Pentsalari gotorra
Pitigrilli
euskaratzailea:
Koldo Etxabe
Telefonoak jo zuen. Harat-honat higitu zuen oina gizonak, txinela bat aurkitu nahiean. Bestea txinela alegia, iragan egun batzudanik otomana baten azpitik irrist egin eta hormaraino heldu zen. Harrigarria da bitariko txinela batek sarritan izaten duen berekasako ekintzarako grina. Erdi-ankutsik aparailura bertaratu eta idorki itaundu zuen:
Zer da?
Elkarrizketatxo bat eskatzen zioten kazetari ertaramerikar batzuek.
Zereginik franko badaukat ihardetsi zuen eta ez dut elkarrizketarik ematen.
Baina besteek setatsuki ekiten ziotenez, eskakizuna lausengu eta ospez labainduz, ordubete barru elkar ikustekotan geratu ziren. Bitartean, zigarroak ekar ziezazkioten eskatu zien, zeren eta, horrela, bera irten behar izatea ebitatuko bait zioten. Atea zabaldu zuen bigarren aldiz ez jeikitzearren, eta erdizabalik laga. Gero, otomanan etzan zen berriro. Makina bat serbitzutarako balio zuen otomana hark: gauez lo egiteko, egunez bisitak errezibitzeko eta aldian behin idazten zuenean, idazteko ere bai. Larregi kezkatzeke, baina pentsatu zuen pentsatu, argazkilariei eta Guatemalako kazetariei harrera egokia egiteko, inguruko giroak ez zituela behar adinako kondizioak betetzen: katilu lohitsu bat, paperontzitik kanpo eroritako paper-zatitxoak, bits lehorrez ertzaturiko bizar labaintxoa, zenbait egunkari zabalik lurrean, hatzazal puskatxoak tapizaren gainean, korapiloa desegintzeke burugainetik ateratako gorbata, alperrikako autobus-txartel zulatuak, pospoilo kaxa bat hutsik, lehorteak jo eta zimelzorian zegoen landare berde bat, bere tokitik irten nahi ezean, tapoia sakakortxo eta guzti zeukan botila bat. Aspaldidanik, betidanik apika, zebilen bere buruari etengabe aginduz gauzak txukun ipiniko zituela. Bazkaria prestatzen zion emakume etxezainak aldatzen zuen gaineko edo azpiko izara, aldiko bat txandatuz, bi astean behin, eta baitare etxe-bizitzako zaborreria garbitu. Baina, gehienetan, zortzi egunez berak atzeratzen zizkion lan horiek, hamaika zeregin bete beharraren aitzakiz. Arreta handiz mugitzen zen andere gaixoa, zelai minatu batetik ibiliko balitz legez. «Zure hatzaparrak nere gauzen artean nahasten dituzun bakoitzean, ez dut inolaz ere behar dudana aurkitzen», zioen gizonak. Eta bere ustetan premiazkoa zitzaion gauzaren bat ezin aurkitu hori, esate baterako liburu bat, idaztxo bat, aipu edo gutun bat, aitzaki bikaina bihurtzen zitzaion, luze-luze etzan eta atsedena hartzeko nahaspila baron maria-gorak bere altxor hondoratuak berriro noiz ageraraziko ote zituen zain. Bitartean, irratia entzuten zuen edo-ta entziklopediari gainbegiradatxo bat eman, aldi berean aharrausika jardunez eta geroari buruzko lan-projektu goibelak amestuz. Segidako uhinaldietan bere gauzen artean pausaturiko nahaspila berbera ari zen estratifikatzen bere borondatean. Ondore handiko artikulista izana zen, eta baitare hizlari gartsu eta hunkigarria noizbehinka. Argazkilariak errezibitu beharrak izorratu egiten zuen alde batetik, bere nagitasun abulikoa etentzen zuelako, baina, bestetik laket zitzaion, zeren eta horrela senditzen bait zuen bere izatea benetan ez zela susmatzen zuen bezain kaxkarra. Izan ere, bere burua ondaturiko gizaseme bat, sorgortua eta hibernantea izatera, eta mundua besteen artikuluen bidez ikustera beharturik gertatzearen beldur bait zen.
Kanpai-hotsa entzutean, deiadar egin zuen:
Aurrera, atea zabalik dago.
Hiru ziren. Haietariko batek magnetofoia zeraman eskuartean. Bere burua zuritu zuen, hain familiarki («kidartean», esan zuen borondate onez gizonak) errezibitzeagatik; baina, izan ere, lan konprometatu eta premiazko batetan buru-belarri murgildurik iragana bait zuen gau osoa. Hiruetariko kazetari kazetariena, eskuartean tresnarik eta lanpararik ez zeramana, besteen aurretik sartu eta explikatzen hasi zitzaion egungo une historiko honek mundu osoa okerbide arriskutsu baten aurrez-aurre jarri eta...
Pentsalariak ez zion utzi bere azalpena bukatzen. Izan ere, ezin zuen toleratu Guatemalatik etorri eta berarengana hurbildutako gazte hark horrela mintza ziezaion, zeren eta berak pentsalariak alegia eta ez beste inork zuen eskubidea gai hartan garbi eta ozenki mintzatzeko. Esertzera gonbidatu zituen, baina aulkia libratu behar izan zuten horretarako, zeren eta liburu, galtzerdi, yoghourt ontzitxo hutsa eta, gainezka zegoen hautsontzi batez beterik bait zegoen; baitare eskatu zien magnetofoia entxufa zezaten, apal baten azpitik sigi-sagaturik zeuden haietariko argi-hari batetan. Bobinak biraka hasi eta mintzatzeari ekin zion pentsalariak. Hamar minutuz ihardun zuen egunkari zutabe pare bat betetzeko hainako mintzaldia tajutuz. Bukatu zuenean, argazkilaria flashez dzist eta dzast ari zitzaion bitartean, bere abotsa berriro entzutea nahi izan zuen. Magnetofoi-eragileak maneiatu, eta atzeraka abiatu zen xingola magnetikoa, etengabeko ulu, kirrinka eta txistuzko melopea atereaz. Zein izaki bitxia den gizabotsa atzekoz-aurre eta erritmo bizkor batetan entzuten denean. Eta nolako lezioa ematen digun tresna honek, gure hitzen hiruntzia azaltzean pentsatu zuen gizonak. Berriz sakatu, eta hizlariaren baritonu-abotsa entzun zen bere osotasun eta ozentasun guztiaz. Horrela zioen:
Gizaki ororen aberriak ez du diskurtsorik behar, lan garbia, onurakorra eta gogozkoa baizik. Gogobero oparoz, irrikaz, nekizerdiz eta beharrezko bada negar-malkoz eta odolez osaturiko obrak eskatzen ditu. Kalebideak egin behar dira herrialde guztietan, zuhaitzak landatu, ziutateak eraiki eta ateneoak sortu; baina oroz gain ikerkuntza positiboen institutuak behar ditu gizadiak. Zubiak eraiki behar ditugu, laboreak erein, edertasuna barreiatu, legez eta bidez jokatu eta jokarazi, urik ez dagoen lekuetan garast-ubideak egin, lur-gabezia dutenetan zingirak idortu. Fabrikek baserrira itzuli behar dituzte berriro langileak, eta burokraziak alperrontziak bulegoetara bihurtu; horretarako baitaezpadako lanbide behartua eratu behar dute gobernuek, basamortuak landaretza usuz estal daitezen eta ugaritasuna ostera nagusi izan dadin, Lurreko Parabisuan bezala, eta baitare, lurra, indarberriturik, gaitz eta gatazka oroz penaturiko planeta izatetik aldendu dadin, eta era berean gehiegidun eta nahiko ez dutenen arteko, lana egiten dutenen eta ez dutenen arteko tirabiren arrapakina izateari utz diezaion. Horrela gertatuko dela espero dugulako, pizkortu nahi dugu hemendik sakrifizioaren garaipena, zeren eta horri esker bizitzaren lorategia lilituko bait da berriro. Ez ditugu teorilariak behar, ez eta ideologoak, kontenplalariak, gogoetalariak, bakartzaleak, metafisikariak ere; aitzitik, beste gizasemeen morroi izanez, duintasun eta osotasunez buruturiko lanaldi luzetan zehar, bere bizitza nobletzeko prest dauden gizonak behar ditugu. Milaka urtetako bere lozorrotik irtenez indarberritu behar da gizona, eguna zabaldu aurretik jeiki eta eguzkia sartu ondorenarte lanean saiatzen berriro ohituz, Gizateriaren Urre-Aroan suertatu zen legez... Kontzeptu honetaz jo eta ke ihardunez jarraitu zuen bobinaren amaierarte, eta ea beste bobina bat bete nahi zuten galdetu zien gero. Behin eta berriro gizonari «maisu» deituz eta agur eginez erantzun zuten kazetariek.
Ez zaituztet ateraino lagunduko esan zien. Neka-neka eginda nago. Irtetzerakoan, bultzada batez itxi ezazue, eta artikulua argitaratzen denean dotzenerdi bat ale bidali. A, ia-ia ahantzi zitzaidan. Utz iezadazue zuen tabakoa eta pospolo batzuk ere bai. Horrela, bihar ere ez bait dut irten beharrik izango.
|