L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Iluntasunaren etorrera

 

Imanol Usandizaga

 

                                        "Iluntasunaren bideak kontaezinak dira,

                                        Heriotzarenak bezala, baina kontuz!

                                        hauetan bizitza galtzeko arriskua baduzu,

                                        hoietan ez duzu, bakarrik,

                                        hain gauza xumea galduko..."

                                               Nushain, Pentsalari eta Alkimista.

 

Lehortearen hegal bero eta kixkalgarriek estali zuten LgwarDhineko harana. Erreka eta ibaiak agortuta, zuhaitzak sustraietaraino erreak, zelai eta soro guztietan belar eta uztak hauts bihurtuta, hegoaldeko haize sutsuarentzat jolasleku zabalak besterik ez.

        Drasgh nekazariaren aurpegia Iparraldera begira dago, etengabe, laino guztien atzetik, beldur guztien aurretik. Seme txikienaren gosemarruek bihotza zatitzen zioten, alaba haundiaren begiradak esteak korapilatzen dizkio, emaztearen isiltasunak arima lehortuko dio. Laister euririk ez badago, lurra jan beharko dute, heriotzak urdaila beterik dutela harrapa ditzan.

        Erabaki bakarra har dezake: beste hainbat baserritarrek bezala, hirira jotzea. Bai HitylhBhanen, bai Lasfaderen nahiko lan dago, biak bere harresiak berreraikitzen ari bait dira, eta artisau armeroek nahiko lan dute bere labe eta oletan, baita mehatzari nagusiek ere, lurraren sustraietatik burdin, berun, ikatz eta kobrea ateratzen. Diru pixkat lortu bezain pronto familiarekin bueltatuko da, baserria aurrera eramateko.

        Azken agur batekin Hithylbaneko bidea hartu zuen, Lasfade baino gertuago zegoen eta. Gainera, bidea lapurrez aske zegoen, denok erregearen soldadutzarako indarrez erreklutaturik bait zeuden. Bideak hego Mendebaldera jotzen zuen, haranaren gailur altuenaren azpiko lepotik pasatuz. Hantxe bota zion azken begirada haranari. Itsaso berde bat antzo, belar eta gari gazteek soroak betetzen zituzten. Lur sail zabalak hauts idorrezko eremuak gaur, erreka izandako urradurez josita. Handik, bihotza saminduta zuelarik ikusmen bat izan zuen: bera, zutik berriz leku hartan, baina harana ezin ikusirik. Harri bihurtuta egongo balitz bezala, ezin zuen bista lur ñabar eta ondarretsutik atxatu. Bere senera bueltatu zenean, bideari ekin zion berriz, atzera begiratu gabe.

        Gau hartan, erresumaren lehen herrixkan lo egin zuen, txiriboga ziztrin batetan. Afalostean, abade batekin solasean jardun zuen, eta honek agertu zion hiriburura joateko biderik motzena zein zen: basamortuaren ertzetik zihoan bidetxior bat. Egunsentian bidean zen berriz ere, galtzada zabal bat, erregearen aginduz egindakoa, bere soldadutzak azkar mugitu ahal izateko. Bidegurutze batera ailegatu eta hantxe utzi zuen bide nagusia. Denbora aurrera zihoalarik, azken etxola topatu zuen, arratoi eta labezomorroen erreinua. Arratsaldea ere aurrera zihoan, eta Drasgh beroak akabatua zegoen. Abateak zioenez, gaua heldu baino lehen topatuko zuen herrixka, baina eguzki gorri eta sutsuaren azken izpiak zerua laztandu zuenean, ondarrezko mendixkak baino ez ziren bistan ageri. Bere arropa zarpailtsuekin estali eta loak hartu zuen, gau freskoan jarraitzeko.

        Esnatzerakoan, ilargiak argizari bola bat zirudien, horixka, gaixorik balego bezala, zabaltzen zuen islada mendixkei zerraldo itxura emanez. Momentu batez berriz lokartzea pentsatu zuen, baina goizaldeko eguzkiaren oroimenak kontrako erabakira bultzatu eta bideari ekin zion. Oinek hondarra sakabanatzen zuten eta begiak bideari bere norantza izkutua lapurtu nahian zebiltzaten, hau desagertu zenean. Harezko mendi batek estaltzen zuen, haizearen hegalak haraino ekarritakoa. Arnasa erdi galdurik, goraino igo eta bidearen arrastoren bila saiatu zen, alferrik. Argi faltak, logureak eta nekeak lotara bidali zuten hantxe bertan.

        Eguna argitzerakoan bidearen arrasto baten bila zebilen, ezer aurkitu gabe. Itzalean etzanda, buruari bueltaka hasi zen: haizea izango zen erreduna, izpiritu maltzurren bat. Egoera larria zen, urik gabe, janari apur bat besterik ez. Galtzada nagusira bueltatzen saiatuko naiz, infernuko bide hau pikutara bidali eta aurrera segi, ze arraio! Honela pentsatu eta egin, bueltako bidearen bila, topatzeko esperantza txiki batekin.

        Azken mokadua irentsi zuen, mendi baten itzalpean. Beroa izugarria zen, eta arratsaldeko eguzkia goizekoa bezain gogorra. Gaua heldu zenean, ez bidearen, ez galtzadaren arrastorik.

        Berriz ibiltzen hasi zenean, sekulako sorpresa eduki zuen: ez oso urruti, herri bat susmatzen zen lanbrotartean, dorre eta harresi altuekin. Lehen momentuan basamortuaren trufa bat zela pentsatu zuen, baina errealitate kutsu haundiegia zeukan. Motel, herrirantz jo zuen, esperantzaren indarrari eutsita.

        Ordu pare bat pasata, herriaren ateetatik oso gertu zegoen, baina ez zion herri itxura antzematen. Salmu batzuk entzuterakoan, monastegi bat izan zitekeela pentsatu zuen, gainera, harresietan lanean ikusten ziren gehienak apaiz itxura zeukaten. Ate aurrean apaiz baino harrizko figura itxura zeukaten bi pertsonaia zeuden, eta bera inguratzerakoan, ezkila bati eragin zioten. Hitz bat esan baino lehen, beltzez jantzitako pertsonaia bat agertu zen bere aurrean, jainko ezezagun baten bedeinkapenak bere buru gainera isuriz.

        Konturatu gabe, barrura eraman zion, eta baita ondo zaindu ere. Lotara joan aurretik, leher zorian jarri arte jan eta edan zuen. Esnatu zenean, ia ezin izan zuen ohetik altxa, lumazko koltxoi zoragarri hartatik.

        Hain harrera ona eskeini zion abateari jarraituta, Monastegiko Nagusiarengana ailegatu ziren. Argala, baina gihartsua, sekulako begiak zituen: sutsuak momentu batean, burnizkoak hurrengoan, beti alaiak, hala ere. Hitzegiten zion bitartean, Drasghek ezin zuen begi horietatik bista kendu. Elkarrizketaren puntu batean putzu ilun eta beltz bihurtu ziren, heriotzaren arnasak hoztutako lur barneko bide galduak. Begi horien alaitasunak kutsu makabro bat zeukan, alafede.

        — LgwarDhin haranatik zatozela esan didate, Drasgh Jauna.

        — Bai, hala da. —Norbaiti horrelakorik esan diot?, pentsatu zuen.

        — Lehortearen atzapar beroak horreraino luzatu dira, ez?

        — Bai, Gorentasun. —Titulu zuzena izango zen?

        — Gauza pare bat erakutsiko dizut, eta interesgarriak izango zaizkizula susmatzen dut. —Keinu txiki bat egin eta bi monje agertu ziren zaku eta zagi batekin. —Hartu zakua eta bere barruan begira ezazu.

        Harrituta, datilez erdi beterik zegoela ikusi zuen. Beste zerbait espero zuen, baina harriduraren hasiera besterik ez zen...

        — Zaku horretan, etxeko biderako behar haina datil daude, ez bat gehiago, ez bat gutxiago ere. Beharrezkoak, besterik ez.

        — Nere etxea... —Nola arraio bueltatuko naiz, zioen bere kolkorako.

        — Honekin. —Nagusiaren eskuan amuleto bat zegoen, lepoko bat. Gurdi baten kurpila zirudien, zurez egindakoa. Lepoan zintzilikatu orduko, zerbait bitxia sentitu zuen. Garunaren atzeko aldean zirrara bat, edo antzekoa. Etxea gogorarazten zion, baita harunzko bidea ere...

        — Orain badakizu non dagoen zure etxea, ez da hala?

        Bai arraioa, halaxe zen! Bazekien nondik nora abiatu behar zuen!

        — Datilekin eta horrekin, zure etxera buelta zintezke. Baina orairidik ez duzu zagia ondo ikusi. Utziozue, mesedez, berak hartu dezala.

        Eskuetan hartu zuen. Urez beteta zirudien, baina eskuetan kilimak sentiarazten zizkion. Iturri bat zela pentsatu zuen, eta zagiaren ahotik ura isuri zen, sekulako indarrarekin. Momentu batez, ahozabalik, ez zuen ezer pentsatu, baina bere baitan oihu bat altxatu zen. Lehortearen kontra hainbat egunetan borrokatutako soroen oihua, ura alferrik galtzen sentitzerakoan. Orduan, zagiak bere ahoa itxi zuen, iturria agortuz. Drasghek ez zuen ezer ulertzen.

        — Sorgindutako zagia dela pentsatuko duzu, eta hala da. Zuk nahi izanez gero, etengabeko isuria gertatzen da, desiratutako forma eta indarrarekin.

        — Baina, baina... —ezin zuen ezer esan.

        — Guzti honekin, zure sailak salba ditzazkezu, baita haraneko nekazari aberatsena izan ere. Honen truke, hiru gauza eskatzen dizut.

        — Zagia, lepokoa eta zakuarengatik? —Txin, txin, txin, urrearen hotsa.

        — Bai. Prest zaude? —Aberastasun ugari eskeintzen duen doinua...

        — Ba, ze gauzak diren jakin gabe... —Sekulako aukera zen. Haran guztia lau xoxengatik erostea zeukan, eta ureztatuz... Monjeei nahi haina urre emango zien, nahi zutena. Inoiz imaginatutako aberastasunak...

        — Lehendabizi, eta lepokoaren truke, zure ezkerreko begia nahi dut.

        — Nere begi bat? —Espero zuen azken gauza. Begia?

        — Bai, zure ezkerreko begia. Etxera bueltatzeko aukera bakarra duzu, ezingo zenuke bera gabe bidea aurkitu. Magia behar duzu.

        — Arrazoi duzu, Jauna, baina, begi bat... zergatik ez beste gauza bat?

        — Ez, ez dut beste gauzarik nahi. Ez didazu esango gehiegi dela.

        — Beno, kasu horretan... Baietz erantzun beharko dizut.

        — Ondo! Orduan, zagiaren truke eskatuko dizudana ez zaizu ere gehiegi irudituko, beste begia da eta. Eskubikoa, bikotea betetzeko.

        — Beste begia? Zergatik? —Itsutu nahi zuen, urreak itsutu eta gero...

        — Hori nere arazoa duzu, Drasgh. Baina, pentsatu piskat: zertarako nahi duzu etxera bueltatu, zagia ez baduzu? Lehorteak oraindik dirau, eta goseteak, honez gero, hasiak dira. Gainera, begia ematen badidazu zakua lortuko duzu. Datilik gabe, ez zara urruti ailegatuko, nahiz eta lepokoa eduki.

        — Zein da hirugarren eskaera? —Burua eskatzen ez badit...

        — Ahaztu. Bi begien truk, hiru gauzak emango dizkizut. Beste eskaerak, momentu honetan ez du zentzurik. Zer diozu?

        Drasgh zer esan jakin gabe gelditu zan. Datilekin eta amuletoarekin etxeratzea lortuko zuen, eta zagiaz baliaturik, itsu aberatsa izango litzateke. Bestela, sendia gosez hilko zen, eta bere etorkizuna ez zegoen batere garbi Monastegi ilun hartan. Baietz erantzun zuen. Momentu batean, abateak lo egin arazi zion salmu batzuekin, eta apaiz lodikote batek begiak atera zizkion, platertxo batean ipiniz. Bi harritxo txuriengatik ordezkatu zizkion, eta, hurrengo egunean, bideari ekin zion. Agurtzerakoan, Nagusiaren ahotsan trufa doinua sumatu zuen, doinu garratz bat.

        Erabat berrituta sentitzen zuen bere burua. Datilak oso gozoak ziren eta zagiaren ura oso freskua. Kurpiltxoa lepoan zeraman, eta makila bat eskuetan. Ez zuen bideari buruzko dudarik izan eta bakarrik lepo batera ailegatu zenean dardar bat sentitu zuen. Aurreikusia izan zuen lepoa zen eta honen zuzentasunak bihotza goibeldu zion. Galdutako begietatik malkorik isuri gabe, haranera jetsi zen.

        Zakutik azken datila hartzerakoan, jakin zuen etxera ailegatzen ari zela. Erre usaina sumatu zuen, eta hankak zerbait jo zuenean kexu bat entzun zuen. Emaztearen abotsa zen, aieneka. Belaunikatuz, bere eskuek maitearen ilea ikutu zuten, bere izena xuxurlatzen zuelarik. Emazteak, senarra ezagutzerakoan, ahopekatu zuen:

        — Drasgh... lapurrak.. denak hil... alaba eraman... —Hilik erori zen.

        Orduan ubertu zuen erre usaina, eta txakurrak zaunka ez egitea, eta soinurik ez entzutea. Bigarren aldiz itsututa, korrika hasi zen, bai burua, bai bihotza erabat nahasturik zeuzkalarik. Munduko aberastasun guztiek ez zuten familia berreskuratuko, ezta bere izpiritua salbatuko ere. Ohiuka, bere burua adar batean zintzilikatu zuen, lepokoa erabiliz. Bere arima gaixoak, hala ere, ez zuen ez askatasuna lortu, ez pakea eskuratu. Airean zegoelarik, musika batek harrapatu zuen, askaezinezko lotura madarikatu batez. Doinu horren atzetik, basamortuaren gainetik, gela bateraino jarraitu zitzaion, eta, han, urez betetako plater batean, bi begi zeuden. Urarekin nahastu zen, monje batek hartu eta harresira eraman zuen, Nagusiarengana. Honek, azken adreiluaren zulo batean utzi zuen, aztikeria bat abestuz. Gero, barre algara batekin, bere ondoan zeuden monje irribarretsuei horrela hitz egin zien:

        — Beno, beste zor bat ordaindurik dago...

 

Zul-Bha-Sair,

Arranoaren 769rren urtean

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.