L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 20 zkia. (1992-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Panpin errusiarra da heriotza

 

Inazio Mujika Iraola

 

Ohera joan ginen eta, beti bezala, niri, Izeba Karmelerekin tokatu zitzaidan. Estu-estu haren kontra hartu nuen lo. Goizaldean pasiloko erlojuak bost kanpai jo zituen eta jaiki egin zen. Nik lokartuarena egin nuen. Jantzi eta musu eman zidan kopetan. Gelatik atera zen eta ni azkar-azkar leihora joan nintzen. Handik pixka batera behebarrutik ateratzen ikusi nituen aita eta izeba. Kalean aparkatuta zegoen aitaren autoa. Euri erori berriaren tantak xuriz piztuta zeuden aparkatutako autoen gainean. Paper biribil koloretakoak zeuden lurrean putzu arinen gainean zikinduak. Aita sartu zen, lehenbizi. Karmelek agur egin zidan eskuarekin, aitak haren aldeko atea ireki zain zegoen bitartean. Izebak Imanolek parkean emandako paketea zeukan besazpian. Kale kantoian ezkerrera egin eta ezkutatu ziren arte, begira-begira egon nintzaien, gero, amona zenaren etxeko leiho ondoko besaulkian eseri eta eskuei begira egon nintzen. Izebaren marrari begira. Egun argiz esnatu ninduen amak, zer ittezu hor exerita, segi ohera.

        Izeba Karmele Tolosatik etorri zen joan den urteko azaroan nire urtemuga egunerako, eta, amak esanda, bertan gelditu zen ume zain, arreba txikiaren eta nire kargu. Goizez ikastera joaten zen eta arratsaldeetan, nik hiru gurpilekiko txirringa urdina hartu, eta, berak, Miren arrebatxoaren kotxetxoa, eta parkera joaten ginen hirurak batera. Etxe izkinako semaforoa pasa eta parkean ginen. Haraino eskutik helduta eramaten ninduen, eta han askatzen ninduen, luzaroan etxean gordeta egondako txakur txiki bat banintz bezala. Hala esaten zuen izebak, txakur txiki bat bezala askatzen ninduela parkean. Hura banku zuri batean esertzen zen, eta nik txirringa gainean bueltak ematen nituen parkearen inguruan. Ez azkar ibili esaten zidan, eta nik bihurguneak okerka hartzen nituen masailak puztu eta putz eginez. Izebaren aurretik pasatzen nintzenean zutik jartzen nintzen eta indar handiagoz eragiten nien pedalei.

        Ama baino hamar bat urte gazteagoa da izeba Karrnele. Eta ni baino hamabost bat urte zaharrago. Badu erakarmen berezia haren ileadats beltzaranak, lotuta eta batez ere aske ibiltzen duenean. Urrian amona hil zen, eta haren hilkizunetan beltzez jantzita ikusi nuenean konturatu nintzen erakarmen arraro hartaz. Nik ez nuen ulertzen amonaren heriotza hori, baina orain bai, orain ulertzen dut. Izebak azaldu zidan. Panpin errusiarra zela heriotza. Matrioxka horietakoa.

        Ez zidan uzten izeba esaten. Karmele deitzeko esaten zidan gurasoak ondoan ez zirenean. Eta etxera zetorrenetan harekin egiten nuen lo. Oheak nahikoak ez zeudelako denentzat. Haren kontra estutzea gustatzen zitzaidan, eta hark ni besoz inguratzea. Ile artean haren behatzak sartzen zituela sentitzen nuen eta bihurrika zebitzkidala hartzen nuen lo. Hasi beharko duzu bakarnik lo egiten ere, esaten zidan amak, baina izebak, utzion, nun sartu behar den, erantzuten zion.

        Etxean bakarrik ginenean leiho ondora eramaten ninduen, eta eskua haren sabel gainera eramaten zidan. Beroa zuen sabela izeba Karmelek, eta puzten ari zitzaiola antzeman nion. Lehengusu txiki bat izango duzu aurki, esaten zidan. Jolasteko eta nahi duzu? galdetzen zidan. Kozkortzen denean Mirentxu eta laurok joango gara parkera, nahi duzu? galdetzen zidan. Haren arnasotsa sentitzen nuen, eta gora eta behera egiten zuen eskuak sabelaren gainean. Gero, sabeletik eskua hartzen zidan eta lehenbizi eskua garbitu behar nuela esaten zidan. Komunera joan eta xaboia hartuz bata bestearekin igurtzitzen zizkidan, atzetik nire gorputz txikia inguratuz, ongi-ongi garbitu arte. Lepoa bihurritu eta aurpegira begiratzen nion, eta ondoren ispiluan ikusten nuen haren aurpegia eta nirea, eta hark irribarre egiten zidan, eta nik barreazalez erantzuten nion.

        Gero, leiho ondora bueltatu eta orain bai, esaten zidan. Bera aulkian eserita eta ni belauniko haren aurrean.

        — Orain ongi ikusten da —esaten zidan—. Ikusten dituzu marra hauek. Hor dago gure bizitza markatuta. Marra luzea daukazu, bizitzarena, eta ikusi, hemen inguruko marratxo txiki horiek gu gara, behatz potolora dihoan hori aita, beste hori ama, eta horixe, behatz txikira doan bihurri horixe ni naiz.

        Ordu luzeak egoten ginen leiho ondoan, eta batzutan malkoak ateratzen zitzaizkion. Niri bezala amona zenaren etxean leihoan eserita aitarekin autoan aldegiten ikusi nuenean. Amak esnatu ninduen zer ittezu hor exerita, segi ohera esanez.

        Parkean, ahalegina indarra erakusten saiatzen nintzen. Eta haren irribarrea urrea zen niretzat.

        Orain bi hilabete izan zen. Oporrak eman berriak zizkiguten eskolan, eta, horregatik, goizez joan ginen parkera. Parte Zaharrera, urtero egiten den feria nola jartzen zuten ikustera edota parkera joatea jarri zidan aukeran. Lehen, txikitan; baxerritarrez jazten ninduten, eta gustatzen zitzaidan. Baina orain, ezta pixka bat ere. Nik parkera nahi nuela, esan nion. Hara ailegatu bezain pronto txirringarekin hasi nintzen bueltaka. Bat eta bi, hiru eta lau, eman nituen hamar bat buelta, eta, bukatzean, izebarengana joan nintzen eta bi muxu eman nizkion. Eta hori? esan zidan. Txapeldun geratu naiz. Eta ondoan eseri nintzaion. Nahikoa jolas egin al duzu? eta segi, segi esan zidan.

        Parke erdian, balantzin kulunkari batzuk zeuden. Berez, bi pertsona behar zituen ongi ibiltzeko, baina batek ere eragin ziezaiokeen kontuz-kontuz ibiliz gero. Hara igo nintzen eta nire kasa hasi nintzen kulunkatzen. Behinola nire kideko neska koskor bat heldu zen ondora eta utziko? galdetu zidan, nik sorbalda altxa eta hark gora egin zuen balantzinaren bestaldean. Lotsa sentitu nuen. Neskak niri begiratzen zidan, eta nik lurrera. Kulunkan indarra hartu genuen, eta lotsa areagotu zitzaidan. Ez nekien zergatik, baina niri begira zegoen neska hark gorritasun guztiak piztu zizkidan nahi gabe. Halako batean ezin izan nuen gehiago. Atzera egin nuen salto eta balantzina irauli egin zen atzeraka, neskaren aldera. Porlanazko zoluaren kontra erori zen eta haren begiak zabaldu egin ziren ikaragarri, zabal-zabalik zituen, ezin esateko moduan, zergatik? galdetzen duenaren larri minaz.

Amona hil zait, esan nion.

        Izebarengana jo nuen korrika, baina, bide erdian nintzela, mutil batekin ikusi nuen eserita Karmele. Ezkerreko eskuarekin Miren txikiaren kotxetxoari eragiten zion, eta, eskuinarekin, mutilak pasatzen zizkion paper batzuk ikustatzen zituen. Eztabaidan ari ziren inondik ere. Ez oso eztabaida beroan, baina ez zetozen bat, nonbait. Harengana nihoala ikusi zuenean paperak karpeta batean sartu eta irribarrez jarri zen niri begira. Hau al den iloba ttikie, esan zion izebari. Urte askotako morrosko, esan zidan. Nik izebari gabe begiratzen nion mutil hari. Ilea ongi orraztuta zeraman ezker aldean hartasia eta guzti, eta eskuineko eskua patrikatik atera gabe, ezkerra mugitzen zuen aurrera eta atzera. Nire izena Imanol dek, nola dek hik izena. Karmelek utziok lotsatia dek oso. Eskua buru gainetik pasa zidan eta aio batekin agurtu gintuen. Pakete bat utzi zion Karmeleri, gorde zan zazpi giltza pean.

        Izebaren ondoan eseri nintzen berriz. Geldi-geldi. Harri-txintxarrei begira-begira. Harri-txintxarrak apartatuz, marrazki bat egin nuen lurrean. Matrioxka bat. Paketea beste aldera pasa zuen. Goazen etxera, esan nion. Oraindik ez da ordua, aspertu al zara, dagoeneko, erantzun zidan. Berdin da, nik, goazen.

        Emakume bat agertu zen adinekoa balantzineko neska eskutik helduta, erderaz zetorren garrasika eta gertatu zena dena kontatuz. Izebak barkamen eske hasi zitzaion eta errita egin zidan niri. Zer egin duzu, esan zidan erderaz, inoiz ikusi gabeko aurpegia jarriz. Hori ez da egiten. Barkamena eskatu egiozu oeaintxe bertan neskari. Eta nik perdón esan nion lurrera begira. Eta orain bi muxu eman neskari. Eta nik ezetz. Emateko, eta lotsaz gainezka eman nizkion bi muxuak. Ordura arte inoiz ez zidan Karmelek erderaz egin eta nahastuta nengoen. Neskak bi malko zituen masailetan, baina ez zuen makakorrorik egiten. Oraindik harridura aurpegia zeukan marraztuta.

        Etxera bidean Imanolek emandako paketea Mirenen kotxetxo pean jarri zuen.

        Etxera iritsi eta lehenengo gauza, amak esan zuen, zerbait gogorra gertatu den Madrilen, etzekiñat, zeozer. Telebista piztu eta berriak ematen ari ziren. Izeba Karmelek poz garrasia egin zuen, telebistatik berria eman zutenean. Madrilen bekain potolotako aitona hil egin zutela. Lehergailu handia jarri zioten auto azpian eta izugarrizko zuloa utzi zuten kalean. Pantailan kale erdiko zuloa ageri zen, eta suhiltzaileak hemendik hara, auto batzuk, 600 pare bat zuloan hondoratuta eta ura azpitik ateratzen. Aitona hura telebistan ikusi nuen egun batzuk lehenago belauniko gurutze baten aurrean, eta beste aitona haren aurrean burua makurtzen ikusi nuen. Orain hila zen. Amona bezala. Panpin errusiarra al da horren heriotza ere? Eta ezetz, hura ezetz. Nahastuta nengoen.

        Barne patio bat ageri zen, eta, han, bihurrika eta txirtxilatuta, auto beltz bat. Segidan, bizirik balego bezala, aitona zaharra belauniko ageri zen imajinak bota zituzten, eta gazteago ageri zenekoak, beti militar jantzian, eta, sarri, xuriz, paparrean dominak zituela.

        Egun hartan, Abuztuko Amabirjinetan bezala, salan bazkaldu genuen telebistaren aurrean. Aitak eta amak irribarrea zuten, baina ez izeba Karmeleren poz hura. Garrasi eta dena egin zuen, eta Gora Euskadi esan zuen, hurrengoan xaharra, eta amak egonai ixilik esan zion, auzoak ere enteratukoittun eta. Aitak, hala ere, umeak zer pentsatu behar zuen galdetu zion. Izebak zerri bat gutxiago dela munduan zen pentsatuko du ba. Batzutan ez dakit zer erakutsi nahi diozuen umeari. Zalantza egiten dut noren alde zaudeten. Eta isiltasuna egin zen mahaian. Nik ozen esan nuen orduan, izeba Karmelek nobioa du. Denak niri begira jarri ziren eta isiltasun txiki baten ondoren baxu-baxutik, Imanol izena du. Parkean ikusi dut, erantsi nuen. Aitak bazkaltzen bukatzeko, eta nire kuartora joateko agindu zidan. Handik aditu nuen eztabaida. Zuek ikusi zer egiten duzuen, hori zuen kontua da, ez naiz horretan sartuko, baina ez gero umerik nahastu istilutan. Amari aditu nion gero, ama zana re ondo sufrituta joan hunan hirea zela ta. Negarrez sentitu nuen Karmele. Gero, damututa bezala amak kontsolatzen zuen lasai egonai zainduko diñau halare esanez.

        Amona hil zenean zeharo nahastuta nengoen. Emakume goxo hura ez nuela gehiago ikusiko ezin nuen etsi. Amak esaten zidan zeruaren erdian zela, eta handik zainduko gintuela gu denak ederki. Izeba Karmelek, berriz, ez zidan zerurik aipatzen.

        — Zure buruan dago amona orain —esaten zidan—. Zurean eta nirean. Nahi duzunean gogoratu goxokiak ematen zizkizula eta, hura hor izango duzu buruan, zinean egongo bazina bezala.

        Eta kopeta ukitzen zidan orduan.

        — Aproba egingo dugu. Begira, itxi begiak. Nik ere itxiko ditut. Eta orain pentsatu. Amona da.

        Eta nik amona ikusten nuen, xuritasunarengatik izango ez balitz Karmelerena izan zitekeen ileadatsarekin. Eta ondoan Karmele bera agertzen zen, beti, beltzez jantzita.

        Heriotza panpin errusiarra zela azaldu zidan orduan. Matrioxka. Panpina ireki eta beste bat agertzen zaizun horietakoa. Eta hura ere ireki eta beste bat, eta beste bat eta azkenean txiki-txiki bat ageri zen. Lehenengoarekin zerikusirik ez zuena. Urteen poderioz txiki-txikiari isten zaizkio begiak, eta gero bigarrenari, eta, orduan, ez zara gehiago umea, eta hirugarrenari eta laugarrenari, eta hori zahartzaroa da; eta hola azkenera iritsi arte. Azkenari begiak isten zaizkionean heriotza dela azaldu zidan.

        Bekain potoloetako aitona hil zuten gauean Karmelerekin ohean ezker aldera makurtuta etzan nintzen, eta zotintxoak sentituko zituen nonbait, nire kontra jarri zen eta. Behatza pasa zidan begi bustien aurretik, zer duzu? esanez. Mañak? Argia piztu zidan eta kolpean itzali nion nik. Eta esan zen duzun galdetu zidan, eta luze isilik egon eta gero esan nion: eta zuen azken panpinari begiak isten zaizkionean zer egin behar dut nik? galdetu nion. Ez zara bakarrik egongo esan zidan. Zure buruan egongo gara hiltzen garenean. Zure buruan betirako. Zinean bezala, gogoratzen?

        Biharamunean, tirrina jo zuten. Nik zabaldu nuen atea. Imanol zen atarian irribarrez, ilea atzeraka orraztuta. Kaixo morrosko, izeba hor al dek. Korrika pasiloan aurrera egin nuen eta Karmeleri hots egin nion. Karmele Imanol den. Zer da hori, esan zidan amak, izebari hika. Noiztik hori.

        Imanol eta izeba salan egon ziren hizketan. Amak eta biok pasiloaren izkina batetik ikusi genuen kristal esmerilatuaren bestaldean gertatzen zena. Garrasiak aditu genituen. Zer gertatzen zaio izeba Karmeleri? Nik. Ez dakit umea, ama negarrez zegoen. Halako batean Imanolek atea zabaldu eta kalera aldegin zuen eskailerako ateari zartakoa emanez. Aio, Imanol, esan nion nik.

Bukatu, Karmele? Esan zion amak izebari, eta biek negarrez elkar besarkatu zuten, eta ni hartu ninduten tartean. Nik ere malkoa libratu nuen.

        Gabonak denak elkarrekin pasa genituen amona zenaren etxean, eta urte zahar gauean afaltzen ari ginela telefonoak jo zuen. Ama joan zen telefonora, serio bueltatu zen. Hitzat den, Karmele. Telefonoz isilka xurrumurruan sentitu genuen izeba. Lehengo alaitasunak ezkutatuta zeuden, denak isilik ginen mahaian. Erdi negarrez sentitu genuen, eta orduan aitak gabon zaharra da, eta lehengusu txiki guztiekin jarri zen, eta Olentzero kantatu behar dugu. Eta Ama Karmelerengana joan zen izeba Lurdesekin batera. Eta beraien artean hizketan sentitzen nituen pasiloan. Eta gu kantari, aitarekin. Erdi garrasika egin nuen kantuan, Olentzero jun tzaigu, eta hola desafinatuz, eta sukaldeko ateari begiratzen nion. Handik pixka batera hirurak itzuli ziren. Gorriak zituen begiak izeba Karmelek. Olentzero begi gorri. Izkina batean jarri zen eta leihoan begirada jarrita han egon zen isilik guk Olentzero eta Birjina maite kantatzen genuen bitartean.

        Ez zen, ordea, lehengo alaitasunik.

        Ohera joan ginen eta, horregatik diot, bada, beti bezala, niri, izeba Karmelerekin tokatu zitzaidala. Estu-estu haren kontra hartu nuela lo. Goizaldean pasiloko erlojuak bost kanpai jo zituela eta jaiki egin zela. Nik lokartuarena egin nuen. Jantzi eta musu eman zidan kopetan.

        Gelatik atera zen eta ni azkar-azkar leihora joan nintzen. Handik pixka batera behebarrutik ateratzen ikusi nituen aita eta izeba. Kalean aparkatuta zegoen aitaren autoa. Euri erori berriaren tantak xuriz piztuta zeuden aparkatutako autoen gainean. Paper biribil koloretakoak zeuden lurrean putzu arinen gainean zikinduak. Aita sartu zen, lehenbizi. Karmelek agur egin zidan eskuarekin, aitak haren aldeko atea ireki zain zegoen bitartean. Izebak Imanolek parkean emandako paketea zeukan besazpian. Kale kantoian ezkerrera egin eta ezkutatu ziren arte, begira-begira egon nintzaien, gero, amona zenaren etxeko leiho ondoko besaulkian eseri eta eskuei begira egon nintzen. Izebaren marrari begira. Egun argiz esnatu ninduen amak, zer ittezu hor exerita, segi ohera.

        Urte Berri eguerdian, Imanol ikusi nuen argazkitan, egunkarian eta telebistan. Irribarrea falta zitzaion eta ileak nahasian zituen. Ez nuen ezer esan, inork ez zuen ezer aipatu nire aurrean. Inori ez nion ezer galdetu izeba Karmelerengatik. Eskuko marrak ugaritu egin zitzaizkidan harrezkero, baina behatz txikira zihoan marraren arrastoak sakon segitu zuen han.

        Bi hilabete pasa dira eta Karmele nire buruan dago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.