L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 20 zkia. (1992-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Denbora igarotzen ez dena

 

Felipe Juaristi

 

Nire lagun bat iritsi berria da Estatu Batuetatik. Orain dela bi egun telefonoz deitu zuen etxera. Ezkutatzeko leku bat behar zuela esan zidan, urduri, norbait segika zebilkion susmoa omen zuela eta. Zergatik galdetu nion, harriturik. Ezer ez zidala esango, aurrez-aurre ez bazen. Misterioa. Hondartza ondoan geratu ginen elkar ikustekotan, jende ugari ibiltzen baita batetik bestera oinez. Oso egokia neritzon behar genuen anonimatoa gordetzeko.

        Kasik inork ez ezagutzeko moduan etorri zitzaidan jantzita: sonbrailu tejanoa, fraka arraiadunak eta alkandora koadrozkoa. Barre egin nuen. Huraxe, eta ez besterik, baitzen nik ezagutzen nuen Martxelo. Lehena eskolan. Jenio halakoa! Beti nabarmenduz bere burua. Paseoko aulki batean eseri ginen:

        — Kaixo, artista. Zer da paranoia hori?— galdetu nion, haren aurpegiari begiratzen nion bitartean. Begirada saihestu zuen, albo batera eta gero bestera zuzenduz.

        — Ez da paranoia. Mafioso jendea ari dela uste dut ni harrapatu nahian. Zure laguntzaren beharrean naiz. Ezkutokiren baten bila nabil.

        Maldan behera bezala joaten zitzaizkion hitzak. Errati zebilzkion begiak.

        — Eta zer egin duzu horretarako? —galdetu nion, nire hitzetan gehiegi ez fidatuz.

        Hurbildu zen eta nire belarri parean bere ahoa jarriz esan zidan:

        — Asmakizun garrantzitsu bat burutu dudalako.

        — Zer? —galdetu nion nik. Ez zen harriduragatik izan, entzun ez niolako baizik.

        — Mundua aldatuko duen asmakizuna burutu dudalako!

        Paseatzen ari ziren gizon-emakumezko edadetu batzuek burua jiratu zuten, guregan finkatuz beren begiradak.

        — Ah! —erantzun nion—. Jakin al daiteke zein den asmakizun hori?

        Atzekaldera zuzendu zituen begiak. Aurrekaldera ondoren.

        — Goazen norabait! —oihu egin zuen.

        Hondartzara jaitsi ginen. Marea behera zegoen.

        — Mikel, zera... —entzun nuen esaten zuela ahopeka—. Igarotzen ez den denbora neurtzeko aparailua asmatu dut.

        — Igarotzen ez den denbora neurtu? Askotxo ez ote aparagailu hori!

        Nire sarkasmoaz ez zen jabetu.

        — Begira... Ez da txantxetako gauza. Zertxobait gehiago adieraziko dizut, zuk ere nire adina jakin dezazun. Bikoitza da gure denbora. Bi zatik osatzen dute. Zati bat da igarotzen dena; bestea, igarotzen ez dena. Denbora igarotzen dena orduetan neurtzen dugu, minutuetan edo segunduetan. Baina orain arte ez zegoen neurtzerik denbora igarotzen ez dena. Eta ez genekien zegoenik ere. Orain arte esan dut, nire aparailua asmatu dudan arte.

        Jakintsu bat zen, edo eroa bestela. Horixe pentsatu nuen. Burura etorri zitzaidan lehen

galdera egin nion:

        — Zertarako balio du denbora igarotzen ez dena neurtzeak?

        — Bi denbora horien neurketak erakutsiko digu zein den benetako denbora. Ondorioz, luzatzeko zein laburtzeko modua izango dugu.

        — Eta zer dela eta luzatu edo laburtu behar dugu? Zertarako banitate hori. Nik aski dut eman zaidan denborarekin. Gehiago banu ez nuke asmatuko zer egin berarekin —erantzun nion asperturik eta piska bat haserreturik.

        — Ez didazu ulertu. Denboraren bi dimentsio horiek eskuratzen baditugu betirako izan gaitezke. Hilezkorrak, Jainkoaren modura. —esan zidan ahots-doinu gozo batez. Itsasoaren zurrumurruak leunduta bezala

        — Eta nork nahi du Jainkoaren modukoa izan. Betirako! Betirako! Hitz handia da hori gero. Baina ez da praktikoa bat ere. Gure bizitzea mugatua delako egiten zaigu horren atsegina. Betirako! Betirako balitz ez genuke jakingo zer egin. Maldizioa da hilezkor izatea. Imajina ezazu une bat bederen zer gertatuko litzatekeen hiltzerik ez bagenu —esan nion nik, eta hitzak uhinak bezala joaten eta etortzen ziren. Agure bat ikusi nuen, ilobarekin jolasten ur bazterrean. Lojikazkoa iruditzen zitzaidan batzuk hil beharra beste batzuk bizi daitezen.

        — Ez didazu aditzen. Bi denbora horiek gure eskuetan baleude, bi bizitze izango genituzke. Denbora-kodigoetan neurtzen dugunaz gain beste bat... —entzun nuen. Gero eta gutxiago ari nintzen ulertzen. Gorroto ditut elkarrizketa metafisikoak.

        Erlojuari erreparatu nion. Eguerdia zen. Puntu-puntuan. Joan beharra nuen. Ez ninduen poztu Martxelo ikusteak. Ez baitzen aldatu. Hondartza aurrean esan genion elkarri adios. Begira geratu nintzaion. Martxelo bat aurrera zihoan, eskubiko espaloitik. Baina beste Martxelo bat oraindik abiatu gabe zegoen, geldi-geldi nire ondoan. Ezkutulekuren bat behar zuela errepikatzen zidan. Norbait segika zuela eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.