L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 15-16 zkiak. (1990/91-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Ispilu hutsaren aurrean

 

Xabier Mendiguren

 

Melodrama psikologiko luze bat egiteko adinako istorioa da, baina nik ez dut nobeletarako gogorik eta folio t'erdian uzten saiatuko naiz. Ez dut beraz xehetasunez jantziko.

        Aita hil eta geroxeago hasi zen dena. Haren jaioterria ezagutzeko gogoa nuen eta amak nahi nuena egiteko adina banuela esan zidan, baina ez ninduela lagunduko.

        Bataioan ikusi nindutenetik hogei urtetan nere berri izan ez zuten ahaideenera joan nintzen. Zirriborro zehazkaitzetako barne-paisaia bat marrazten ahalegindu nintzen, irudimenezko geografia bat eraikitzen. Aldi bat igaro arte ez nuen neska ezagutu. Haren izena isilpean gordeko dut, neurea ere isildu dudan bezalaxe. Hasiera-hasieratik somatu nuen barreneko zimiko hura, berezko dudan ahalkea gainditu eta harengana bultzatu ninduen astinketa bortitza.

        Gainerakoa, berez etorri zen. Edo hala esan dezaket orain, elkarrenganako grina zoroek eragindako harreman gatazkatsuak laburbiltzearren.

        Izana nuen aurretik esperientziaren bat edo beste, laburrak eta ez oso sakonak ere egia esan. Baina harakoan zer edo zer guztiz berria somatzen nuen, haragiaren aldizkako irrits eta asealdiez harago zegoen zerbait eta inoiz bizi ez baina liburuetan irakurriak nituen ohizko pasio sutsuekiko zerikusi gabea uste nuena. Misterioaren osina zen haren begietan igartzen nuena, neure izaeraz egin ohi nituen galderen erantzunak edo hobe agian galderak berak bertan baileuden. Amildegirantz ninderaman bidea hartua nuela antzemana nion, eta halaz ere huraxe nuen helmuga bakarra, ezin itzuri xede jakinik gabeko irrika hari.

        Bion iraganei buruzko solas nagietan ari ginen arratsalde haietako batean izan nuen lehen argia; "genuen" esan beharko dut, orduz geroztik bakarra izanen bait zen bion asturuek josiriko patua. Datak, tokiak, pertsonaiak... Denak bat zetozen. Hitzez hitz aipatu ez bagenuen ere, argi zegoen aita baten seme-alaba ginela biok. Orduantxe ulertu nuen lehen momentutik inarrosi ninduen oldarra, neskari begiratzen nion bakoitzean aspaldidaniko ezagun bat ikusten nuela sentierazten zidan irudipena.

        "Intzestua" hitz madarikatua ordea, ez zen haren ezpainetatik ez nireetatik jalgi. Gizarteko tabuek estaltzen dituzten lurralde zingiratsuetan barrena abiatzeko gertu ginen biok eta bildurrik gabe egin genuen, elkarri eskua emanda.

        Betidanik erakarri izan naute ispiluek, eta kristal isladatzailea zeharkatzearen literatur aipuak geroago ezagutu ba nituen ere txiki-txikia nintzenetik atxeman nahi izan nuen neure nortasun kanporatu hura. Orduan nuen aukera. Neure arreba ezezik bikia ere sentitzen nuen harekin, misterioaren oihal beltza urratzen ari nintzen, elkarren begiei so geundela ordura artean debekatu izan zitzaigun ezagupena erdietsiko bagenu bezala.

        Honelako aitorpenak lotsagarri izan ohi diren arren, egia osoa esatera adierazi beharra dut gaztetandik izan naizela Onanen plazerren meneko, baieta emakumeekiko hartuemanak izaten nituenetan ere. Harekin hasi eta gero ordea, ez zen izan halakorik; ezin, bestearekikoa eta norberarekikoa gauza bera baitziren.

        Bi izandakook bakar izateko asmo sendo adierazgabea genuen. Baina ez genekien zein zen bidea. Batzuetan geure barrenak hustutzen genizkion elkarri, gure nahi eta ezin izkutuenak agerian jarriz. Besteetan berriz, isil-isilik egoten ginen bata bestearen ondoan, komunikazio guztizkoenak hitzik behar ez duelakoan. Zeregin intimoenak ere elkarrekin burutzen ohitu ginen, ez perbersioz, ezpada naturalena huraxe zelako.

        Urteak ere iragan ziren. Zenbakiek ez dute axolarik betetasuna iristen denean. Honelako historia filosofiko batek amaiera biribilagoa behar luke, bizitzari zentzua emango liokeena edo. Baina sarritan bizitza bera da bere ulergaiztasun osoan iruzur egiten diguna. Neska, andrea honez gero, hil egin zen, hil egin da. Zelan kontatzeak ez du lerrorik merezi. Halaxe gertatu da. Harrituta naukana, oraindik ere ezin konpreni dezakedana, harekin batean ni ez hiltzea. Hori entelegatu nahian idatzi ditut orriok, eta benetan ziur nago, gero eta ziurrago, neri ere berehalaxe inirsiko zaidala akabera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.