Literatura
The end
Denbora igarotzen ez dena
Felipe Juaristi
Gasteizeko gauean barman, tabernari eta garçonak musika isilarazi eta eskobatzeari lotzen direnean: THE END. Bai, THE END diskoteka. Gauzalerik amorratuenak zein paseko festagileak ezin etxeratu gauari THE END eman gabe.
Onenetan onenak biltzen omen ziren, eta guk ezin huts egin. Deus bereiztekorik ez zuen: dantzaleku arrunta, gazteez bete-betea, musikari doi-doi eusten zioten paret zuri kolorezko bonbiladunak, ke-izerdiak, kopak, basoak, eta dantza.
Piska batean jauzika ibili ondoren, arra bete zabal ez zen mahaitxo baten inguruko siloi larruzkoetan eseri ginen egunsentiari aurpegi emateko asmoz, festak biharamunean ere segi zezan, eguerdiraino, arratseraino; betirako izan zedin.
DENBORAREN BI DIMENTSIO HORIEK ESKURATZEN BADITUGU BETIRAKO IZAN GAITEZKE. HILEZKORRAK, JAINKOAREN MODURA.
* * *
Kazarien atsedena
Gerardo Markuleta
Bostak aldean kanta leunak jarri zituzten eta hura izan nuen aitzaki sartu ginenetik begia ebatsi zidana besarkatzeko. Dantza xamurrean alkandora gorria laztandu nion, galtza txuria ferekatu, muxuz-muxu, goxo-goxo, denboraz harantzago.
Eta bapatean, isiltasuna. Guztizkoa, erabatekoa. Eta argia.
PIZTU EZAN ARGI TXIKIA,
GELA HUTS HONETAN DIN
AMAIA MUNDUAK.
* * *
Poetika
Jose Inazio Lasa Begiristain
Ia bakarrik ginen gu pista erdian, eta lagunak zamarrak janzten ari ziren. Kanpora bota gintuzten eta, bost t'erdiak! Gasteizeko gaua THE ENDen argitzen zelakoan eta hantxe itzali ziguten. Ez nuen ikusi neska txuri-gorria kanpoan eta gaurgero ahaztu zait haren ilearen usain sarkorra.
ORDUAN, AMAIERAREN BIHOTZA.
* * *
Parkeetan bezala
Juan Ramon Madariaga
Madrileko gauean tanatorioko kafetegira jo genuen espektakuloak eta tabernak behin itxitakoan. Tanatorioko kafetegiaren altzoak bakarrik eskaintzen omen dizu beste inon aurkituko ez duzun abegi on magalezkoa. Ohizko bezeroek ez dute besterik eskatzen Ama Lurrarenganainoko geldiune horretan. Egiazko THE END. Betikotasunerako pasaportearen zain, muga-mugan.
ITSASOAK DAKAGU BAKARRIK LEHORRERATZEKO
DEN BIDEA.
TIRAINAK NABIGAERAZTEN DIGUNA
HILIK GAUDENEAN.
* * *
Panpin errusiarra da heriotza
Inazio Mujika Iraola
Ondoko gelaren batean hilik zeudenek ez zituzten ene lagunen hitzak entzuten. Nik ere ez. Gizon bizardun bat solasean zegoen andre dotore batekin nere bizkarrean. Hutsune handi bat egon zela nonbait, zioen, beste gizon bat iritsi zen artean, eta historia errepikatu zela eta modu berean erratu zuela norbaitek.
IZEBAK AZALDU ZIDAN. PANPIN ERRUSIARRA ZELA HERIOTZA. MATRIOXKA HORIETAKOA.
Ez nuen konprenitzen eta segitu zuen esanez andere hiltzaileak ardo-anforak pozoindu zituela biktimen odola zurrupatu behar zuelako edertasunari eusteko. Orain lo omen zegoen eta malko bat masailean behera bizarrean ezkutatu arte.
Zoriontasuna debekatu zion gizona hil baino lehen, barkamenezko segundu batzuk ito aurretik, haren heriotza berea ere izango zelakoan.
Ez nion deus ere konprenitu baina solas haren burrunbak bete zidan burua hurrengo lau egunean. Gizon hark Fernando León zuen izena eta poeta omen zen. Geroago jakin dut.
* * *
Ipuinlaria
Karlos Linazasoro
Pausoko mugan ere bada taberna bat gau osoan zabalik egoten dena, gasolindegikoa. Han, whiskyetatik kafesne eta croissantetara igarotzeko tenorean, kanpoaldetik Nafarroako mendietako egunsentia ikus daiteke. Eta beste paisaietakoak datoz gogora.
Valeri Larbaud:
Maiz etorri naiz, 1903ko neguan.
Neure biziaren parte bat igaro dut hemen,
Engoitik ahantzia, sekulako galdua...
BASENTOko arbolak, ondakinak, ezpondak, kanaberak,
O paisaia neutro, ozta-ozta malenkoniatsua,
Zergatik ez dituzu "ehun esku".
Ni nintzen eta berriz izango ez naizen gizon hari bidea itsutzeko.
Neska txuri-gorri harekin ezin topo egin Behobiako taberna horretan, aspaldi zirriborratu baitzitzaidan haren aurpegiaren sua. Tanatorioko poeta urrutiegi bizi da eta hemen barrena igarotzen bada trenez igaroko da, eta autopistaz bestela.
QUIROGAREN TRUKOEZ BALIATU ZEN ORDUAN: "LEHEN HITZAK, NOLABAIT, IPUINAREN AMAIA IRAGARRI BEHAR DU".
* * *
Arkitektura
Anjel Lertxundi
THE END. Parrandari behar bezalako amaiera emateko puntuan gaude.
Diskotekatik, kafetegitik, tabernatik atera azken gautxoria eta ni, eta lurrean, bide bazterrean, folio zimurtu bat. Konpañeroak irakurri zuen boz apal marrantatuaz:
Erresumako bufoia ispilura begira zegoen jauregiko bainugelan eta ispiluko irudiak istoriotxo bat kontatu zion:
"Dinosauruak postal polit bat jaso zuen eguerdian. Haren lagun batek hiltzeko tenorean idatzia zen, eta bertan irakurri zuen zein zen Zeus jaungoikoaren eskutalekua Olinpotik ihesi abiatu zenez geroztik. Dinosaurua, arratsaldeko lehen trenean, literaturaren lurraldera itzuli zen, armonikaz balada bat jotzen zuela. Luzaro ibili zen noraezean baina azkenik iritsi zen Zeusek bizileku zeukan leize beltz hartara. Zaindari batek zabaldu zion atea eta jaungoikoaren aulki txikira hurbildu zen.
Zergatik etorri haiz nigana?
Hik dakialako unibertsoan diren sekretuetan sekretuena.
Zein sekretu da hori?
Zein den biziaren arrazoia.
Zeusek harriturik begiratu zion eta oharkabean erantzun:
Halabeharra."
Elkarri begiratu eta barremurritxa egin genuen, ondoren irriari eman genion, gero eta nabarmenkiago, eta barre-algaraka aldendu ginen elkarrengandik norberaren etxera bidean irriari ezin eutsirik.
HONAINO IRITSI GAITUK, AMIGO!
|