Hitz neurtuak
Inora ere ez
Karlos Zabala
Intxaurrezko txalupan
"...bakarrikan banoa
itxaso gainean..."
(Itxaro Borda)
Itzal eta arrain usaina darie
kale magikoei
Beste itsasbazterrean daude lagunak
odeiertzeaz haruntzago
Metafisika gaur egun ahalegin kementsua
egiten ari da atsolutu zati bat eskuratzeko
Txontxongilo eta aingeruek loturik daramate
Bertrand
matematiken paradisura
arrastaka
Zorionaren iturrian edaten dute isilik auzokoek
ez zara egarri, Bertie
Berriz jaio da Lazaro mundura
familiaren negarrengatik
berari kontsultatu gabe
Nolakoa da beste itsasbazterra?
Han ere mazurkaren doinuak
tristatzen ditu altzifreak?
Bertie, Lazaro, arratsalde urdin batez
igo zaitezte bere lurrera
baratzeko lehen lirioek, lehen arrosek
argituko dizuete bidea
bide usteldua
ur eta lokatzez
Igo Elorrira
oroit alargunez
eta elizdorreko erlojuek zazpiak jotzean
heda belak portuan
goazen itsasoz bestalde.
Aldatuko ahal da!
Irudi biziak
Ponpeiako korridore lurperatuetan behera
jarraitzen zaizkizu
ene burmuinetan hondoratzen zarelarik
ez hitz politik,
ez adjetiborik
altxorra non dagoen jakin ez
mapa
saguek jan zuten
boomerang-fobiak jo gaitu
ez dugu berriz itzuli nahi
altxa ezazu harria!
ene besoak usteldu dira
habaila
ordezko hortzez eutsiko dut
lagunduko zaitut
argitara jaio zaitezen
irudi biziekin kontra
neuk burrukatuko dut.
Esperoan
"Batzutan, ordea,
atertu egiten du erabat."
(Juan Luis Zabala)
Desira izaten segitzen duen desiraren maitasun burutua
da poema, e, René?
Ponpeian, 41. urtean, zubitxoan eseririk,
tximistarekin topatu nahi genuen
satorrek, arratoiek, kilkerrek ezin zuten ezer egin
lurjotako itxaropenak
enara urkatuak
Poemak ez zuen oroimenik
zorionez
Nik ere nahi nuen modelo bat
nere poemetarako
izotzezko erromesa
edo
haizezko arlotea
E, René Char! garratza dugu gaurko erretilua.
It isn't half cold!
Sorginak Central Park-en
Epaile jaunak goxokiak eskatu zizkion
apo bihurtutako itsasneskari
Happy Halloween!
Erratz hegalariak manna-euriaren artean
Kuasimodok
ez zuen txantxangorriak baino buru gehiago izan
halere
kopeta beltza oraingo komikietan
denbora eta espazioa mugatu ez binetetan
historia narratzeko
bortizkeria odola sexoa ironia
Richard Corben-en marrazkietan
otso-gizona
Maryara printzesa salbatu nahirik
Erdi Aroko errege eta aztien
fanzineetako
tanke blindatuak lehertu
Zoom urderground
superbibentziari eskainiko dio kantaren bat
tenore hutseginak operan
Zauri-oinazeak otoruntzan azkenekoak
eta Goleta
arbolak dituen itsasoan badoa
mastak enborrekin bezeizi ezina
izaki mutante okertuak eskifaia
mamutzar bakartia lemazaina
eta azkenik, zu, Jean, komandantea
Lurrikara zumea bezain biguna izan zen
ilunabarrean
kanpoan ez zuen inoiz horrenbeste hotz egin.
Onak desagertu dira
Kondorra izan da lekuko bakarra
Temankel urrutiegi zegoen, beti bezala
Kenos berandu iritsi zitzaion
berri lazgarria ahotan
Guanakoak geldinik daude
Suaren Lurreko Irla Handian
Ona indioek ez zekiten igeri egiten
39 familiak deuseztatu dira
basamortu gorrian
Larruazala marra zuriz tintaturik
dantzatu ziren azken aldiz
zurdez egindako arkua tinkatzeari
utzi diote, hezurrezko
harrizko gezirik ez
paraje endemikoan
Maskaradun gazteak
ez dira kloketenean ari
iniziazio-errito krudela
Larruzko etxe gehiagorik ez
munduaren xilkoan
Bi arranoek ziria sartu zioten Zeus-i
Delfosen ez bait dago planetaren erdigunea
Onfalosak hemen beharko luke
hilerrian
Onen bizileku izandako honetan
Kondorra izan da lekuko bakarra.
Txaboloan
"Badakit askoz ere
nukela hobea
ehori ez agertu
ene dolorea
odolaren mintzoa
eduki gordea
nahiko nuke bainan
ezin dut ordea."
(Xalbador)
Gogoratzen zara itsasoaren koloreaz?
Patioaren murruek zerua lotzen dute
Bakearen uso zuria
Baroi Gorriaren kontra
Kaleko igelak telebistan
Japondarrek
Askatasunaren estatua
erosi dute yen-ez
Eta basoaren freskuraz?
Plastikozko jainkosa karabilkatzen ari da
herrizkaren plazan, suaren xilkoan
Buruz behera erori zen
piraten burua
mastaren goikaldetik
Arropa-kutxa zaharra, burdinazkoa
bidaliko dizut
ihauterietan
eskuta zaitezen
izarren imanak
erakarriko zaitu ilargi aldera
garizuman
hango itzaletan masiatuko ditugu atsekabeak
Gogoratzen zara mendiaren doinuaz?
Duintasunaren armadura duzu
burdinazko kutxa zaharrean,
jantz ezazu zure urtebetetze egunean
abandonuaren ederra.
|