L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 17 zkia. (1991-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hiz lauz—

 

Xixote

 

Iñaki Irazabalbeitia

 

Noiz etorri zen lehen aldiz inork ez daki, ezta nondik etorri zen ere. Eta egia esan, inor gutxiri axola zaio jatorri ezezaguna. Ilargi beteko gau bareantza batean agertu omen zen lehenengoz Izar Beltzara eta gau harez gero ohizko bezero bilakatu zen.

        Xixote zeritzon eta inoiz ez genuen bere benetako izena ezagutzerik izan. Izenaz galdetuz gero, "Xixote naiz" esaten zuen "beti aurrera eta kixote" erantsiz irribarretsu.

        Gizaseme txikia zen, metro t'erdia doi-doi izango zuen. Bere aurpegi karratuan irripar zabal eta adiskidetsua zen ezaugarririk nabarmenena. Zimurrak ere, begi ondoetan batez ere, bazituen. Bizar motza izaten zuen beti; hiruzpalau egun bizarrik kendu gabe edo izaten ohi dena. Inoiz ez nion motzagorik edo luzeagorik ikusi. Begiak, ilunak eta irripartsuak, biziz gainezka zituen.

        Tabernan barneratzen zenean, eta barrako bere txokora joan aitzin, "Osasuna guztioi" esaten zuen ozenki.

        Ordu luzeak egiten zituen barran jarririk eta inguratzen zitzaizkion guztiekin egiten zuen berba. Berbatsua zen oso. Berbaro jorikoa gainera. Kontalari iaioa zen bestetik eta istorioak kontatzeari ekiten zionean, (bidenabar hau ez zela oso sarri jazotzen aipatu behar dut) Izar Beltzako ohizko murmurio ozena supitoki eten egiten zen eta guztiok adi-adi jartzen ginen Xixotek kontatutakoari entzuten.

        Xixotek kontatutako istorioak oso harrigarriak izaten ziren gehienetan. Pasadizoak berari gertatu legez kontatzen zituen eta beti berari jazotakoak zirela zin egiten zuen. Guztiok par egiten genion hori adierazten zuenean eta sinesten genioela eransten genuen. Bi parteen arteko joku modukoa zen guztia, istorioaren kontakizunari hasiera emateko errituala alegia.

        Hala eta guztiz ere, bazuen Xixotek akats txiki bat; alkohola gustukoegia zuen. Egiatan, alkoholizatu kronikoa zen; moxkorra. Izar Beltzan egiten zituen egonaldi luzeetan, kopa bat ginebra izaten zuen eskuartean beti, beste likorerik ez zuen edaten orduan, eta bere istorioen kontakizuna maiz eteten zuen pattar gardenari tragoxka bat emateko.

        Alkoholak hil egingo zuela esaten genion guk, baina berak jaramonik ez zigun egiten. "Mala hierba nunca muere" esaten zuen eta kopatik trago bat hartu ostean zera eransten zuen "y si muere resuzita".

        Noiz edo noiz, barran eusten tarte luzea egin ondoren, seko erori egiten zen konortea galduta lurrera. Ospitalera eraman eta sekaderoan egonalditxoa egin ondoren, berriro izaten genuen gure artean Izar Beltzan.

        Denborak aurrera egin ahala sekaderora gero eta maizago joaten hasi zen. Aldi berean, bertan eginiko egonalditxoak egonaldi bihurtu ziren. Beraz, etorri bezain ustekabean desagertu zenean, sekaderoan zegoela berriro pentsatu genuen. Aste batzuk igaro arte Xixote betirako galdu genuela ez ginen ohartu.

        Etorri bezain ustekabean joan zitzaigun. Egia aitortzeko, ez zuen hasiera batean interes berezirik sortu Izar Beltzako bezeroon artean, beste hamaika moxkorren kastakotzat jo genuen. Desagerpenak ostera, interes berezia eta bizia eragin zuen gure artean.

        Xixoteren eza nabarmena izan zen. Xixote mintzagai arrunt bilakatu zen gure arteko solasaldietan eta aurki, bera eta berari buruzko mitologia sortu zen. Xixoteren ezpainetan esaldi eta ateraldi xelebre guztiak ipintzen ziren. Askoren aita bera zen ezpairik gabe, baina denena ez ordea. Xixote monogai bilakatzeko arriskuan egon zen tarte batean.

        Bere jatorriari buruzko espekulazioak ere ugariak izan ziren, noski. Ezagumendu ezak eta misterio-kutsuak Xixote inguruko mitologia aberastu zuten. Berak, inoiz, txantxetan botatakoak egiatzat jo zituzten batzuen batzuk. Xixote Transilvaniatik zetorrela eta Drakula kuntiaren oinordekoa zela sinisten zutenak baziren. Beste batzuk, Xixotek asarraldi batean esandakoa, petrolio-magnate baten sasikumea zela alegia, egiazko jatorria zela uste zuten irmoki. Eztabaida luzeak egoten ziren gai honi buruz, kopa bat eskuartean genueneko hitzaspertu luzeetan.

        Xixotek Izar Beltzan kimurik utzi ez zuenik ezin ukatu.

        Orain, Xixoteren mitologia denbora geldiezinaren poderioz makaldu, ixildu eta ia ahaztu egin den une honetan, haren atzetik beste batzuk joan zirelako besteak beste, hark kontatutako istorio, edo "bizia bezain benetako gertakizun" berak esaten zuen legez, paperean jartzea egokia izan daitekeela pentsatu dut.

 

 

Negu gorriko arrats iluna zen. Izar Beltzan epel zegoen, kanpoan ostera, hotz handia. Enbatak lurgainean pilatutako elurra haizaratu egiten zuenez, airean, alde batetik bestera, noraezean, zebiltzan elur-malutak hodeiek botatzen ari zirenak ala haizeak harrotutakoak ote ziren ez zegoen baieztatzerik. Hala ere, Izar Beltzako gozotasunean murgildurik, atea zabaltzen zenean bakarrik jasotzen genuen kalean jotzen ari zen ekaitzaren berri.

        Ni ohi nuen mahaitxoan egon ordez, barra ondoko hankaluzeko eserleku batean jarrita nengoen Xixoteren aldamenean. Tartetxo bat generaman biok norbere ontziari begira eta elkarri txintik esateke.

Kaleko atea zabaldu zen eta enbataren orroa entzungarri bilakatu zen. Ohizko bezero bat tabernako giro beroan murgildu zen korrika.

— Hau hotza! —esan zuen— Ijitoak amona jan zuenakoa!

Xixotek bere edalontziari begiratzeari utzi zion, burua biratu egin zuen eta sartu berriari so eginez,

— Kanpokua, Luziferren labia iruituko litzaiake, nik pasatutakuak ezagutu bahitu— bota zion erronkatsu bere abots urratu eta zakarrez.

Tabernako solasaldiak eten egin ziren guztiak batera, denak Xixoteri begira jarri zitzaizkiolarik. Xixoteren kontakizunetako bat bazetorrela igertzen zen giroan. Jendea egarriz zegoen, aspalditxotik Xixote mutu xamar bait zebilen.

— Lasai motel! Hau baino hotz hahandizgorik dagoenik ez diat ukatzen, guk ez diagu horrelakorik ikusi ordea— defendatu zuen sartu berriak bere burua.

— Siberian ere ibili al haiz Xixote?— zirikatu zuen bezeroetako batek ironi-puntu batez.

— Aluba! Siberiaa hi jun biharko hintzan— erantzun zion Xixotek zakar xamar.

— Tira honbre! ez haiz ba, moskeatuko!— xuxurlatu nion, asarratu eta istorioa kontatzerai utz ziezaion beldurrez.

— Zirikatzaile merke asko entzun die nere belarriak, babu horrek esandakuak moskeatzeko— esan zuen eta edalontziarekin topa-keinua eginez trago luzea hartu zuen barnean zegoen likoretik.

Isiltasunik handiena zegoen Izar Beltzaren barnean. Xixoteren purrustada jasotakoak ere ezpainal lotu egin zituen. Bertan bildutako guztiak Xixote noiz hasiko zain zeuden. Jakin bazekien hori gure lagunak eta antzezle trebatuen moduan bera ere zain zegoen, lanean ekiteko une majikoa iritsi arte.

Giroa elektrizitatez kargaturik zegoen. Guztiak irrikitan baina, hala ere, inork ez zuen ezer esaten, ez zuen kontalaria zirikatzen lanean has zedin. Tabernako bezeroak ere une majiko horren zain zeuden.

Xixotek hankaluzeko eserlekua girarazi zuen eta jendeari begira jarri zitzaion. Mihiaz ezpainak busti egin zituen hasi aitzin.

— Unibertsitateko Ikerketa-Zentruban lan ein detela kontatu izan dizuet lehenago, oker ez banao behintzat. Ta inoiz esan ez badizuet , orain jakinaren gainian zaudete!

Egia esan lehen aldiz esaten ari zitzaigun hori eta berak bazekien, jakin. Izan ere, horrelako sarbidea egiten zien istorioei usuki. Istorioetan esandakoari kasu eginez gero, gure Xixote maraha baten txoferra, saio-pilotu, tabako-kontrabandista eta hamaika lanbide bitxi eta xelebre izanak zituen eta ondorioz, guk, egun hartan, ikerlari izana eszeptizismo handienarekin hartu genuen.

— Zuen arpegitan ikusten dit, ikerketan ibili naizenik ez dezutela sinisten; ba, behingoz, zuzen zabiltzate ... Institutuban puta-lana ein nian.

Atzo, esperimentu biologikoetan akabatutako animaliak erretzen ein nuneguna; gaur ataskatutako komunak garbitu ditut eta bihar fatxada pintatu biharko det...

Modu guztietako lanak eiten nitun da horregatik, Institutuko zoko guztietan sartzia neukan.        

Hemen —esan zuen bularraldean kolpe bat emanez— zintzilik eramaten nun txartel berdiak ate guztiak zabaltzen zizkidan.

Inortxok kasu handirik etzidan eiten; ziur nao altzari modukoa nintzala haientzako.

Horrek bazun abantailik. Nik leloarena eiten nun baina, begiak erne eta belarriak tente izaten nitun. Institutuban gertatzen zan guztia berehala jakiten nun, gona- kontubak ere bai.

Irripar egin zuen maltzurki.

Espioia hintzen, beraz! - komentetu zuen baten batek.

— Hi orain ikusita, ez zirudik hartzeko moduko lana denik- erantsi zuen beste

batek parrez.

        — Hi zein hintzen Xixote? zero zero metro t'erdi?

        Parrez hasi ginen guztiok, Xixote bera ere bai. Bere buruari adarra jotzea ez bait zitzaion axola.

        — Aizak! Ona hire txistia! Hiregatik —esan zuen eskutan zuen edalontzia ezpainetara eramanez.

        — Espia plantarik al det? —jarraitu zen Xixote— Kuriositate hutsa zan. Beti izan naiz kurioso, iriguruban zer gertatu jakin nahi. Ez nintzake harrituko, ni mundu hontatik alkoholak eraman ordez, kuriositatiak eramatia.

        Beste atsedenalditxo bat egin zuen. Edalontzian gelditzen zen ginebra-apurra trago batez edan egin zuen.

        — Pello! Jar egiozu gehiago mesedez. Nere kontura —esan nion gure nagusiari, ez bait nuen Xixote gasolinarik gabe gelditzea gura.

        — Esker mila, lagun! Garai hartan, Institutuban Xabieroslaw Kintanoski izeneko fisikari zeon. Poloniakua edo zan bera. Tipua oso bitxia zan. Hizketan eiten zuenian, ez nion piperrik ere konprenitzen. Polakoz edo eiten zun.

        Jatorra zan. Asko estimatzen nindun, nere bizio txiki bera —ezkerreko hatz erakusleaz eskuineko eskuan zuen edalontzia seinalatu egin zuen— zuelako akaso.

        Askotan eoten nintzan bere laboratorioan. Wodzka ederra zun bere despatxuko armairuban. Hobeagorik eztet probatu.

        Pelma xamar jartzen zan batzutan. Jarioa harena! Berritzen hasi eta ezin bukatu. Bere teoriak botatzen zizkidan eta nik "bai, bai" eiten nion burubarekin. Wodzka ederra ordia!

        Laboratorioa polita oso. Traste distiratsuz beteta. Makina bat erabiltzen zun, hura aparatuba! Handia, brilantia... Eguzkiak jotzen zionian zilarrezkua ematen zun.

        Kintanoski horrek ze eiten zun eztakit. Maiz, Einstein izeneko beste bat aipatzen zun. Beste polako bat izango zala pentsatzen det, institutukua etzen behintzat.

        Parrez lehertzen hasi ginen guztiok. Inozente-aurpegia jarri zian Xixotek.

        — Ze esan det, ba? —galdetu zuen sortutako algaraz harriturik.

        — Einstein hori, alemaniarra duk, ez poloniarra —argitu nion nik.

        — Eta ze inporta, polakua ala alemana izan? Ze jakingo det nik?

        — Kristo guztiak ezagutzen dik —gaineratu nion nik.

        — Berdintzaio! Makina zan polita! Hari begira eoten nintzan eta denbora konturatu gabe pasatzen zitzaidan. Zigarro-itxurakua zan da hiru hanka luze zeuzkan. Oinarria eraztun handi bat zen eta lurretik metro t'erdira edo zeon. Pareta, estu-estu jarritako tutuak ziran. Barruan, sapaitik zintzilik, pendulu moduko bat zeukan; ia-ia lurreraino iristen zan. Bi kable lodi ateratzen ziran trastearen goikaldetik. Teilatuaren bi muturretako antenekin konektatuta zeuden.

        Ta pollitena, konputadoria zan. Telebista baino politagoa! Pantailan kolorezko irudi zoragarriak agertzen ziran. Ederrak eh! Nola mugitzen ziran. Ze forma ederra! Aizue, karga-karga einda nagoenian ikusten ditudanak bezelakuak!

        Kintanoski han eoten zan, irudiei begira. Noizian behin paperian zerbait idatzi eta horrela.

        Trago bat hartu zuen Xixotek kontakizunean aurrera jarraitu aitzin. Begiratu egin gintuen, begiak galdekor zituelarik. Guztiok hadi-hadi ginen, berriz noiz ekingo zion zain.

        — Igande arratsaldia zan. Sekulako ekaitzak jotzen zun. Institutuban nengon, goardia eitia suertatu zitzaidan da. Bakarrik nengon da izugarri aspertuta. Eskailerak gora ta behera, pasiloen mutur batetik bestera, han da hemen begiratu. Badakizute...

        Kintanoskiren laboratoriora joatia otu zitzaidan; han trago bat hartu ta, wodzka zoragarria zun da, azkarrago pasatuko zala denbora ta... Pentsatu ta egin.

        Giltza maisuba hartu eta atia zabaltzen det. Iriki ta hotzikara edo sentitzen det. Giro berezia dao. Atzera eitia pentsatzen det, baina wodzka-botila barruan dao ta aurrera. Bihotza kizkurtu eiten zait. Despatxuko armairuba zabaldu, botilari tapoia kendu ta hara nolako tragua hartzen deten!

        Lasaiago nao orain. 'Hi haiz babu puska' esaten diot nere buruari. 'Hemen ez dek ezer gertatzen'.

        Kintanoskiren makina ikustera nua. Hantxe dao, laboratorio erdian, inoiz baino pollitagoa. Liluratuta gelditzen naiz hari begira. Bizirik daoela ematen du. Ezin ditut begiak haren gainetik kendu. Ezin mugitu. Borondatea guztiz galdurik.

        Egia esaten dizuet, horrela enau atsorik euki!

        Eztakit zenbat denbora eon nintzan begira. Asko, apustu eingo nuke. Bapaten izugarrizko tximistak jo du kanpuan. Laboratorioa argiz bete da.

        'Hara! zer dao lurrian, makinaren azpian?' Distira ein du. Txanpon bat iruditu zait. Nere praketako poltsikuban hobe eongo dala pentsatzen det.

        Makinari eusten dioten hanken artian sartu eiten naiz barrura. Banua txanpona hartzera eta zapla, tximistak jotzen du berriro kanpuan.

        Argia besterik eztet ikusi. Trumoirik ez da eon. Ilun-ilun dago dana. 'Itsutu al nau tximistaren argiak?' 'Littekeena' pentsatzen det.

        'Zer da hori?' Argi-puntubak hurbiltzen ari zaizkit. Automobilen faroen modukuak dira. Oso azkar hurbiltzen ari dira. Gero eta handiagoak eiten ari dira. Jo ein bihar naute.

        Karraxi eiten det, baina soinurik ezta nere eztarritik atera. Saiatzen naiz berriro.

Alferrik! Bihotza gelditu eiten zait. 'Hil ein naiz eta hau infernua da' 'Argiak Luzifer eta bere akolitubak dira'.

        Ihes ein nahi det. Hankek enaute obeditzen. Korri esaten diet, bertan geratzen dira ordia. Korapilua sentitzen det iztarrian. Hau bildurra!

        Buruba hankartian sarturik pilota baten moduban bildu eiten naiz. Argiek nere gorputza zeharkatu dute ta eztet ezer sentitu. Urruntzen ari dira ta txiki bihurtzen.

        Iluntasuna eta isiltasuna berriro. 'Nun nao?'.

        Hankak luzatu eiten ditut; oinek eztute euskarririk aurkitzen. Besuak ere luzatu eiten ditut; gora, behera, ezkerrera ta eskuinera. Ezer ez. Hutsa bakarrik. Iluntasunian flotatzen ari naiz. Igerian hasten naiz. Eztakit mugitzen ari naizen, aurrera ala atzera eiten ari ote naizen, baina berdin dio. Zerbait ein biharra daukat handik ateratzeko.

        Hil ein naizela eztet zalantzatan jartzen. Tximistak kiskali ein nau, oilaskuak labian bezala. 'Nun nao?' Apaizek arrazoi dutela pentsatzen ari naiz, hil da gero bizia daola. Zer eiten det bestela nik toki hontan?

        Infernuban ez nao behintzat. Inguruban dana ilun dao, ez surik ez berorik. Zeruba seguru ez dala, nere modukuak sartzen badira... Purgatorioa da hau, dudarik gabe! Purgatorioko arimak makina bat bider madarikatu eta ni hoietako bat bihurtu!

        Flotatzen jarraitzen det. Eztakit zenbat denbora daramaten. Segunduak, minutubak, ordubak... Nork daki?

        Hotz dao. Gero eta hotzago. Sudur- eta belarri-puntak hotz-hotzak dauzkat, ipar-haize fina dabilenian bezela. Oilo-azala jartzen ari zait. Hotzikarak ere sentitzen ditut bizkarrian. Beso eta hankei sutsuago ekiten diet. Alferrik. Hotza gero ta handiago da! Dardara bizian nao. Hezurretaraino sartu ein zait hotza.

        Igeri eiteari uzten diot. Ezertarako eztu balio. Oinetako behatzak eztitut ja sentitzen. Eskuetakuekin gauza bera gertatzen ari da.

        Hotza nete gorputzaren jabe eiten ari da. Izterretik gora, pixkana-pixkana nola eiten ari den sentitzen det. Hotzak akabatuko nau.

        Jendeak hotzez hiltzia beldurgarria dala diola gogoratzen det. Etzait horrela iruditzen. Hotzikarak desagertu ein dira. Minik eztet sentitzen. Hil eingo naiz, badakit. Sufrimendurik gabe gertatzen ari da. Heriotza gero ta gertuago daukat. Tximistak enau hil, orain ari naiz hiltzen. Zorabiatzen ari naiz, buruba galtzen ari naiz. Hau loguria. Pentsatu ere ezin det ia... Bukatu ein da.

        Ixildu egin zen Xixote. Begiratu egiten digu. Gu ere berari begira gaude.

        — Memeloak ematen dezute, horrelako aurpegiak jarrita —eserlekutik altxatu egin zen eta aterako bidea hartu zuen— Bai, bukatu ein da, hori da dana!

        — Aizak Xixote, ez duk horrekin esan nahi, Jesukristo moduan hi ere hilen artetik berpiztu haizela? —esan nion.

Izar Beltzaren atean bere bizkarraren atzean itxi aurretik, zera entzun genuen,

        — Auskalo!

        Eta neguko gau hotz eta ilun hartako elur-maluten artean barneratu zen, guztiok muturik utzi gintuelarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.