L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Perezoso batek Tucamainetik

 

Pako Aristi

 

        Tucamainetik idazten dut, entzun dudanez, Gulliverrik esistitzen ez den lurralde horretara, denok omen zarete txikiak hor, gure turistic foiletoak dionez. A, bai, ahaztua nengoen, konfesatzerakoan apaizari Ave Maria Purissima esan behar zaion bezala, zuen aurrean aurkeztu behar naiz gure herriko pintorearen istorioa kontatu aurretik. Perezoso bat naiz, baina perezoso bat, eukalipto erraldoietara igota egoten dena, ez banku zikin batetan eguzkia edaten egoten diren horietakoa ardoa eta wiskia edan ondoren.

        Tucamaine Madagascar ondoan dago, eta hemen perezosoak asko gara, zuen Euskal herrian langileak baino gehiago gara hemen perezosoak. Eta handiak gara, alturaren jabe garelako, goian bizi gara, eta egunaren zehar ez gara etxetik hamar metro baino gehiago urruntzen. Biologoek perezosoak bataiatu gintuzten horregatik, eta egia da, maite dugu pereza, maite dugu kietudea, inkietudearen partez. Egia esan dugun lujo bakarra da kietudea guretzat, eta alpargata egileek badakite lujo horren berri.

        —Zer behar da alpargatak egiten ikasteko? —galdetu zion ikasleak zaharrari—.

        —Aulkia berotzea, sekula hozten ez uztea.

        Alegia, geldirik, jaiki gabe, konstantziaz egin behar zela lana. Gure herriko pintoreak pratikatzen zuen bezala.

        Gaztea zen, pintorea izan nahi zuela esaten hasi zenean.

        —Hori esatea ez da ezer, pintore izatea egitea da —erantzun zioten—.

        Egun bat jarri zuen pintore izan nahi zuenak, eta egun horretatik pintore bihurtu zen.

        —Herrian badugu pintore bat —esan zuten.

        Eta pintorea fama izugarria hartzen joan zen, eta fama irla batetik bestera igaro zen kaio baten gisa. Eta guztien ahotan zebilen mutilaren dohaia, eta bere lienzoak paradisuko kolore guztien jabe zirela zioten, tropiko euri jasa guztien zirimolaren jabe eta zenbaitek bere lienzoetako fruituak jangarriak zirela ere esan zuen. Baina inork ez zuen inoiz inon bere lienzo bat bera ere ikusi.

        Pintorearen herrian bakarrik zekiten egia guztia. Pintoreak ordu laurden bat ematen zuen goizero pintatzen, ordu laurden bat, pentsa, bisuts izpi bat bezain arin eta oharkabe igarotzen den ordu laurden mehe bat, eta gero egun guztia egin zuena kontatzen pasatzen zuen, ordu laurden hartan egin zuenaz filosofatzen, horrela eguarditik hasita, eta ulertu daitekeen bezala, egin zuen marra gorri txikia, esajerazioaren majiaz, paisai ultramundano bat bihurtzen zen gaueko hiruretan ohera erretiratzen zenerako.

        Honela, gure 104 irla hauetako pintorerik famatuena bihurtu zen inork bere lienzo bat ikusi gabe, inoiz erakusketarik egin gabe, ordu laurdena lanean, 23 ordu eta hiru laurden perezari emana igarotzeagatik.

        Ehun urte bizi izan zen, bizitza plazerra bihurtu zitzaiolako, perezaren kulunkarian, gurekin bakarhizketan, guk ez bait genion erantzuten, eta, azkenez negua heldu zen bere bizitzara eta hil egin zen, baina inork ez zuen lurperatzeko lanik hartu eta putreek jan zuten ezarian, begiak estraina, barrabilak gero, behatzak, belarriak, dena vamos.

        Orduan jendea bere lienzoen galdezka hasi zen, bere patrimonioaren bila. Inongo testamenturik egin ez zuenez, bere etxera sartu ziren. Ez zuten lienzo bat bera ere aurkitu, baina etxeko pareta guztiak margoturik zeuden, edo pinturaz zikindurik, margotutakoari zentzurik ez aurkitzean hori esan bait zuten. Urteak pasa eta ezin inork jeroglifiko hura deszifratu. Gure pintorearen ospeak lurreko sustrai guztiak jo zituen, iraindua izen zen eta gure herria isekaren aizkorapean pasia horrelako pintorekilo fraudulento batengan sinestu genuelako.

        Baina iritsi zen egia, eta mozkor baten ahotik sarri gertatu ohi den legez. Mozkorra mozkortu egin zen, eta goiari ezin eutsirik, pintorearen etxe hutsera sartu zen lotara. Ohean etzan zen, alkoholak menderaturik, eta hamairu ordu egin zituen lo. Esnatu zenean paradisuan zegoela pentsatu zuen, artean ametsetan, eta begiak garbitu zituen, makarrak kendu, eta ezin sinestu aurrean zekusana.

        Eta hau zekusan aurrean: pintoreak bere etxeko hormetan margoturiko laberinto indeszifrableak, ohetik begiratutakoan bakarrik hartzen zuen zentzua. Marra, kolore, bihurtura guzti haien fuga puntoa ohea zen, eta ohea zen bere bizitzako pintura erraldoi hura ikusteko toki bakarra.

        Ehun urtetako bakardadearen ondoren, Yavek aintzina egindako paradisuaren deskripzioa zen pintura hura, eta era berean gure 104 irla ikusi zitezkeen oso garbi kolore eta arraien artean.

        Baina inork ez zion mozkorrari kasorik egin, erdeinuak estaltzen bait ditu perezosoek paseatzen duten bideetako zubiak, eta azkenean, guk, alturatan bizi garenok bakarrik gorde dugu istorioa, gutako inor behera, gizon langileen erreinura jaisten atrebitu ez dedin.

        Eta beti gogoratzen dugu, honekin batera, sioux jefeak esandakoa. Gizon zuriak oestean trenbidea zabaltzen lagundu ziezaion eskatu zion indioari, bere herrikoak lanean hasi zitezen, eta honela esan zion sioux jefeak:

        —Ez, gure herriak ez du lanik egingo. Lana egiten duten gizonek gero gauean ez dute ametsik egiten.

        Eta guk ere, eguna ametsetan pasatzen dugu, pentsamentua gorputza bezain altu egon dadin.

        Beraz, hau da gure gutuna zuentzat, hain txikiak zaretenontzat Euskal Herria deitzen den paraje horretan. Gu handiak gara, alturaren jabe garelako, kietudeaxen lujo erosezina dugulako. Gutako bat horra joango balitz Gulliver izango litzateke, baina hil egingo zenuteke, eta gehiegi maite dugu bizitza enanito txiki batzugatik arriskatzeko.

        Besterik gabe, musu perezoso bat, ia ezpainak ikutu gabe emana, altura hauetatik.

        Gutun hau Pako Aristik itzuli du Tucamaineratik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.