L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 17 zkia. (1991-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Harriren jaiotze berria

 

Gerardo Markuleta

 

Jaio zen egunean, euri jasa ikaragarria bota zuen, atergabe, ordurarte lurrak sekula santan urik ikusi gabe bailegoen. Bota eta bota aritu zuen egunargitu artean eta ortzea urdin muga-ezabatzaile, goibel batez tindaturik esnatu zen.

        Kalean, egun eguzkitsuak —lur menditsu eta urtsu honetan arraroa gertatzen den sargori egun hori itogarriak— beroturiko asfaltoak esker oneko kraskadatxoez jaso zuen euria, arindura hasperen ziruditen kraskadatxoez. Urak, pittinka-pittinka, neke aztarrenik gabe, putzu handi erraldoiak eratu zituen kaleetan. Izkinetako farola bakartiek ispilu zabal bihurtzen zituzten putzuak, argi, irudi eta islapen dardartiez osaturiko mundu oso bat sortuz. Karrikek ubide bilbapen itxura hartu zuten, oztoporik gabe gauak eta euriak soilik zeharka zezaketen laberinto goibela.

        Barnean berriz, sutondoan, barrez eta kanpai hotsez hartu zuten gaua: maitasun loretuaren barre emankor onduak; burdin alai eta arinezko kanpai hotsak, begi eta eskutxo itxidun panpin ximurtu eta nimiñoaren etorrera ospatzeko. Haurtxoak asfalto berotuaren gaineko euri freskoaren pindarkatze etengabea entzun zuen gau osoan, bere lehen gau osoan. Aitajaunaren ausentziak bakarrik egiten zien traba barre algara eta kanpaien dilindei. Kaskagorra aitajauna.

 

 

 

Harrik uko egin zion begiak zabaltzeari jaio eta hirugarren hilabetera arte, ahalmen lokartuen patxadatik bere munduratzeaz batera zetorren zoritxarra igarri izan bailuen. Senitartekoak kezkati zebiltzan umearen kasketaldiarekin —honetan behintzat aitonaren antza handia zuela esatera ere ausartu zen bateonbat— eta joanetorri amaigabea eratu zen umea —sendiko, aldeko eta medikuaren harat-honat zalapartatsuari kasurik egin barik— zetzan seaskaren inguruan.

        Izeba Enkarnak, urtez zein haragiz ondo hornituriko andreak, begi hertsidun umeari barretxo xamur maittakorrak egiten zizkion, okospea eztiki arakatuz, txio-txio sasiamatiarrak ebatsiz, begitarte mutu itsuari keinu alairen bat sortu eragin asmoz. Azkenean, haurraren gelditasun ikaraezinak gogaiturik, txoko samurra ate danbada bortitzez itxi eta alde egin zuen Ea mejoraitten dan lehor eta bizkor batez.

        Munieta doktorea elur malutez jaspeaturiko kapaz sartu zen etxera. Sarritan etortzen zen umea ikustera, eta bisitaldiak irauten zuen denbora gutxian gorputz osoa arakatzen zion, Zientziak

—bere zientziak— satorrei ere begiak zabalerazteko ahalmenean ziurtasun tinkoa aurpegian erakutsiz. Egun horretan —hiru hilabete Harri jaio zenetik— sehaskaren ondoan jasarrita zegoen amari so egin eta honela galdetu zion:

        — Eta nola demontre egiten du negar, bada?

        Etxekoandreak ez zuen konfidantza larregirik miope betaurrekoen hondotik begiratzen zion jaun ileurdindu dardarti harengan.

        — Negar malko barik; gose danean bakarrik.

        Sendagileak, aukera aprobetxatuz —eskarmentuak irakatsia zion egokiera guztien profitatu beharra—, latinkeria eta berba potolo andana galanta luzatu zuen. Amak glandula hertsipena eta negar isurkin pilaketa edo antzerakoren bat harrapatu ahal izan zuen bakarrik. Umeak, une horretantxe, gehiegizko zabaleraz ireki zuen ahoa eta bere amak negartzat ulertzen zituen zotin hots zelebreak egiteari ekin zion. Beraz, doktorea agurtu eta besoetan hartu zuen haurra, aulki bat leiho ondoraino eramanez. Altzoan jarri eta ditia eman zion.

 

 

 

Elurra ari zuen gau hartan. Umea irribarretsu ageri zen amaren besoetan. Honelakoetan bakarrik erakusten zituen emozio keinuak. Amak xuxurlaka egiten zuen berba, apur bat bere buruarentzat, apur bat bularrari atxekirik zuen umearentzat. Aittajauna, aittajaun kaskagorra, haurra ikusi barik zegoen oraindik. Kepak alde egin behar izan zuenetik eta alaba Bixenekin ezkondu eta kalera etorrita, ia txori-etxe geratutako baserri zaharkituan bizi izaten enperraturik. Amak estuasun sakona sentitzen zuen umearen begitarte lehorrari so egondakoan. Zer ez ote zuen emango negar anpulu bakar bat seinaren masailean behera labainka ikustearren. Seinale txarra zen. Eta aittajauna bakarrik baserrian. Eta elurra ari, atergabe.

        Begira egiok lur honi, Harri; zabal itzak begiak eta ikus lur menditsu, urtsu hau —hala esaten dik aittajaunak— milaka eta milaka lumatxo txuriz eratutako euri honen eraginez —han, goian, lumatuz ari den hegazti erraldoi, jelatu, negutiar bat bailegoen— zilarrezko zinta eta sonbreilu txuriz ornaturiko lur majiko bilakatuz. Bizitza abiadura aldakorraz duk iragaiten. Denborak, Harri, ikasiko dut, bazeukak elurraren antza. Begiak zabaltzen dituanean, jausten ikusiko duk, honela, ikusten?, pittinka-pittinka. Baina jauste geldoari so geraketan bahaiz, itsu, mutu, gor, piska batera konturatuko haiz zolua, heure zolua, Harri, erabat zuriturik dagoela, denbora ustel hausterrez, maittasunaren arbolatik jausitako hostoez estalirik, iadanik negarrik egiten ez duen hegazti erraldoiaren hegaletatik datozen luma hauetxek estalirik. Ezen dagoeneko hegaztiak ez bait dik negarrik egiten; leku berean geldirik, hegalak mugitten dizkik eta bere luma eroriak dituk bidaltzen digun mezu bakarra, bizirik gaudela gogorarazteko, Harri, eta noizean behin, ikusiko duk, bizi garela emon ere emoten dik.

 

 

 

—Aittajaunaren bila joan beharko diagu, Bixen, ez dik elurra agoantatuko.

        — Eduki din horrek ere etortzeko denbora ba! Baditun hiru hilabete Harri jaio zela.

        — Bixen.

        Eta begiratu ilun umela iltzatu zion begietan.

 

 

 

Ez zion bat ere graziarik egiten, hori garbi zeukan.

        Lantegitik zetorren, zaratatik; koipe likatsua ozta-ozta urtzen duten ur jelatu eta zerrauts latzetik; hodi, torloju, serraren burdinezko fereka zorrotzetik, izerditik, ezinetik, hotzetatik.

        Eta elur berria zapaldu zuen eta, orru izoztu baten ondoren, Land-Roverra martxan jarri eta herri zuritua zeharkatu, txolarre ikaratuaren moduan, elurraren beldur, haren kontra korrika. Eta bidezidor aldapatsua hartu, elur-lokatzezko alfonbra goldatuz, pinuak eta pinuak bide ertzetan, haizearen putzaden eraginez negarti, automobila beso berde-txuriez pasadan laztanduz.

        Pinuen xilueten artean, baserria. Txakurrik ez; isiltasun arraroa; umea jaio zenetik dena zen apur bat arraroa. Neguari eraikitako monumentu zirudien baserriak, elurrak erabat estalia; erabateko zuritasunak, inolako arrazoirik gabe, haur-hilkutxena zekarkion gogora. Eta ikara zorrotz sakona lepahezurrean, ate korrokoildua ireki eta arkupea zeharkatu ondoren, oilatokian animali hotsik bat ere ez entzutean. Untxitegietan konejuen gorpu erdi ustelak. Gogoan garbi koneju haien irudi xamurra: bigunak, lelo xamarrak, erdilotan edo saltoka, jaten edo narrua joten, baina beti mantso-mantso. Eta orain hortzak eta atzazalak untxitegien burdinsare herdoilduan kateaturik, bilo odoltsu sakabanatuak, untxiak desesperoak jota, egurraren kontra euren burua danbadaka hilik. Lehengo ikara dardara bortitz bihurturik, eta aurresentipen beldurgarri.

        — Euren burua hil ditek gosez ez hiltzeko.

        Eta kiratsak bete-betean harrapatu sukaldeko atea zabaltzeaz bat, eta sartzeko beldurrez, ikusiko zuena aurrez igarrita, jakinda.

 

 

 

—Kepari deitu beharko zioagu.

        — Joan hadi ohera; neu arduratuko naun.

        Berak hartuko zuen ardura. Kolpe itzela berarentzat ere. Baina ez zeukan erakusterik. Eginbeharrak askotxo ziren.

        Kepari deitu behar zion. Berandu zen, baina muga pasa eta hiletetara heltzeko betarik izango zuen. Bai, funeralak gauean bertan behar zuen, gorpuak ezin zezakeen denbora askoan itxoin. Noiztik ote hilik? Harri jaio zen egunetik bertatik ziotsan barreneko zeozerk, baina ezinezkoa zen; hotzak gordeta ere, hiru hilabete larregi bide zen halako itxuraz mantentzeko. Hiru hilabete eta umea oraindik begiak zabaldu gabe. Funerariara joan behar zuen, eta medikuarengana eta Parrokiara eta familiari abisua ematera. Kepari deitu behar zion.

 

 

 

Umearen itsutasunak eragindako joanetorriak errepikatu egin ziren aitajaunaren heriotzarekin. Sendagileak heriotz agiria sinatu, Elisari esku bigun umela eskeini eta ez gaittun ezer, laguntzen haunat nahigabean profesional batez egin zuen alde. Senitartekoak negarti eta goibel hurreratu, Elisari doluminak eman eta zerraldoaren inguruan jartzen ziren. Elisa hilkutxaren burura zegoen jasarrita, aldeko eta ezagun iladaren aurrean etsipen keinuak eginez. Noizean behin, falta zen anaiaren bila altxatzen zitzaion begirada. Kepa ez zen agertzen.

        Ordua helduta, Bixen eta anaiek jaitsi zuten kaleraino zerraldoa. Elisak aitajaunaren aurpegia ikusten uzten zuen leihatila oihal more batez zuen estalia. Hilkutxaren atzetik ama-semeak; sendikoak, lagunak eta auzokoak ondoren, kalea estaltzen baina jada erortzen ez zen elurraren gainean arrasto zabal zikina utziz. Eliza Nagusiaren atarian zai zuten apaiza. Sartu eta bankuetan eseritzean, oihal, poltso, txapel eta ezpain hots desegokia. Aurreneko bankuak fameliarentzat gorderik, jendeak haruntz luzatzen zituen begiak: han, Bixen, Elisa eta Harri begirada zorrotz ankerren pean, mina irentsiz. Apaiza aldarean ageri zen, egokierak eskatzen zituen maiestate eta tristura itxuraz jantzirik, eta hasi egin ziren hileta eginkizunak.

 

 

 

Kepa heldu zenean, apaiza ahots sendo, sakon eta patxarosoaz ari zen:

        — Errauts izan eta errauts bihurtuko, geu guziok bezalaxe, Jaun Goikoaren agindua beteaz.

        Elur-lokatzez lohitutako botak oinetan, aurrera jo begiradek osatzen zuten pasabidean barrena aldare pareraino eta oihal moreaz estaliriko hilkutxara hurbildu zen Kepa.

        Tinko marrazten zituen pausuak, nahiz eta zurrumurruek eliza bete, nahiz eta apaizak sermoia eten ez:

        — Gu ez ginen eta honako bakarrik jaio.

        Kepa arrebarengana hurbildu, Bixeni so egin eta umea laztanduz:

        — Barka, mugan arazoak izan dituk.

        Isiltasun lehor, likatsua zen nagusi. Denbora gelditu, gatzatu eta nonbaitetik zintzilik, loturik bailegoen jarraitu zuen, Kepa zerraldoari inguratzen zitzaion bitartean. Bixen jaiki ez jaiki zegoen, koinatuari harrera eta lekuari errespetua zor. Apaiza, oraingoan, isildu egin zen, erdi hasarre, erdi harriturik; jendearen isiltasuna mantendu zuten haserre eta harridura berberak. Kepak eta Bixenek besoak luzatu eta piskanaka-piskanaka oihal morea labanduz bildu egin zuten, aitajaunaren begitartea agerian utzi arte.

        Une horretantxe, lehendabizikotz zabaldu zituen begiak umeak eta negarrari eman zion neurririk gabean, amaren begi harrituen aurrean putzu handia eratuz zeinean —mementu batez aitajauna, Bixen eta Keparen irudiak bata besteanen gainean islatu bait ziren. Begi jaio berriei negar pilatuaren iturria zerien, amaigabeko ibaia bankuen artean isuririk, elizaren egurrezko zolu gainean labainka aurreratu, kaleraino urten, elurra urtzen hasi eta apurka apurka putzu handi erraldoiak osatu zituen, izkinetako farola bakartiek ispilu bilakatzen zituztenak, argi, irudi eta isladapenez osoturiko mundu berria sortuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.