L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<porr0200>— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Editoriala

 

Felipe Juaristi

Koldo Etxabe

 

        Tasun eta keria-ri buruzko eztabaida eternala da, esku ezezagun batek euskara gure arbasoen ezpainetan jarri baino lehenagokoa. Jainko magnanimo baten ar bati bere emea eman zion unekoa: tasun bakoitzeko keria bat eta Zerukoak agindutakoa ez dezala gizonak baztertu edo nahastu edo txarrena, ahaztu. Zeren tasuna sorreratik bait daramagu, ezaugarri bezala, baina gizonak, gizatxar eta hilkor horrek keriaz zikintzen bait ditu bertute onak, Paradisuan lortutakoak. Horrela alpertasuna alperkeria egiten du, zerbait egitekotan. Eta kualidadea defekto bihurtu.

        Guk garbi ez daukagu batetik bestera pasatzeko muga zertan datzan edo non dagoen, marra horretan ez bait dago jendarme, guardizibil edo ertzainik, norberaren kontzientzia baizik eta jakina da kontzientzia ikusezina izateagatik jagole edo zaindari perfektoa dela. Eta barruan dagoen zomorrotxo horri mundu honetan jakinduria eta ezjakintasuna, ignorantzia gainetik daudenek, zuzen eta okerra kontrolatzen dutenek deitzen diote, ate joka joaten dira; eta horiexek jartzen dituzte guardiazibilak, ertzainak, jendarmeak edo falta direnak guk ikusten ez dugun tokian eta horiexek ematen diote gizonari tasunerako eskubidea edo keriara degradatu. Eskerrak guk aspaldi mozkortu genuen kontzientzia!

        Eta eztabaida franko eta probetxugarria izan ondoren ez bata, ez bestea: Pereza. Eta gu perezosoak. Dena dela, orain dator kontraesanik lehendabizikoena. Perezaz aldizkari bat egiten hastea ondo, baina bukatzeagatik Sisiforen zigorra merezi horiek. Pentsa daiteke. Pentsa genezake gauzak bukatuta uzteagatik. Babelgo dorrea, Madrilgo katedrala, Bartzelonako Sagrada Familia eta hainbat projektu izan zirenak, oraindik projektu izateko, giza ezaugarri nagusiaren ereduaren tamaina ematen dute, bere horretan bukatu gabe daudelako dauden moduan. Horrela egiten bait dira gauzak sarritan, biharko utziz gaur bukatzekoa.

        Bai, bukatu dugu eta lotsatuta ez bada, ahots gora ez dugu esango baina aldizkari honetan lan sobrehumanoa dago, ordu pilo bat kostatu zaigu dena irakurtzeko prest eukitzea. Zeren gu euskaldunak sentitzen bait gara (euskalduna izatea sentimendua baldin bada) eta topikoa da esatea euskalduna lirismo edo idealismoaren eta praktikotasunaren artean oreka bilatzen saiatzen dela. Praktikoa? Lana. Idilikoa? Alpertasuna.

        Baina ez hipokritak edo esku zuriak. Oso erraza da neurrigabeko alperra izanik, besteei lan eragitea, eta izkina batetan zabar-zabar diru eske dagoenari buruz gaizki esaka jardutea, berak adina diru mordoak irabazten ez dituztenak, pobreak alpertzat jotzea. Guk perezaz idazten dugu, norberak hor hezurren artean ezkutatuta edo duen bere beste munstroa, bere «ego»a azaltzeko, egurastu dadin. Gure horrekin enpazteko. Kitto egin eta kalera!

        Badakigu gure gai honek ez duela prentsa onik. Alla kuidaos! Gurea egin dugu hil gabe eta ez gara lataka hasiko. Perezosoak izaten ikasi nahi baduzue aholku bat: ez hasi mugitzen zaudeten tokitik, zaudetenean planto eta Cossimo famatua bezala, ahal baduzue mundua zuen aurretik pasatzen ikusi. Orain, mundu izan nahi baduzue zeuek ikusi! Buelta asko eman beharko duzue eta horrek nekea besterik ez dakar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.