L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 17 zkia. (1991-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ai gureak balira!—

 

Senar-emazteak

 

Isidro Rezola gaueko txandan ari zen, seietan bukatzen den erreleboan. Etxera bueltatzeko bide luzea zuen, eguraldi onarekin bizikletaz egiten zuena, eta tranbian, berriz, euria eta negua nagusitzen ziren hiletan. Zazpiak laurden gutxi, zazpiak aldera iristen zen lanetik, bere emazte Aszeren despertadoreak jo baino lehentxeago batzutan, geroxeago bestetan. Sarritan bi soinuak, despertadorearen hotsa eta senarraren sartzerako pausoak, bat egiten ziren Aszenen akorduan, loaren sakonean harrapaturik, aurpegia almoadan hondoraturik, oraindik segundu batzu gehiago luzarazten saiatzen zen goiz-goizeko lo trinko horretan murgildurik.

        Gero, ohetik bapatean jaiki eta bata jazteari ekiten zion itsumustuan, tximak begi gainean. Halaxe agertzen zitzaion sukaldean, han ari zelanik Isidro, lanera eraman ohi zuen zestotik ontzi hustuak ateratzen: fianbrera, termoa, eta arraskan paratzen. Kalentadorea piztua zuen ordurako, eta kafea prest.

        Gizonak begiratu orduko, Aszenek eskua tximetatik pasa eta saiatzen zen begiak ongi zabaltzen, alegia lotsa piska bat emango balio bezala hura etxera iristean senarrari eskaintzen zion estraineko imajina horrek, beti halako kuxidadean, erdilotako aurpegi harekin. Bik batera lo egiten dutenean, besterik da; goizean loaldi beretik datoz akordura, berdinak dira biak.

        Batzutan, aldiz, kafearekin koartora etortzen zitzaion esnatzera, despertadoreak jo baino minutu bat lehenago; orduan dena naturalagoa zen; lotatik irteterako imintzioa halako arduragabetasun goxo batez jazten zen; beso biluziek, nagiak ateratzeko jasorik, gizonaren lepoa inguratzera egiten zuten aurki. Besarkatu egiten ziren. Isidrok gabardina zeraman; hurbiltzean, Aszenek bazekien ze eguraldi egiten zuen: ea euria ari zuen, ala lainoa nahiz elurra, segun eta zenbaterainoko busti eta hotza zegoen. Baina igual esaten zion: "Ze eguraldi dago?", eta gizonak betiko begez purrustadan hasten zen erdi broman, pasatu behar izan zituenen errepasoa eginez, atzekoz aurrera: bizikletazko etxera bidea, fabrikatik irtetean zegoen eguraldia, arratsean sartzean zegoena ez-bezalakoa, eta laneko arazoak, sekzioan zebiltzan zurrumurruak, eta horrela dena.

        Ordu horretan etxea artean epeltzeke egoten zen beti, baina Aszen, larrugorririk, dardarez, hantxe ari zen, komun koxkorrera sartu eta bere garbiketak egiten. Ondoren senarra ere, patxada handiagoz, erantzi eta garbitzen hasten zen, astiro, tailerreko hauts-koipeak kentzen. Hala, biak arraska beraren ondoan erdi biluzik, hotzak uzkurtuxe, tarteka elkarrekin tupust eginez, jaboia nahiz hortzetako krema eskuetatik kenduz, bien arteko esan beharrei utzi gabe, konfidantzaren tenorea izaten zen, eta batzutan, batak besteari bizkarra igurtzitzen ari zirela, igurtzitik laztanera, besarkaturik bukatzen zuten aurki.

        Halako batean, ondea, Aszenek:

        — Jaungoiko maitea! Ze ordu da honezkero? —eta han ekiten zion portaliga jazteari, gero gona, presaren presaz, zutik, ilean hara eta hona zepiboa, aurpegia komodako ispiluruntz aurreraturik, orkilei ezpain artean eutsirik. Isidro ondotik, zigarro bat piztu eta begira geratzen zitzaion, zigarroa errez, eta inkomodo samarra ematen zuen beti, ezer egiteko ez, eta hantxe egon beharra. Aszen prest zegoen; abrigoa pasiloan jantzi, musu eman, atea ireki, eta eskaileretan behera abiatzen zen arrapaladan.

        Isidro bakarrik geratzen zenean, Aszenen takoiek mailen kontra ateratzen zuten hotsa jarraitzen zuen. Eta entzumenaren irismenetik urruntzen zenean, pentsamentuarekin jarraitzen zuen, patioko saltaka arina, portala, espaloia, tranbiaren paradaraino. Tranbia, berriz, ederki entzuten zuen: kirrinka egin eta gelditzen, eta estribuaren kolpea gero, inor igotzen zen bakoitzeari. "Harrapatu du", egiten zuen bere baitan, eta langile jendetzaren artean hamaikaren barran heldurik imajinatzen zuen, egunero bezala fabrikara bidean. Zigarrokina itzali, kontrabentanak itxi, eta koartoa ilunpetan geratzen zelarik, ohera sartzen zen.

        Ohea Aszenek jaikitzean utzi bezalaxe zegoen, baina Isidroren aldetik ia ikutu gabea, egin berria bezala. Bere aldean etzaten zen, legea zenez, baina aurki hanka bat luzatzen zuen alboruntz, andrearen epelak irauten zuen lekuruntz, beste hanka gero, eta hala, piskanaka Aszenen aldera egiten zuen, oraindik emaztearen forma gordetzen zuen epeltasun-kabi hartara, aurpegia almoadan murgiltzen zuen, haren perfumean, eta loak hartzen zuen.

        Arratsean Aszen etortzen zenean, Isidrok bazeraman denbora puska bat koartoetan hara eta hona: estufa piztua zuen, lapikoren bat su gainean. Berak egiten zituen zenbait lan, afal aurreko ordu haietan, hala nola ohea egin, eskoba pasa, eta bai lixibarako arropa beratzen jarri ere. Aszenek dena gaizki egina topatzen zuen, baina Isidro ez zen horregatik gehiago kezkatzen; itxoiteko zeremonia lege bat zuen hura, bidera irtetea bezala edo, nahiz etxeko paret artean geratu, orduantxe kanpoan argiak piztu eta andrea denden artetik pasatzen zelarik, hainbat emakumek konprak gauez egiten dituen auzoetan ohi den animazio denboraz kanpoko horren erdian.

        Azkenean pausoak entzuten zituen eskaileran gora, goizekoen oso diferenteak, pisuak oraingoan, ze Aszen egun osoko lanaz nekaturik eta konprarekin kargaturik zetorren. Isidro eskailburura irteten zen, saskia eskutik hartu, eta berriketan etxeratzen ziren. Aszen sukaldeko sila batean amiltzen zen, abrigoa kentzeke, gizonak gauzak saskitik ateratzen zituelarik. Handik piska batera:

        — Gora bihotzak, eutsi goiari —esaten zuen emakumeak, eta zutitu eta abrigoa eranzten zuen, eta etxeko arropa jantzi. Otordua prantatzeari ekiten zioten: afaria bientzat aurrena, eta gero goizaldeko ordubatetako tarterako gizonak eraman ohi zuen mokadua, Aszenek biharamonean lantokira eramango zuen bazkaria, eta arratsaldean gizona esnatzerako prestatu behar zena.

        Aszen, noiz mugitu, noiz atzera lastozko silan esertzen zen, aginduak emanez. Isidro, berriz, deskantsatuen zegoen ordua izaki, ez zen gelditu ere egiten, dena egin nahi zuen, baina distraitu samarra beti ere, ordurako burua beste nonbait. Halako momentuetan batzutan saltatzekotan egon ziren, hitz mingarriren bat jaurtitzekotan; izan ere, Aszenek nahi izango zuen gizonak arreta handiagoa jartzea berak egiten zuenari, enpeño handiagoa ipintzea, kariñosoagoa izatea eta beregandik hurbilago egon, kontsolamentu gehiago ematea nolabait. Isidrok, berriz, andrea bueltatu izanaren poza laster apaldurik, burua etxetik kanpo zeukan ordurako, pentsatuz aldegiteko ordua zela eta azkar ibili beharko zuela.

        Mahaia prest-prest, gauza guztiak eskumenean, jaiki beharrik ez izateko, halako batean elkarrekin egoteko hain denbora gutxi izatearen estuasuna sentitzen zuten biek, eta ia ez zuten asmatzen kutxara ahora eramaten ere, halakoxe gogoa zuten hantxe eskutik helduta gelditzeko.

        Kafea pasatu gabe oraindik, ordea, eta dagoeneko hantxe gizona bizikletaren ondoan ea ezer ez zuen falta. Besarkatu egiten ziren. Bazirudien orduan bakarrik kontunatzen zela Isidro zein epel-goxoa zuen emaztea. Edozein modutan, bizikleta bizkarrean hartu eta tentuz jaisten zuen eskailera.

        Aszenek platerak garbitzen zituen, eta exea goitik beheraino begiratzen gero, senarrak egindako gauzak, etsipenez buruari eraginez. Ordurako senarra kale ilunetan barrena zihoan, farola urrietan zehar, akaso gasometroa atzean utzirik honezkero. Aszenek, oheratu eta argia itzaltzen zuen. Bere lekutik, zango bat lerratzen zuen senarraren tokiaren aldera, haren epelaren bila, baina aldiro konturatzen zen bere lekua epelago zegoela, Isidro ere bertan lo egina zen seinale, eta bihotza betetzen zion horrek.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.