L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Zazpigarren egunean deskantsua

 

Felipe Juaristi

 

Benetan inork ez daki izenik ba al zuen. «To» deitzen zioten zakur bat balitz bezala, zeren bere aitak bizitza zakurkeria hutsa zela pentsatzen bait zuen eta izen batek nolabaiteko identifikazioa ekartzen zuela. Izena gauzaren arketipoa zela. Orduan, zergatik gizonen izena jarri munduan bere gurasoen moduan, eta hauen gurasoen moduan eta horrela milaka gurasoen belaunaldi moduan jaio eta arrastaka ibiliko zen norbaiti?

        Pentsatu daitekeenaren kontra gurasoak ezagutu zituen. Denbora gutxi beraiekin egon arren ikasi zuen haien ofizioa. Jakina da umeen afizioa aitaren edo amaren antza hartzen, beraien ispilua izaten, gauzarik nimiñoenak ere berganatzen, sortzaileen prolongazio bat izaten, «zuek munduratu nauzue eta ni zuen islada naiz, zuen gorputzen sintesia da nire gorputza eta zuen arimarena nirea. Ni izango naiz zuek denborarekin jolasteko ajedrez-tableroa» esanaz bezala.

        Horregatik ikasi zuen ondo gurasoek egiten zutena, azken keinuaz jabetu zen. Eta mimetismo honengatik zetorkion aitarenganako pasioa. Honek hamabi urte baino lehen sokaz loturik noble bati saldu zion arte. Ez zuen zakur izena bakarrik, animalia hori bezala saldu zuen, eta berak miresten zuenak, aitak.

        Hau eta ama eskaleak ziren, herri batetik bestera ibiltzen zirenak. Gauean zerua izara zutela eta, egunez kerizpea egiten zuen edozein arbola edo teilatupetan bizi zirenak. Izarren azpian lo egiteagatik ikasi zuen aitak gizonen patua irakurtzen, zeru inmensoari begira jakiten zuen bere eta gizatiaren bideen norakoa.

        Ez da jakiña zein urtetan jaio zen, bakarrik gau hartan zerua pobre agertu zela; izar bat besterik ez zegoen. «Bizitza laburra izango du honek» esan eta zabar zabar etzan zen bere aita.

        Elizkoiak ez baziren ere, elizak zituzten maite. Iristen ziren, esertzen ziren atarian, katilotxoa atera eta urtetako eskolan ikasitakoa erakusten zuten. Errukia sortzeko truko guztiak agertzen ziren, aurpegia desfiguratuz behar bazen. Aitak lan horietako bazuen pintura berezi bat eta hori leku aproposetan boteaz, izurrite batetik edo ez dakit nongo gerratik zaurituta zetorren txiroaren itxura ematen zion. Garai gogorrak ziren, bihotzak sikuak eta dirua urria. Hala ere biguntzen ziren, ez zuen pinturarenak artean hutsik egiten.

        Gauetan larrua jotzen pasatzen zuten, euria edo hotza bazegoen eliz frontoiko harlosen gainean edo zelaian giro bazegoen. Suabe, suabe egiten zuten ez nekatzearren, zeudenean luze-luze geratu arte. «To»k bitartean lo egiten zuen.

        Benetako izurritea etorri zen ez dakit zein gerrarekin batera, eta gosetea herriz-herri zamalkatzen. Inork ez zuen sosik, ez garirik eta jendea loreak udazkenean bezala erruz eta mordoska hiltzen zen, bidarteetan, hirietan, sandutegietan... Orduan izan zen «To» noble bati saldu ziotenean, urrezko 12 txanponaren eta arto-ogi baten truke. Nobleak ume bat besterik ez zen arren soldadu sartu zuen. Lantza bat eman zioten, bera baino bi aldiz handiagoa, larruzko gorrontzea eta galtza berdeak. Arkoarekin erakutsi zioten eta soldadu eroriei nola moztu zintzurra eta poltsa ohosten. Gero Frantzian zegoela eta bere erregea Nafarroako zela eta etsaia honen anaia zela esan zioten. Berak anaiarik ez zuen ezagutu eta horregatik pentsatzen zuen anaia norberari ogia ahotik kendu nahi duen gaizkilea dela. Irudi honekin asaldaturik gogoz borrokatu zen, edozein arituren moduan emakumeak bortxatuz, nekazariak hilez eta landak erreaz.

        Gerra luzeek edozein nekatzen dute eta egia esan «To» ez zegoen lan gogorretarako egina. Faltan zeukan ordura arteko bizitza. Paradisua iruditzen zitzaion, katilua lantza baino arinagoa zen eta orduan ez zuen izerdirik botatzen eta gurasoen babesean, haien makakorroekin hartzen zuen lo. Hauxe zen bestalde aldatu ez zena: zerupean lo egitea. Hala ere loa zen gehien irrikatzen zuena, zoriontasunean galdutako azken oroimena bait zuen.

        Zakurrari gertatzen zaiona gertatzen zitzaion, ezer egin gabe ogia jatera ohituta badago, nekez egingo da bizitza basatira, janariagatik borrokatzera. Soldadu izanik, gau bela eta, martxekin beti lo gosez bait zen.

        Ofizioz aldatzea erabaki zuen. Ekaitzarengatik haritz baten pean unaturik zegoenean, bere pekatuez damutu eta bizimodu berri batetara abiatu zen. Hartutako erabakiarekin goian ados zeudela azaldu nahiean, tximista batek bitan zatitu zuen zerua.

        Tximista hura izan zen bere aitak ikusi zuen azkena, hiri txiki eta zikin batetako kartzelan urkatu zutenean. Bi egun lehenago noble bati ohostu zioten dirupoltsarekin harrapatu zuten. Berak kan lean aurkitu zuela esan arren, ez zioten sinistu eta heriotzera kondenatu zuten egun berean. Ez zen izarrik ageri, lore lotsatia bezala ilargi triste bat besterik ez. Parre egin zuen eta «ez dago zer eginik. Egin dadila zure borondatea» esan eta eraman zezaten eskatu zuen.

        Amaren azkentzea lehenagokoa izan zen. Denbora krudela, goseteak kareak bezala bazter guztiak zuritzen zituen, baita gizonaren bihotzak ere, garbi-garbiak hezurrak bezalakoak utziaz. Katilua hartu eta kanposantuetan etzaten zen, bidaiari edo desertoreren batek desaogatu ondoren ahal zuena utzi zezan. Frantsesek gaitz ingelesa eta ingelesek gaitz frantsesa deitzen zioten horretaz kutxatu zuen bide lapur batek, zuen guztia lapurtu aurretik. Erremediorik ez zuelakoan ez zen larregi kezkatu, etzanda segitu zuen gaitzak anima zulatu zion arte. Ez zuen asko sufritu. Agonia mantso eta deskantsatua izan zen berea.

        Klerigo bezala ibili zenean asko ikasi zuen, berarekin ibili zirenekin. Lehenagotik bazekien zein aurpegi, keinu egin jendea errukitu zedin, nola lortu eite misero eta sufritua, nola maldatu ahotsa, eskua luzatu, begiak bildu, helburu jatea zen antzerki hartan. Lehendabiziko aldiz bere aitaz gogoratu zen eta madarikatu zuen. Harrez gero aitaren irudia Paradisuaren iruditik apartatu zuen.

        Ikasi, ikasi zuen jendeak ile koroia errespetatzen zuela; eta buruan borobil-borobila txanpon distiranta ematen egin zuen. Ikasi zuen latina zen hizkuntza batetan hitzak eta letaniak esan ondoren jendea belauniko erortzen zela. Santuei, Ama Birjinari latinez uzendu zitzaien. Ikasi zuen Jainkoaren hitza bakarrik entzuteak dardaratan jartzen zituela; eta Jainkoaren hitzaz jabetu zen. Ikasi zuen Semeak Aitaren esanari kasu egin ziola, Aitak gizonei saldu zienean eta orduan, Seme haren laguna egin zen eta Aita gorrotatu zuen.

        Elizetan egiten zuten lo, edo landan. Asko predikatzen zuten egunez, eta larru asko jo gauez aldare nagusiaren ondoan, edo sagarrondoen azpian giro bazegoen. Suabe, suabe egiten zuten nekatuta geratu arte.

        Jendeak asko estimatzen zuen. Bere hitza garbiena zen eta ia mutikoa izanik, Jesus tenploko doktoreekin zebilela uste zuten denek. Fidelek lanaz hitzegin zioten, sufrimenduaz, eguzkia jeiki eta oheratu arte lurrari okertuta egon beharreaz, nekeaz. Hura gaizki zegoela iruditu zitzaion, zeren aitak ez ziren zintzoak, baina Seme batek nola nahiko zuen seme guztiak zakurrak bezala ibiltzea. Eta zakurraren imajinak aitarena ekarri zion berriro, baina oraingoan Semearen Aitarena. Bera bait zen jabea, eta berak manejatzen mundua bere erreinu propioa bezala. Erlijioan zertxobait aldatu behar zela erabaki zuen, Semearekiko zuen identifikazioak, eta Aitarenganako bengantzak bultzatuta.

        Biblia irakurtzeari ekin zion. Soluzioa aurkitu zuen, erru guztia, munduaren zoritxar eta nahigabea interpretazio okerretan zeuden oinarrituta, Elizaren Aitek mantentzen zituztenak. Jainkoak mundua sei egunetan sortu zuen eta zazpigarrenean deskantsatu. Ordura arte, interpretazio sinbolikoak zera zioen, sei egunetan lan eta egun batetan jai egin behar. Baina guzti hau beste modu sinboliko batetaz harturik zera zen: egun bakoitzak aro bat errepresentatzen zuela. Kalkuluak egin zituen, kontuak atera, zein mendetan edo zein arotan zeuden ondo ez bazekien ere, intuizioz zazpigarren egunari zegokion aroa zela erabaki zuen. Arestian lana eta, sufrimendua nagusiak izan baziren, ordutik aurrera deskantsua eta jaia. Baina gehien emoziatzen zuena ez zen hori, aitengatik semeek gehiago sufrituko ez zutela jakitea, azken aroan zeudela eta orduan Paradisuaren atetan, Paradisuan, seme guztiak Semearekin biltzeko. Kontaezinezko emozioak astindu zuen bere gorputza, frenesi moduko bat jabetu bere animaz. Paroxismoan «zazpigarren egunaren» ordena sortu zuen eta herriz-herri ibiltzen hasi zen ferbore handiz berria aldarrikatuz.

        «Argi dago lanaren sasoia amaitu dela. Jainkoak berak deskantsua egin zuen. Eta berak ejenplo emanez guk ere deskantsatzeko esaten digu, nagiak izateko, janariari buruz ez kezkatzeko, Semea, Jainkoaren Semea gure begira bait dago, eta dagoenetik hartzeko esaten bait digu» predikatzen eta toki guztietan haurrek beren gurasoek abandonatzen zituzten, esklabuek beren jabeak, eta emakumezkoek beren senarrak, berarekin biltzeko, aro berri eta liberatzailea bizitzeko. Lurrak inoiz ikusi ez zuen tropa zen berarekin zihoana, Txindurria moduan zabaltzen ziren lur gainean eta pasatzen ziren bazterretan ez garirik, ez ardorik, ezer ez zen geratzen, denarekin bukatzen bait zuten, baita nobleekin ere, baina hauek ezpataz.

        «Lurra inmensoa da, eta ez dugu aitarik behar. Lurrak emango digu behar adina» aldarrikatzen zuen «To»k eta jarraitzaileek santutzat zuten, nunbait mirari bat egin bait zuen.

        Nobleek, eliz agintariek herejia harekin bukatzea erabaki zuten, autoritatea galduta zegoelako eta lurrak bertan behera zeudelako, inork lantzen ez zituenez. Zigorra merezi zutela txoriek moduan ibilirik agintea desafiatzen zutenak eta aitarentzako errespetu gutxi erakusten zutenak. Aita Santuaren baimenarekin Kruzada bat antolatu zuten. Nafarroako erregea eta bere anaia etsaia, pakeak eginez, Kruzada honetara bildu ziren. Eliz txorien andana bezala zapuzteko Alemaniatik mertzenariak ekarri zituzten eta Suizatik arkeroak.

        Landan egin zuten topo «Zazpigarren egunaren» jarraitzaileek eta nobleek erositako ejertzitoa. «To»k egia zuelakoan eta Semearen laguntzaz ezinezkorik ez zegoelakoan, mundu guztia alperkeria goxo batetan eroriko zela sinisturik aurrera segitzeko agindu zuen. Semearen aldekoen artean inork ez zuen beldur arrastorik erakutsi. Haurrak sano-sano kantari zihoazen, emakumezkoak saltari. Gizonezkoak ere harro ikusten ziren.

        Jende gutxi libratu zen sarraski hartatik. Odolak zerua itsutu zuen, hainbat erori bait zen. Landa osoa zen gorputzilen, beso moztuen, espektakulo gorri eta gordina. Bizirik atera zirenek hobe izan zuketen gerokoa ez ikustea. Umeak salduak izan ziren; emakumezkoak bortxatuak eta gero beren senarrei bueltatuak, zatitan txikituak izan ez zirenak; erre ez zituzten gizonezkoak esklabu egin zituzten. «To»k kruzifikatuta hiltzea eskatu zuen. Harrika hil zuten, zakur bat bezala. Hala ere hil baino lehen parre egin eta burua mogitu zuen. «Hiltzen naiz bizi naizen moduan. Egin dadila Semearen borondatea» izan ziren azken hitzak. 18 urte zituen. Harrez gero ondo egin zuen lo.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.