L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Oporraren gorazarrea *

 

Bertrand Russell  

 

euskaratzailea:

Xabier Olarra

 

        Ia nere belaunaldi guztia bezala «Nagikeria, bizio guztien ama» atsotitzaren izpirituan hezia naiz. Haur birtutez jantzia nintzenez, esandako guztia sinetsi nuen eta gaur arte buru-belarri lanean aritu erazi nauen kontzientzia nereganatu nuen. Baina kontzientziak egiteak kontrolatu badizkit ere, nere eritziek iraultza bat jasan dute. Munduan lan gehiegi egin dela uste dut, langile izatea birtutea delako usteak kalte izugarriak egin dituela eta herrialde industrialdu modernoetan predikatu behar denetik beti predikatu denera izugarrizko aldea dagoela. Mundu guztiak ezagutzen du Napoles-en hamabi eskale ikusi zituen bidaztiaren ixtorioa (Mussoliniren garaia baino lehenagokoa da). Denetan alferrenari lira bat agindu zion. Haietatik hamaika saltoan jaiki tiren liraren eske, beraz, hamabigarrenari eman zion (...)

        Bene-benetan esan nahi dut lan egitearen balioetan sinestea kalte haundia egiten ari zaiola gaurko munduari eta zorion eta oparotasunaren bidea lanaren murrizte organizatutik pasatzen dela.

        Lehenik eta behin, zer da lana? Bi lan mota dira; lehendabizikoa, lurraren azalean edo urrutira gabe materiak beste materia bati buruz duen egoera aldatzea; bigarrena, besteri aldakuntza hori egiteko agintzea. Lehendabiziko lan mota ez da atsegina eta gaizki ordaintzen da; bigarrena atsegina eta oso ongi ordaindua. Bigarren mota etengabe ugal daitekeenetakoa da: ez bait daude aginduak ematen dituztenak soilik, baizik eta zein agindu eman behar diren kontseilatzeko daudenak. Eskuarki, bi giza-talde organizatuk emango dituzten aholkuak kontrakoak izango dira; honi politika deritzaio. Lan mota honetarako ez da beharrezkoa aholkua eman behar den arloetan aditu izatea, persuasioz mintzatu eta idazteko gai izatea baizik, hots, propagandaren artea ezagutzea.

        Europan, Ifar Ameriketan ez bezala, bada beste gizatalde bat, langile klaseetarik edozein baino begirune handiagoz begiratua. Badira lurraren jabetzari esker esistitzen eta lan egiten uzteagatik besteri ordain eraz diezaioketenak. Terrateniente hauek erabateko oporrean bizi dira eta nik goraipatzea espero zitekeen. Zoritxarrez, hauen oporra besteren lanari esker da posible; izan ere oporrerako duten grina da lanaren ebanjelioaren iturburu historikoa. Bestek berauen ereduari jarraitzea baino nahiago lukete begia galdu. (...)

        Teknika modernoak denok bizitzeko behar-beharrezkoa duguna ziurtatzeko behar den lana izugarri murriztea lortu du. Hau azken gerratean begien bistan geratu zen. Une horretan indar armatuetako gizonak, munizioak egiten aritu ziren gizon eta emakume guztiak, espioitzan, gerraren aldeko propaganda edo gerrarekin erlazionaturiko bulegoetan ari ziren gizon eta emakume guztiak lanbide produktiboetatik baztertuak izan ziren. Halere nazio aliatuetako langile soilen bizimoldearen maila gerra aurretik eta gerra ondoren baino altuagoa izan zen. (...)

        Jornalean ari den langilea egunean lau orduz ariko balitz lanean, denontzat aski ondasun izango litzateke eta ez genuke lanezik ezagutuko —antolaketa maila apal bat suposatuz—. Idea hau aberatsen eskandalagarri da, pobreak horrenbesteko asti arteaz zer egin ez lukela asmatuko etsita bait daude. Ipar Ameriketan gizonek lan asko egin ohi dute, nahiz eta ongi bizitzeko aina izan; gizon hauek, jakina, soldatapekoen oporrak sutan jartzen ditu, lanezaren zigor estuaren eran izan ezean; egia esan beren semeentzat ere ez dute opor eta aiserik nahi. Eta harrigarri samarra dena, semeek zibilizatzeko denborarik hartuko ez badute ere, egin ahala guztian lanean aritu erazi nahi dituzten bitartean, bost axola zaie beren emazte eta alabek inolako lanik ez izatea. (...)

        Astiaren erabilpen zuhurra —hau onartu beharra dago— zibilizazioaren eta hezkuntzaren emaitza da. Bere bizitza guztian egunero ordu sail batez lanean ohitua bapatean ezer egin beharrik gabe geratzen bada, aspertu egingo da. Baina asti dezenterik ezak gizona gauzarik hoberenetakoez gabetzen du eta jenderik gehienak horrelako gabeziarik zertan jasan ez dauka; aszetismo inozo eta besterentzako batek soilik bultzatzen gaitu neurriz gain lan egitera, beharrezkoa ez den garai honetan. (...)

        Lan orduak lau ordutara murriztea proposatzen dudanean, ez dut adierazi nahi gainontzeko denbora guztia arinkerian galdu behar denik. Esan nahi dut egunean lau orduz lanean aritzeak gizonari behar-beharrezko zaizkion bizikaiak eta komoditate behinenak izateko eskubide eman behar liokeela. (...)

        Egunean lau ordu baino gehiago lanean aritzera beharturik inor ez dagokeen munduan, kuriositate zientifikoa duen edonork bere grina konplitua ikusi ahal izango du eta edozein margolarik, goseak akabatu gabe, pintatu ahal izango du, bere koadroak zeinen eder diratekeen alde batera utzita. Idazle gazteek ez dute ibili beharko lan monumentaletarako beharrezkoa den independentzia ekonomikoa lortzearren egindako txapuzeria guzizkoez nabarmentzen, izan ere, azkenean haiek burutzeko egokiera heldutakoan gustua eta talentua galduak izango bait dituzte (...) maisuek ez dute ibili beharko beren gazte denboran metodo errutinarioen bidez ikasitakoa, eta harrez gero agian faltsua dela demostratua geratu ondoren, borroka etsian irakasten.

        Batez ere zoriona eta alaitasuna izango da, nerbio gastatu, neke eta dispepsiaren ordez. Eskatuko den lana aski izango da oporra delizioso bihurtzeko, baina ez akidura sortzeko. Gizonak beren asti arteetan nekatuta egongo ez direnez, ez dituzte nahiko distrakzio pasibo eta zozoak. Ez da harrigarria izango gutxienez ehunetik batek bere lanbideak kentzen ez dion denbora jendarterako onuragarri den zerbaitetan ematea eta bizimodua ateratzeko haren mende izango ez denez, haren orijinalitateari ez zaio trabarik egingo eta ez du erudito zaharrek ezarritako arauetara makurtu beharrik izango. Baina oporraren abantailak ez dira salbuespen hauetan soilik agertuko. Gizon eta emakume arruntek bizimodu zoriontsu baten aukera izango dutenez, on-puskagoak izango dira eta ez hain oldetsuak eta besteei susmoz beterik begiratzera emanak. Gerrarako isuria suntsituko da, eman berri dudan arrazoiarengatik hein batean, eta baita ere denontzat lan gogorra eta luzea izango delako. (...)

        Egungo produzio metodoek denontzako bake eta segurtasunaren aukera zabaldu digute; honen ordez batzurentzat lana sobera eta beste batzurentzat gosetea hautatu dugu. Orain arte, makinak izan baino lehen ginen bezain aktiboak izan gara; horretan inozo hutsak izan gara, baina ez dago betiereko inozoak izaten jarraitzeko arrazoirik.

 

        (*) Hona In Praise Of Idleness saioaren zati batzuk aldatu ditugu ikus daitekeenez aspaldi samarrekoa dugu saio hau, baina ez du halere gaurkotasunik galdu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.