Hitz lauz
Arkitektura
Anjel Lertxundi
Menostuta nengoen. Lanerako afanik gabe. Arrazoien bila hasita ere, ez nuen neure kabutan akimendua zurituko zidanik aurkitzen, beti lan berdinxe eta sorpresarik gabea egin beharra ordurako ondo janda. Amaitua genuen bizi naizen hiriko Gizabide Partzuergoak eskatutako etxebizitza sozialen eraikuntza eta, hasiera bateko lanak bereganatu baninduen ere hain espazio txikietan berrehun etxebizitza atera beharrez, lanari bere erakarmen guztia urtu zitzaion, lortu genuen bezain laster udalari iruzur egitea hamar solairu behar zituzten etxeei hamaika ateraz: solairu bakoitzaren gutxiengo goierari hogeina zentimetro kendu eta, alkateak prentsari saldu zion akabera razionalista baten aitzakiaz, teilatu aldean bolumen piskat ere irabazi genion proiektu legez onartuari. Lan nekeza dirudike, baldin ez balego mundua banatuta oso tontoen eta oso bizkorren artean, baina halako hamaika lan onik burutua dudanez, erabaki dezaket oso tonto diruditenei ez diedala merezimendu handirik ikusten nire iritzia alda dezadan. Hargatik, berrehundik goraxko etxebizitza atera genuen arren, badakit zerbitzu sozial garrantzitsu bat areagotu izana ez digula ukatuko sentiberatasun soziala eskatuko ligukeen hiritarrak.
Ez naiz, ordea, horretaz luzatuko, bere burua zuritu nahi lukeen profesionalaren itxura sasihurnanitariotzat hartuko luke-eta edonork nire teilatura harrika haste kabalik gabea. Holako baten lorpenak, teknikoak bezala mozkinarenak, sortzen didan akimenduaz sikologikoaz gain, fisikoa ere badenaz aritu nahi dudalako aipatu dut garaipena, lur jota geratzen naiz-eta behin rnenderatzen ditudanean trikimauki guztiak teknikoki ezin duzunak, beti du erremedioren bat beste zenbait bide eginaz, delarik eskainiz mozkinetan partaidetza, delarik irabazi nahi denaren apeta sexualak aintzat hartu eta asetuko lituzkeen nor egoki bat erosiz.
Ez dakit ezer egin gabe bizitzen, eta akimendutik atera nahi ninduelako zabaldu zizkidan jefeak plano haiek mahai gainean. Atzera-aurrera hasi zen nire apartamenduan, terrazako atea zabaldu zuen arte. Arnasa hartu zuen sendo. Arratsaldeko seiak, ni bizi naizen etxaditik oso gertura teilatu gainetan ikus daitekeen dorreko kanpaien esanera. Geranioak bete-betean. Txolarre bat jefearen oinetaraino. Aurrekaldeko muinoan berdea, arratsaldeko ganduak leundua.
Burua mugitu zuen ezker-eskuin, eta banekien esaten ari zitzaidala ez zuela ulertzen nola asper nintekeen lanik gabe, nola nuen nahiago kirio guztien energia lan batera jartzea.
Ez zuen, ordea, hitzik esan. Ez genuen hainbatetako eztabaida berrituko. Gelara bueltatu zen terrazatik eta okotza jasoz planoetara behartu zuen nire arreta.
Ez neukan proiektoaren behekaldeko fitxa teknikora begiratu beharrik ezagutzeko eraikuntza moeta. Ezaguna zen campus unibertsitari bati ekin berri ziotela alboko hirian eta berehala identifikatu nituen krokis desberdinetako espazio zabalak. Ikasgelak, aula magna, laborategia, administrazioa...
Ez omen zegoen arazorik. Ez, behintzat, teknikorik.
Badaki jefeak arazorik gabeko lan batek emakume sekreturik gabe baten antza duela niretzat. Zain egon beharra neukan, beraz. Irten zedila sorpresa nahi zuen zirrikitutik.
Hil berri zela proiektuaren arkitektoa bere buruaz beste eginda, lostia! eta norbait behar zutela lanak zuzen zitzan. Jefearen hitz zaparradatik antzeman nezakeenez, arkitekto paranoikoaren lan burokratikoa eta neke handirik gabea eskaintzen ari zitzaidan, guztia diseinua, planoak, neurketak... erabakita zegoen-eta; baina, asma nezakeenez, bazegoen burokraziaz gain zerbait interesgarria gorabehera guzti hartan, jefeak hainbat neke hartua zuenean lan aspergarri hura alboko hirira joan-etorrietan ibili beharrak arintzen ez zuena niri eskain lanetan.
Hizketan jarraitzen zuen. Berebiziko munta zuen nire baietzak, hiruzpalau modu desberdinetan ulertu nionez. Hiru fakultate berri gure esku, konturatzen al haiz? Bi fakultatek ministeritzak ezarritako diseinu funtzional hartara egokituak izan behar bazuten ere, eskuak nahikoa libre izango nituela hirugarrengoarekikoetan. Presupostu airoso bat. Izan zedila zuzenbideko fakultate hura campus osoko sinbolo. Ministrariaren hitzetan, gure betiko legeek etorkizunari luzatutako besarkada behar omen zuen irudikatu eraikuntzak.
Galdetu nuenean ministrariak hormigoizko idiosinkrasia eraiki nahi ote zuen, ezentzunarena egin eta jefeak, deseroso, erantsi zuen detaile tekniko batzuk falta zirela akordioa ixteko.
Garbi adierazi nion ez nengoela hartarako. Ez nuela karnata izan nahi, eta karnata esan orduko ohartu nintzen min eman ziola hitzak.
Planoetatik jaso zuen begirada. Garratz mintzatu zitzaidan. Ez nendila zazpikia izan. Neure talentua froga nezakeela. Ezin duk aukera galdu, baina nik bapateko itzulpena egin nuen: ezin zioagu pagotxari ezetz esan. Ez zegoen han beste mezurik. Baina ondorengo zaparradaren eszena osoan neu izan nintzen akordio hartatik mozkinik ateratzen zuen bakarra, jefeak ez zuen-eta behinere aipatu enpresak izan zezakeenik interesen bat, ezta irudika daitekeen txikiena ere.
Ailegatu zen halako batean errepresentazio hartako azken ekitaldia ere, nire egoa nola lustra daitekeen erakutsiko zuena. Patuak zirudien bertako aktore nagusi, nire aurrean belaunikatu eta abagune ezin hobea eskainiz niri. Nik nahi izatea basta, zuzenbide fakultatearen eraikuntza hura bihur zedin erreferentzia puntu ezinbesteko arkitektura funtzionariaren eta arkitektura sortzailearen arteko diferentzia azpimarratzeko orduan. Campusa bera gertatuko omen zen kontrastearen lekuko. Eta ni, berriz, arkitekturaren historia osoko tentsioa sinbolizatzen omen duen mirariaren demiurgo. Ordainetan eskatzen zitzaidan nekea, berriz, hutsaren hurrengo izango nuela. Nire firma astean bitan eta, horretarako, astean bitan alboko hiriraino joan beharra. Sei bat hilabetez. Denbora gutxiago beharko genuen, agian, akordioa ixteko, eta, hala izanez gero, izendatuko zutela besteren bat joanetorri haietarako, hala nik bidera nezan neure irudimen oparoa hirugarren fakultate haren sormenekikoetara.
Beste pare bat ahaleginetara makurtu nuen jefea, baiezkoa eman aurretik. Baldintzak ere ipini nizkion. Gogortzat jo zituen jefeak baldintzak pirrikoak esan zuen, leoninoak deitu nahi bazien ere baina, edozein modutara, ez ditu iada nire baldintza haiek asetu beharko, ez dira-eta gaur batere kezkatzen nauten gorabeherak.
Ez da ordutik hona hilabete parea besterik pasa. Hain denbora urrian gauzak nola aldatu diren pentsatzera jartzen naizen bakoitzean, jefea ikusten dut hautsak kentzeko trapu batekin. Darabilen gamuza, ordea, ez da nire egoa lustratzeko, nahasi nahi izan dizkidaten kabaletan hautsa kentzen ahalegintzeko darabilena baizik. Pare bat ordu barru izango da nirekin. Ez dut, eta presta dadila, egokiera galduko gertatutakoei pasada eman ahal izatekoa.
Trena hautatu nuen nire joanetorrietarako. Aisia pasa, ikasle garaiko paisaia azkarren nostalgia, irakurketarako beta, atsedena, autoari hartu diodan gogait gaiztoa... Erritmo desberdin bat, behintzat, nire bizitzan, eta zerbi zezatela sei hilabete haiek nire barne-biziera indarberri zedin, guztia beharko nuela-eta onik burutzeko eskutan jarria zidaten erronka. Presupostu irekia. Mozkinen akuilurik ez. Epea, berriz, oparoa, hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik ez zegoenez.
Eskuak ere guztiz libre, diseinatzeko garaian. Etorkizunera begiratu behar omen nuen, tradizioaz arduratu gabe, hala agindu zidan ministrariak hiruzpalau modu desberdinetan, etorkizunarekikoa beti berdin mantenduz eta tradizioarekikoetan bertsatilitate handia erakutsiz: tradizioaz arduratu gabe; tradizioaren morrontzatik ihesiz; tradizioari adarrak erakutsiz... Ministrariarekin izandako solasaldiaren ondorengo prentsaurrean, ordea, beste bariante berri bat erantsi zion ofertari: Abangoardiak ezin omen du ahaztu tradizioaren altzotik jaiotzen dela bide berri oro. Eta niri ahapeka: Lasai, zutik dirau-eta lehengoak.
Oroitzapen barregarri horren xarma jefeak burutik kendu nahi izan didana beti, esanez ez nintzela ministrariarekin halako familiaritatez hitzegitera heldu baldin bada ere azken bi hilabete hauetan gertatutakotik gordetzen dudan pasarte atsegin bakarra, ez dit horrek arintzen oraingo samin hau. Badakit ez dudala hitz aurrez idatziok grabatuz ere arinduko deus sentitze honen zama, baina saminkide izango ahal zait sikiera kontu garbitze nahi nukeen hau!
Trenez ibiltzea erabaki nuen, bada. Goizez irten, alboko hirian betebeharrak burutu, bertako jatetxe deigarrienak ezagutu eta, arratsaldez, etxera buelta. Astean bitan.
Beti trenez. Ez nau erabakitik ezerk desbideratu, ezta lehendabiziko ibilgoan H.ko geltokian ikusi nuenak ene. Elbarri bat zegoen gurpildun aulki batean eserita, geltokiko erloju erraldoi borobilaren pean. Elkarri begiratu genion luzaz. Elbarriak botoi bat sakatu zuen, aulkiaren eskuin aldeko besoaren alboko motore txikikoa, eta nireganantz abiatu zen bizi, norabide aldaera azkarretan trenerantz zuzenduz, zoruko zuloek desbideratu ahala, hain oldartsu zeraman banda.
Nire parera heldu zenean, keinu egin zidan kristala jaitsi nezan. Ez zeraman loteria txartelik bularretik zintzilik, ez nabarmentzen zitzaion aulki atzeko poltsari salgairirik. Zer eskaini nahi ote zidan asmatu ezin eta kristala jaitsi nuen dibertiturik. Geltokiko arduradunak airean astindu berria zuen bandera gorria tren gidariari abia zitekeela adieraziz, eta trenaren birikak hasita zeuden airea arnaska bildu ahala, hauspoka botatzen, tren guztia dardarizotuz.
Ez nendila inolaz ere deskuida. Ez nuela campus-eko lan hartan eskurik zikindu behar.
Trenari jarraitzeko ahaleginak ere egin zituen, jira azkarrak eman gurpildun aulkiari eta trenaren paralelo jarriz. Oihuka hasi zitzaidan, esku bat bozina gisa erabiliz eta bestearekin aulkia gidatuz. Baina, gorputz erdia kanpora atera eta ahalegindu nintzen arren zertaz ari ote zitzaidan, ez nion besterik entzun.
Lehendabiziko hartan ez nion garrantzirik eman enkontruari. Bi esaldi haiek ez zuten ezer adierazten. Ez zekien non nintzen, ez zeukan zertan jakinik lan berri batean hasi behar nuela. Geltoki askotan egon ohi den ero trazako elbarri horietako bat, erabaki nuen neure kabutan. Denbora pasa behar nolabait eta harrapatzen duten lehendabizikoarekin tratutan hasi gogo izaten diren horietakoa. Campus-arena, berriz, belaun gainean neraman karpeta gaineko anagramak eta maketaren argazkiak salatzen zuten.
Ez nion, beraz, pasadizo bitxi bati ohi zaion baino arreta gehiago eskaini gertakizunari eta besterik gabe egin nuen bidaia hirirantz. Lehendabiziko lan eguna nuen arren, haren deskribapenetan luzatzeak ez du merezi, baldin ez bada azpimarratzeko burokrazia funtzionariak bazter guztietan duela ipurdia eskaiezko siloi beltzak berotuz zabar malmuztua, toki guztietan duela burua erantzunkizun faltaz txolindua: Heldu nintzen ministeritzaren delegaziora, ibili nintzen gora eta behera galdetuz nork lagundu behar zidan campus-eraino, eta hartaz ezer omen zekien funtzionari bakarra aldegina zenez bere asuntoren batera inon adierazi gabe noiz bueltatuko zen, egon nintzen zain ordubetez eta, azkenean, negoziaduko buru zirudienak dokumentu bat luzatu zidan. Ez nendila kezka, bere asuntoren batera irtendako funtzionariak kontrol pean zeukala guztia. Berrehun bat langilek hiru egunetan egindako lanari nire oneritzia eman niezaiola. Campus-etik pasa ere egin gabe? galdetu nuen arren, Montblanc bat luzatu zidan negoziaduko buru zirudienak.
Ez nuen dokumentua firmatu nahi izan. Ez behintzat campus-eko obrak bisitatu gabe.
Taxiaz joan bertara. Ez nuen ezer deigarririk somatu pare bat ordu eraman zidan obren kontrolean. Bertako arduradunak txosten bat agindu zidan hurrengo bisitaldirako, adieraziko zuena zenbatean urrutiratzen ari ote ginen materialeen erresistentzia eta segurantzarekikoetan legeak markatzen duenetik.
Delegaziora bueltatu eta orduan bakarrik firmatu nituen dokumentuak. Azaldu gabe zegoen artean funtzionari arduraduna. Bitan besterik ez dut ikusi. Kafea hartzetik zetorrela batean; bero gehiegiaren aitzakiaz etxeraino dutxa hartzera zihoala bigarrenean. Badakit ukatu egiten duela orain guztia: ez omen nau ezagutzen, ez omen naiz profesional serioa. Nahigabetu baino areago aspertu, errainetaraino aspertzen nau parasito jende hori bi parrafootako nire arreta eskaini izanak.
Bego bere horretan idazle banintz ezabatuko nukeen bapateko iritzia, eta berreskura dezadan haria.
Etxera bueltan, loa erraztu zidan bazkari gehiegiaren ondorengo koinakak, eta ez nintzen elbarriaren geltokitik pasa eta oso gerora arte esnatu. Ezin dezaket, beraz, esan erloju borobilaren pean jarraitzen al zuen, baina gaur dakidana jakinda, egin nezake trabes ezetz, bestela esnatuko ninduen-eta.
Hurrengo bidaiarako erabat ahaztua neukan elbarria, baina geltokira heldu bezain laster ikusi nuenean botoia sakatu eta gurpildun aulkia nireganantz zuzentzen, nire parera heltzerako neukan jaitsita kristala.
Aurreko bi mezuak errepikatu zizkidan. Ez nendila deskuida, eta ez nuela campus-eko lan hartan eskurik zikindu behar. Luzatu zidan hirugarren mezu bat ere, gomendio batenak baino areago arrisku bati buruzko gaztiguaren trazak zituena: erretira zaitez berandu baino lehen.
Trena abiatuta zegoenez, eskutan neraman liburura zuzendu nahi izan nuen arreta, baina ez nuen kontzentratzerik lontu, letra lerro beltz trenaren erritmora egokituak esaten ari zitzaizkidan arren Gregor Samsa desesperantzak joa ohe azpitik irteten ari zela arreba Greteren biolinaren melodiak hartaratuta, eta aitak jaurtitzen dion sagarraren kolpea buruan jasotzeko trantzean. Liburua eta begiak itxi, eta buruan borbolka nerabilen elbarriari egin beharreko galdera parearen zehazte lanetan bota nuen hiriranzko ibilgoa.
Behin campus-ean, obren arduradunarengana zuzendu eta materialeen erresistentziei buruzko txostena eskatu nion. Harriturik begiratu zidan. Ez niola halakorik eskatu. Ezagutu ere, ez ninduela ezagutzen eta kezkatuta egon zela egunetan nire berririk ez zuelako.
Ez nuen eztabaidetan hasi nahi izan. Garbi zegoen arduradunaren nireganako borondatea: nire kontrolaren errezeloarengatik edo, flakiak jota zirudien. Azken hiru egunetako berri eskatu nion. Ez didazu bigarren aldiz ere esango ezagutzen ez nauzunik. Firma ezazu hemen nire eskabide formala, eta nire eskabidea paper batean zehaztu ondoren, firmarazi egin nion txartela. Ez zuen eragozpenik jarri.
Materiale guztien albaranak errepasatzen hasi nintzen. Haien araberako hormigoi eta burdin guztiarekin pentsa banezakeen ere ez zela berehalakoan fakultatea eroriko, obra arduradunaren komisioak egoskortu zitzaizkidan buruan. Albaranek zioten materiale guzti hura enplegatu al zuten galdetu nionean, sorbaldak jaso zituen. Zaila zela baieztea.
Zer moduz, jefea?, galdetu zuen gero. Ondo, hura primeran, eta ordura arteko nire arreta guztia desbideratu zen jefearekiko aipamen despistaberatik arduradunak luzatu berri zidan kuaderno batetik askatutako orrira. Nire harriduraz ohartuta, arduradunak lakonikoki: bajen balantzea. Hamalau izen-abizenez osatutako bajen zerrenda hartatik, hiru bakarrik zor zitzaizkien obretan ohizkoak izaten diren istripuei. Gaixo zeuden gainerantzekoak, izen andana soil hartan zehazten ez zen eritasun batek joak. Ez nuen ezer argirik atera. Aspalditik omen zetorren joera hura, badakizu, boladak izaten dira, eta geltokiko elbarriaz oroitu nintzen.
Irmo agindu nion aparejadoreari: obrak hasi zirenetik izandako bajen eta hauen kausen zerrenda oso bat nahi dut nire hurrengo bisitaldirako. Sorbaldak jaso zituen aparejadoreak, bere burua desenkusatuz egiteko hartatik. Ezinezkoa da, askok eta askok beste obraren batean emana izango du-eta bere izena.
Jokabidea deskribatu zidan ondoren. Bajaren ordaina eta langintza berriko soldata jasotzen dituzte batera. Galdetu nionean nola burutu daitekeen onik halako zerbait, beren buruak prestatzen omen dituztela, peoiek batipat, langile ilegalen egoera anonimora. Ezin nuen sinetsi. Bizi guztia neraman hartan, eta ez nintzen inoiz hain begi bistara neukanaz ohartu. Arduradunaren kontakizunari jarri nion eragozpen ttikiak jasotako erantzunaren arabera ulertu behar nuenez, kontu handia izaten omen dute halakoek beren izena noiz eman hirugarren obra batean: aurreko biekikoak kitatu eta gero, jokabide bikoitzaren egoera usteltzear dagoela baina inspekzioaren errezeloak piztu baino lehen. Arduradunak erantsi zuen erdeinuz: Horretan behintzat bizkorrak dira!
Bajen zerrenda esijitu nion. Baita obrak hasi zirenetik izandako langileen kontratuei buruzko txosten zehatz bat ere. Aztertu nahi nuela, aurrera baino lehen, ordurarte gertatutako oro. Eta erantsi nuen, silabak markatuz: Langile klandestinoekikoak ere barne, klaro!
Sorbaldak jaso zituen arduradunak bigarren aldiz. Ez da nire egitekoa. Gero, arnasa hartu zuen. Baina, enfin, zuk agintzen duzu... Goraintziak jefeari.
Arratsalde hartako etxeranzko bueltan irrikia biziz egon nintzen zain noiz helduko elbarriaren geltokiraino. Trena irten zenean oihan trazako sasi arte luzetik sugea bailitzan eta sartu zenean zizare gisara sagarrondoz nahiz artasoroz beteriko erriberara, bagoiko plataformara joan, elbarria egon ohi zen alderanzko ateko kristal euri tanta haustuez zikindua jaitsi eta burua atera nuen. Mareak kresalaren usaina zekarren artasailek izkutatzen zidaten ibaian gora. Maiatzeko eguzki epel antxa, berriz, doi-doian zen gandu morexka soil itsasondoko mendixken atzean gero eta ilaunago.
Urrutitik nabarmendu nuen gurpildun aulkia, itzal fardela jiratu eta trenerantz jarri aurretik. Kalkulatuta neukan arren zein bagoi geldi zitekeen erloju erraldoiaren parean, nik uste baino aurrerago gelditu zen trena eta elbarriaren aurretik pasa nintzenean, eskua jaso zuen honek keinu eginaz ez nendila kezka. Jiratu sekulako abiadan eta ni nengoenerantz etorri zen, espaloiko jende urria norabidearen aldaketa azkarretan itzuriz.
Bagoitik jaitsita nengoen elbarria niregana heldu zenerako. Gogait egin zidan keinu, esku bat jaso eta airea astinduz euli uxaketan bailebil. Ez zeneukan zertaz jaitsi beharrik. Motore txikiko botoi bat sakatu eta jiratzen hasi zen. Aulkiaren bizkarraldeko eskugidaren bi adar gomaz estaliei heldu nien. Neuk eramango zaitut. Utz egidazu badarik ere zerbeza bat ordaintzen. Eta geltokiko tabernara eraman nuen bultzaka, adierazten nion bitartean bagenuela ordubete hurrengo trena arte. Hitz egin behar genuela. Gizonetik gizonera.
Tabernara sartu eta txoko bakartiena zirudienera eraman nuen. Mahairaino inguratu nuen aulkia. Zerbeza bat, orduan? Ez zidan erantzun. Artean, eskugidan nituen nire eskuak. Nahiago izango duzu, agian, basoerdi bat. Isiltasuna. Kolpe batez jirarazi gurpildun aulkia eta aurrez aurre jarri nintzaion elbarriari. Larritu egin ninduen ikusi nuenak. Elbarria buru oker zegoen, okotza bularraldean sartuta. Lerdea zerion ezpain arte beherenetik. Epilepsia etorri zitzaidan burura, nahiz ez nion inolako dardarizorik antzeman.
Tabernariari egin nion dei lagun ziezadan. Mostradorean jenderik ez zeukan arren, baso garbiketarekikoetan jarraitu zuen, ordea. Garratz egin nion oihu. Ez al zen ohartzen elbarriaren paradaz. Tabernariak, artean mostradoretik: Ze elbarri eta ze parada?
Entzun berri nuena ezin sinetsirik, mostradorera inguratu nintzen. Erdeinuz begiratu zidan tabernariak. Gero, ardo boteila bateko azken arrastoak beste boteila erdi bete batera hustutzen saiatu zen, pultso irmoz tantarik ez galtzeko ahaleginetan. Besotik heldu nion gogor eta arraskara erori zitzaizkion ardoaren azken kondarrak. Ez al zuen gupidarik, harrizkoa al zeukan bihotza. Nirekin aspertuta antza, bera izan zen orduan libre geratzen zitzaion eskuaz niri paparretik heldu eta mehatxu egin zidana. Jakin behar huke zer egiten dugun hemen mozkor petralekin. Osti bat eta putzura, uretan pasatzen zaizue-eta zuei alea!
Ahal moduan jiratu nuen burua elbarrirantz, nire keinu harekin tabernariaren errukia eskuratzeko gogoz.
Txoko bakartieneko mahai ondoan, ordea, ez zegoen ez gurpildun autorik, ez elbarririk.
Zertarako ozpinik bota hurrengo trena heldu bitarteko ordubete inoiz baino luzeago haren oroitzapen saminetara? Tabernariak ez zekiela ezer elbarriari buruz, geltokiko buruak ere ez zuela sekula ikusi aipatzen nion elbarri hura. Ahalegindu nintzaien, eman nizkien era guztietako datu eta zehazpenak, baina alferrekikoa gertatu zen tema. Nekazioaren tranpak izango dituzu elbarriarekikoak. Tabernaria baino kortesiatsuago portatu zitzaidan geltokiko gidaria, ez zuen-eta alkoholak eragindako txorabiorik aipatu bere ihardun barean.
Latzak izan nituen hurrengo lau egunak, ez bainuen elbarriari buruzko berri nimiñoenik lortu, era guztietako peskizetan aritu nintzen arren. Antzeko erantzunak jaso nituen kostaldeko herrira egin nituen telefonaldi guztietan. Peskiza guztiak bertan behera uztea erabaki nuen, herriko sendagileari deitu, non nintzen adierazi eta, ah, ya!, erantzun zidanean. Telefonoa eskegi nion. Suposatu behar
nuenez, alkateak edo erretoreak edo errejistroko arduradunak edo besteren batek pasea izango zion gaztigua, adieraziz presta zedila arkitekto paranoiko baten galdera fundamenturik gabeak ahal zuen moduan toreatzera.
Ez nuen lorik hartu hirugarren bidaiaren bezperan, eta gau osoa pasa nuen behin eta berriro irudikatuz hiru eszenatokiak. Delegazioa; obrak; geltokia... Ezin nuen arrastorik atera eszena bakoitza eta hitz ihardun bakoitza mila aldiz errebobinatu eta mila aldiz birrentzun eta birrikusi ondoren ere.
Urduri eta sekulako buruko minez jaiki nintzen. Laranja zuku bat prestatu eta aspirina parea irentsi nuen. Garaiz heldu nintzen gure hiriko geltoki nagusira. Ez neraman libururik, ez nuen bertako kioskoan aldizkaririk erosi. Giharre guztiak, arreta osoa, kirio oro behar nituen eduki tenk eta aiduru. Sartu nintzen trenera, kalkulatu nuen non eseri, utzi nuen maletatxoa alboko aulkian eta gabardina aurrekoan, inor eser ez zedin nire departamenduan. Leihoa ireki eta begiak itxi nituen.
Bidaia osoa eraman nuen begiak itxita imajinatuz bihurgune bakoitza, soro eta larreak, trenbidezainen adreilu gorrizko txabolak, oraintxe zetorrek zubia eta orduan ere ez nuen begirik irekitzen laster adierazten zidan-eta burrundararen aldaketak zubi baten gainetik gihoazela, oraintxe zetorrek artasoroa eta halakoetan bakarrik, soinuz edo trenaren aldero aldaketaz zihurtatu ezin nuenean irudimenak esana, zabaltzen nituen begiak, doi-doi, artasoroa ikusteko lain nire begi nirnirretatik, eta geltokira heldu baino askoz lehenagotik jakin nuen hurbil genuela kostaldeko herria, almendra lizundua gogorarazi zidanean itsasotik zetorren kresal usainak. Ez nituen begiak zabaldu trena erabat gelditu zen arte.
Leihopean neukan elbarria, eskua jaso eta kristalean kolpeka, nire arreta bereganatu gogoz. Et! Et!. Ez nintzen jaiki, ez nuen bururik aterako guztiz bakarrik geundela ziurtatu arte. Ez zegoen elbarriaren inguruan inor, bidaiari banaka batzuk ordurako trenera igotzen ari ziren-eta. Urruti zegoen geltokiko arduraduna ere, tren buruan. Tabernako kristaldegian ezin nuen tabernariaren arrastorik nabarmendu. Bakarrik geundela erabaki nuen. Putakumeka hastera nihoanean, ordea, bidaiari sartu berri batek, libre al dago?, galdetu zidan albotik eta duintasuna mantentzea erabaki nuen, artean uste nuen-eta elbarri, tabernari eta gainenantzekoek hautatua nindutela broma krudel baten petzero. Hargatik, lekukorik gabe hitzegin beharra neukan elbarriarekin.
Jiratu nintzen astiro ahotsaren aldera baina, nik ezetza erantzuterako, beste konpartimendu batera aldegina zen bidaiaria, ezagun baten deiak hartaratuta.
Et! Et!, berriro. Gogaituta begiratu nion elbarriari. Kasette bat ikusi nion eskuan. Tori, entzun ezazu arretaz. Ez nion hartu nahi izan. Trenak ekin zionean ibilgoari, eskua kristal jaitsiaren gainetik departamendura sartu eta kasettea utzi zuen eror zedin.
Urrutira arte ez nuen kasettea lurretik jaso. Aditze soilera neukan talde baten karatula zeraman kasetteak bi albotan. Abestien tituluek ez zidaten ezer adierazten. Ez nion kasetteari jakinminarena baino garrantzi gehiago eman eta, etxean entzungo nuela pentsatuz, patrikan sartu nuen.
Haserre bota nuen hirira bitarteko ibilgoa pentsatuz oker jokatu nuela, ez nuela jakin neurera ekartzen parada ezin hobea, bidaiari sartu berri hura lekukotzat hartu eta esatekoa: Ikusten al duzu elbarri hori? Bai? Zatoz, egidazu mesede etortzekoa geltoki buruari esatera elbarri bat ikusi duzula nirekin hitzegin nahian. Ez bainuen orduan uste arazo nagusia zenik elbarriak esandakoen misterioa argitzea, elbarriak eta gainerantzekoek antolatutako iruzur batere graziarik gabea ipurdi bistan lagatzea baino. Hargatik haserretu nintzen neure buruarekin, bidaiariaren paradaz baliatzen jakin ez nuelako, beti geldituko zitzaidan-eta aukera, iruzurra aireratu ondoren, sasi elbarri uste nuenari paparretik heldu eta bi gauzatxo esatekoa: Honaino iritsi gaituk, amigo!
Berriro ene arratsaldeko bidaiaren zain egon beharko nuen, ordea, eta hartaz gero eta nahigabetuago, bapatean erabaki nuen zer egin: Taxia har nezakeen, eta, hala, istiluari behin behineko plantoa eman. Denbora beharko nuen elbarriarenaz ahazteko, baina zer zekarkidan ezagutzeak atorrante batzuren broma maltzurrari buruzkoak, zer irabazi zetorkidan jakitetik elbarria sikopata bat zela eta herriko guztiei atsegin zitzaiela hark txistua jo ahala dantzan hastea? Halaxe, beraz. Taxia hartuko nuen. Etxeratu bezain laster, deituko nion jefeari eta esango nion: Allo? Emaidak hilabeteko atsedenaren mesede... Obren kontrola?... Hago lasai... Joango balitz ere nire ordez kabaretera bat eta nire izenean bere firma bota eskatzen dioten lekuan, ez zaiok inor bekaiztuko... Hilabete, ez ahal didak ukatuko.
Hura zatekeen konponbidea. Obren arduradunak firma zitzakeen dokumentuak, jefeak eta biek ongi ezagutzen zuten-eta elkar; hilabeteko opor labur batzuk besterik ez eta, gertatuak gertatu, ordurarteko guztiaren erantzunkizuna hartuko nuen nire gain, langile klandestinoak edo zemento desbideratua beti ezagutu dira-eta eraikuntza ofizialetan, ez gaitezen engaina. Ahaztuko nuen elbarria, birreskuratuko nuen sosegua...
Trenetik jaitsi eta taxia hartu nuen. Campus-erako agindua eman nion gidariari, ez nuen-eta delegaziotik pasa nahi. Obren arduradunarekin hitzegingo nuen. Adeitsu portatuko nintzaion; ahantz zezala, baita barkazioa eskatu behar banion ere, aurreko nire zakarkeria: ulertzazu, kirioak jota nabil...
Behin obretan, laugarren solairura igo nintzen zuzenean, arduraduna bertan aurkituko nuelakoan. Miatu nuen solairu enkofratu berria, atzera-aurrera ahal nituen azkarrenetan, oholetik oholerako saltotxoak emanaz, beti ere frogatu ondoren, hankarekin ertza zapalduz, ondo josiak zeudela habe izango zirenen egurrezko zangetara. Ez zebilen arduraduna han, nahiz hormigoiz betetzen ari ziren zangak solairuko alde batean eta haren kontrola zegokion. Enkofratzaile bati eskatu nion arduradunaren berri eta sorbaldak jaso zituen. Ez dut goiz osoan ikusi. Jaitsi nintzen hirugarren solairura. Oso langile gutxi zebilen bertan, hormigoi ordurako lehortua biluzte lanetan babes oholez eraikia desjosiz. Inork ez zidan arduradunaren berririk eman. Eskailerak izango zirenetan josiak zeuden egur puska mailakatuetan behera nihoala, oihu garratz bat entzun nuen, arrano baten karrazkada modukoa baina luze, oso luze; ondoren, porlan zakutzat hartu nuena, zoruaren kontra lehertzen. Ez nituen bi hotsak uztartu, behin behean masagileak ikusi nituen arte korroan. Apartatuz egin nuen tokia korroan, eta arduraduna ikusi nuen bertan. Odola zerion ezpainartetik. Begi bistakoa zen barrunbeak lehertu zitzaizkiola kolpearekin.
Korrika egin nuen telefono gertuenera bitarteko bidea, Anbulantzia bat eskatu nuen. Banekien hilda zegoela, baina ez nuen ezer esan, anbulantziak patxadarik har ez zezan.
Bueltatu nintzen. Ez zegoen ez arduradun hilik, ez langile korrorik han. Aurkitu al duzu arduraduna?, entzun nion bati. Jiratu nintzen eta enkofradorea ezagutu nuen, sorbaldak jaso eta goiz osoan ez zuela arduraduna ikusi esan berri zidan bera.
Bere pareraino aurreratu eta begietara begiratu nion. Non dago gorpua? Harriduraz zabaldu zitzaizkion begiak. Ze gorpu?, galdetu zuen jolastiago urduri baino. Eta ezker eskuin begiratu zien lankideei, bere hitzen onespenaren bila bailebilen.
Errepikatu berria zitzaidan elbarriarena, ukatu egiten zidan jendeak begi bistan gertatua. Nik ikusia, nik bizia, nik esana, nik entzuna. Ez ninduten, ez, erotuko! Tentaldia izan banuen ere dena hankaz gora utzi eta arazoari bizkar ematekoa, ezagutuko ninduten kabroi haiek! Ipurdi bistan utziko nituen haien iruzurrak, tonaka desbideratzen ari ziren zementuarena, langile klandestinoena, zerbait jakin ahala laugarren solairutik botatzen zituzten arduradunen hiltzaileena. Joango nintzaion ministroari eta botako nion: jauna, zeure bizkar egiten ariko dira iruzur guzti horiek, baina zuk ere baduzu erantzunkizuna; ez nintzen isilduko, ez nintzen isilduko, ez nintzen isilduko!, eta oroitzen naiz paparretik heldu niola enkofradoreari, ez dakik norekin ari haizen jolasean, eta apartatu nindutenean entzun nion bati esaten, haundiegi geratzen zaiok hemengo lan hau..., eta imajina dezaket eskuz airean trazaturiko keinuaz campus osoa biltzen.
Anbulantzia heldu berrira sartu nahi izan ninduten. Ez nuen, ordea, kabalik hartaraino galdu, eta erizainak besotik heldu ninduenean, esan nion, ez da ezer, hobeto nago, sosegugairik izango bazenu... eta orfidal pastila bat eman zidan.
Delegazioko parasitoak esanda dakit bere erabakia izan zela ni hotel honetara ekartzearena, atzotik omen nago bertan, pasa ziotela abisua jefeari eta atsedena hartzen utzi didatela gau osoz, pare bat ordu barru izango omen da hemen jefea nire bila etorrita, egon nadila bitartean lasai. Hiriko hoberena da hotela, ikusten duzu zeuk ere, eta parasitoa gelatik irten denean, jaiki naiz eta trajea hartu dut pertxatik. Hasi naiz jazten galtzak, hasi naiz lotzen gerrikoa, konturatu naiz patrika bat potroilduta daukadala eta, eskua sartu dudanean patrika tolestu gogoz, kasettea ukitu dut. Orduntxe gelako atea ireki da. Parasitoa dago berriro bertan, zerbait ahaztu zaiola-eta. Zer egiten duzu? Nora zoaz? Baina, baina... laster izango da hemen jefea, ez zaitez kezka. Magnetofoi bat eskatu diot parasitoari, magnetofoi bat, berdin zaio txiki horietako bat izanda ere, eta parasitoak, ez daukazu, bada, hortxe hari musikalaren botoia?, bost kanale desberdin aukeran, rnusika klasikoarenean daukazu orain jarrita. Paparretik heldu behar izan diot. Magnetofoi bat! Zergatik heldu behar ote zaio jendeari paparretik zerbait uler dezaten nahi dugun bakoitzean?
Etorri da, ekarri du magnetofoia, aldegin du. Popatik. Pa-ra-si-to-a!
Play!. Kitarra bat, suabe, suabe, suabe. Bateria beranduxeago. Eta bapatean, kantariak zakar, eztarria asunaz igurtzia bailuen, inork ez du bere burua ezaaagutzen, kabaletatik joanda eeez bada, stop, wind, stop, play, zilar kolorez jantzi zitzaion iiilea, igotzen den oro daaa jaisten, stop, wind, stop, play, norbait ari da oraingoan hizketan, badaki jefeak arazorik ez duen lanak emakume sekreturik gabe baten antza duela niretzat. Neu ez naizela ez baneki, neu naizela esango nuke irakurriz bailebilen ari den elbarri putakumea. Stop, rewind, stop, play, igotzen den oro daaa, stop, gehiegi errebobinatu dut, wind, stop, play, parafinaren erlotsa eta, piskatera, eztula, jre-jre, eta hizketan hasi da ahotsa:
Menostuta nengoen. Lanerako afanik gabe. Arrazoien bila hasita ere, ez nuen neure kabutan akimendua zurituko zidanik aurkitzen, beti lan berdinxe eta sorpresarik gabea egin beharra ordurako janda, Amaitua genuen bizi naizen hiriko...
Stop. Stop. Stop. Oker, oso oker ere ari da elbarria, uste badu kabaletatik aterako nauela. Jefea heldu bezain laster, esango diot: Fida al ninteke zurekin? Jefeak: Zalantzan jartzea ere... Orduan obrara joango naiz berarekin eta errepika ditzala enkofradoreak atzo esan zituenak. Trenez egingo dugu gero etxera buelta, jefea izango dut berriro lekuko: Ikusten al duzu elbarri hori? Bai? Zatoz, egidazu mesede etortzekoa nirekin geltoki buruari esatera elbarri bat ikusi duzula nirekin hitzegin nahian. Sasi elbarriari helduko diot paparretik eta esango diot: Honaino iritsi gaituk, amigo!
|