Hitz lauz
Irudi-gizona
Iñaki Bernaola Lejarza
New Yorken hain ezaguna den Manhattan auzoan, Bostgarren Etorbidea eta Central Parken artean hedaturiko hiri-lur zati onenetariko batean, Museo Metropolitanoa altxatzen da, mila zortzirehun eta larogeigarren urtean eraiki zenetik.
Ate nagusia zeharkatu eta margogintza klasikoaren edifiziora abiatuz gero, Robert Campini leporaturiko "Deikundea Jose Deuna eta emaileekin" deritzan triptikoa topa dezakezue, Flandiar margogileei eskainitako gela txukun, baina aldi berean inpertsonalean zintzilikatua.
Irudiaren ezkerreko atalean, Familia Sakratuaren etxeko ate irekiak utzitako zirrikituan zehar, urrun-urruneko hiriaren ikusmira azaltzen zaigu. Eta ate ondoari, zutik, galtza gorriz eta kapela eskuartean, hazpegi herabetiko gizon bizarluze eta erdi burusoila duzue, ni neu alegia.
Inork ez du nire izena edo bizitzaren gorabeherez datu zehatzik. Margolariari koadroaren enkargua egin zion zaldunarekin identifikatu nahi izan omen naute, baina egia esan, hau ez dago batere frogaturik. Ez naiz horretaz gehiegi kezkatzen halere: txikia izan arren nahiko duzue begiradatxo batez nire itxura, izakera eta nortasunaren berri izateko, Robert Campinek apaingarritasun eta detaile handiz margotu ninduen eta.
Mundu osoan izaten dira famatuak Venezia bere hiria gaitzat harturik Antonio Canale "Canaletto"-k atonduriko irudi ahaztezinak. Egonaldi luzea eman zuen Ingalaterran gero, eta handixe Londreseko Natioial Gallery delakoan haren obraren zati handia kausitzea gaur egun.
Horietako batean, San Vedaleko zelaia eta Santa Maria della Caritá izenaz ezaguna, gerizpeko eleiz-ate aurrean, bertako Sakristaua azaltzen zaizue, rokete zuriz eta sotana laruz, ezkerreko besoa gorantz jasoa. Hauxe ere naiz neu, baina alferrik nitaz besterik jakin nahi izatea, bereiz nintzakeen ezer aurkitzea ezinezko delarik. Eta niri neuri, nor naizen ez dakidala, zail baino zailago zait zeregin honetan argitasunik ematea.
Saint Micheleko zubia. Auzo Latina ezkerraldean, Le Louvre atze-atzean. Zubi gainean tranbiak, gurdiak, ibiltariak... halaxe zekusan Paris Albert Marquetek 1908. urtean, egun Geneveko Margogintza eta Eskulturgintza Museoan kontserbaturiko irudia paratu zuenean. Bi tranbien artean "dabiltzan" zazpi oineztarietako bat naiz ni. Ezin esan zein baina, bakoitza marrabeltz batez bakarrik baitago zehazturik. Irudiari, bere osotasunean, "Argiaren Hiriko" perspektiba zoragarria eskaintzen digula omen deritzote jakintsuek. Kontrakorik esan gabe ere, neure barnekotasuna galdua dudala kasik aitortu beharrean nago.
Eta Londresa berriro itzuliz gero, Tate Galleryra azken honetan, duela hogeitamar urteko Percy Willamsen "Jendetza" ikus dezakezue. Bereiztasunik gabeko lauki-sorta baino ez da. Erdi aldeko urdina, esate baterako, hamabi mila bostehun eta hirurogeita hamazortzi puntuz dago osoturik, antze-antzekoak guztiak. Hauetariko bat nauzue. Eta milloika igarotzen dire nire aurretik bisitariak, agian nitaz sekulan ere erreparatu gabe. Baina, zergatik uka, hamaseigarren mendean margoturiko Nazareth hiriko ate alboan nagoenetik, zuek bezalako hainbat eta hainbat ditut ikusiak, non bata bestearengandik nabarmentzeko gaitasuna galdu eta denok berdin-berdinak zaretelakoan nago.
|