten, eta, hortaz, nondik ateratzen zuen bizitzeko dirurik?; arazo ilunetan, tratu susmagarrietan ibiltzen zela baiesten zuten; ezpairik gabe!

        — Irratian gau-saio bat egiten du; irrati-lokutorea da. Nik gauero entzuten dut.

        Denak begiratu zioten alargunari, eta segidoan haren bizitzari buruz xehetasunak galdetzen hasi zitzaizkion, beren buruari nola zekizkien eta ea zertan aritzen zen gauetan irratsaio hori entzuten egoteko itauntzen zioten bitartean.

        Janaridendako andre isilak finko egiten zion so.

 

 

 

Irratsaioa otso zahar baten irudiaren inguruan mugitzen da. Gauero, entzule-otso guztiak haitz gorripera biltzen bide dira, eta otso handiari arazoak eta kezkak, ametsak eta ilusioak kontatzen dizkiote, eta honek, noizik behinka, aholku izukorren bat, zerbait ele herabeti esateko mozten die, bere ageriko ahalmenaz baliatu nahi izan gabe, antza. Baina batzutan, lokutorea luze ere mintzatzen da, oraingo aferez, gaur egungo bizitzaz, eta hitzak poesiaren liluraz betetzen ditu, eta hitzekin batean, pertsonak eta gertaerak ere estaltzen ditu basoaren babesaz, ur-jauzien freskuraz, naturaren xarmaz.

        Egun haietan, aldiz, otso beltza bere bizia kontatzen hasi zitzaien. Irratsaio bakoitzean bere bizitzaren liburuko pasarte bat irakurtzen zien. Otsakumeen burruka-jolasak, lehen ehizaldi zirraragarriak, bere taldearen burua lortu zuenekoa, lehen kumeak, gizonen bala batek irekin zion zauria, negu gorri batean otsa-taldeak bildu eta guztien buru izan zenean... eta, azkenean, bakarrik bizitzera abiatzea. 80 kiloko otsarra zen, beltza, denetan azkarrena. Talde baten lurraldean sartzen zelarik nagusiari bezala egiten zioten harrera. Otso mitikoa zen; behin ere ikusi ez zutenen artean bere izatea zalantzan jarria zen. Baina Haitz Gorripera gauez hurbiltzen zirenek bazuten bere berri.

        Goizetan, kaleko elkarrizketetan, Juliek begirada urdinaren atzean, izaera iheskorraren aterpean ezkutatzen zen arima senti zezakeela usten zuen. Edo ez zitzaion berari, berari bereziki, kontatzen ari, bada, haren istorioa, otso handiaren hitzen bitartez? Zergatik bestela ordura arte ixilpean gordetako bizitza azaldu? Haren uzkurtasuna irratian askatzen zitzaion eta barrena osotasunean agertzen, berari, Julieri, maitasunez eskeintzen ziola. Lanetik etxeratzen zen lokutore nekatu susmaria, haren oskolean kikildua, ezberdina bazen ere, hizketan aritzen zirenean, beti, beti begietara zuzen so egiteak gizaki bera zela oroitarazten zion.

 

 

 

Arratsalde batean, bederatziak aldera, alargunaren atean deitu zuen.

        — Kaixo, afaria prestatzen ari nindunan eta olioa ahitu zaidan.

        — Hator! Oraintxe emango diat.

        Sartu eta atea itxi ondoren andre zoriontsuaren atzetik sukaldera joan zen, ixiltasuna urra zezakeen zerbait bururatzea lortu gabe.

        — Edo, hobeto, zergatik ez duk hemen afaltzen?

        Ezustean harrapatu zuen galderari erantzun ez zionez gero, baiezkoaz jabetu zen Julie, mantala kentzen zuen bitartean.

        — Segi salara eta edan zerbait nik afaria prestatzen dudan bitartean!

        — Non ditun edariak?

        Egun hartan, afalondoan, Harry-k musu bat eman zion. Eta beranduago maitasuna egin zuten. Gizonak irrategira egin zuen, eta irratsaioa bukatu zenean, aparailua itzali gabe, burkoari oraturik gelditu zen lo andrea, zorionarekin amets eginez.

        Hurrengo egunean goiko bizilaguna etxean sartu zenean, sukaldeko birentzako mahaian afari gozoa prest zegoen, eta hurrengo egunean ere, kandelen artean, eta hurrengoan ere. Gero, honetaz eta hartaz hitzegiten zuten, eta beti maitasuna egiten zuten ohean oroitzapen beroa utzita lokutorea lanera joan aurretik. Andreak etzanda segitzen zuen, erdi lo, erdi esna, ordu bi t'erdiak arte, gizonak begiz begi ixiltzen zizkion hitzak entzuteko ordua noiz iritsiko zain.

        Bai, gizonak ez bait zion inoiz zerbait polit esan ez behitzat uhinetan ibiltzen zituenen parekorik. Eta behin ere ez zion saioan esango zuena aldez aurretik kontatu nahi izan. Etxeko jokaeretan arrunta zen, eztitasun gutxikoa, zakar xamarra ere batzutan, eta irratian..., irratian berriz... poeta miragarria. Egunean zehar fintasun bila ibiltzen zela zirudien, gauean, bere ordu bete horretan ezkuzabalki eskeini ahal izateko.

        Biek, lokutoreak ere maitaleak, elkar osatzen zuten, bat egiten zuten, eta bien beharra zuen Juliek, baina ordu bi t'erdiak jo eta gero hurbilago sentitzen zuen, ohean bere gainean dantzatzen ari zenean baino; bion artean ez zen egiazko konfidantzarik, eta, arrats gris batean, afalburuko sagar-pastelaren inguruan, zimikoa agertu zion, lagunari kontrako zulora sartuko zitzaiola susmatu gabe.

        — Ez etor nigana hire alargun-kezkekin!

        — Zer?

        — Bada, aspertzen hasia naizela!

        — Harry!

        — Eta badakin zer esaten dinadan?, bada, banoala. Bai. Banian.

        — Baina...

        — A!, eta eskerrik asko afariengatik!

        Eta lokutorea kanpora joan zen, atea leunki itxiz.

        Erabakiaren agudotasunak erreakzionatzea ormatu zion emakumeari, egoeraren zentzugabekeriak pentsatzea galerazi. Harridura erantzi ezinean eman zuen irratsaioaren hasierara arteko denbora, azalpenaren itxaropenean.

        Baina inoiz baino gutxiago mintzatu zen otso beltza, eta han ez zegoen berarentzat inolako azalpenik. Amorruak bete zuen lehen uneko zer egin jakin eza. Oinetakoak aldatu, berokia jantzi eta irrategira abiatu zen, hura ezin bait zen horrela geratu. Itsu-itsuan zihoan, farolen argi horipean, espaloiari begira, bere itzalak soilik, soan zeharkatzen zitzaionetan, pentsamenduen uholdea geldi erazten ziola.

        Atarian bigarrenera igo behar zuela irakurri zuen; atea zabalik zegoen eta korridoreko lehen gelan sartu zen. Mikrofonoaren aurrean zegoen neskak, begiratu gabe, pixka batean itxoiteko keinua egin zion eskuz. Kristalaren beste aldean zegoenari hatz erakusleaz markatu zionean ixildu zen, eta paretako bozgoragailutik bere ahotsaren ordez musika aditu arte, esataria ez zen ezezagunarenganantz bihurtu.

        — Harry Conrideren bila natorren.

        — Noren bila?

        — Harryren bila, aurreko saioaren lokutorea.

        — Eskubiko azken atean.

        Ateko eskutokia bultzatu aurretik indarrak bildu zituen lipar batez. Haserre bizian zegoen, sumindurik, eta sartzerakoan ateratzera zihoan gizonarekin muturrez jo zuen. Bizarduna zen, liraina eta Harry baino gaztexeagoa.

        — Harry Conride, faborez!

        — Nor esan dun?

        — Harry Conride, Haitz Gorripeko Bilera egiten duena!

        — Haitz Gorripeko Bilera neuk egiten dinat. Ezertan lagun badiezanaket?

        Ahots bera zen!

        Hiltzeko tenorean, segundu batean, oroimenak geure bizitzaren filmea proiektatzen omen digu, eta agian, hainbeste irudiren pilatzea bera izango da burmuina betikoz itotzen duena; bada, horrelaxe, segundu batean ere, mila galderak izan zuten erantzuna Julieren buruan, denak batera, une berean, eta ulertu egin zuen; argi eta garbi ulertu zuen gertatutakoa.

        — Putasemea.

        Xuxurlatu zuen, silabak luzatuz, astiro, giharreak teinko, eta malkoak nekez eusten zituzten begiak itxiak, egiazko lokutorea besarkatu zuen, bortizki. Eta sentimenduen nahastea negar bihurtu zen, negarraldi luze, ixil bezain sakon.

        Gero, egunsentira arte, gasolindegi bateko kafetegian, bere ordu bi t'erdiroko lokutorearen aurrean desenkusatu zen, eta barnea hustu zion, gau-saiora deitzen ziotenek egiten zuten legez, baina gizona aholkurik ematera ez zen iritsi; telefonoz ezbeharrak ehundaka entzuten bazituen ere, ez zen ohitzen eta Juliek zuzenean kontatzen ziolarik, begirada ulerkorrez laztantzera mugatzen zen. Alargun gaztea ixildu zenean soilik esan zion zerbait.

        — Nik irratsaio bat besterik ez dinat egiten.

 

 

 

Aste bete joana da ordutik, eta dagoeneko zauria orbandurik dauka, senarraren galerak bihotzean ireki zion ebakiaren puntuak pixkat laxatuak utzi ondoren.

        Atzo egunkaria erosten ari zela, Harry dendariarekin solas ederrean ikusi zuen, eta kioskeroak zera esan zion, aspalditik ibiltzen zela dendakoa haren atzetik, baina tipoak gaztexeagoak nahiago, antza. Eta elkarrizketa laburrek aspertutako kioskeroak gizona txokolate lantegi batean gaujagolea zela gaineratu zion, eta zurrutero xamarra zela...

        Kasik goizeko hiru t'erdiak dira. Musika leunak iges egiten segitzen du logela iluneko aire astunean zehar, Julieren inguruan. Irratsaioa amaitzeko zorian dago.

        "Otsakume gauzaleok, gaurko bilera bukatu da.

        Otso beltza haitz gorritik aldenduko da, beti bezala, zuen hiriko kale eta plazak korritzera, gau osoan, otso beltzak ez bait du lorik egiten, otso beltzak zuen hatsedena zaintzen bait du, ilargiaren argipean."

        Julie Reardon, behin balizko ilusio batek itsutu zuen andre normal bat, zutitu eta irrati gorriluna itzali du.

        Ohean ixiltasunaz jabetzen da, eta bakartasunaz, eta maitagarriak iruditzen zaizkio, maitagarriak eta babestaileak.

        Ordu bi t'erditako irratsaioa berriz ez entzuteko erabakia hartu du azkenean, zenbait egunetan zalantzan egon ondoren, eta lo gozoan gelditu da, lo atsegingarrian.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.