L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Alfertasunaren inguruan

 

Esteban Antxustegi

 

        «Ofizialki» anuntziatu zidaten, duela hiru hilabete gutxienez, zerbait idatzi behar nuela alferkeri/alfertasunari buruz. Ohizkoa denez —luzarorako fidatzen didazu, Santxo— hilabeteak (alfertasunaren lekuko zintzoak) pasatu dira eta ez dut ezertxo ere egin. Gainera, suposatzen zen ikuspegi «filosofiko» batetatik burutu beharko nuela idazki hau. Baina ba al dakit neronek ere zer den filosofia? Amodio nekosoa, amorantea ezagutu gabeko amodioa —garai batetan gurasoek interasatuekin erabakitzen zuten ezkontzaren antzera— besterik ez delakoan nago.

        Guzti hau gutxi izanik, orain beste arazo baten aurrean nago, hots, nola uztartuko ditudan alfertasuna eta filosofia, edo erabat alderantziz. Nik dakidala, hurbilketa modura, filosofo alfer asko ezagutzen dut —titulatuak, behinik behin— eta baita alfer filosofo multzo handia ere. Garbi dago, beraz, esparru bi hauek lotu ahal izateko, definizioz, ez dagoela inolako oztoporik.

        Beti bezala Grezian barrena murgildu beharko dugu. Horrela, Epikuroren ustez, zoriontasuna «aponía» (min eta arrenkura eza) eta ataraxia-ren bidez lor zitekeen. Egoera honetan jainkoak aurkitzen dira, beraiek besterik ez dute egoera hau gozatzen, ez bait dira kosmos eta giza-kontuetaz arduratzen. Ataraxia kontzeptu hau zaila gertatzen omen zitzaien grekoei definitu ahal izatea, baina hauetariko batek, Pirron-ek bain zuzen, «judizioaren geraldia» dela ematen digu aditzera. Honen aburuz ez da erabakirik hartu behar, ez dago inolako sinesmen edo eritzirik hautatu beharrik. Benetazko jakintsuak bere baitan sartu behar du, hauxe besterik ez bait da perturbazio eza lortzeko modua, ataraxia, eta berarekin egiazko zoriontasuna (eta posible den bakarra).

        Jarrera hau Montaigne, Pascal, Malebranche, Hume eta beste hainbaten eritzietan plazaratzen da behin eta berriro. Gure baitan barneratzeak ematen digun kontzientzi lasaitasun hori, «kanpoko gauzetaz» inolako eritzi eta joerarik ez hartzerakoan, aski da jarrera hau defendatzeko. Guregandik kanpo dauden gauzetaz ez arduratzea, ezta eritzirik ematea ere, eta norberari bakarrik kasu egitea behar beharrezkoa gertatzen da baldin eta fenomenoen aldaketa iraunkor eta ustekabean egonkortasun minimoa lortu nahi badugu.

        Shopenhauer-ek dionez, borondatea goren mailara heltzen denean, eta bere izaera osoki ezagutzerakoan nahizko ukoan bilakatzen zaigu. Borondate negatibo hau (noluntas) alferkeri hutsa besterik ez da Thomas Aquinokoarentzat, ongitik egiten dugun ihesa gaizkiaren bidean jartzeko. Dena den, Aristoteles kristautasunerako errekuperatu nahi izan zuen dominiko hau ez dator batere ados bere maisuarekin, heleniarrarentzat noluntas kontzeptuak —«eùboulía» grekoz— deliberamendu egokia aditzera eman nahi bait du.

        Zoriontsu izan nahi duenak bere helburu honi kontrajartzen zaizkien oztopo guztiak baztertu ahala xede hori burutzeko lagungarri guztietaz baliatu beharko du. Ataraxiak ez bait du izan behar, beraz, erabat sentigaberaz gaitezen; beldur, min eta arrenkura ezaren egoeraz jabetzeko baizik.

        Naturarekin batera bizitzeak —alfertasuna oso naturala da—, eta bakarrik Aquino eta konpainiari esker jaso dugun heziketak baztertu beharrezko kalte bezala azaldu digu beti, ez du esan nahi sentipenetatik guztiz kanpo gelditu behar dugunik, hau da, benetazko gure beharrei erantzun behar diogula (eta ez dira berdinak gizaki guztietan), horrela helduko bait gara —beti helburua izango da, baina bidea ezagutuz— «plazer atseginkoi»ra, adorearen orekara, antsiedade eta uherduraren geraldira, baretasun bidean.

        Alfertasunak bizitzaren aurrean baretasuna suposatzen du, era honetaz guk kontrola bait dezakegu bizitza, berak dakarzkigun beharren zurrunbiluak ez gaitu zanpatzen, premia hauek, gehienetan akzesorioak izanik, kezkatu egiten gaituztelako eta uste dugun maila faltsu honetara ez iristerakoan biziki sufritu.

        Alfertasuna, beraz, gelditzen zaigun baretasun-iturri naturala dugu, eta ez da nekagarria gertatzen. Egin behar dugun guztia, bada, asumitzea besterik ez da, itxurakeria alde batetara utziz.

        Bukatzear, lerrook idazteari ekin dionak, alfertasuneko xarmen eraginpean aurkituz, hurrengo batean jarraituko dugula prometatzen dizue. Hala bedi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.