Hitz lauz
Ipuina
Arantxa Mendieta
Egurrezko aulkitik altxa eta lehiorantz jo zuen ixteko asmoz. Maiatzak aurrera egin arren, hotz zegoen oraindik Worcester-en. Burua leihotik kanpora ahal eta gehien atera eta ezker aldean ikusitakoak zer egun zen gogora arazi zion.
Gurdi asko zetorren Gales aldetik, eta, zubi zaharra estuegia izanik, larri zebiltzan Severn ibaia zeharka ahal izateko. Gurdietako baten ibilbideari jarraituz, begirada plazarantz zuzendu zuen; festa giroa nabaria zen: merkatua, abere eta barazkiak, artesauak, ikuskizunak... Ezin zitekeen ezer ere faltan egon Coventry-ko jaun berriaren jaiotzaren hogeitamargarren urteurrenean; sei hilabete bete ziren jadanik Coventry-ko jaun zaharra hila izan zela; errege zen Errique II.ak Thomas Beckett-en asasinatzea agindu zuen egun berean... Aitaren hilketa inori leporatu ez izanak besterik ez zuen lausotzen urtebetetzearen ospakizuna.
William... Annie zen. Leihotik kanpora begiratzen jarraitu zuen.
Pai? Ez zion erantzun. Harengana joatea beste irtenbiderik ez zeukan.
Orduantxe ikusi zituen. Annie zurbil, zuri-zuri zegoen, tente ate ondoan. Komisariaren hiru gizon William agertu zain.
William Field, hiru gizonetatik potoloenak hitza hartu zuen Coventry-ko jaun zaharraren hilketan azpilanetan ibili izana leporatzen zaizu, gurekin etorri beharra daukazu.
Ez!! Annie korrika gerturatu eta besarkatu egin zitzaion. William-ek, piska bat harriturik, burua laztandu zion. Ezin duzue etxetik eraman, mesedez. Errugabea da...
Arakatu etxea lodienaren esanetara beste bi gizonak martxan jarri ziren. Bost minutu baino lehenago bueltan zeuden, segituan nagusiari eman zioten eskutitz bat eskuetan. Irakurri egin zuen.
Hau da bilatzen ari ginena. Tolestu egin zuen. Onartzen al duzu eskutitz honen jabe zarela?
Coventry-ko jaunaren heriotzarekin zerikusia badauka ez da neuk idatzia. Baina benetan uste al duzu errudun banintz hain agerian utziko nukeela horrelako frogarik? Bost minutu ere ez dituzue behar izan eta aurkitzeko!
Berehala jakin zuen bere hitzek ez zutela inolako baliorik. Haren azken gogorapena Annieren begi lausotuen dizdira zen, etengabe berari begira etxetik eraman zuten arte; Annieren begiak eta gogor heltzen zuten bi besoak.
Ikuilua topetaraino zegoen, akusatuari ez zitzaion baimenik eman bertan egoteko. Epaileak batzarraren buruan eseri eta jendeari isil zedin eskatu zion.
Bertan zaudeten guztiok badakizue zergatik aurkitzen garen hemen: William Field Coventry-ko jaunaren asasinatzean partaide izateaz akusatua izan da. Eskua altxa zuen eta hemen erakusten dizuedan eskutitz hau da bere aurkako frogarik nabarmenena. Annie Field, ezagutzen al duzu eskutitz hau zure senarrak idatzia dela?
Annie jendartetik altxa eta gerturatu egin zen.
Ez... begiak lurrean tinko mantendu zituen. William-ek ez luke sekula horrelakorik egingo.
Field andrea errepikatu zion epaileak. Ez dizut galdetu zure senarra horrelako gauza bat egiteko kapaz den uste al duzun, baizik eta idazteko modu hau zure senarrarena al den eskutitza gerturatu zion.
Arriek ez zuen begiratu.
Uztazue! Hark ez du ezertxo ere egin! Errugabea da! Hori edonortxok daki! oihukatu zuen jende multzoari begira norbait bere laguntzan altxatuko zelako esperoan. Errugabea da!
Epaile jauna! Ez al duzu nahiko argi ikusten? jendartetik emakume edadetsua altxa zen. Jane Martin nauzu, jauna, William eta Annie Field-en bizilaguna. Nola nahi duzu emakume honek bere senarraren aurka hitzik esatea? Ez al duzue ikusten beldurturik dagoela? Anniek begirada lurrean tinko mantentzen zuen.
Ulertuko denez gehitu zuen epaileak ezin dut edonoren hitzik onartu, hitzak besterik ez diren heinean, beraz, besterik gabean, aurrera jarraituko dut hitz hoiek esan ez balira bezala. Zerbait gehitzekorik?
Bai, jauna jarraitu zuen Jane Martin-ek. Epaitegi honen aurrean bere ezker belauna erakus zezan eskatuko nioke Annie Field-i.
Anniek epaileari so egin zion, eskakizuna ezezta zezan isiltasunean eskatuz.
Epaileak Annieren begirada ikusi arren, jakingurak ziztaturik baietza eman zion eskakizunari, Annieri areto erdira gertura zedin eskatuz.
Mementu batez, isiltasuna nagusitu egin zen aretoan, ikusleen begiak Annierengan zeuden. Une luzea igaro zen, poliki-poliki William Field-en emazteak gona iztarreraino une labur batez altxa eta berehala estali zuen arte.
Nazka oihua inposatu zen ikuiluan. Une bateko ikuskizuna izan arren, denek ikus ahal izan zuten belaunanen itxuragabetasuna, usteltzea.
Tira, Annie, ez izan beldurrik, oihukatu zuen berriro ere Jane Martin zaharrak ez al da egia belauneko zauri horiek William-ek egin zizkizula burni batez zuen etxeko sukaldean, berak esandakoa ezeztu zenuenean?
Anniek bere auzolagun zaharra begiratu zuen, buruaz xumeki baieztatu eta lurrera erori zen negarrez. Williamek maite nau...
Jende multzotik gizon gazte bat altxa zen. Denek ezagutu zuten azken aldian herrira iritsitako gaztea, denbora luzea pasatzen zuen Fieldtarrekin, Louis Barrinach gaztea Swindon aldekoa zela besterik ez zekiten herrian.
Epaile jauna, neuk ere badut zer esatekorik, berorren baimenarekin. Epaileak buruaz baietza eman zion. Sentitzen dut hemen hitz egin beharra, baina Fieldtarrak ezagutzeko asmoz etorri nintzen herrira eta uste dut badela hitz egiteko garaia.
Guztiek ikus ahal izan zuten Annieren aurpegia, ezustea eta beldurra. Harriturik zekusan Louis.
Jauna, ondo ulertua izan nahi nuke, eta batez ere, Field andereak ulertuko nauen esperantza daukat. Ez dakit zehazki nondik hasi; Aaron Mounty aipatuko dizuet, Swindon bertako neskatxa bat, William Fielden maitale dena. Sortu zen iskanbilaren erdian Anniek geroz eta harrituago zekusan Louis. Badaukat frogatzerik esandakoa epaileari zuzendu zitzaion eskutitz pila bat eskuan zuela. Beldur naiz froga nagusi den eskutitzaren letra bera erakutsiko duten, epaile jauna. Amodiozko mezuak dira gehienak. Tira, ez dut froga zehatzik emateko, baina ni hona bidali izanaren arrazoia besterik ez dut argituko. Areto erdian kokatu zen. Areto honetako zenbaitzuk gogoratuko duzue duela bost urte Swindon aldean Coventryko jaunak egindako sarraskia epailearen keinu haserretua ikustean berehala jarraitu zuen. Ez diot arrazoirik ez zuenik. Dena dela, lurraldeak ez uzteagatik erahila izan zen familiako alabarik txikiena bizirik suertatu zen, eta nere gurasoek jaso zuten etxean. Horregatik ezagutzen dut Aaron Mounty, eta horregatik etorri nintzen honeraino, zerbait jazoko ote zen berdin bait zen.
Eta? galdegin zion epaileak.
Desagertu egin da Aaron. Eskutitz horiek besterik ez zizkigun utzi etxean. Annieri begira gelditu zitzaion. William Fieldengan bere mendekua aurrera eramateko tresna egokia aurkitu ote duen beldur naiz.
Ikuiluan jadanik ez zegoen isiltasunik gordetzen zuen inor, apenas entzun zen epaileak Annieri egindako azken galdera:
Field anderea, eskutitz hau berriro ere azter dezazun nahi nuke. Soldaduari eman zion Annieri gertura ziezaion. Zure senarrak idatzia al da Coventryko jaun zaharraren hilketaz ari den eskutitz hau?
Guztiek ulertu zuten herrian exekuzioaren egunean Anniek etxean gelditzea nahiago izana. Dena den, egongelako lehiotik ikusi zuen kondenatua zekarren gurdia plazara iristen ete zin egingo luke Williamen begiak bertara zuzenduak zeudela, etengabe begiratzen zuela Annie lehioan geldirik, zurbil, begiak negarrak gorriturik zeuzkala. Azken finean, William izan zen gertatzen zenaz konturatu zen bakarra.
Anniek irribarrea eskaini zion jadanik gurditik jaitsia zan zen Williami. Gogoan zuen oraindik Aaron etxera negarrez etorri zitzaion eguna; neska ederra zen. William eta bere artekoa kontatu zion, damuturik omen zegoen, ulertu omen zuen bion artekoak ezin zuela jarraitu, baina ezinezko egiten zitzaion Williami agur esatea, amodiozko eskutitzak itzul ziezazkion eskatu zion. Sentitzen zuela Annieri egindako mina, eta Inglaterran jasandako mina hain zela haundia, Eskoziako iparraldera zihoala bizitzera bere lehengusu batekin. Anniek, hala behar bait da, negar piska bat egin zuen, eskerrak eman zizkion Aaroni beregan konfidantza izateagatik, barkatzen ziola egina damutua ikusten bait zuen, eta emango ziola Williami mezua.
Orduntxe ikusi zuten Louis eta biok une hoberik ez zutela edukiko William kanpo uzteko. Akusazioa aurkeztea, Aaronen iraganari buruzko istorioa asmatzea, eta Martin andereari belaunarena sinisteraztea lan erraza izan ziren; onartzen zuen, gainera, fin egon zela bere emazte-fidel-maiteminduaren rollean... Hala ere, onartu behar zuen satisfakzio gehien eman ziona Louisekin batera gauez espetxe parera joan izana zela, bazekien Williamek ikusi egin zituela, ilargi betea zen eta Anniek ongi aukenatu zuen lekua.
Lehiotik begiratu zuen berriro ere. Onduntxe erori zen Williamen gorputza, eskegirik gelditzen zelarik. Bazekien azken unerarte etxerantz begira egon zela. Ez zuen, ordea, ezer esan, jakin izan zuen behintzat duintasunez hiltzen.
Louisen berotasuna sumatu zuen atzekaldean eta segituan sentitu zituen beso indartsuak bere gerri inguruan. Atsegin zuen Louis, bira eman eta, lehiotik pittin bat urrutiratuz, musua eman zion ahoan.
Kanpora berriro ere begiratzeak, Williamen gorpua balantzaka ikusteak, lastima eta gupida nahasketa bitxia sentiarazi zion. Eta berriz ere pentsatu eta jakin zuen emakumeak beti izan direla gizonak baino argiagoak.
|