Literatura
Luze ala labur
Bere luze-laburrean kosmogonia, saga eta epopeia itzelak gordetzen zituen epigrama batekin amets egiten zuen Italo Calvinok. Esaldi bakarreko ipuinak, edo, hobeto, lerro bakarrekoak bildu nahi zituen, eta Augusto Monterrosoren bat zitzaion denetan atseginena:
DINOSAURUA
Esnatu zenean, dinosaurua han zegoen oraindik.
Eta arrazoia zuen, 6 hitz horietan mundu oso bat dago ezkutaturik. Monterrosok berak gehiago idatzi zituen aurrekoa bezain laburrak.
JORITASUNA
Gaur ondo nago, Balzac bat naizelakoan; lerro hau amaitzen ari naiz.
adibidez, baina bat ere ez da Dinosaurua baino mamitsuagoa, trinkoagoa eta batean luze zabal ireki handiagoa.
Literatur lanaren funtsa anbiguotasuna dela dioen burutapenak egia baldin badio, literatura, literatura dena, horrelako testu ttikitan agertuko zaigu oroz gain. Testu bat hazten den heinean, testua osatzen duten hitzen polisemia murrizten doa. Zenbat eta zeinu gehiago pilatu orrietan, orduan eta anbiguotasun urriagoa, zeren eta, zeinu bat interpretatzerakoan, ondoan dituen gainerako zeinu guztiek baldintzatzen bait dute haren esanahia; bakoitzak anbiguotasun apur bat erauzten dio, eta esanahi bakarrekoa behin ere ez izanagatik, testuari erantsitako hitz bakoitzak testu osoa ulertzeko balizko aukeretan bat ebasten digu.
Hargatik, literaturaren alde egin dezakegun ekintzarik baliagarriena testuak biluztea da; liburuak erantzi, kapituluak laburtu, pasarteak galbahatu, esaldiak iragazi, hitzak kendu, testua urritu, murriztu, berean bildu, liburu oso baten muina esaldi labur bakar batean laburbiltzeko.
Arretaz egin beharreko eldarnio pobregarria liburu zabalak konposatzearena...
Jorge Luis Borges
Orria, luma eta elipsiak izan beharko lukete idazlearen tresnak. Zergatik xahutu 200 orrialde
200 hitzetan konta daitekeen istorioa idazteko? Eta zergatik ez aukeratu zazpi edo zortzi hitz 200 horietatik, istoriotik zinez merezi duena baizik ez adierazteko?
Bertsolerro bakar amaigabeko bat da bizitza.
Gerardo Diego
Horrela jokatzeak, hala ere, badu arriskurik. Gabriel Arestiren Olerkariari gertatutakoa oroitzea besterik ez dugu, horretaz jabetzeko: 50 urte zituelarik, ordura arte idatziak zituen 3.584 bertso-liburuen aurrean gehiegi idatzi ez ote zuen pentsatu zuen bere kolkorako, "hainbeste bertsoren artean, gauza balio-gabe asko ez ote da egongo?" Eta puntuak borratzeari ekin zion hurrengo 50 urtean, azkenik, denen artetik puntu bakar bat utzi zuelarik:
Gizonaren gorputza buztinezkoa da.
Hil egin zen, eta infernuko demonioari olerkaria izan zela, eta 100 urtean bertso bat baino idatzi ez zuela esan zionean, "hainbeste zorakeria izan ezpazenu buruan, zure txiki-denboran jakingo zenuen hori, kristau dotrina irakurri bazenu" erantzun zion, eta eternidade guztian pospulu baten garrean erretzera kondenatu zuen.
Baina arriskuak arrisku, historian zehar zenbait autorek idatzi dituzte, arrazoi desberdinengatik, obra labur-laburrak, unibertso-isladatzaileak. Hor daude 17 silabako haikú japoniakoak, esaldi bakarreko narrazioak edo obra luze galduen puska niminoak:
Nire kapelan idatzitakoa
ezabatuko du
gaur ihintzak.
Bashô
Zein tristeak etxeko gelan lanparak biztu behar ditugun
segundu batzuk lehenagoko uneak!
Andu Lertxundi
Udaberri garaian
enarak zalaparta ateratzen duenean...
Estesikoro Himerakoa
Akondia lizarraga lizar baga...
Akondia guduaren balada
Petroliuntzirik handiena, esaterako, kaietan dagoenean da handien; portutik abiatu eta itsasoa ebakiz urruntzen denean txikitzen doa, eta gure begitik ezabatu eta munduarekin bat egin aurretiko segunduan baino hobeki noiz jaso dezakegu petroliuntzi horren muina? Noiz dago, une horretan baino, ingurumariarekin, unibertsoarekin, gurekin lotuagorik? Orduan baizik ezin gureganatu batera petroliuntziaren funtsa eta gure izatearen xarma. Momentu horren bila, gertaera horri begira egoteko ikustokiaren bila doa artistaren bidea; gero, lerro xume batean finkaturik, harrapaturik uztekotan.
Ikustokia, ikuspuntua garrantzizkoa da, beraz.
J. R. Madariagak bidali dizkigun bi poemetan ere ikuspuntua garrantzizkoa da. Lehenengoan, heroi epiko baten ekintza epaitzen dute etsaiek eta bere soldaduek; etsaien ustez adoretsua da, bere soldaduentzat traidorea. Bigarrenean, tristurak lainotzen dio begia eta izpiritua poetari, izatez goibelak ez diren gauzak ere tristetzen dituelarik.
"S'il est un homme tourmenté par la maudite ambition de mettre tout un livre dans une page, toute une page dans une phrase, cette phrase dans un mot, c'est moi", Jouberten hitzak dira, Obabakoak liburuan jasoak. Liburu bat orri batean, orri oso bat esaldi batean, esaldi hori hitz batean; liburu arrunt bateko 60.000 hitzak hitz bakar batean adierazirik; zeinu ortografiko guztiak azken puntuan bildurik; pertsonaia, paisaia, gertaera denak berba bakar batean; espazioak oro leku batean, denbora guztiak une batean...
Denboraz mintzo da Gerardo Markuleta "Jon Iriberriren hilondoko paperak" prestatzen ani den liburutik hartutako hiru poemetan. Atxagari, J. M. Lekuonari eta Ruper Ordorikari daude eskeiniak, Atxaga, Lekuona eta Ordorikari eta biharko eguna maite, gaurkoa amarratu edo atzoko ametsak usteldu zaizkion edonori.
Obabakoak aipatu dugu lehen. Bertan kontatzaileak hitz erabakior eta esentzial baten bila dihardu, harekin liburua bukatzeko, baina ez du aurkituko, eta hitz nagusi hori atzeman ezinean, "euliak" hitzari egokituko zaio liburuko azkena izatea.
Eta "euliak" hitza da, hain zuzen ere, Augusto Monterrosok lehen aipatua hau ere idatzitako "Mugimendu geldiezina" liburuko lehenbizikoa. Han esaten digu Monterrosok literaturan hiru gai daudela, maitasuna, heriotzea eta euliak, eta bera euliez arituko dela. Plazarako ale honetan ez dugu eulien gaineko ez hitzlauz, ez hitzneurtuz egindako literatur lanik, baina bai maitasunaren eta heriotzearen ingurukoak.
6 poema maitasunezko eskuratu dizkigu Iñazio Mujika Iraolak; eta maitasunezkoak direla esan dugun arren, badakigu ez garela deus ere esaten ari horrekin. Neska batez, edo gehiagoz, mintzo da, eta neskari itsatsitako oroitzapenak, irudiak, lekuak ditu Poetak gogoan, eta Poetaren gogotik lerratzen dira, bideko bahean landuak, orrialdera.
Heriotzea agertzen zaigu hurrengo orrialdeetan irakur ditzakegun lau narrazio laburretan; lauetan, bai, baina lau heriotze desberdin dira; ezin izan beste modu batean, heriotze hitz bakarra izanik ere, bizidun bakoitzari bere heriotze berezia bait dagokio.
Arantxa Mendieta idazle gazteak bidali digun Ipuinean heriotzea tresna da; nahia jomuga bihurturik, gupida urriko emakume batek desiratzen duena bereganatzeko bidean erabilitako lanabesa da, eta, gehienetan bezala, lanabesak egoki erabiltzen badira helburua iritsi egiten da.
Juan Kruz Igerabideren "Haur baten memoriatik" haur batzuen ilusioak dira hiltzen direnak, edo hiltzen dizkietenak, hobeto esateko; haur jolasetan imajinatzen duten etsai ankerrak suntsitu dizkie, eta akaso giza jolasetan hasten direnerako erneago ibiltzeko balio izango die etsipenak, haurren jolasak eta gizonemakumeenak berdin-berdinak ez, bairia antz handia bait dute elkarren artean.
Gerardo Markuletaren "Harriren jaiotze berria" ipuinean heriotzea jaiotzarekin nahasten da mundura sortu eta hiru hilabete igaro arte inguratzen zuena ikusteari uko egin zion haur temati baten istorioan. Zergatik ireki zituen begiak azkenean? Zer nahi zuen aurrena ikusi? Edo zer zen aurrena ikusi nahi ez zuena?
Iñaki Irazabalbeitiaren "Xixote" narrazio laburrak heriotzea gainditu bide duen pertsonaia baten berri ematen digu. Ez pentsa, hala eee, urrutiko peetsonaia zaigunik, hura eta ipuineko besteak biltzen diren taberna ez dago guregandik urrun, eta kontatzen dituen pasadizoen zenbait erreferentzia ere hurbilekoak ditugu. Istorioa, ordea, hemengotasunaren mugan dago, mugan edo muga horretatik haruntzago, askoz haruntzago.
Ez dakigu Monterroso ibili zen hitz erabakior baten bila "Mugimendu geldiezina" amaitzeko, edo "hemen" hitza, liburuan dagoen azkenekoa, deskuidoan agertzen den lekuan. Eta kasualitatea izango da, segunuena, "hemen" hitza izatea "Obabakoak" liburuak ere gaztelerarako itzulpenean duen azkenekoa.
"Hemen", alabaina, berba erabakiorra inuditzen zaigu. "Hemen" hori ardatz harturik eraiki dezakegu mundua. Amaraun osoaren armiarma izateko modukoa deritzogu, beste berba guztiei bezala.
Edo, beharbada, alferrik ari gara; beharbada ez du merezi esaldi labur batean biltzea liburuaren orrialdeak oro.
Literatura hutsa edo poesia hutsa, azukre hutsaren antzera, gehiegizkoak bide dira soil-soilik agertzen zaizkigunean, zioen Witold Gombrowiczek; eta bere testu zenbait zailak, korapilatsuak eta agian aspergarriak ere, batzutan, gertatzen zinela aitortzen zuen arren, arrazoia izan zezakeen. Eta hitz aspertu hauei bukaera jartzeko, Borgesen Tlön-eko dialektikaren moduan, orain arteko tesiari antitesia paratuko diogu kontra: zergatik ez erabili ehundaka hitz, esaldi, orrialde eta liburu ideia xinple xumea kontatzeko? Zentzu naturalezkoak izaten dira ideia ximple xumeak, eta apaindurarik gabe tristeak ere izan daitezke.
Amaia Iturbideren "Uda-azken-berriaz" poeman ere iraila nola datorren erakusten duten arrastoetan, esaterako, bizitzaren amarauna korapilatu eta deskorapilatzen dela irakur genezake. Deskorapilatzen eta korapilatzen, poema, literatura, bizitza...
Esan dezagun, bada, berriz ere Monterrosori jarraiki: lerro hauetan amaitzen da artikuluxka, baina honek ez du galerazten hemen ere berriz hastea, hona iristekoa bezain hutsal eta arrazoi gabekoa izango den itzultzeko mugimenduari irakurleak ekiten diolarik.
|